Daniela Albizu
Daniela Albizu Berasategi (Urruña, Lapurdi, 1936ko maiatzaren 23a - 2015eko otsailaren 26a) irakaslea eta euskal idazlea izan zen.[1] Donibane Lohizuneko Ravel ikastetxean eta Hendaiako Irandatz izenekoan luzaz ibilia. Bizitza guztia eman zuen euskararen eta euskal kulturaren alde. Urruñako herriko etxean zinegotzi izan zen, Herritarrak mugimendu abertzalearen izenean. Artikulugintzan, kulturgintzan eta itzulpengintzan lan ugari plazaratu ditu. Lapurdiko Gure Irratian irratsaio aunitz egina da.[2] Elkarrin ibilia da bakegintzan lagundu nahian, bai eta Ikas elkartean ere, euskararen irakaskuntza eta pedagogia bultzatzeko asmoz. Aipaturiko elkartean lehendakaria izan zen zenbait urtez.[3]
Daniela Albizu | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | Daniela Albizu Berasategi |
Jaiotza | Urruña, 1936ko maiatzaren 23a |
Herrialdea | Lapurdi, Euskal Herria |
Heriotza | Baiona, 2015eko otsailaren 26a (78 urte) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | euskara frantsesa |
Jarduerak | |
Jarduerak | irakaslea, idazlea eta zinegotzia |
Kidetza | Gure Irratia Ikas Elkarri |
Hasiera-hasieratik euskara baturanzko bidea jorratu zuen. Hori dela eta, euskal aditz batuaren aldeko apustua egin zuen. Lexikoa eta erramoldeak, berriz, lapurtera bizi-bizitik hartzen zituen.[4]
Bizitza
aldatuFamilia
aldatuAma, Nizeta Berasategi Mintegi, gipuzkoarra zuen, Idiazabalgo Urtsuaran auzokoa; aita, berriz, Leon Albizu Perez de San Roman, arabarra, Ilarduia herrikoa. Aitak, Espainiak hartara deituta, Marokoren aurkako gerrara joan beharra saihesteko jo zuten Ipar Euskal Herrira.[5]
Espainiak aita deitu zuen Marokoko Rif aldera, bertako matxinoen aurka borrokatzera joateko eta albizutarrek, bi aldiz pentsatu gabe, azienda eta ondasun urriak gurdian sartu eta Lapurdira etorri ziren.
Leon biziki hargin ona zen, eta eskualdeko baserrietan konponketak eta eraikinak egiten aritu zen, gehienbat. Ez zioten dirurik ematen, baserrietako mozkinak baizik, eta horrela bizi izan ziren lehen urte zail haietan. Bere eskuz altxatu zuen, Urruñarako bidean, ezker aldean, orduz geroztik albizutarren etxe eta habia izan den Iturrialde izeneko etxe handi ederra. Bitxikeria gisa, aipa dezagun berak egin zuela Kalbariomendiko gailurrean dagoen gurutze handia. Bitxia da, Leonek, komunista izaki, Urruñan den gurutzerik handiena egin baitzuen.[1]
Albizutarrek lau seme-alaba munduratu zituzten: Beñat, Pierrot, Mariana eta Daniela, eta handitu ahala, lauek Urruñako plaza gibeleko eskolan ikasi zuten.[6] Danielak maistra izateko ikasketak Baionan burutu zituen eta bukatu zituelarik, Donibane Garazi ondoko herrixka ttipi batera igorri zuten, bertako eskolako maistra izan zedin.
Irakaslea
aldatuDanielak, haurra zelarik, euskararen aurkako jarrera eta debekuak ezagutu zituen eskola frantsesean. Orduan deliberatu zuen euskaraz eta euskararen alde egitea. Maistra ikasketak bukatu zituen eta berehala lanean hasi zen Garazi aldean. Han, berriz ere, frantses administrazioak euskararen aurka erabiltzen zuen jokaera makurra topatu zuen. Joko zikin horretan lagundu beharrean, euskaldunen auto-estima garatzen eta orduz kanpo, hango gaztetxoak euskaraz alfabetatzen ahalegindu zen. Handik hainbat urtetara, irakasle titulua atzeman zuen eta orduz geroztik Donibane Lohizuneko Ravel eta Hendaiako Irandatz lizeoetan aritu zen frantsesa, espainola eta euskara irakasten.[5]
Danielak bazuen euskal sentimendu handia bere bihotzean eta ez zen nehoiz horrelako joko zikinetan aritu, haatik, euskararen aldeko jarrera garbia erakutsi zuen beti. Eguerdiro, eskolako ordutegitik kanpo eta sosarik kobratu gabe, bistan da, euskarazko mintzaldiak lantzen zituen zenbait ikaslerekin. Garazi aldeko eskola hartan izan zen bitartean, Vespa bat erabili zuen harat-honatekoetarako. Behin, ikasle bat Baionara eraman zuen Vespa hartan azterketa bat egin zezan.[1]
Urruñan euskal mintzaira eta sentimendua pizten saiatu zen etengabe. Horrela, beste sei emaztekirekin batera, 1978an, Hazia euskal kultur elkartearen sortzean parte hartu zuen.
Zinegotzia Urruñan
aldatu1983ko udal hauteskundeetan zinegotzi atera zen Herritarrak mugimendu abertzalearen ordezkari gisa. Abertzaleek Urruñan izan duten lehen zinegotzi abertzalea izan zen. Bederatzi urte luzez, aurre egin zion Daniel Poulou auzapez eskuindarrari. Bere autobiografia labur batean kontatzen duenez Poulou beti trufaka aritzen omen zitzaion: Vous voyez bien, Madame Pilotte, il n´y a que vous qui demandez ça![5]
2020ko ekainaren bukaeran izan ziren udal bozketan, Filipe Aramendi abertzalearen zerrenda atera zen garaile. Danielak urte zail haietan ereindako haziak horrelako emaitza ekarri zuen.[5]
Emazte langile eta militantea
aldatuDanielak ez zuen nehoiz etsi, eta beti lanean, irakaskuntzan, kulturan, literaturan, itzulpengintzan, ikerkuntzan, euskarazko material pedagogikoen sorkuntzan, bakegintzan, preso eta iheslarien aldeko laguntzan… aritu izan zen bizitza osoan. Euskararen irakaskuntza eta pedagogia bultzatzeko sorturiko IKAS elkartean lehendakaria izan zen zenbait urtez, Emazte langile eta militantea izan zen beti.[5]
Hego Euskal Herriko iheslari bat etxean aterpetzeagatik, frantses poliziek atxilotu zuten eta Fleury Mérogis presondegira eraman. Han bi hilabete egin zituen. 2009. urtean Alkartasuna Fundazioak Euskal Herriaren alde egindako lan bikainaren saria eman zion eta 2011n Herritarrak mugimendukoek omenalditxoa egin zioten Urruñan izan den lehen zinegotzi abertzaleari. 2015eko otsailaren 26an zendu zen.[7]
Idazlanak
aldatuIdazteko biziki euskara ederra eta herrikoia erabiltzen zuen. Euskalgintzan sekulako lan handia egin zuen ehunka artikulu plazaratuz, itzulpenak eginez, Gure Irratia-rako saioak burutuz, gazteendako euskarazko material pedagogikoa sortuz eta euskarazko lau liburu eder argitaratuz. Horretaz gain, badu bosgarren liburu bat, kartzelan zegoela eskuz idatzirik, nehoiz argitaratu ez dena.
- Hiru uhainak, 1979. Elkar. Ipuin zahar baten moldapena.
- Lau sasoi, lau ipui, 2003. Maiatz. Lau ipuinen bilduma.
- Fleury, loreetan ez nuzu lorietan!, 2003. Fleury Mérogis kartzelan idatzi narrazio eta olerki bilduma. Egunerokoa. Argitaragabea.
- Ilargi eta hontz sorginen ipuinak, 2006. Pyrémonde. Ipuin bilduma. Fred Forten liburua, frantsesetik itzulia.
- Iturri-aldeko nere leihotik, 2011. Maiatz. Literatur lanen bilduma. Hala eta guztiz ere, tinko jarraitu zuen euskararen eta Euskal Herriaren aldeko borrokan. Garbi zuen zein ziren batzuk eta non besteak, eta bera zein aldetan kokaturik zegoen. Ikus ezazue Gabriel Arestiren olerki famatuaren oihartzuna dakarkigun “Gure etxea defendituko dugu” olerkian erraiten diguna: Zoin dira bortizkeria erabiltzen dutenak? / Bi bortizkeria mota dira: / Bortizkeria beroa, / hau da, zuzentasuna errespetatua izan dadin / armak hartzen dituztenak; / eta bortizkeria hotza / mina ixilpean barreiatzen duena. 2011n, “Iturri-aldeko nire leihotik” liburua prestatzen ari ginela, “Ametsa” izeneko olerkia bukaeran jartzeko eman zidan. Egin zuen azkena omen zen. Jadanik, ez zuen bere burua gai ikusten gehiago idazteko.
- Hatsaren Poesia, 2011 Ber urtean, Urruñan egin zitzaion omenaldian, paper plegatu bat eman zidan eskura. Olerki bera zen. Auxtin Zamorari emateko eskatu zidan, Hatsaren Poesia bildumako urteko liburuan plazara zezan. Auxtinek sentimendu handiz jaso eta 2011ko liburuan zuen plazaratu. Olerki hori bere testamentua delakoan nago. Bertan, sortzeko eta hiltzeko iragan beharreko tunel luze-ilunaz mintzo zen. Bazekien bere bizitzaren azken txanpan zegoela. “Bizitzak heriotzari zor” erraiten dugu euskaldunok, eta horretaz mintzo zen Daniela azken olerki horretan. Haatik, ez du halabeharraren edo patuaren aitzinean beldur, damu edota penarik agertzen; argirantz iristeko bide natural gisatzat hartzen du.
Elkar argitaletxerako ere, euskal kultura eta etnografiazko zenbait liburu itzuli zituen espainoletik frantsesera, besteak beste, Koldo San Sebastianen eta Antxon Agirre Sorondoren liburuekin egindako itzulpen eder eta zuzenak. [1]
Zenbait poema
aldatuAlabaren istripua
aldatuBizitzan arras momentu minberak bizitu behar izan zituen. 1990. urtean, auto istripu batek Tolosako unibertsitatean ikasten ari zen Domena alabaren bizia moztu zuen. Ikaragarri gogorra izan zen eta Daniela saminean murgildurik ibili zen luzaz. Honela zioen “Domenari bihotz osoz” izeneko olerkian: “Ene sabelean sortua / hor zaitut berriz etorria, / Domena ene maiteñoa. / Betetzen didazu, ARGIA, ene izaite guzia.” Orduz geroztik, Domenaren oroitzapena beti ukan zuen bihotzean estekaturik.[5]
Iheslarien laguntzailea
aldatuBere militantzia politikoak Hegoaldetik zetozen iheslariak laguntzera eta aterpetzera eraman zuen. Polizia frantsesek 2003an atxilotu eta Fleury- Mérogis-eko presondegira eraman zuten. Bertan egon zen bi hilabete luzez. Horrela kontatu zuen “Loretan ez nuzu batere lorietan” olerki autobiografikoan: “Loretan deitzen da… gaztelu bat, Parisen inguruan. / Loretan, holako izenarekin ederra daiteke! / Errazu uste duzula! Harresi lodi eta gorak… / leihoek burdin hagak dituzte / (…) / Eta zu gaztelu hortan egon zira? / Bai, bortxaz, bi hilabetez baizik, zorionez. / A, ulertzen hasia naiz! / Loretan: Fleury, Fleury-Mérogis, Allée des Peupliers, Sainte-Geneviève-des-Bois herrian den presondegia. / Hor direnak ez dira batere lorietan![5]
Gartzelan
aldatuGartzelan zegoela, kuku batek bisita egin zion behin, leihoko barroteen artera igota. Danielak honela kontatu zigun “Kukua” izeneko olerkian: Zer hotza dunan hemen! Alta, maiatzean gauden. / Baaa! Parisen haiz! Euskal Herria goxoagoa dun ! Hala pentsatzen ari zela, leihotik hurbildu zen kuku bat / eta bi burdin hagen artetik kanpora begiratu./ (…) /[5]
Kuku maitea, zer plazera hire entzutea! / Kantu berbera Euskal Herrian eta mundu guzian / ematen diguzue zuek, xori miresgarriak!
Aske
aldatuPresondegitik ateratzerakoan, Hendaiako hondartzan bainatu eta Larrun mendira igo zen berreskuratutako askatasunaren xerka. Horrela kontatu zuen “Etxerat itzultzean” olerkian: Bai, preso batentzat eguneroko gauza horiek / zinez miresgarriak dira, askatzen dutelarik./Espetxean utzi ditudan laguneri, / nola erraiten ahal niekeen… / biharamun berean, itsasoan igerika ibili naizela, laino eta euria izan arren? / Bozkarioz betea, Larrunera igo naizela,… / hiltzen ari den bati ez diozu erraiten ahal: badoa? / Presoak oroituz, tristura eta oldartzez betetzen zait bihotza.[5]
Manex Goienetxe
aldatu2004an, Manex Goienetxe hil zelarik honako olerki ederra eskaini zion: Manex ibiltari / ibiltariak bere biziaren bidaia / bukatuko du. / Mendiz mendi ibili da, / hain gora, hain trebe, / kezkak eta bihotz minak / bidean utzi nahiz, / eta azkenean / heriotza haren xeka etorri da, ! bertze munduan sar dadin, / bere lagunarekin. // Manex, hor, zure semea / aurkitu ote duzu? / Mugagabeko mundu hortan / badukezu non ikertu, / non ibili? / Ez adiorik lagun maitea.[5]
Poliziaren bortizkeria
aldatuPresoen aldeko manifestazioetan poliziaren bortizkeria hurbiletik ezagutu eta kontatu egin zuen “Marea urdin iluna” izeneko olerkian: Marea beltza, maltzurkeria, podere gosea. / Marea urdina, maitasuna, elkartasuna. / Eta marea urdin-beltza, ezagutzen duzue, ezta? / Gizon multxo urdin ilunez jantziak / botak eta kaska beltzak, / herri zainak, omen. / Herritarrak kexatuak biltzen direlarik / justizia-tegiaren sartzean / bultzaka, ostikoka, / negar egiteko bonbak botaka. Ai zer… lotsa! / A, orain badakizue nor diren? / Aingeru beltzak, / zeherrezak.[5]
Azken urteetako “Ahulezia”
aldatuAzken urteetan unatzen hasia zen, eta bere burua akitzen. Berak ongitxo zekien hori, guztiz kontzientea zen, eta horrela kontatu zigun “Ahulezia” izeneko olerkian: Xoriak ez du kantatzen, / olerkariak ez du bertsurik asmatzen, / egunero laino xuriek / zeru urdina dute estaltzen. // Iduzkia, ilargia eta izarrak / ez ditugu ikusten, / ekialdeko haize minak / basaki dauku agurtzen. // Banoa hartzaren harpera / horren ondoan lo egitera.[5]
Heriotza ez da tragedia
aldatuBizitzak berekin dakar heriotza, ezinbestekoa da. Ez da tragedia, bizitzaren azken urratsa baizik. Ikus dezagun Danielaren azken olerkian: Banoa, ilunpetan nintzen, hortxe gordea. / Egun batez, urrun-urrun, argi bat, ez nakien zer zen, ARGIA / Banoa emeki-emeki, argia handitzen ari da / Orai argiak hartzen nau, gelditzen naiz, begiak itxita. / Begiak ideki nituelarik, poz ikaragarri batek hartu ninduen. / Tunel batean nintzen, begiak itxita banoa aintzinean. / Begiak ideki nituelarik, tuneletik ateratu nintzen, argi turrusta batek hartu ninduen / Ikusten nuen, bai eta entzuten xorien kantuak, haurren irriak eta nigarrak… eta abar… / Orduan jakin nuen zer zen BIZIA.[5]
Sariak
aldatu- 2009: Alkartasuna Fundazioaren saria Alkartasuna Fundazioak Euskal Herriaren alde egindako lan bikainaren saria eman zion.[7]
- 2011: Herritarrak mugimendukoek omenalditxoa egin zioten Urruñan izan zen lehen zinegotzi abertzaleari.[7]
Erreferentziak
aldatuArtikulu honen zati asko «Daniela Albizu, Lapurdiko euskal erroak» artikulu honetatik hartuta daude (ZUZEU, CC-BY-SA, 2020-07-12)
- ↑ a b c d elkartea, IPARLA BAIGURA KOMUNIKAZIOA. (2015-02-26). «Daniela Albizu zendu da» Kazeta.eus (Noiz kontsultatua: 2021-05-23).
- ↑ «Daniela Albizu euskararen alde, debekuari kontra egin nahian» gureirratia.eus (Noiz kontsultatua: 2022-05-23).
- ↑ «Uberan - Euskal Idazleen Elkartea - Daniela Albizu oroitzaPENETAN» uberan.eus (Noiz kontsultatua: 2021-05-23).
- ↑ Naiz. (2015-03-03). «Adiorik ez, Albizu Anderea!» naiz: IRITZIA (Noiz kontsultatua: 2021-05-23).
- ↑ a b c d e f g h i j k l m Aurkenerena, Joseba. (2020-07-12). «Daniela Albizu, Lapurdiko euskal erroak» ZUZEU (Noiz kontsultatua: 2022-05-23).
- ↑ Juan Luis ZABALA: «Euskarari emandako bizitza bat», Berria, 2015-02-27.
- ↑ a b c (Frantsesez) taberna, goizeder. (2015-02-27). «Daniela Albizu s'en est allée» www.mediabask.eus (Noiz kontsultatua: 2021-05-23).
Kanpo estekak
aldatu- Daniela Albizu idazlea Armiarmaren Zubitegian
- Joseba Aurkenerena: Daniela Albizu euskaltzale urruñarra ezin ahantziz , Karmel, 2011.
- Joseba Aurkenerena: Daniela Albizu, Lapurdiko euskal erroak,Zuzeu, 2020.
- Ikas, kultur elkarte baten adibidea: https://web.archive.org/web/20140413180558/http://www.euskomedia.org/PDFAnlt/lankidetzan/21/21029044.pdf