Franklin D. Roosevelten lehendakaritza, lehen eta bigarren agintaldiak

Franklin Delano Roosevelten lehendakaritzaren lehen agintaldia 1933ko martxoaren 4an hasi zen, Ameriketako Estatu Batuetako 32. presidente izendatua izan zenean, eta bigarren agintaldia 1941eko urtarrilaren 20an amaitu zen, hirugarren agintaldi baterako izendatu zutenean.

Franklin Delano Roosevelt (1944).

1932ko hauteskundeak

aldatu
 
1932ko hauteskundeen emaitzak, hautes barrutien arabera

1929ko Wall Streeteko krakaren osteko ekonomia gainbeheran zela eta, demokrata askok espero zuten 1932ko hauteskundeetan lehen presidente demokrata bat hautatzea 1916az geroztik. 1930ean New Yorken Roosevelt gobernadore gisa berrautatzeko hauteskundeetan izandako garaipenak demokraten buru ipini zuen.

Rooseveltek, New York estatuko gobernadore demokrata zela, bere gain hartu zuen kargua, Herbert Hoover aurkari errepublikanoa 1932ko presidentetza hauteskundeetan garaitu eta gero. Rooseveltek hautes botoen 531tik 472 bereganatu zituen, eta herritarren bozkaren % 57,4. Horrela, 1876tik lehenengo presidente demokrata bihurtu zen herri botoaren gehiengo bat irabazita, eta 1828an alderdia sortu zenetik, ezein demokratak baino boto gehiago lortu zuen.[1] Kongresuan lidergo demokratikoa hegoaldeko kontserbadoreek menderatzen zuten arren, hauteskunde osteko kideen erdia baino gehiago 1930etik aurrera aukeratuak izan ziren. Kide berri horietako asko Depresioari aurre egiteko neurriak hartzeko irrikan zeuden, baita aurreko urteetako ortodoxia politikoari aurre egiteko ere.[2]

New Deal, 1933-34

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «New Deal»
 
Langileak zubi berri baten lanetik itzultzen (Tennessee, 1933).

Rooseveltek 1933ko martxoaren 4an kargua hartu zuenean, ekonomia hondoa jota zegoen. Depresio Handiaren erdian, Estatu Batuetako eskulanaren laurdena langabezian zegoen, bi milioi herritar etxerik gabe zegoen, eta industria produkzioa erdia baino gehiago murriztu zen 1929tik.[3] Martxoaren 4ko gauerako, 48 estatuetatik 32k bankuak itxi zituzten.[4] Erreserba Federaleko Bankuak ezin izan zuen New Yorkeko bulegoa ireki, aurreko egunetan diru kopuru izugarriak atera baitzituzten izuz beteriko bezeroek.[5] Inaugurazio hitzaldian bertan, Rooseveltek krisi ekonomikoaren errua egotzi zien bankariei eta finantza etxeei, mozkinak bilatzeko eta kapitalismoaren interes hutsak babesteko grinari orobat.[6]

Roosevelt buru izan zen New Deal programa ekonomikoa ezartzeko prozesuan, Depresio Handian estatubatuarrak eta AEBetako ekonomia arnasberritu, berreskuratu eta berritzeko helburuaz. Berregituratze politiko sakon baten buru izan zen, New Dealen aldeko indar asko eta desberdinak ―sindikatuak, hiriko handietako makina fabrikatzaileak, zuri jendea, afro-amerikarrak eta hegoaldeko landa jabe zuriak― estatubatuar liberalismo modernoaren koalizio batera bildu zituen, nagusi izan zena politika nazionalean 1960ko hamarkadara arte.[7]

Karguan eman zituen lehen ehun egunetan, Rooseveltek aurrekaririk gabeko lege multzo bat atera zuen aurrera, eta betearazteko agindu ugari eman zituen. Larrialdi lege bankarioak (1933) bankuen arteko lehia itsua amaitzen lagundu zuen, eta geroago beste zenbait erreformarekin finantza sistema finkatzea lortu zuen.[8] Langabetuei laguntza emateko, Rooseveltek administrazio publikoko zenbait erakunde sortu zuen, funtzionarioen kudeaketa eremuan, herri lanen esparruan eta larrialdiko laguntzen arloan.[9] Roosevelten administrazioak Nekazaritza Egokitzapenerako Administrazioa sortu zuen, nekazaritza gainprodukzioaren arazoari aurre egiteko eta politika berriak aplikatzeko.[10] Industriaren esparruan ere zenbait erakunde ezarri zituen, industria sektorearen egiturak berritzeko.[11][12]

Bigarren New Deal, 1935-1936

aldatu
 
Estatu Batuen gobernu federalaren diru sarrerak eta gastuak, 1930eko hamarkadan.

1934ko hauteskundeetan bere alderdiak izandako arrakasta handiaren ondoren, Rooseveltek bigarren New Deal bat abiarazi zuen. Aurreko bi urteetan, jokoan ziren interes talde guztiekin jokabide inklusibo bat izateko egin zituen ahaleginak ez bezala, Rooseveltek ezkerrera jo zuen, lehentasuntzat hartuta sindikatuei, nekazari pobreei eta langabeei laguntzea. Gogor borrokatu zen kontserbadoreen, enpresen eta bankuen interesen aurka.[13]

Aurrerapen Obren Administrazioa (WPA) sortu zuen, langabetu multzo erraldoi bati obra publikoetan lana emateko,[14] eta Gizarte Segurantzaren Legea eman zuen, adindunen pentsio programa nazional bat sortu zuena.[15] Halaber, langabezia laguntza programa nazional bat ezarri zuen, eta ama ezkongabeak buru zituzten familiei laguntza emateko programa zabal bat eratu zuen.[16][17] Hirugarren lege garrantzitsu bat eman zuen Roosevelten administrazioak, lan harremanak arautzeko, negoziazio kolektiborako eskubidea bermatu ziena langileei.[18] Horren ondorioz, afiliazio sindikala oso bizkor goratu zen.[19]

Bigarren agintaldiaren «madarikazioa»

aldatu

1936an berriro hautatua eta presidente izendatua izan ondoren, bigarren agintaldia zenbait etsipenaren aroa izan zen; historialariek aipatzen duten bigarren agintaldiaren «madarikazioa» pairatu zuen.[20]

Rooseveltek Gorte Gorena zabaldu nahi izan zuen, baina bere proposamena bertan behera utzi zuen Kongresuak.[21][22] Rooseveltek ez zuen arrakasta handirik izan legeria nazionala bigarren agintaldian onarrarazteko; izan ere, bi alderdiren arteko koalizio kontserbadore batek blokeatu egin zituen bere lege proposamen gehienak.[23][24] Arrakasta izan zuen, baina, Bidezko Lan Arauen Legea onartzeko, lanorduak eta lansariak zorrozki arautu zituena.[25][26]

Kanpo politika

aldatu

1930eko hamarkadan, Estatu Batuak oso isolatuta bizi ziren, bere kanpo politika ez-interbentzionismoan oinarritzen baitzen. Horrela, Roosevelten lehen agintaldiko kanpo politikako ekimen nagusia izan zen Latinoamerikako gaietan jarrera ez-interbentzionista hartzea.[27]

 
Japoniar tropak Datongen (Txina, 1937).

Alabaina, atzerri politikako gaiak 1930eko hamarkadaren amaieran nabarmendu ziren, Alemania naziak, Japoniak eta Italiak neurri oldarkorrak hartu baitzituzten inguruko herrialdeen aurka.[28] Estatu Batuak atzerriko gatazkatan nahasia izateko beldurrari erantzunez, Kongresuak Neutraltasun Legeak onartu zituen, gerran aritzen ziren herrialdeekin merkataritza harremanak debekatuz.[29]

Japoniak Txina inbaditu zuenean eta Alemaniak Polonia, Rooseveltek laguntza eman zien Txinari, Erresuma Batuari eta Frantziari, baina Neutraltasun Legeek galarazi egin zuten Estatu Batuak estu-estu inplikatzea.[30]

1940ko ekainean, Frantzia nazien esku erori ondoren, Rooseveltek britainiarrei laguntza handiagoa eman zien, eta Estatu Batuen botere militarra eraikitzen hasi zen.[31][32]

Agintaldiaren amaiera

aldatu

1940ko presidentetza hauteskundeetan, Rooseveltek aise garaitu zuen Wendell Willkie aurkari errepublikanoa, Roosevelten kanpo politika kritikatzeari uko egin zion internazionalista bat. Garaipen horri esker, Rooseveltek hirugarren agindu bat bete zuen, eta laugarren agintaldiko soilik hiru hilabete. Hala, bi agintaldi baino gehiago betetzen zuen presidente bakarra izan zen, Washingtonek ezarritako bi agintaldiren tradizioa hautsiz eta Konstituzioaren 22. zuzenketa onartzeko oinarriak ezarriz. Roosevelten lehen agintaldia ezohikoa izan zen, ez baitzen lau urtekoa izan, George Washington bigarren agintaldirako hautatu zutenetik, Konstituzioaren 20. zuzenketaren arabera.

Erreferentziak

aldatu
  1. Brands 2008, 255-265. orr. .
  2. Kennedy 2005, 128-129. orr. .
  3. Schlesinger 1957, 427-504. orr. .
  4. Alter 2006, 190. orr. .
  5. (Ingelesez) Kennedy, Susan Estabrook. (1933-03-13). «Bottom: The Banking Crisis of 1933» Time (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2024-06-11).
  6. (Ingelesez) «Franklin D. Roosevelt First Inaugural Address» Collection at Bartleby.com (web.archive.org) 1933-03-04 (Noiz kontsultatua: 2024-06-11).
  7. (Ingelesez) Biles, Roger. (1991). A new deal for the American people. DeKalb: Northern Illinois University Press ISBN 978-0875801612. OCLC .22953045.
  8. Kennedy 2005, 135-136. orr. .
  9. (Ingelesez) Singleton, Jeff. (2000). The American dole: unemployment relief and the welfare state in the Great Depression. Westport: Greenwood Press ISBN 978-0313000539. OCLC .50175551.
  10. Kennedy 2005, 198-201. orr. .
  11. Kennedy 2005, 120-121, 152. orr. .
  12. Brands 2008, 377-383. orr. .
  13. (Ingelesez) Jeffries, John W.. (1990). «The "New" New Deal: FDR and American Liberalism, 1937-1945» Political Science Quarterly 105 (3): 397-418.  doi:10.2307/2150824. ISSN 0032-3195. (Noiz kontsultatua: 2024-06-11).
  14. Kennedy 2005, 249–253, 374–375. orr. .
  15. Kennedy 2005, 257-271. orr. .
  16. (Ingelesez) Swain, Martha H.. (1983). «'The forgotten woman' : Ellen S. Woodward and women's relief in the New Deal» Prologue ISSN 0033-1031. OCLC .936989622 (Noiz kontsultatua: 2024-06-11).
  17. (Ingelesez) Altman, Stuart. (2014). Power, politics, and universal health care: the inside story of a century-long battle. Amherst: Prometheus Books ISBN 978-1616144579. OCLC .869299962.
  18. Kennedy 2005, 289-307. orr. .
  19. Kennedy 2005, 320. orr. .
  20. (Ingelesez) Dallek, Robert. (2018). Franklin D. Roosevelt: A Political Life. New York: Penguin Books, 265-269. or. ISBN 978-0143111214. OCLC .1066134160.
  21. (Ingelesez) Kalman,, Laura. (2005). «The Constitution, the Supreme Court, and the New Deal» The American Historical Review 110 (4): 1052-1080.  doi:10.1086/ahr.110.4.1052. (Noiz kontsultatua: 2024-06-11).
  22. Kennedy 2005, 324-331. orr. .
  23. Smith 2007, 390-391. orr. .
  24. Kennedy 2005, 340-341. orr. .
  25. Smith 2007, 408-409. orr. .
  26. (Ingelesez) Mink, Gwendolyn (ed.); O'Connor, Alice (ed.). (2004). Poverty in the United States: an encyclopedia of history, politics, and policy. Santa Barbara: ABC-CLIO ISBN 978-1576076088. OCLC .57197315.
  27. (Ingelesez) Beck, Earl R.. (1939-03-01). «The Good Neighbor Policy, 1933‐1938» The Historian 1 (2): 110–131.  doi:10.1111/j.1540-6563.1939.tb00468.x. ISSN 0018-2370. (Noiz kontsultatua: 2024-06-11).
  28. Brands 2008, 479-480. orr. .
  29. Kennedy 2005, 393-395. orr. .
  30. (Ingelesez) Farnham, Barbara. (1992). «Roosevelt and the Munich Crisis: Insights from Prospect Theory» Political Psychology 13 (2): 205–235.  doi:10.2307/3791679. ISSN 0162-895X. (Noiz kontsultatua: 2024-06-11).
  31. Kennedy 2005, 446-454. orr. .
  32. (Ingelesez) Pious, Richard M.. (2012). «The Historical Presidency: Franklin D. Roosevelt and the Destroyer Deal: Normalizing Prerogative Power» Presidential Studies Quarterly 42 (1): 190–204. ISSN 0360-4918. (Noiz kontsultatua: 2024-06-11).

Bibliografia

aldatu

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu