Sowetoko altxaldia (ingelesez: Soweto uprising) ikasle beltzen manifestazio eta protestaldi sail bat izan zen, 1976ko ekainaren 16ko goizean Soweton hasi zirenak, Hegoafrikan. 20.000 gazte inguru parte hartu zuten agerraldi horietan. Poliziak haien aurka erabili zuen bortizkeriaren ondorioz, gutxienez 176 pertsona hil ziren eta ehunka zauritu.[1][2][3]

Sowetoko altxaldia
Irudia
Motamatxinada
sarraski
Data1976ko ekainaren 16a
KokalekuSoweto
HerrialdeaHegoafrika

Protesten arrazoiak

aldatu

1948. urtetik 1980ko hamarkadaren bukaera arte Hegoafrikan indarrean izan zen apartheid sistemak zuriak beste arrazako herritarrengandik banantzea zuen helburu. Bereizketa sistema horren arauetako bat 1953ko Bantu Heziketa Legea zen, beltzen "izaera eta beharretara" egokituriko hezkuntza ezarri zuena. Natiboen Aferetako ministro Hendrik Verwoerdek era honetan azaldu zuen legearen helburua: "natiboei txikitatik irakatsi behar zaie europarrekiko berdintasuna ez dela beraientzat".[2]

Beraz, beltzentzako hezkuntza zurien agindupeko lanetan aritzeko trebakuntza zen. Haur zuri baten hezkuntzan urtero 644 rand gastatzen zuen Hegoafrikako ddministrazioak 1975ean, eta 42 rand ematen zituen ume beltz bakoitzeko. Masifikazioak eta irakasleen prestaketa ezak giroa bero-bero zuten 1976an, Pretoriako gobernuak afrikaansa, Boer kolonizatzaile herbeheretarren hizkuntza, eskoletako mintzaira izango zela agintzen zuen legea ezarri zuenean. "Afrikarrak konturatu behar du nagusi jauna soilik afrikaans hizkuntzan edo ingelesez mintzo dela. Bere mesederako izango da bi hizkuntzok jakitea", esan zuen Punt Janson Bantu Heziketa ministrordeak, legea arrazoitzean.[2][3]

1976ko ikasturtea hasi zenean irakasle askok uko egin zion "nagusi jaunaren hizkuntzan" irakasteari. Ekainean, eskolei boikota egiten hasi ziren Sowetoko zortzi eskoletako ikasleak. Poliziaren Adar Berezia bidali zuen Hezkuntza Ministerioak. Poliziaren autoak irauli zituzten ikasleek.[2]

Altxamendua eta errepresioa

aldatu

Sowetoko ikasleen biltzar batean ekainaren 16an manifestazio handi bat antolatzea erabaki zuten, eta gurasoei berririk ez ematea, protestaldia geldituko zutelakoan. Lekukoen arabera, eskolako uniformez jantziriko 15.000 gaztetxo inguruk manifestazioa egin zuten. Sakabanatzeko emaniko aginduari muzin egin zioten, eta Polizia tiroka hasi zitzaien. Hildako lehenbizikoa 13 urteko Hector Petersen izan zen, eta haren irudiak zirrara sortu zuen mundu osoan.[2]

Ordutik erabateko matxinada nagusitu zen. Sowetoarrek su eman zioten apartheidaren sinbolo orori hainbat egunez. Kopuru ofizialen arabera, hildakoak 23 izan ziren; beste iturri batzuek 200 eta 700 artean izan zirela diote baina.[3][4] Ehunka lagun zauritu zituzten. Ikasleen matxinada beste hiri batzuetara hedatu zen, Pretoria, Durban eta Lurmutur Hirira besteak beste, eta Hegoafrikan inoiz izandako indarkeria olde handiena bihurtu zen.[2]

Egun hartan bertan, Hegoafrikako Gobernuak larrialdi egoera ezarri zuen. Indarrean egon zen 13 urteetan gutxienez beste 750 gazte erailak izan ziren, 10.000 atxilotuak eta anitz torturatuak.[4]

Memoriala

aldatu

2002an, 26. urteurrena betetzean, ekainaren 16 hartako gertaeren inguruko museo bat ireki zuten Soweton. Argazki eta bideoen bitartez, Hegoafrikaren historia aldatu zuten jazoerak azaltzen dira. Agiri grafikoen artean Hector Robertsen 13 urteko haurraren heriotza jasotzen duen irudia dago ikusgai apartheidaren polizia zuri batek hura tirokatu zuen lekutik gertu eraikitako memorialean.[2]

Erreferentziak

aldatu
  1. Gallagher, Michael. The birth and death of apartheid. BBC News, 2002ko ekainak 17, news.bbc.co.uk (Noiz kontsultatua: 2022-1-5).
  2. a b c d e f g Lartzanguren, Edu. Soweto: belaunaldi baten ostean. Euskaldunon Egunkaria, 2002ko ekainak 23, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2022-1-5).
  3. a b c The June 16 Soweto Youth Uprising. sahistory.org.za (Noiz kontsultatua: 2022-1-5).
  4. a b Caballero, Chema. 40 años de la matanza de Soweto. El Pais, 2016ko ekainak 14, elpais.com (Noiz kontsultatua: 2022-1-5).

Kanpo estekak

aldatu