Ireki menu nagusia

Fran Lasuen (Eibar, Gipuzkoa, 1959ko apirilaren 27a) musikaria da. Izukaitz taldearen sortzaileetako bat izan zen 1970eko hamarkadan. Izukaitzekin bi disko kaleratu ostean, taldea desegin zen, eta Oskorri taldean hasi zen biolina jotzen. 1993 arte aritu zen Oskorrin. Gero, bakarkako ibilbideari ekin zion.

Fran Lasuen
Bizitza
Jaiotza Eibar1959ko apirilaren  27a (60 urte)
Herrialdea  Gipuzkoa, Euskal Herria
Jarduerak
Jarduerak biolin-jotzailea
Kidetza Izukaitz
Oskorri
Genero artistikoa folk musika
Musika instrumentua biolina

Eduki-taula

BizitzaAldatu

1970eko eta 1980ko hamarkadetan euskal folkaren talde esanguratsuenetako bitan jardun ondoren (Izukaitz eta Oskorri), musika tradizionala "laborategi gisa" lantzeko ahaleginari ekin dio Fran Lasuenek (Eibar, Gipuzkoa, 1959). Harentzat, arriskua hartu beharra dago musika lantzeko. Bakarkako ibilbide horretan hiru disko kaleratu ditu, eta Kuba, Portugal eta Afrikako doinuak eta tresnak fusionatu ditu euskal musika tradizionalarekin. Antzerkian, telebistan eta artean ere esperientzia du artista multidiziplinar honek.

Izukaitz taldearen sortzaileetako bat izan zen Fran Lasuen, 70eko hamarkadaren erdialdean. Ibilbide laburra izan zuen Izukaitzek, baina handia izan zen euskal folkaren berriztapenean utzitako arrastoa. Taldearekin ari zen bitartean, irakasle lanetan hasi zen, Eibarko ikastolan eta institutuan. Bi disko argitaratu ondoren Izukaitzenak egin eta gero, Oskorri taldean sartu zen Lasuen, Izukaitzen taldekide izandako Bixente Martinezekin batera. Oskorrin 1993 arte aritu zen Lasuen, eta parte hartu zuen Bizkaiko taldearen diskorik arrakastatsuenetako batzuetan, abeslari, biolin jotzaile eta konpositore gisa.

Kontraesanak bizi du Lasuen, musika sortzerakoan. Iraganetik, musika tradizionaletik abiatzen da, arriskua lagun, beste eremu batzuetara eramateko. "Musika tradizionala guztiz maitagarria zait, baina betiere laborategi gisa jorratzeko. Errespetu handia diot, nondik gatozen eta zer garen adierazten duelako, baina betiere aurrera begiratzeko tresna izan behar du". Eskuadra Zarra izan zen Fran Lasuenek Oskorritik atera eta gero martxan jarritako lehen proiektua. Bertan hasi zen musika tradizionalaren ikuspegi garaikidea garatzen. Fran Lasuen & Eskuadra Zarra (Aztarna, 1996) grabatzeko hainbat musikari bildu zituen: Luis Camino (perkusioak), Pello Irizar (pianoa), Alex Zabala (kontrabaxua), Ana Somokurtzio, Costa Branco (gitarra portugesa)... Kubako eta Portugalgo musikaren lehen eraginak ageri dira Lasuenen konposizioetan, hurrengo diskoetan ere nabarmenduko direnak.

1998an, David Passingham (harmonika eta ahotsa) eta Jesus Belmonte (gitarra eta ahotsa) musikariekin ostegunero elkartzen hasi zen Lasuen, musika joz ondo pasatzea beste helbururik ez zutela. Bilkura haiek Eguenetako Bandaren sorrera ekarri zuten lehenengo, eta Eguenetako kantuak diskoa (La Fabrica de Ideas, 2001) ondoren. Instrumentazio urriaren bakuntasuna aldarrikatu zuen hirukoteak, euskaraz, ingelesez eta gaztelaniaz abesturiko kantu zerrendan.

Eguenetako Bandako musikariek lagundu zioten eibartarrari orain arte egin duen azkeneko lana prestatzen: Denborak (Karonte, 2005). Horiez gain, kolaboratzaile bikainak bildu zituen: Ibon Koteron, Kepa Junkera, Niño Josele eta Mafalda Arnauth portugaldarra, hain zuzen ere. Disko "kreola" dela esan du Lasuenek, hainbat kultura eta musikaren mestizaje lana. Hain zuzen, hainbat hizkuntza (euskara, portugesa, gaztelania...), musika tresnak (alboka, soinu txikia, cavaquinhoa, djembea, berimbaua, darbuka, gitarra flamenkoa...) eta giroak (tango, morna, fado, rap, pop...) nahasten ditu.

Bakarkako ibilbideaz gain, hainbat talde eta bakarlarirekin kolaboratu du Fran Lasuenek (Kepa Junkera, Itoiz, Amaia Uranga...), Txatanuga Futz Band taldea sortu zuen eta Kubako Soneros del Changüi taldearen diskoa ekoitzi zuen. Musikan ez ezik, ikus-entzunezkoen arloan eta antzerkian ere esperientzia luzea du Lasuenek. Hainbat telebista saiotako ekoizle, gidoilari eta zuzendari izan da, Markeliñe taldearen Underground antzezlaneko musika sortu zuen, eta aktore eta musikari lana egin zuen Tanttakaren Ekaitz-txorien eskua-n. Horrez gain, instalazioa landu du (Hydrozone), eta Euskal Herriko Unibertsitatearen aginduz poesia, antzerkia, musika, teknologia eta zientzia batzen dituzten bi sorkuntza taularatu ditu: Gauzakiak eta gizakiak-Nanocosmos eta Energeia.

DiskoakAldatu

ErreferentziakAldatu

Kanpo loturakAldatu