Argi-oilar
Argi-oilarra (Upupa epops) upupidae familiako hegazti bat da,[1] familia horretako kide bakarra. Lumazko gandorra du bereizgarri. Intsektujalea da gehienbat, nahiz eta narrasti txikiak, igelak eta landare zatiren batzuk (hala nola haziak eta fruituak) ere jaten dituen.
Argi-oilarra | |
---|---|
Iraute egoera | |
Arrisku txikia (IUCN 3.1) | |
Sailkapen zientifikoa | |
Klasea | Aves |
Ordena | Bucerotiformes |
Familia | Upupidae (en) |
Generoa | Upupa |
Espeziea | Upupa epops Linnaeus, 1758
|
Banaketa mapa | |
Datu orokorrak | |
Zabalera | 44 cm |
Kumaldiaren tamaina | 5,7 |
Eguneko zikloa | eguneko |
Errute denbora | 15 egun |
Arrautza | |
Europan, Asian, iparraldeko Afrikan, Sahara azpiko Afrikan eta Madagaskarren bizi den[2] hegazti honek neguan eskualde tropikaletara migratzen du.
Azpiespezieak
aldatuAzpiespeziea | Bizi den eremua |
---|---|
Upupa epops epops Linnaeus, 1758 |
Afrikako ipar-mendebaldea, Europako hegoaldetik Errusiako hego-erdialderaino, Txinako ipar-mendebaldea eta India. |
Upupa epops major C.L. Brehm, 1855 |
Afrikako ipar-ekialdea |
Upupa epops senegalensis Swainson, 1913 |
Senegaldik Etiopiaraino |
Upupa epops waibeli Reichenow, 1913 |
Kamerundik Kenia iparralderaino |
Upupa epops africana Bechstein, 1811 |
Afrikako erdialdetik Hego Afrikaraino |
Upupa epops marginata Cabanis & Heine, 1860 |
Madagaskar |
Upupa epops saturata Lönnberg, 1909 |
Japonia, Siberiatik Tibeteraino eta Txinako hegoalderaino |
Upupa epops ceylonensis Reichenbach, 1853 |
Pakistan, India eta Sri Lanka |
Upupa epops longirostris Jerdon, 1862 |
Asiako hego-ekialdea |
Argi oilarrak gorputz liraina, hego biribilduak eta beherantz okertutako moko luzea ditu. Buruan lumaz eratutako gandor ikusgarria du. Hegoak eta isatsa zuri-beltzak ditu, gandorraren muturra beltza du eta gainerakoa arre-gorrixka. Ornogabeak jaten ditu eta migratzailea da. Euskal Herrian, bereziki klima beroko lekuetan bizi da.[3]
Deskribapena
aldatuAtentzioa ematen du bere hegada uhinduak, hegoak etengabe ireki eta itxiz eta norabide aldaketa bortitzak sarri eginez, tximeleta baten hegaldia gogorarazten dute. 28 cm-ko neurria du, hegal biribilduak eta zerrenda zuri handiekin. Gustura jaisten da lurrera eta harritu egiten du bere irudi luzeak, moko kurbatu luze eta finarekin, zuloak, zoruko arrakalak eta zuhaitz-motzondoak miatzen ditu, kilker eta beldarren bila. Buruan mototsa handi bat du, altxatzen denean borobildua, haragi kolorekoa, orban zuri batzuk dituen erpin beltz batean amaitzen dena. Gorputzaren kolorea arre-arrosa da, argiagoa azpitik, buztan beltza baina banda zuri batek gurutzatua eta zuria azpia. Zaila da lumajeagatik emeak eta gazteak bereiztea, arrak baino apur bat kolore motelagoak dituzte.
Biologia eta ohiturak
aldatuGure negu hotzetatik ihesi, udazkeneko bidaia afrikarrari ekiten dio, Iberiar Penintsulako populazio habiagilearen zati batek Penintsulako hegoaldean egiten du negualdia. Martxoaren erdialdera arte ez da negua igarotzeko guneetatik itzultzen, orduan hasten da entzuten bere kantua. Urrutitik entzuten da eta "pu-pu-put" bat da. Hemendik aurrera hasiko gara ikusten zuhaitzik gabeko eremuetan, mugimendu patxadatsuekin eta asaldatuta dagoenean gandorra altxatuz, horrela bere aldartea erakutsiz; normalean bakarrik ikusten da; bikoteka-ugalketa garaiko egunetan. Habiatik atera ondoren oraindik independizatu gabeko kumeak osatutako familia-talde txikietan ere ikus daitezke. Abuztuaren erdialdetik aurrera, Europan hazi eta hegoalderako migrazio-bidaia egiten ari direnak ikusten hasten gara.
Elikadura askotarikoa da baina dena animalia-jatorrikoa. Moko luze, zorrotz eta makurrari esker, motzondo zaharren gordeleku ezkutuenetara sartzen uzten dio, harri pilak eta zoruko pitzadurak, nondik ateratzen dituen bere elikaduraren oinarria diren intsektu-larbak. Frogatuta dago prozesionari pinu-beldarrak jaten dituela, baita bere krisalidak ere, kakalardoak, inurriak, matxinsaltoak, harrak eta mota guztietako larbak erasotzen ditu. Kilkerrak ditu bereziki gogoko, baina armiarmak, barraskiloak eta zizareak ez ditu gutxiesten, eta ehunzango handiekin ere ausartzen da. Beraz, gure zelai eta soroen garbitzaile egokia da, nekazaritzari dakarzkion onurak nabariak dira. Bere elikadura-ohiturengatik, bereziki pairatzen du laboreei aplikatutako intsektiziden eragina, bai hemen bai bere neguko kuarteletan, azken urteotan nakazaritzaren garapenak, nabarmen eragin du hegazti intsektujale migratzaileen populazioen beherakadan.
Ez du gehiegi begiratzen habia jartzeko orduan, zuhaitzetako zuloetan, motzondoetan, hormetako zuloetan, eraikinetan edo harri piletan, okilen habia zaharretan eta jartzen zaien kutxetan. Ez dute habiaren barrualdea tapizatzen, baina batzuetan lumaz, artilez eta hosto lehorrez estaltzen dute. Apirilaren amaieran edo maiatzaren hasieran hasten da hazten, 5 -8 arrautza grisaxka, horixka, edo berdexka jarriz, txitatzean zikintzen eta iluntzen joaten dira. Denboraldiko errute bat da normalena, baina ez da arraroa bi egitea ere. Emeak arrautzak ondoz ondoko egunetan erruten ditu, eta errunaldia amaitu aurretik hasten da txitatzen. Arrak inkubazioak irauten duen 16-19 egunetan elikatzen du, eta baita eklosioaren ondoren egun batzuetan ere, emeak jaioberriak zaintzen dituen bitartean. Ondoren, bi helduek eramaten dute janaria habiara, 20-27 egunera gazteek habia uzten duten arte, oraindik ere gurasoek denbora baten elikatu egiten dituzte.
Argi-oilarraren habiak erraz aurki daitezke batzuetan, botatzen duen usain nazkagarriagatik. Honek, alde batetik, harrapariek detektatzea erraztu dezake, baina haien aurrean defendatzeko balio du, kiratsagatik ez dira hurbiltzen. Txori kirasdunaren ospea kumeek sortzen dituzten gorotz guztiak habian bilatzearen ondorioa da, ezin da jakin gurasoen borondatez edo utzikeriagatik edo habia estuetatik ateratzea ezinezkoa egiten zaielako. Hondakin eta gorozkien metaketaz gain, kirats handia gehitu egiten da isatsaren oinarrian duten guruin baten jariakinak eraginda.
Banaketa, habitata eta estatusa
aldatuTundraren hegoaldean dauden Antzinako Munduko eremu klimatiko gehienetan hazten du argi-oilarrak. Europan Baltikoko kostalderaino igotzen da. Iberiar Penintsula osoan zehar banatzen da, baina arraroa da iparraldeko hezegunean.
Euskal Herrian ia ez dago argi-oilarrik isurialde atlantikoan, nahiz eta noizean behin kumeak hazten diren. Beti posizio baxuetan finkatzen da, inoiz ez mendian.
Gure lurraldean espezie berozalea eta mediterraneoa da argi eta garbi, klima kantabriar hezeari ihes egiten diona.
Zuhaiztietan edo zuhaitz sakabanatuak dituzten laborantza-eremuetan ikusten da, artederreta zaharretan eta erkamezti degradatuetan, alfer-lurretan eta larreetan, eta Ebro Bailaran, olibondo edo almendrondoak dauden mahastietan.[4]
Erreferentziak
aldatu- ↑ Cocker, Mark; Mabey, Richard. (2005). Birds Britannica. Chatto & Windus ISBN 0701169079..
- ↑ Kristin, A; del Hoyo, Josep; Elliott, Andrew; Sargatal, Jordi. (2001). Handbook of the Birds of the World. 6, Mousebirds to Hornbills Bartzelona: Lynx Edicions, 396–411 or. ISBN 84-87334-30-X..
- ↑ Jon Larrañaga Elhuyar, K.E. (1996). Euskal Herriko fauna (ornodun lehortarrak). Lizarra Imprimategia, 102 or. ISBN 84-87114-09-1..
- ↑ (Gaztelaniaz) Administracion de la Comunidad Autonoma de Euskadi. (1989). Euskal Autonomiu Elkarteko Ornodunak. Graficas Santamaria S.A, 178 or. ISBN 84-7542-639-5..