Bateragune auzia Espainiako Auzitegi Nazionalean 2011. urtean egindako auzi bat izan zen, ezker abertzaleko zortzi kideri egina, Espainiako justiziak legez kanpo utzitako Batasuna alderdia ETAren aginduz berriz sortu nahian zebiltzala egotzita. Horrez gain, «Eusko Alkartasuna, Aralar, Abertzaleen Batasuna eta ELA erakarri eta Euskal Herria eta Espainiar estatuaren artean konfrontazio borroka eremua” eraiki nahi izana ere leporatu zitzaien. Zortzi auziperatuak 2009ko urriaren 13an atxilotu zituzten, LABen Donostiako egoitzan bilera bat egiten ari zirela.

Arnaldo Otegi eta Rafa Diez askatzeko eskaria duen manifestazioa, Bateragune auziko gainontzeko auziperatuen parte hartzearekin.

Baltasar Garzon Auzitegi Nazionaleko epaile ohiak agindu zuen operazioa, 2009an, eta hura kargugabetu ondoren Pablo Ruz epaileak hartu zuen sumarioaren ardura.

Ezker abertzaleko kideek salatu zutenez, Bateragune auzia epaiketa politikoa izan zen: auzipetuek ezker abertzalearen barnean estrategia aldaketa bultzatu nahi zuten, borroka armatuaren aroa amaitu eta bide demokratiko eta baketsuan soilik oinarritzeko. Auziaren aurka, mobilizazio ugari izan ziren.

Dena da ETA printzipio politiko-judizialaren ondorioz egin zen epaiketa hau bertan behera geratu zen Estrasburgoko Auzitegiaren epaitegiak Bateragune Auziaren epaia baliogabea zela esan zuenean. Ordurako (2020 uztaila) auziperatutakoentzat Espainiako Auzitegi Nazionalak eskatutako kartzela zigorrak beteak zituzten.

Auzipetuak aldatu

Epaia aldatu

Espainiako Auzitegi Nazionalak, 2011ko irailean emandako epaian, fiskalak eskatutako kartzela zigorra ezarri zien kondenatuei: hamar urte Arnaldo Otegiri eta Rafa Diezi, eta zortzi urte Sonia Jacintori, Miren Zabaletari eta Arkaitz Rodriguezi.[1]

Kondenatuek epaiaren aurkako errekurtsoa aurkeztu zioten Espainiako Auzitegi Gorenari, eta auzitegi horrek, 2012ko maiatzaren 9an, epaia berretsi zuen, nahiz eta espetxealdi urteak gutxitu: Arnaldo Otegiri eta Rafa Diezi hamar urtetik sei eta erdira jaitsi zien zigorra Auzitegi Gorenak; Arkaitz Rodriguezi, Sonia Jacintori eta Miren Zabaletari, 10 urtetik 6ra. Bost magistratutik hiru agertu ziren epaiaren alde, eta bi aurka. Bi boto partikularretako batek absoluzioa eskatzen zuen; eta besteak, berriz, epaiketa berriz egitea beste tribunal batekin.[2]

Auzitegi Gorenaren epaiaren aurka ere errekurtsoa aurkeztu zuten kondenatuetatik seik (Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Sonia Jacinto, Arkaitz Rodriguez eta Miren Zabaleta), eta Espainiako Konstituzio Epaitegiak tramiterako onartu du. Lau eskubide urratu zirela salatu dute presoen defentsek: errugabetasun printzipioa, inpartzialtasunaren printzipioa (auzitegiko buru Angela Murillo epaileak epaiketan izan zuen jarreragatik), akusazio printzipioa eta justizia eraginkorrerako eskubidea.[3]

Kronologia aldatu

Bateragune auziak honako kronologia izan du:[4]

2009-10-13. Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Rufi Etxeberria, Sonia Jacinto, Arkaitz Rodriguez, Miren Zabaleta, Txelui Moreno, Amaia Esnal, Mañel Serra eta Ainara Oiz atxilotu zituen Espainiako Poliziak.

 ETAk aginduta Bateragune gune politikoa osatzen zutela egotzi zien Poliziak.

2009-10-16. Otegi, Diez, Jacinto, Rodriguez eta Zabaleta kartzelatzeko agindu zuen Baltasar Garzonek. Etxeberria eta Oiz aske utzi zituen; Moreno, Esnal eta Serrari hamarna mila euroko bermea ezarri zien.



2009-11-08. Prozesu demokratikoaren alde idatzitako gutunaren berri eman zuten bost zigortuek, kartzelatik.



2009-11-14. Altsasun egindako agerraldi batean, «soilik bide
politiko eta demokratikoak» 
erabiltzearen alde agertu zen ezker abertzalea.

2010-02-14. Zutik Euskal Herria adierazpena kaleratu zuen ezker abertzaleak.



2010-04-26. Auzitegi Nazionalak Rafa Diez aske utzi zuen, 30.000 euroko bermepean.



2011-02-07. Sortu alderdia aurkeztu zuen ezker abertzaleak, indarkeria irmo errefusatuta.


2011-06-27. Bateraguneren epaiketa hasi zen. Euren apustua bide soilik politiko, baketsu eta demokratikoen aldekoa izan dela esan zuten akusatuek.

2011-09-16. Otegiri, Diezi, Jacintori, Rodriguezi eta Zabaletari kartzela zigorra ezarri zien Auzitegi Nazionalak —Diez hiru egunera espetxeratu zuten—, Bateraguneko kideak zirelakoan. Esnal, Moreno eta Serra absolbitu egin zituen.

 Haiek epaitu zituzten.

2011-10-20. ETAk jakinarazi zuen jardun armatua betiko amaitutzat eman zuela.



2012-05-10. Auzitegi Nazionalaren epaia berretsi zuen Gorenak, kartzela zigorrak pixka bat jaitsita.



2012-06-23. Gorenaren erabakiaren aurka babes helegitea aurkeztu zuten Konstituzionalean zigortuek. Auzitegiak 11 hilabetera onartu zuen tramiterako.

2013-06-04. Auziko mamiari buruz erabaki artean zigortuak aske ez uztea deliberatu zuen Konstituzionalak.

2014-05-05. Zigorraren hiru laurdenak beteta eduki arren, Konstituzionalak ez zituen aske utzi Zabaleta, Jacinto, Rodriguez eta Otegi.

2014-07-22. Narvaez epailearen kontrako ezeztatzea atzera bota zuen Konstituzionalak eta, ostean, atzera bota zuen defentsak aurkeztu zuen babes helegitea.

2014-10-12. 'Bateragune auzian' zigortutakoak aske uzteko eskatu zuten Elgoibarren eginiko manifestazioan. EH Bildu, EAJ, PSE eta PSNko kideek parte hartu zuten martxan[5].

Epaiketa ez zen inpartziala izan aldatu

2018ko azaroan, Europako Giza Eskubideen Itunaren 6.1 artikulua urratu zela ebatzi zuen Estrasburgoko auzitegiak. Alegia, bidezko prozesu baterako eskubidea ez zela errespetatu. Hala zioen artikulu horrek hasierako zatian: «Pertsona orok du eskubidea bere kausa entzuna izateko modu bidezko eta publikoan, arrazoizko epe batean, auzitegi independente eta inpartzial baten aurrean».

Magistratuek azpimarratu zuten inpartzialtasunak "aurreiritzirik eza" izan behar zuela oinarrian. Zazpi epailek osatu zuten epaimahaia; tartean, Maria Elosegi epaile donostiarrak.

Bateragune auziko zigortuek salatu zuten Espainiako Justiziak inpartzialtasun irizpidea eta haien errugabetasun printzipioa urratu zituela. Angela Murillo Auzitegi Nazionaleko epaileak Otegiri 2010ean -beste epaiketa batean- eginiko galderetan dago Murilloren inpartzialtasunari buruzko zalantzaren funtsa:

«

—"Zuk irmo gaitzesten al duzu ETAren indarkeria?", Angela Murillo epaimahaiburuak Arnaldo Otegi auzipetuari.

—"Ez dut erantzungo".

—"Ez didazu erantzungo, ezta? Oso ondo. Banekien. Eseri zaitezke".

»


2010eko urtarrilaren 27an gertatu zen hori, Espainiako Auzitegi Nazionalean. Jose Mari Sagardui "Gatza" euskal presoaren omenaldian "terrorismoa goratzea" egotzita epaitu zituzten Otegi eta beste bi lagun, eta aurreneko saioan gertatu zen. Defentsak gero argudiatu zuen Murillok Otegirekiko aurreiritziak izan zituela eta, ondorioz, auzipetuaren eskubideak urratu zirela, epailearen inpartzialtasunik ezagatik. Auzitegi Gorenak, 2011ko otsailean defentsari arrazoi eman, eta zigor epaia baliogabetu egin zuen. Murillo baztertu, eta berriro egin zuten epaiketa, Javier Gomez Bermudez zela epaimahaiko presidente, eta absoluzioa jaso zuten auzipetuek.

2011ko ekainean eta uztailean Bateragune auziko epaiketan ere Murillo izan zen epaimahaiburu. Horretarako izendatu zutenean, 2010eko epaiketan oinarrituta defentsa saiatu zen Murillo izan ez zedin epaimahaiko presidentea, hura errefusatuta, baina ez zuen lortu.

Estrasburgoko auzitegiak, ordea, aintzat hartu zuen, batetik, Espainiako auzitegiek lehen epaiketa baliogabetu izana, aitortuta Murillo ez zela inpartziala izan; bestetik, magistratuek uste dute Murillok Otegi epaitutako bi aldietan, gaiek lotura zuzena zutela -ETArekiko jarrera-, eta, beraz, ez zuela epaimahaian egon behar: "Epaimahaiburuak aurreiritziak adierazten zituen esapideak erabili izanak (...) argiki bateraezina egiten du bigarren prozedura kriminalean parte hartzearekin".

Kalte-ordainik ez aldatu

Epaileek ebazpenean jaso zutenez, Giza Eskubideen Hitzarmenaren 6.1 artikulua urratu izanak kalte-ordainak jasotzeko eskubidea eman ohi du. Auzipetu gehienek ez zutenez horrelakorik eskatu, ordea. Rafa Diezek 40.000 euroko ordaina eskatu zuen, baina epaileek uste dute ez zuela behar bezalako justifikaziorik eman. Hortaz, ez dute kalte-ordainik jaso.

Hala ere, Helen Keller epaileak boto partikularra eman du kalte-ordainen inguruan. Uste du Diezi kalte-ordaina pagatu beharko litzaiokeela.

Bateraguneko auzipetuak 2015ean jarri zuten helegitea Estrasburgon. Giza Eskubideen Europako Auzitegiak partzialki onartu zuen tramitera Auzitegi Nazionaleko epailearen inpartzialtasunari buruzko helegitea, eta 2018an eman zuen ebazpena.

Otegik, Rodriguezek, Jacintok, Zabaletak eta Diezek osorik bete zuten Espainiak ezarritako espetxe zigorra. Otegi eta Diez, ordea, inhabilitazioa betetzen ari dira oraindik —2021eko urtarrilera eta 2019ko urtarrilera artekoa dituztek, hurrenez hurren—. Hain justu, inhabilitazio horrek galarazi zion Otegiri Eusko Legebiltzarreko 2016ko hauteskundeetara aurkeztu ahal izatea.

Inhabilitazioa etengabe, oraingoz aldatu

Europaren ebazpenak ez du esan nahi Otegiren eta Diezen inhabilitazioa eten egin denik. Otegiren kasuan defentsak babes helegitea aurkeztua du Auzitegi Konstituzionalean, tramitazioan da, eta ikusi beharko da Europaren erabakiak eraginik baduen Konstituzionalaren balorazioan. Bestetik, gaurko ebazpenarekin defentsari aukera bat ireki zaio Gorenean berraztertze helegite bat aurkezteko.

Jone Goirizelaia abokatuak nabarmendu zuen "pozik" daudela Europaren erabakiarekin, baina esan du sakonago aztertu nahi zutela sententzia, zer egin erabaki ahal izateko. "Epaiak dio bost auzipetuek ez zutela epaiketa inpartzial bat izan. Eta epaileak ez badira inpartzialak izaten, epaiak ere ez. Bostek azken eguneraino bete zuten kartzela zigorra, eta horrek ez du erreparaziorik"[6].

Auziaren itxiera aldatu

2020ko uztailean Gorenak ontzat jo zuen Estrasburgoko Auzitegiaren epaia eta Bateragune Auziaren epaia baliogabetzat onartu zuen[7]. Honela, epaimaia partziala izan zela eta Europako Giza Eskubideen 6.1 artikulua urratu zela ondorioztatu zuen Espainiako Justiziak. Era berean zigorrak baliogabe utzi ziren, auzipetuek kartzelan pasatako denbora eta inhabilitazio epeak baliogabeak izan zirela ebatzi zen. Auzipetuek kalte-ordainak eskatzeko asmoa adierazi zuten[8][7].

Auziaren errepikapena aldatu

2020ko abenduaren 14an, Espainiako Auzitegi Gorenak ebatzi zuen[9] epaiketa berriz egitea, urte bereko urrian AVT-Verde Esperanza biktimen elkartearen eskaera errefusatuz Auzitegi Nazionalak ez errepikatzea erabaki ondoren.[10]

Erreferentziak aldatu

Kanpo estekak aldatu