Hiruki arrosa mundu mailako LGBT mugimenduaren ikurretako bat da, ortzadarraren ikurrinak baino kutsu borrokalariagoa duena.[1]

Jatorria aldatu

 
Kontzentrazio-esparruetako presoen ikur-kodea.

Jatorriz, hiruki arrosa nazien kontzentrazio esparruetan erabilitako ikurretako bat izan zen, eta esan nahi zuen pertsona hori homosexuala izatearengatik zegoela preso;[2] kategoria honetan, naziek bisexualak, trans emakumeak,[3], bortxatzaileak eta pedofiloak[4] ere sartzen zituzten. Kontzentrazio esparruetako preso guztiak ikurren batekin sailkatzen ziren: juduek hiruki horia, preso politikoek gorria, eta emakume antisozialek (lesbianak barne) beltza.[5] Preso hauetatik denak ez ziren homosexualak; batzuek sexu bereko kideekin harreman okasionalen bat izatearengatik harrapatu zituzten, eta beste batzuek ostera, salaketa hutsen ondorioz.

Ez da zehazki ezagutzen naziek erahildako homosexualen kopurua, baina 5.000 eta 15.000 lagunen artean izan zirela uste da. Orduko hiruki larrosa bakarra gordetzen da, Josef Kohout idazlearena, eta Washingtoneko (EEBB) Holokaustoaren Memorialean dago. II Mundu Gerra ostean, hiruki larrosarekin markatuak izan zirenek zailtasun handiak izan zituzten biktima bezalako aitortza lortzeko; izan ere, Austrian esate baterako, kalte-ordainak ukatu zitzaizkien "nazien okupazioaren aurretik, eta ondoren ere, delitu zen portaera batengatik errudunak zirelako" (Austrian 1971ean despenalizatu zen,[6] eta Alemanian 1994ean).[7]

Ikonografia aldatu

 
ACT UP elkartearen kide bat hiruki arrosarekin, 2017an New Yorkeko Villagen eginiko manifestaldi batean.

60ko hamarkadan, sexu askapen mugimenduen pizkundearekin batera, hiruki arrosa gay eta lesbiana izatearen harrotasuna irudikatzeko erabiltzen hasi ziren.[8] 1972an, Heinz Heger nazien eskuetatik bizirik ateratako homosexualaren memoriek ikurra ezagunago bihurtu zuten.[6] Edinburgon (Eskozia) ospatutako Gayen Eskubideen Nazioarteko Kongresuak munduko gay eta lesbianen ikur izendatu zuen.[8]

80ko hamarkadan, hiruki arrosaren erabilpena hedatuz joan zen, ez bakarrik aintzinako jazarpena gogoratzeko, baizik eta komunitate baten ikur positibo bezala. Izaera gay zein lesbikoa irudikatzen zuen, eta hainbat logotipotan sartua izan zen, batzuetan lagun arteko ikur diskretu bezala, publiko orokorraren ezezagutzarekin jolastuz.[9] 1987an, New Yorkeko HIES-aren aurkako mugimenduaren baitan, hiruki arrosak kutsu militanteagoa hartu zuen, HIES-aren aurkako ikerketa ildoak apropos oztopatzen ari zirela salatzeko.[10] Testuinguru horretan, Act Up elkarteak logotipo bezala hiruki arrosa hartu zuen, "isiltasuna = heriotza" hitzekin lagunduta.[11] Orduan hasi zen hirukia alderantziz erabiltzen (punta gorantz), nazien erabilpenari buelta eman nahian.[12]

Azken urteetan ostadarraren ikurraren aurrean indarra galdu badu ere, oraindik bizirik da eta nolabait LGBT mugimenduaren alderdi borrokalariena irudikatzen du.[1] Hain zuzen ere, hiruki arrosa homosexualen jazarpena gogoratzen duten hainbat monumentutarako erabili izan da. Lehenengoa Amsterdameko Homomonument izan zen (1987), eta harrezkero munduko leku askotan hedatu dira horrelako monumentuak. 2009an, Durangon oroitarria ezarri zen, Liburu eta Disko Azokan sortu baitzen euskal LGBT mugimenduaren ernamuina. Koldobika Jauregik eginiko Kantu Isila granitozko eskultura da, eta plaka batean Jon Maiak idatziriko bertsoa dauka: "Frankismoaren aro beltzean, sexuen askatasuna / defendatuaz koloreztatu zenuten etorkizuna / Zokoratua izan zen zuen kontzientzia, gaytasuna / Bihotz haragiz pairatu arren plazera eta maitasuna / gure oinarri sendo da zuen harrizko duintasuna".[1]

Erreferentziak aldatu

  1. a b c «Homomonument» Argia (Noiz kontsultatua: 2019-05-23).
  2. Plant, Richard, 1910-1998.. (1986). The pink triangle : the Nazi war against homosexuals. (1st ed. argitaraldia) H. Holt ISBN 0805000593. PMC 13123647. (Noiz kontsultatua: 2019-05-23).
  3. «2007 Houston Transgender Day of Remembrance: Transgenders and Nazi Germany» web.archive.org 2008-08-20 (Noiz kontsultatua: 2019-05-23).
  4. (Ingelesez) «How the Pink Triangle Became a Symbol of Queer Resistance» HISKIND Magazine 2017-04-19 (Noiz kontsultatua: 2019-05-23).
  5. Schwarb, Jean-Luc.. (2011). Triângulo rosa : um homossexual no campo de concentração nazista. Mescla ISBN 9788588641136. PMC 746261402. (Noiz kontsultatua: 2019-05-23).
  6. a b Heger, Heinz. (Pseud. Hans Neumann), 1914-1979.. (2002). Los hombres del triángulo rosa : memorias de un homosexual en los campos de concentración nazis. Amaranto Editores ISBN 8493145726. PMC 51097410. (Noiz kontsultatua: 2019-05-23).
  7. Davy, Zowie.. (2008). Bound and Unbound : Interdisciplinary Approaches to Genders and Sexualities.. Cambridge Scholars Pub ISBN 9781443810852. PMC 828302785. (Noiz kontsultatua: 2019-05-23).
  8. a b (Gaztelaniaz) ¿Quiénes Somos? | LambdaValencia. (Noiz kontsultatua: 2019-05-23).
  9. «glbtq >> social sciences >> Pink Triangle» web.archive.org 2014-10-25 (Noiz kontsultatua: 2019-05-23).
  10. Sember, Robert; Gere, David. (2006-6). «“Let the Record Show . . .”: Art Activism and the AIDS Epidemic» American Journal of Public Health 96 (6): 967–969.  doi:10.2105/AJPH.2006.089219. ISSN 0090-0036. PMID 16670207. PMC PMCPMC1470625. (Noiz kontsultatua: 2019-05-23).
  11. «SILENCE = DEATH» www.actupny.org (Noiz kontsultatua: 2019-05-23).
  12. PhD, R. Amy Elman. (1996-03-26). «Triangles and Tribulations:» Journal of Homosexuality 30 (3): 1–11.  doi:10.1300/J082v30n03_01. ISSN 0091-8369. PMID 8743114. (Noiz kontsultatua: 2019-05-23).

Kanpo estekak aldatu