Emily Brontë
Emily Brontë (Thornton, Yorkshire, 1818ko uztailaren 30 a - Haworth, Yorkshire, 1848ko abenduaren 19a) idazle britainiarra izan zen. Bere lanik garrantzitsuena Wuthering Heights (Gailur ekaiztsuak) da, 1847an argitaratua eta literatura ingeleseko klasikotzat hartu dena.
Emily Brontë | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | The Brontë Birthplace (en) eta Thornton (Mendebaldeko Yorkshire), 1818ko uztailaren 30a |
Herrialdea | Britainia Handia eta Irlandako Erresuma Batua |
Bizilekua | Thornton (Mendebaldeko Yorkshire) Haworth Brusela |
Lehen hizkuntza | Ingeles britainiarra |
Heriotza | Haworth, 1848ko abenduaren 19a (30 urte) |
Hobiratze lekua | St Michael and All Angels' Church, Haworth (en) |
Heriotza modua | berezko heriotza: tuberkulosia |
Familia | |
Aita | Patrick Brontë |
Ama | Maria Branwell |
Ezkontidea(k) | ezkongabea |
Haurrideak | |
Leinua | Brontë sisters |
Hezkuntza | |
Heziketa | Cowan Bridge School (en) Pensionnat de Demoiselles (mul) (1842 - 1842ko urria) |
Hizkuntzak | ingelesa |
Jarduerak | |
Jarduerak | poeta, eleberrigilea, idazlea, irakaslea eta etxe-irakaslea |
Lantokia(k) | Yorkshire eta Halifax |
Lan nabarmenak | |
Mugimendua | erromantizismoa |
Izengoitia(k) | Ellis Bell |
Genero artistikoa | fikzioa olerkigintza |
Sinesmenak eta ideologia | |
Erlijioa | anglikanismoa |
| |
Biografia
aldatuHasierako urteak
aldatuEmily Brontë Thorntonen jaio zen, Ingalaterrako Yorkshire konderrian. Sei anai-arrebatatik bosgarrena izan zen. 1820an familia Haworthera joan zen bizitzera, bertan aita erretore izendatu baitzuten. Aita, Patrick Brontë, kezka intelektual handiko gizona zen, elizgizona, errementaria, oihalgile-mutila eta herriko eskolako maisua, eta seme-alaba guztiak eskolatzeaz arduratu zen. Bi liburu, poemak, liburuxkak eta sermoiak ere idatzi zituen[1], eta beraz, Brontë anai-arrebak giro intelektual batean hazi eta hezi izan ziren.
Ama, Mary Branwell, 1821eko irailaren 21ean hil zen eta, 1824ko abuztuan, Charlotte eta Emily ahizpak, euren ahizpa nagusiak ziren Mary eta Elizabethekin batera, Clergy Daughters barnetegira bidali zituzten, Lancashireko Cowan Bridgen. Bertan, bi ahizpa zaharrenak tuberkulosiak jota hil ziren, hurrenez hurren hamaika eta hamar urte besterik ez zutela. Emilyk eta Charlottek lortu zuten barnetegiko bizimodu lazgarri hari aurre egitea (hain zuzen ere, eskola horretan inspiratu zen Charlotte Brontë bere Jane Eyre izeneko eleberrian agertzen den Lowood eskola izugarria deskribatzeko), baina zuten osasun makala eta, barnetegiaren baldintza txarrak medio, atera egin zituzten bi ahizpak eskolatik; hala, bizirik zirauten lau senideen arteko loturak estutu egin ziren[1].
Hasieran behintzat, idaztea jolasa besterik ez zen Brontë anai-arrebentzat. Bizi ziren inguru latz hartan, beste ezer baino gustukoago zuten istorioak asmatzea, ipuinak idaztea eta eskura zuten guztia irakurtzea. Brontë anai-arrebek irudimenezko bi erreinu ere asmatu zituzten: Anglia eta Gondal. Angliaren jabeak Charlotte eta P. Branwell neba ziren eta Gondal, berriz, Emily eta Annerena zen. Aipatu bi erreinu horietan girotutako hainbat istorio jaso zituzten dozenaka koadernotan.
Heldutasuna
aldatu1838an Emily etxe-irakasle bezala hasi zen lanean, Law Hillen, Halifaxetik gertu. Geroago, ahizpa Charlottekin batera, Bruselako eskola pribatu bateko ikasle izan zen, izebaren heriotzak Ingalaterrara itzultzera behartu zuen arte. Ordutik aurrera, Emily familiaren etxeko administratzaile bezala geratu zen.
Baina bere azken urteetako ardurarik handiena bere neba Branwell zaintzea izan zen. Margolaritzan porrot egin ostean, trenbideko bulegoetan lortu zuen lanpostu xumetik kanporatu zuten, eta baita Robinson izeneko gizon baten eskribautzatik ere, honen emaztearekin maitemintzeagatik. Aspaldidanik erakusten zuen edarirako adikzioa areagotu egin zen azken urteetan, arazo horri opioaren kontsumo neurrigabea gehituz. Emilyk, izaera zorrotzeko emakumea izan arren, beti pazientzia handiz eta dedikazio osoz zaindu zuen neba amaierara arte. Beti esna egoten zen, Branwell mozkortuta eta burua erabat nahastuta etxeratzen zen arte, gaueko ordu txikitan oheratzen laguntzeko. Dirudienez, Gailur ekaiztsuak lanaren orrialde asko eta olerki asko esna-aldi haietan idatzi zituen.
Bere ahizpen kasuan bezala, Emilyren osasuna beti izan zen oso hauskorra. 1848ko abenduaren 19an hil zen tuberkulosiak jota 30 urte baino ez zuela, aurreko irailean bere anaiaren hiletan hotzeria hartu ondoren. Hawortheko Santu Guztien San Migel elizan lurperatu zuten.
Literatur ibilbidea
aldatu1844. urterako Emilyk bere gaitasun poetikoen gailurra erakutsi zuen, bere istorioen liburuxketan gordetzen zituen elegiazko idatziekin (esaterako, To Imagination, Remembrance, Anticipation)[2].
1846an bere ahizpa Charlottek, kasualitatez, Emilyk idazten zituen olerkiak aurkitu zituen. Orduan, hiru Brontë ahizpek elkarren artean olerki liburu bat argitaratzea erabaki zuten. Emakumezko idazleei buruzko aurreiritziak eragozteko, hirurek gizonezkoen ezizenak erabili zituzten (Currer Bell, Ellis Bell eta Acton Bell, izengoitietan ahizpen inizialak gordez). Emilyren olerkiak dira, inongo zalantzarik gabe, liburuko hoberenak, eta ez dago zalantzarik Ingalaterrako olerkaririk onenetako bat izan zela. Anne ahizpak idatzitako poemak, Emilyrenak bezain maila altukoak ez baziren ere, Charlottenak baino hobeak dira, azken honen talentua nagusiki eleberrietan nabaritzen delarik. Liburuaren bi ale baino ez ziren argitaratu, oharkabean pasa zena, baina Brontë ahizpek ez zuten horregatik amore eman, eta eleberri bana idaztea erabaki zuten. Hala, 1847an Emilyren Gailur ekaiztsuak argitaratu zen, eta duen egitura berritzaileak kritikariak harritu zituen arren, literatura ingeleseko klasiko bilakatu zen.
Euskaratuak
aldatu- Gailur Ekaiztsuak (Wuthering Heights, 1929), Donostia: Erein, 2017. Itzultzailea: Irene Aldasoro[3]
Zinema egokitzapenak
aldatuGailur Ekaiztsuak hainbat aldiz egokitu da zinemara, zinema mutuaren garaitik. Baloraziorik onena jaso duen egokitzapena William Wylerrek 1939an zuzendu zuena izan zen, non Laurence Olivier, Merle Oberon eta David Niven ziren protagonista nagusiak. Eleberriaren bertsio partzial bat den arren, filmak eleberriaren berezko espiritua ez traizionatzea lortzen du, eta dramatikoa, erromantikoa eta bizia da.
1953an, Luis Buñuelek eleberriarekiko are leialagoa zen egokitzapen bat egin zuen Mexikon, non pertsonaiak ez diren 1939ko bertsioan bezain seduktoreak. Izan ere, ez zen Hollywoodeko gustuen arabera egokitzeaz arduratu eta, horren ordez, lehentasuna eman zion batez ere pertsonaien muturreko espirituak berreskuratzeari.
Adibidez, ez zuen inongo ahaleginik egin Heathcliff "maitagarri" egiteko, Brontëk berak deskribatu bezalakoa nahi zuelako: biolentoa, zakarra, egokitugabea, gorrotoz betea eta guztiz maitemindua. Halaber, ez zen Catherini "gizatasun" zertzeladak emateaz ahalegindu, zen bezalakoa nahi zuelako: guratsua, histerikoa, hauskorra, ume mizkin baten akats guztiekin eta guztiz maitemindua. Honela, bi pertsonaien arteko ezberdintasun soziala nabarmenagoa egiten da.
Erreferentziak
aldatu- ↑ a b Brontë, Emily. (2017). Gailur Ekaiztsuak. Erein, 2017, Xabier Olarraren hitzaurrea or. ISBN 978-84-9109-250-6..
- ↑ (Ingelesez) Brontë, Emily Jane [pseud. Ellis Bell (1818–1848), novelist and poet | Oxford Dictionary of National Biography. ] doi: . (Noiz kontsultatua: 2018-04-20).
- ↑ NorDaNor | EIZIE. (Noiz kontsultatua: 2018-05-04).
Kanpo estekak
aldatuWikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Emily Brontë |
- Kritiken hemeroteka
- (Ingelesez) Oxford Dictionary of national Biography
- (Ingelesez) Irudiak, National Portrait Gallery-n
- (Ingelesez) The Key to the Brontë Works, Gutenberg Proiektuan
- (Ingelesez) Charlotte, Emily and Anne Brontëren poemak, Gutenberg Proiektuan
- (Ingelesez) IMDb