Muxar arrunt
Muxar arrunta edo muxkar arrunta (Diplodus vulgaris) Sparidae familiako arraina da, Ozeano Atlantikoaren ekialdean, Mediterraneoan eta Itsaso Beltzean bizi dena.
Muxar arrunt | |
---|---|
Iraute egoera | |
Arrisku txikia (IUCN 3.1) | |
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Animalia |
Filuma | Chordata |
Klasea | Actinopteri |
Ordena | Spariformes |
Familia | Sparidae |
Generoa | Diplodus |
Espeziea | Diplodus vulgaris Geoffroy, 1817 |
Haragi preziatuko arraina denez gehiegizko arrantza jasaten ari da.
Euskal izendegia
aldatuMuxar arrunta izendatzeko izen asko daude Euskal Herrian[1]:
Izena | Erabilera-eremua (udalerria) |
---|---|
moxar, muxar | Bermeo, Mundaka, Ondarroa |
muxoi | |
partxemiki | Elantxobe, Lekeitio |
sarbasta | Bermeo |
sargo, sargu | |
txapasta | |
txarbo |
Izenak beste hizkuntzetan
aldatu- Gaztelaniaz: mojarra, saifía
- Frantsesez: sar à tête noire
- Katalanez: vidriada, verada, variada
- Galizieraz: mojarra, chaparela
- Bretainieraz: sar penn du
- Ingelesez: common two-banded seabream
- Italieraz: sarago fasciato
- Polonieraz: amarel
- Woloferaz: ngaté bu digen
Deskribapena
aldatu45 zentimetroko luzera duenak badauden arren normalean 22 cm inguru neurtzen ditu. Ez da ohikoa 30 cm-tik gorako aleak aurkitzea, ziurrenik gehiegizko arrantzaren erruz izango da[2]. Aurkitu den handienak 1'3 kilogramoko pisua zuen[3].
Gorputz obalatua eta alboetatik oso zapala da. Zilar kolorea badu ere urrezko banda estuek gorputza zeharkatzen dute. 15-16 lerro izaten ditu eta atzealdera nabarmenagoak dira. Horretaz gain bi banda beltz bertikal ditu, bata zakatzen inguruan eta bestea isatsaren oinarrian. Hirugarren marra beltz bat ere badu begien inguruan baina hau lausoagoa da[4]. Bizkarraldeko hegatsak arantza zorrotzak ditu. Alboetako hegatsak luzeak eta puntadunak dira[2].
Burua pikoa du eta aho handiko arraina da. Ahoa pixka bat atera egiten du harrapakinak hartzeko[2]. Begiaren gainean orban gorrixka bana du. Ezpainak lodi samarrak dira. Baraila bakoitzean 8 hortz zorrotz ditu, eta atzean haginen lerro bat du[5].
Banaketa
aldatuOzeano Atlantikoaren ipar-ekialdean aurkitzen da, Bizkaiko golkoaren eta Senegalgo kostaldearen artean, Kanariak eta Cabo Verde barne. Angola eta Hegoafrika artean ere aurkitzen da. Bestalde Mediterraneoan ere badago, Itsaso Beltzeraino iristen da haren hedadura[3].
Espezie eurihalinoa da, hots, gazitasun maila desberdinetako uretan aurki dezakegu[3]. Sakonera txikiko itsas hondo arrokatsuak edo hareatsuak atsegin ditu, alga ugari dituztenak[6]. Muxar gazteak alga artean ezkutatzen dira[2].
Biologia
aldatuKostaldeko arraina da, 0-30 metroko sakonean bizi dena, gehienez ere 160 metrotako sakoneran ikusiko dugu. Muxarrak sardetan bizi ohi dira, sarritan beste arrain espezie batzuekin batera[5].
Itsas zizareak, krustazeo txikiak eta moluskuak jaten ditu[6]. Hareazko hondoetan sarri ikusten da muxarra harea mugitzen duten espezieei segika, haiek askaturiko izakiak lapurtzeko asmoz.
Sparidae familiako beste arrainak bezala hermafrodita da[7], arra jaiotzen da eta ondoren emea bihurtzen da. Udazkenean izaten du errunaldia, iraila eta martxoa artean[1].
Gastronomia
aldatuItsasertzeko tokietan eta uharteetan arrain preziatua da, bereziki ale handiak.
Parrilan egiten da oliba olioa, baratxuria, perrexila eta limoi tantak botatzen zaizkiola. Horrela eginda delicatessen-a kontsideratzen da. Gantz ugari duten arrainekin gisaturik ere jaten da, aingirarekin esate baterako.
Muxar txikiak irineztatuta frijitzen dira eta arrain-zopa egiteko ere erabiltzen dira.
Arriskua
aldatuKalitate handiko haragia du eta gehiegizko arrantza jasaten ari da.
Ez da akuikulturara ohitzen, estresa eragiten dio eta patogenoak garatzen ditu, bizi esperantza asko gutxitzen diotenak[2].
Erreferentziak
aldatu- ↑ a b «muxar arrunt» www.arrainak.eus (Noiz kontsultatua: 2024-01-02).
- ↑ a b c d e (Gaztelaniaz) «Mojarra • Diplodus vulgaris • Ficha de pez» Fishipedia (Noiz kontsultatua: 2024-01-02).
- ↑ a b c «Diplodus vulgaris, Common two-banded seabream : fisheries, gamefish, aquarium» fishbase.mnhn.fr (Noiz kontsultatua: 2024-01-02).
- ↑ Fish Base: Diplodus vulgaris
- ↑ a b (Gaztelaniaz) Valderrey, Juan Luis Menéndez. «Diplodus vulgaris (E. Geoffroy Saint-Hilaire, 1817)» Naturaleza y turismo (Noiz kontsultatua: 2024-01-02).
- ↑ a b Terofal, F. y Militz, C.. (2005). Peces de Mar. Barcelona, España: Editorial Blume, 290 or. ISBN 84-8076-268-3..
- ↑ Mare Nostrum: Mojarra