Baso-saguzar

Europako saguzar-espeziea.

Baso-saguzarra (Barbastella barbastellus) vespertilionidae familiako saguzarra da, Europan bizi dena. Ezaugarri nagusiak, sudur motza, begi handiak eta belarri handiak izatea ditu[1].

Baso-saguzar
Iraute egoera

Ia galzorian  (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaMammalia
OrdenaChiroptera
FamiliaVespertilionidae
LeinuaPlecotini
GeneroaBarbastella
Espeziea Barbastella barbastellus
(Schreber, 1774)
Banaketa mapa
Datu orokorrak
Zabalera0,258 m
Kumaldiaren tamaina1
Eguneko zikloagaueko

Mundu mailan, 3 espezie baino ez dira Barbastella generoaren barruan sailkatzen (denak eurasiarrak), eta bakarra dugu Euskal Herrian: baso-saguzarra edo Barbastella barbastellus. Gainontzeko saguzarretatik erraz bereiz daiteke, oso iluna baita eta behealdera fusionatutako, muturreraino heltzen diren belarri txikiak baititu. 2 kume erdi ditzakeen Euskal Herriko espezie bakarra da.

Deskribapena aldatu

Tamaina txikiko saguzarra da Barbastella barbastellus. Belarriak oso bereizgarriak dira espezie honetan: tamaina ertainekoak, beltzak eta behealdera fusionatuak dira. Aurrerantz proiektatzen dituenean, muturreraino heltzen direla ikus dezakegu. Tragoa, zorrotza da, barne ertza zuzena eta kanpo ertza goialdean ahurra eta bekaldean ganbila direlarik. Egitura hau, zeharki zuzendua dago belarriaren barnealderantz. Belarriaren kanpoaldean, gingil bat aurkezten du, hau beti agertzen ez bada ere.

Hankak, erlatiboki handiak dira. Buztanak, gorputzak eta buruak batzen duten luzera bertsua izan ohi du, eta uropatagiotik 2 mm inguru irteten da. Ileak kolorazio oso iluna du (beltz-marroixka) eta dentsoa da. Indibiduo batzuetan, ileen puntak zurituta ager daitezke. Patagioa, aurpegia eta belarriak ere ilunak ditu. Bi ugatz-guruin ditu eta ez du dimorfismo sexual ageririk. Hortz-formula   da.

Ekokokapena aldatu

Bilaketa fasean, bi CF-FM seinale igortzen ditu. Laburrak izaten dira eta maximoa 32-37 kHz-tatik 41-43 kHz-tara doa. 110-120 ms-ko tartean igortzen ditu. Ehizarako intentsitate baxuko deiak erabiltzen ditu, sitsak saguzarraren presentziaz jabetu ez daitezen eta horiengana ahalik eta gehien hurbiltzeko[2].

Landaretza dentsoa den gunetan, Myotis eta Plecotus generoko espezieekin nahastu daiteke. Hau saihesteko, dei sozialei erreparatu behar zaie.

Banaketa aldatu

Bere banaketak, banda handi bat osatzen du Eurasiatik iparraldeko Afrikaraino heltzen dena. Eskandinavia, Britainia Handia, Maroko, Kanariak, Kaukasoko mendilerroa eta Turkia besarkatzen du espezie honen hedadurak[3].

Euskal Herrian, kolonia egonkorrak eta negutarrak topatu dira. Negutarrak Itxina eta Arkamoko kobetan aurkitu dira eta egonkorrak Nafarroan zehar barreiaturik[4].

Habitata aldatu

Baso-ingurune eta ingurune malkartsuei loturiko espeziea da baso-saguzarra. 2000 m-tan aurkituriko indibiduoek eta 1300 m-tan kolonien presentziak, tenperatura baxuak ondo jasaten dituela adierazten dute.

Zuhaitz zuloetan eta azalaren azpiko hutsarteetan bizitzea gustuko du, eta hibernatzeko tenperatura baxuak nahiago ditu. Udan, eraikinen arrakaletan, kontraleihotan, zuhaitz zulotan, habia artifizialetan, koben sarreretan… aurkitu izan da.

Elikadura aldatu

Ibai eta ur masen inguruan, basoen ertzetan, eta baita baso barruan ere, altuera txikian ehizatzen du. Hala ere, lurzoruan pausaturiko intsektuak ehizatzen ere behatua izan da (gleaning terminoaz ezagutzen da hau).

Elikagai iturri nagusia sitsak dira (gorotzen bolumenaren %73-94). Bigarren postuan euliak ageri dira (Diptera, Calliphoridae, Tipulidae, Nematocera… bolumenaren %4-17). Trichoptera, Neuroptera, Homoptera, Hymenoptera, Coleoptera taxonetako animaliak eta armiarmak (Araneae) ere topatu izan dira espezie honen gorotzetan[5][6].

Ugalketa eta ontogenia aldatu

Bigarren urterako lortzen dute heldutasun sexuala; emeek lehenengo urtean ere lor dezakete. Parekatzea udazkenean eta neguko gordelekuan burutzen dute. Ondoren, arrek, koloniatik alde egiten dute eta talde txikitan biltzen dira.

Bi kume erditzen dituen Euskal Herriko saguzar bakarrenetarikoa da. Ekain aldera erditzen dute, eta kolonian bertan egiten dute.

Espeziearen bizi luzetasuna 5-10 urte bitartekoa izan ohi den arren, 22 urteko aleak ere ezagutzen dira[7].

Bizimodua aldatu

15 indibiduotik berako koloniak eratzen ditu, handiagoak behatu badira ere. Kolonia batzuk sedentarioak diren bitartean, beste batzuk 10-75 km-tako migrazioak egiten behatu dira udako babeslekuetatik negukoetara, 300 km egiten ere ikusi izan dira. Negua beste hainbat espezierekin batera igaro dezakete kobazuloetan, kolonia handiak osatuta.

Gau hasi eta berehala aktibo bihurtzen dira; kasu batzutan gautu aurretik ikusi izan dira hegan. Ez dira gordelekutik 5 km baino gehiago urruntzen, normalean.

Espezieen arteko elkarrekintzak aldatu

Ez dago saguzar espezie honetan espezializatzen den harraparirik. Egagropiletan ere, urrien topatzen den kiropteroa dugu (%3).

Nabarmenak dira belarrian izaten dituzten bolatxo laranjak: akaroak (Spinturnix puntactus, Bewsiella fledermaus eta Paraperiglischrus rhinolophinus), dipteroak, trematodoak edota nematodoak izan daitezke. Gehienetan akaroak dira saguzarra endoparasitatzen dutenak.

Erreferentziak aldatu

  1. Parsons, S.; Jones, G.. (2000). «Acoustic identification of twelve species of echolocating bat by discriminant function analysis and artificial neural networks» J Exp Biol. (203): 2641-2656..
  2. Goerlitz HR, ter Hofstede HM, Zeale MRK, Jones G, Holderied MW. (2010). «An Aerial-Hawking Bat Uses Stealth Echolocation to Counter Moth Hearing» Current Biology 20 (17): 1568-1572..
  3. Dietz C, von Helversen O, Nill D. (2009). Bats of Britain, Europe & Northwest Africa. Londres: A&C Black.
  4. Aiharza JR. (2001). Quirópteros de Araba, Bizkaia y Gipuzkoa: distribución, ecología y conservación. Bilbo: EHU.
  5. Sierro A. (1999). «Habitat selection by barbastelle bats (Barbastella barbastellus) in the Swiss Alps (Valais)» Journal of Zoology (248): 429-432..
  6. Zeale MRK, Butlin RK, Barker G, Lees DC, Jones G. (2011). «Taxon-specific PCR for DNA barcoding arthropod prey in bat faeces» Molecular Ecology Resources (2): 236-244..
  7. Abel G. (1970). «Zum Höchsalter der Mopsfledermaus (Barbastella barbastellus) .» Myotis (8): 38..