Ambrosio Bengoetxea
Ambrosio Bengoetxea (Alkiza, 1551 – Asteasu, 1625 aldean) gipuzkoar eskultorea izan zen, Joanes Antxetaren jarraitzaile hoberenetakoa.[1] Gipuzkoan eta Nafarroa Garaian lan egin zuen.
Ambrosio Bengoetxea | |
---|---|
Tolosako San Frantzisko elizako erretaula nagusia Irudi gehiago | |
Bizitza | |
Jaiotza | Alkiza, 1551 |
Herrialdea | Gipuzkoa, Euskal Herria |
Heriotza | Asteasu, 1625 aldean (73/74 urte) |
Jarduerak | |
Jarduerak | eskultorea |
Bizitza eta lanak
aldatu1551n Alkizan jaio zen Arana bailarako Bengoetxea baserrian[2], baina Asteasun bizi izan zen ezkondu ondoren. Joanes Antxeta azpeitiar eskultore handiaren ikaslea izan zen. 1583-1590 bitartean, Joan Iriarterekin jardun zuen Donostiako San Bizente elizako erretaula nagusia egiten.[3] 1593an, Gonzalez de San Pedro eta biak Cascanteko Jasokundeko Andre Maria elizako erretaula nagusia egiten hasi ziren. Neurri gaitzeko artelan hori gauzatzeko, zuhaitzak aukeratu eta oihanean bertan hasi ziren zura lantzen, alferrikako garraiorik ez egiteko. Erretaula eder hori 1936an erre zen.[1]
1598an, Iruñean kokatu zen, Nafarroako errege-erreginen jauregiaren ondoko etxe batean. 1600ean, Hiriberriko erretaulako eskulturak egin zituen. Mikel goiangerua eta Jasokundea dira erretaula horretako irudirik aipagarrienak.[1] Gipuzkoara itzulirik, Hernaniko San Joan Bataiatzailea elizako sagrarioa eta San Joanen irudia egin zituen 1609-1611 urteetan. 1612-1614 bitartean, berriz, Zarauzko Andre Maria Erregina parrokiako albo erretaula bat egin zuen, Andre Maria Arrosariokoarena. Erretaula liraina da, neurrizkoa, apaingarririk gabea. Bi gorputz eta hiru kalez osatua da, eta Gizakundearen erliebea da ikusgarriena; bigarren gorputzaren erdian dago,eta Ama Birjina eta aingeruaren topaketa adierazkortasun handiz erakusten du.
1615ean amaitu zuen Tolosako San Frantzisko elizako erretaula nagusi bikaina. Hiru gorputz eta bost kale ditu; San Frantziskoren bizitzako eszenez dago jantzia, estilo erromanistaz. Santu honena da beraz erdian dagoen eskultura nagusia, San Frantzisko estasian agertzen duena. Erretaula buruan Kalbarioa dago, alboetan bi sargune dituela, horrela erretaularen laugarren gorputz bat osatuz ia. Tolosako eliza honetako Pietatearen kaperarako beste erretaula bat ere egin omen zuen, baina zoritxarrez desagertua da.
1615ekoa da Errenteriako parrokiako sagrarioa, Migel Zabaletak, Errenteriako bikarioak, agindu ziona;[4] sagrario horretan, Azken Afariko eta Pasioko erliebeekin batera Apostoluen irudiak dira nagusi, estilo erromanista argikoak.
Jaioterrian ere utzi zuen bere lanaren arrastoa. 1594an Alkizako San Martin elizako sagrarioa egin zuen[5]. Egun Donostiako Elizbarrutiko Museoan dago hara errestaurazioa egitera eraman zelako 1980ko hamarkadaren hasieran.
Erreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2018/10/19 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ a b c Ambrosio de Bengoechea. enciclopedianavarra.com (Noiz kontsultatua: 2018-10-16).
- ↑ Aranburu Ugartemendia, Pello Joxe. (2006). Alkizako auzo eta hiribilduaren azteketa historikoa (1348-1950). , 190 or..
- ↑ San Martin Ortiz de Zarate, Juan. Bengoechea, Ambrosio de. Auñamendi Eusko Entziklopedia, aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2018-10-16).
- ↑ Antonio de Bengoechearen sagrarioa. errenteria.net (Noiz kontsultatua: 2018-10-19).
- ↑ Insausti, Sebastian. (1957). El escultor Joanes de Anchieta en Asteasu. RSVAP 13, 426 or..
Kanpo loturak
aldatuWikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Ambrosio Bengoetxea |
- Aranburu Ugartemendia, Pedro Joxe, Bengoetxeako Anbrosio. 1552-1625, Uztaro 20, 1997, 17-36, ueu.eus