Cyril Ramaphosa
Matamela Cyril Ramaphosa (Soweto, Transvaal probintzia, 1952ko azaroaren 17a) hegoafrikar politikari, enpresari, ekintzaile eta sindikatu-burua da. 2018ko otsailetik Hegoafrikako Errepublikako presidentea da.[1]
Bizitza
aldatuCyril Ramaphosa 1952ko azaroaren 17a jaio zen Soweton.[2] 1972an, Zuzenbidea ikasten hasi zen Limpopoko Unibertsitatean, baina bi urte geroago kartzelan sartu zuten Frelimo Mozanbikeko taldearen antikolonialistaren alde aritzeagatik.[3] 1976an, Sowetoko altxaldiaren ondoren, berriz atxilotu eta espetxeratu zuten. 1981ean amaitu zuen Zuzenbideko Gradua Hegoafrikako Unibertsitatean.
1982-1991 bitartean, Meatzarien Batasun Nazionala sindikatuko idazkari nagusia izan zen; urte horietan, Pieter Botharen gobernuaren aurkari nagusietako bat izan zen, eta 1986an Londresera ihes egin behar izan zuen. 1987an, meatzarien grebarik handiena gidatu zuen eta, urte hartan bertan, Olof Palme saria jaso zuen Stockholmen.[3] 1990ean, Nelson Mandela eta beste preso politikoak kartzelatik ateratzeko lanean aritu zen, Harrera Batzorde Nazionaleko eleduna izan baitzen.[2]
1991tik aurrera, Afrikako Kongresu Nazionalaaren (ANC) negoziazio taldeko burua izan zen bake elkarrizketetan. Nelson Mandelaren lekukoa hartuko zuela uste izan zen, haren kuttuna zela esaten baitzen, baina, lehen lerrotik baztertuta, 1997an enpresari bihurtu zen eta, denbora gutxian, herrialdeko gizon aberatsenetakoa ere —360 milioi euroko fortuna zeukan 2018an—. Hori dela eta, bere negozioen interesen alde jokatu izana egotzi zitzaion, eta baita 2012ko Marikanako sarraskian erantzukizuna izatea ere.[2]
Politikara egin zuen salto berriz. Diputatu gisa aritu zen 2014tik, eta 2017ko abenduan Afrikako Kongresu Nazionaleko presidente izendatu zuten. Jacob Zumaren agintaldian, presidenteorde kargua bete zuen eta, 2018ko otsailaren 15ean, parlamentuak presidente izendatu zuen, Zumak dimisioa eman eta gero.[2] 2019ko maiatzeko hauteskundeetan, berriro aukeratu zuten presidente.[4]
Erreferentziak
aldatu- ↑ Rodriguez, Mikel. Cyril Ramaphosa Hegoafrikako presidente izendatu dute. Berria, 2018ko otsailak 15, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2022-1-6).
- ↑ a b c d Berasain Tristan, Kristina. Cyril Ramaphosa, Sowetotik Pretoriara. Berria, 2018ko otsailak 16, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2022-1-6).
- ↑ a b Ortiz de Zárate, Roberto. Cyril Ramaphosa. cidob.org (Noiz kontsultatua: 2022-1-6).
- ↑ Cyril Ramaphosa berriro aukeratu dute Hegoafrikako presidente. Berria, 2019ko maiatzak 23, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2022-1-6).