San Frantzisko komentua eta eliza (Tolosa)
San Frantzisko komentua eta eliza erlijio-eraikin multzoa da, Gipuzkoako Tolosan dagoena.
San Frantzisko komentua eta eliza | |
---|---|
Kultura ondasuna | |
Tolosako hiri historikoa Euskal Herriaren barnealdeko Donejakue bidea | |
Kokapena | |
Herrialdea | Euskal Herria |
Probintzia | Gipuzkoa |
Udalerria | Tolosa |
Koordenatuak | 43°08′N 2°04′W / 43.14°N 2.07°W |
Historia eta erabilera | |
Eraikuntza | XVI. mendea |
Arkitektura | |
Estiloa | pizkundea Barrokoa |
Ondarea | |
BIC | RI-51-0001570 |
9 | |
Kokalekua
aldatuSan Frantzisko etorbidearen hasieran dago, Beotibar pilotalekutik hurbil eta Gipuzkoako Artxibo Orokorraren alboan.
Eliza
aldatuSan Frantzisko komentuari atxikirik dago. Pizkunde estilokoa da, eta Migel Aranburu fraide arkitektoak proiektatu zuen XVI. mendean.
Aurrealde zurruna eta kanpaiadorrerik gabea du, eta barnealdea kanoi ganga bakar batez osatua dago. Eraikinaren barnealdean Pablo Urangak egindako gangako margolanak nabarmentzen dira, eta baita 1615an Anbrosio Bengoetxeak egindako erretaula nagusia ere. Gurutzaduran Ama Birjinaren eta San Frantzisko Asiskoaren irudiak daude.[1]
Aipagarria da tenpluaren alboetako batean dagoen Antiatarren armarria, Tolosako senitarte garrantzitsuenetakoa baitzen.
Erretaula
aldatuTolosako San Frantzisko elizarako erretaula egiteko akordioa 1604an egin zuten. Nagusiek erretaularen egilea nor izango zen justifikatzeko zera adierazi zuten, porque el dicho Ambrosio Bengoetxea era de los mejores que por estas tierras al presente se hallaban.[2] Hondarribiko erretaula egin behar zela eta, Joanes Iriarterekin tratua egiterakoan, Bengoetxea lagun har zezala gomendatzen zitzaion; izan ere, es ombre de primor para semejantes obras. Lan hau 1609rako amaiturik egotea erabakia bazegoen ere, 1615era arte ez zen bukatu.
Gaur egun bere estofatua eta ongi gordetako polikromia dela eta distiratzen duen erretaula honek hiru gorputz ditu, bost kale eta bi nitxoen arteko Kalbarioa. Ertzetako bi kaleetan badira San Frantziskoren bizitzari buruzko erliebeak, erdiko kalean eta ondo ondoko etxeetan frantziskotar santuen irudiak ikus daitezke. Badirudi Bengoetxeak zaindariaren gaztaroko gertakariak kontatzen diren lehen gorputzeko erliebe batzuk eta beste santu batzuen estatuak besterik ez zituela tailatu.
Erliebe hauetan, Bengoetxearen prestutasuna nabaria da, bai aurpegietako adierazpenei nahiz janzkeren ugaritasunari naturaltasuna emateko, nahiz eta espazio perspektiban ondorioak sortzeaz arduratu ez.
Santuen estatuen artean, San Antonioren eta estasian dagoen San Frantziskorena nabarmentzen dira. Arte kalitate nabaria duena da sagrarioa ere, Hilobiratze Santuaren erdiko adierazpidean konposaketagatik.
Horrez gain, Petronila Idiakez andereari eraikitzeko baimena eman zitzaion kapera bateko erretaula bertan behera erori zen XIX. mendean eta Tolosako Santa Maria parrokiara eramanaz salbatu direnak, Kalbarioko hiru irudiak besterik ez dira: Gurutziltzaturiko Kristo, benetan antxietar estilokoa, eta alde bakoitzean zutik, Nekeetako Birjina eta San Joan, Bengoetxearen irudi bereizgarri bikainak.
Irudi galeria
aldatu-
Barnealdea.
-
Erretaula nagusia.
-
San Frantzisko komentuaren alboko irudia.
-
San Frantzisko Asiskoaren irudia.
Erreferentziak
aldatu- ↑ San Frantzisko komentua (Tolosa). euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2018-10-16).
- ↑ Mª A, ARRAZOLA, Escultores del siglo XVI en el País Vasco. E.D.n, XX. libk., 45. alea, 1972, 206‑213. or.