Aralarko Elkartea Erdi Arotik datorren toki erakunde tradizional bat da, Aralar mendia Nafarroari dagokion zatian kudeatzen duena, bi mila hektarea inguruko eremu bat (21,957 km₂), basoak (11,607 km₂) -gehienbat pagadiak- eta larreek (10,350 km₂) osatua, Aralarko Errege Sailak edo Realengoa izenaz ere ezaguna. Erakunde tradizionala bada ere, Nafarroako Foru Erkidegoko eta Europako araudiak betez kudeatu behar du mendia, kontuan hartuta Aralar, 2014az geroztik, Europar Batasuneko garrantzizko lekua eta kontserbazio bereziko eremua dela, Natura 2000 sarean sartutakoa.

Aralarko Elkarteko herriak eta mugakideak

Elkarteko kideak Sakanako eta Araizko hemeretzi herri dira: Arbizu, Arruazu, Dorrau, Etxarri Aranatz, Hiriberri, Ihabar, Irañeta, Lakuntza, Lizarraga, Lizarragabengoa eta Unanu, batetik, eta Arribe, Atallu, Azkarate, Betelu, Errazkin, Gaintza, Intza eta Uztegi bestetik. Elkartea bi batzarren bidez kudeatzen dute. Batzar iraunkorrean bost kide izaten dira, bi Araizkoak eta bi Sakanakoak, gehi Elkarteko lehendakaria, zeina Lakuntzako alkatea baita historikoki; Batzar Orokorrean herri guztiek parte hartzen dute, bakoitzak duen ordezkariaren bidez (zinegotzi bat edo alkatea bera). Elkarteak Lakuntzako udaletxean du egoitza, eta langile bakarra, Aralarko basozaina edo guarda.

Aralarko Elkartearen ordenantzak mendiaren kudeaketa arautzen du; aurrenekoa 1770ekoa da, eta 2012koa berriena. Izan ere, hasierako ordenantzak orokorrak zirenez, elkartearen eskumen zehatzak arautzen zituzten ordenantzak onesten joan dira: pistetako zirkulazioa, artzain txabolen kudeaketa, larreen kudeaketa eta aprobetxamendua, egur loteak enkantean jarri eta saltzea, ehiza eta, azken garaian, Nafarroako Gobernuarekin batera, turismoa. Mendiaren kontserbazioaz eta garbiketaz ere arduratzen da, Nafarroako Gobernuarekin elkarlanean.

Aralar Elkartearen urteko aurrekontua 100.000 euro ingurukoa izaten da, baina urtetik urtera aldatzen da, egurraren salmentan oinarritzen delako, hau da, bi urtetik behin egiten den lote salmentan.

Aralarko Elkartearen eguna

Duela urte gutxi arte, Aralarko Elkartearen eguna ospatzen zen urtero ekainean, Kapatar iturriaren ondoan. Duela 100 urteko akta batek dioenez, Sakana aldekoek ardoa eta ogia eramaten zuten, eta Araitz aldekoek, berriz, haragia eta beste jaki batzuk. Berreskuratzeko ahaleginetan, 2018an berriz hasi zen ospatzen, elkarteak berak antolatuta.

Abeltzaintza aldatu

19 herrietako 62 ganaduzaleren 6.800 ardi, 250 behi eta 800 behor inguru egoten dira Aralarko larreetan (2017ko datuak). Kontuan hartu behar da Aralarko larreak eta paisaia ez direla berezkoak, artzaintzak eta abeltzaintzak sortuak baitira, duela 3.000 urtetik hona.

Unagako putzua

Lehen sektoreari edo abeltzaintzari bultzada eman nahi diote Aralar Elkartetik. Horretarako produktu berrien sorrera bultzatu nahi dute, mendi gazta adibidez.

Basoa aldatu

Pagoa eta haritza dira bertako zuhaitz nagusiak. Egurraren aprobetxamendua mendiaren gaitasun produktiboaren araberakoa da. Ateratzen den lotea 2.000 metro kubokoa izan ohi da, gutxi gorabehera. Bestalde, etxeetarako egur lotea ere ateratzen da urtero, eta elkarteko herrietako bizilagun guztiek dute eskatzeko eskubidea.

Historia aldatu

Nafarroako erregeek (dirudienez, Luis I.a Nafarroakoaren garaitik hasita, 1312) emandako “pribilegioetan, epaietan eta hitzarmenetan” oinarritutako eskubideak dira Aralarko Elkarteak Aralar mendian dituenak, betiere zerga batzuen truke emandakoak. Aralarko Elkartearen xedea Aralar mendiko ondasun komunak zaintzea eta kudeatzea da, beti ere, ordenantza eta araudi propioei jarraituz, 19 herrietako bizilagunek modu egokian aprobetxa ditzaten.

Aralarko Elkartea eratu zen Aralar mendiaren inguruko herriak eta horien herri lurrak eta ondasunak sortu ziren ahala, bertako herritarren interesak defendatzeko. Antzinatik herritar hauek izan dira Aralar mendiko ondasun guztiak ustiatu, erabili eta aprobetxatzeko eskubidea izan duten bakarrak, partzuergo gisa eratuta. Ondasun horietako batzuk, gaur egun desagertu badira ere, garrantzia handia zuten garai batean bertako biztanleentzat: elurra, zimaurra, iratzea edo orbela.

1987an, Espainiako Estatuak mendi guztien jabetza eta titulartasuna itzuli zion Nafarroako Gobernuari, eta honek, berriz, Aezkoa, Kintoa eta beste entitate batzuei itzuli zizkien haien lurraldeak, ez, ordea, Aralarren kasuan. Baina Aralarko Elkarteak bere eskubideak ditu mendian, eta behin eta berriz defendatu behar izan ditu epaitegietan beste administrazioen urraketen aurrean, Erdi Arotik hasita, eta beti irabazle atera da. Gaur egun, berriz, politikaren eremuan heldu dio gaiari elkarteak, mendiaren titulartasun osoa bereganatzeko asmoa plazaratuz, hala eginez gero mendiaren gozamenarekin lotutako auziak bukatuko lirateekelakoan. Hortaz, Nafarroako Parlamentura ere iritsi da gaia azken urteotan.

Guardetxea aldatu

Guardetxea zena 1901ean eraiki zuten.

1998ko urrian Aralarko Elkarteak eraikina berritzea erabaki zuen, egiten ari ziren mendiko planaren barruan sartuta. Nafarroako Gobernuarekin egindako bileretan beti egon da mahai gainean Guardetxearen gaia.

2008ko apirilaren 18ko bilkuran, adibidez, bisitariak hartzeko gune bat eta beste gauza batzuetarako erabiltzea erabaki zuen elkarteak, baina ordurako guardetxeko bost eraikinak oso hondatuta zeuden. Hala ere, erreferentziako tokia izaten segitzen zuen bai mendizaleentzat bai ganaduzale eta langileentzat. Horregatik proposatu zuen elkarteak hura birmoldatzea, zeuden eraikinak aprobetxatuz, eta bertan jartzea guardetxe berria: ostatua, etxebizitza bat, heziketa gelak eta lanerako gelak, erakusketarako areto bat, denda eta basozainen bulegoa. Proiektua egina zegoen.

2009ko apirilean, Nafarroako Gobernuak eraikinak itxiarazi eta bota zituen. 1940. urteaz geroztik Zufiaur familiak zuen guardetxearen ardura. Migel Zufiaur Aralarko zaindari izan zen. Haren seme Josek bere ofizio bera hartu eta Nikolasa Amorena emaztearekin Aralarko guardetxearen arima bihurtu ziren. Jose 1987ko uztailean hil zen eta Nikolasa 2009ko apirilaren akaberara arte guardetxean aritu zen.

1970eko eta 1980ko hamarkadetan Guardetxea iraupen eskirako erreferentzia bihurtu zen. Garai haietan eski zaletasun handia zegoen Gipuzkoan eta Nafarroan, eta astebururo hamar bat autobus elkartzen ziren guardetxearen ondoan eta Albi inguruetan.

Eraikinak eraistearekin batera batera, Aralarko berrehun bat zuhaitz ere bota zituen Nafarroako Gobernuak, eta egur horrekin eraikin berria jasoko zuela hitz eman zuen. Ez zen halakorik izan. Harrez gero, proiektua hor egon da, baina aurrera ateratzeko borondaterik ez Nafarroako Gobernuan.

Guardetxe berriaren proiektua aldatu

Aralarko Elkarteak ez du alde batera utzi bere asmoa eta guardetxe berriaren eskaera gobernuaren mahaira eraman du behin baino gehiagotan turismo-garapenaren alternatiba erreal bat delakoan. Datuen arabera, urtero 100.000 bisitari inguru izaten ditu Aralarrek, eta, turismo horrek jasangarria izateko, guardetxe berria bitarteko ezin hobea litzateke, bai eta abeltzaintza eta turismoa bateragarri egiteko.

Toki aproposa litzateke bertako produktuen salmentarako eta turismoko eskaintzak egiteko, besteak beste, txangoak, birding-a, kirol jarduerak, orientazio probak, megalitoak edo kobazuloak (Amutxate edo Amurutxate) ezagutzeko ibilbideak.

Elkarteak bioeraikuntzan oinarritutako proiektu bat aurkeztu du horretarako, Aralarko zuraz egina eta ardien artilea erabiliz isolamendurako, ekonomia zirkularraren ereduari segituz.

Guardetxe berria proiektu integrala izatea nahi du Aralarko Elkarteak, aurrekoarekin zerikusi gutxi lukeena, eta bi eraikinek osatuta. Batetik, basozainaren bulegoa, eta bestetik eraikin nagusia, 150 metro karratu ingurukoa: taberna, ikus-entzunezkoen gela edo interpretazio gela, denda eta turismo informazio bulegoa.

 
Aralarko Guardetxerako proiektua

[1]

Erreferentziak aldatu

  1. Aralar Mendiko Dokumentu eta Ordenantzen Liburua. Aralarko Elkartea ISBN NA 929/2016..