Artemisaren tenplua (Efeso)

Artikulu hau Anatoliako tenpluari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Artemisa (argipena)».

Artemisaren tenplua[1] edo Artemisiona[1] edo Artemisaren Efesoko tenplua[1] (antzinako grezieraz: ἈρτεμίσιονArtemísion; latinez: Artemisium; turkieraz: Artemis Tapınağı) greziar tenplu bat zen, Artemisa jainkosari eskainia. Efeson zegoen, egungo Turkiako Selçuk hiri modernotik hurbil, eta antzinate klasikoko munduko zazpi mirarietako bat da. Hiru aldiz berreraiki zuten osorik, harik eta 401. urtean behin betiko suntsitu zen arte.

Artemisaren tenplua (Efeso)
 UNESCOren gizateriaren ondarea
Munduko Zazpi Mirariak
Efeso
Artemisioi
Kokapena
Estatu burujabe Turkia
Turkiako probintziaIzmir probintzia
Turkiako barrutiaSelçuk
Koordenatuak37°56′59″N 27°21′50″E / 37.94972°N 27.36389°E / 37.94972; 27.36389
Map
Historia eta erabilera
ErlijioaAntzinako Greziako erlijioa
IzenaArtemis of Ephesus (en) Itzuli
Arkitektura
ArkitektoaChersiphron (en) Itzuli
Paeonius of Ephesus (en) Itzuli
EstiloaGreziar arkitektura
Azalera45,82 ha
Gizateriaren ondarea
Erreferentzia1018rev-003
Eskualdea[I]Europa eta Ipar Amerika
Izen-emateabilkura)
  1. UNESCOk egindako sailkapenaren arabera

Historia aldatu

Artemisa emankortasunaren jainkosa zen (erromatarrek Diana deitzen zuten). Efeson tenplu bat zuten Artemisa gurtzeko, oraingo Selçuk herri turkotik hurbil. Baina tenplu hura uholde batek deuseztatu zuen K.a. VII. mendean. Kresok (Lidiako erregea eta txanponaren asmatzailea) berreraikitzea erabaki zuen, K. a. 550. urtearen inguruan; Kretako Knossos hiriko Kersifron arkitekto greziarrak diseinatu zuen tenplua, eta bere seme Metagenesek amaitu zuen.[2][3]

K.a. 356an, bi mende geroago, Erostratok su eman zion, kosta ahala kosta ospea lortu nahian.[4][5]

20 urte geroago, Alexandro Handiak hiria konkistatu zuen, eta tenplua berreraikitzeko lanak berak ordainduko zituela eskaini zuen. Efesotarrek uko egin zioten eskaintza hari, eta Alexandro hil ondoren berreraiki zuten, eurek ordainduta. K.a. 323an hasi ziren berreraikitze lanak, eta urte askoan aritu ziren. Berreraikitze horrek 600 urtez iraun zuen zutik, eta hasierako kristauek Efesori buruz egindako idazkietan agertzen da. 268. urtean, godoen erasoaldi batek hondatu zuen tenplua. Geroztik ez dago garbi ea berriz berreraiki edo konpondu zuten; hala ere, tenpluko zenbait harri, behintzat, beste eraikin batzuk egiteko erabili zituzten.[6][7]

τὸν δὲ νεὼν τῆς Ἀρτέμιδος πρῶτος μὲν Χερσίφρων ἠρχιτεκτόνησεν, εἶτ᾽ ἄλλος ἐποίησε μείζω: ὡς δὲ τοῦτον Ἡρόστρατός τις ἐνέπρησεν, ἄλλον ἀμείνω κατεσκεύασαν συνενέγκαντες τὸν τῶν γυναικῶν κόσμον καὶ τὰς ἰδίας οὐσίας, διαθέμενοι δὲ καὶ τοὺς προτέρους κίονας.(Estrabon) [8] [9] Artemisaren tenpluari dagokionez, haren lehen arkitektoa Kersifron izan zen, eta gero beste gizon batek handitu zuen. Baina Herostrato delako batek su eman zionean, hiritarrek beste bat eraiki zuten, bikainagoa, emakumeen eta nork bere ondasunen apaingarriak bildu eta aurreko tenpluko zutabeak ere saldu zituztelarik.

Tenpluaren ezaugarriak aldatu

Bere arkitektura klasikoa zen, 13 maila zeuden eraikin nagusira igotzeko. Eraikin nagusiak 105 metroko luzera eta 55 metroko zabalera zuen. 17,65 metroko altuerako bi zutabe-ilarek inguratzen zuten, eta, tenplu arkaiko gisa, eskulturaz eta behe-erliebez apainduta zegoen, horietako batzuk Eskopasek eta beste batzuk Praxitelesek eginak. Guztira 127 zutabe, fatxadako 36 zutabeak zizelkatuta, kapitelak barne.[10]

Estatuaren ezaugarriak aldatu

 
Artemisa Efesokoa.

Biziraun duten kopiei esker jakin da Artemisaren estatuak 2 metroko altuera zuela eta greziarra ez zen momia baten antzeko irudikapena zela, eskuak kanporantz luzatuta, zutik tente ageri zela. Jatorrizko estatua urrez, ebanoz, zilarrez eta harri beltzez egina zegoen. Hankak eta aldakak animalien eta erleen erliebeekin apaindutako jantzi batez estalita zituen, eta gorputzaren goiko aldea bular ugariz apainduta zegoen; burua zutabe altuz apainduta zeukan.[11]

Gurtza aldatu

Artemisaren tenpluan Anatolia osoko bidaiari eta merkatariak elkartzen ziren. [11]Hainbat sinesmenen eragina izan zuen, eta jende askorentzat fede ikurra zen. Artemisaren kultuak garai hartako milaka gurtzaile erakarri zituen. Pertsonaia historiko garrantzitsu askok eskaintzak egiten zituzten han, besteak beste, Xenofontek [12][13][14] eta Alexandro Handiak:

Alexandro Efeson egon zen, han Artemisaren omenezko sakrifizioa antolatu zuelarik, eta prozesio bat bere armada osoarekin borroka-eraketan. (Flavius Arrianus) [15]

Iruditegia aldatu

Erreferentziak aldatu

  1. a b c Euskaltzaindia. (PDF) 191. arauaː Artelanen izenak. Historiaurreko eta Antzinaroko artelanen izenak. .
  2. «Quersifrón - Inicio - Diccionario Tesauro de Historia Antigua y Mitología» www.tesaurohistoriaymitologia.com (Noiz kontsultatua: 2022-02-05).
  3. «CHERSIPHRON Y METAGENES | artehistoria.com» www.artehistoria.com (Noiz kontsultatua: 2022-02-05).
  4. (Gaztelaniaz) «Cómo el ego de un don nadie destruyó el templo de Artemisa, una de las 7 maravillas del mundo antiguo» BBC News Mundo (Noiz kontsultatua: 2022-02-05).
  5. (Gaztelaniaz) «Cinco minutos de gloria» ElHuffPost 2021-09-21 (Noiz kontsultatua: 2022-02-05).
  6. (Gaztelaniaz) «Así se vería el templo de Artemisa en Éfeso en la actualidad» historia.nationalgeographic.com.es 2019-06-09 (Noiz kontsultatua: 2022-02-05).
  7. (Gaztelaniaz) «▷【Templo de Artemisa】historia, construcción y destrucción» Las 7 maravillas del Mundo 2019-02-12 (Noiz kontsultatua: 2022-02-05).
  8. «Strabo, Geography, Book 14, chapter 1» www.perseus.tufts.edu (Noiz kontsultatua: 2022-02-05).
  9. «Strabo, Geography, Book 14, chapter 1» www.perseus.tufts.edu (Noiz kontsultatua: 2022-02-05).
  10. «El Templo de Artemisa» www.maravillas-del-mundo.com (Noiz kontsultatua: 2022-02-05).
  11. a b (Gaztelaniaz) «El templo de Artemisa» La Vanguardia 2017-06-22 (Noiz kontsultatua: 2022-02-05).
  12. (Gaztelaniaz) Xenofonte. Anabasis. , 183 or..
  13. «Xenophon, Anabasis, *ku/rou *)anaba/sews *e, chapter 3, section 4» www.perseus.tufts.edu (Noiz kontsultatua: 2022-02-05).
  14. «Xenophon, Anabasis, Book 5, chapter 3, section 4» www.perseus.tufts.edu (Noiz kontsultatua: 2022-02-05).
  15. (Gaztelaniaz) Arrianus, Flavius. (pdf) Anábasis de Alejandro Magno Libros I-III. , 85 or..

Kanpo estekak aldatu