Sir Wilhelm Friedrich Herschel, (Hannover, Brunswick-Lüneburg, Germaniako Erromatar Inperio Santua, 1738ko azaroaren 15a - Slough, Ingalaterra, 1822ko abuztuaren 25a). alemaniar-britainiar astronomo eta musikagilea izan zen. Urano planeta aurkitzeagatik da, batez ere, ezaguna.

William Herschel

(1785)
President of the Royal Astronomical Society (en) Itzuli

1821 - 1823
Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakFriedrich Wilhelm Herschel
JaiotzaHannover1738ko azaroaren 15a
Herrialdea Hannoverko Erresuma
 Britainia Handia eta Irlandako Erresuma Batua
 Britainia Handiko Erresuma
BizilekuaIngalaterra
Bath
Datchet
Old Windsor
Observatory House (en) Itzuli
HeriotzaSlough1822ko abuztuaren 25a (83 urte)
Hobiratze lekuaChurch of St Laurence, Upton-cum-Chalvey (en) Itzuli
Familia
AitaIsaac Herschel
AmaAnna Ilse Moritzen
Ezkontidea(k)Mary Baldwin  (1788 -
Seme-alabak
Haurrideak
Hezkuntza
HeziketaOxfordeko Unibertsitatea
Hezkuntza-mailaZuzenbiden Doktorea
Hizkuntzakingelesa
Irakaslea(k)Nevil Maskelyne
Ikaslea(k)
Jarduerak
Jarduerakastronomoa, musikagilea, oboe-jolea, musikaria eta fisikaria
Lan nabarmenak
Jasotako sariak
KidetzaRoyal Society
Academy of Science for Public Utility (en) Itzuli
Alemaniako Natur Zientzien Leopoldina Akademia
Suediako Zientzien Errege Akademia
San Petersburgoko Zientzien Akademia
Frantziako Zientzien Akademia
Arteen eta Zientzien Ameriketako Estatu Batuetako Akademia
Prusiako Zientzien Akademia
XL izeneko Zientzien Akademia Nazionala
Accademia delle Scienze di Torino
Musika instrumentuaorganoa
oboea
biolina
Zerbitzu militarra
Parte hartutako gatazkakZazpi Urteko Gerra
Sinesmenak eta ideologia
ErlijioaLuteranismoa

Musicbrainz: 07c4274b-e217-4652-b50f-eb398c3fc9d4 Discogs: 2954095 IMSLP: Category:Herschel,_William Find a Grave: 7071 Edit the value on Wikidata

Bizitza

aldatu

Lehen urteak

aldatu

1757an, hemeretzi urterekin eta sosik gabe, iritsi zen Ingalaterrara. Frantsesek Hanover hartuta zuten, eta handik ihesi alde egin zuen. Musikaria zen, bere aita eta ia familia osoa bezala. Txeloa, oboea eta klabezina jotzen zituen, eta konposatu ere egiten zuen. Musika-eskolak emanez eta orkestratan joz egin zuen aurrera Ingalaterran. Wilhelm William bihurtu zen bertan eta, iritsi eta hamar urtera, Bath hiriko kontzertuen arduraduna, organu-jotzailea eta koruko zuzendaria zen.[1]

Bien bitartean, Caroline, haren ahizpa, Hanoverren zegoen. William kezkatuta zegoen arrebaren egoerarekin, eta Ingalaterran berarekin bizitzera gonbidatu zuen. 1772an iritsi zen Caroline Bathera. Anaiak kantu-eskolak eman zizkion, eta haren kontzertuetan abeslari bakarlari gisa jarri zuen. Abeslari bikaina zen Caroline, eta arrakasta handia izan zuen.[1]

Jakin-min handiko pertsona zen William, eta denbora librean makina bat liburu irentsiz ikasten zituen matematika, optika, astronomia... Gosarietan arrebari kontatzen zizkion aurreko gauean liburuetatik ikasitakoak. Eta interes handiz jarraitzen zituen hark anaiaren lezioak. Astronomia bereziki gustuko zuen Williamek. Orduak pasatzen zituen izarrei begira, zerua aztertzen, eta Ilargiarekin txoratuta zegoen. Han biziko litzatekeela esan ohi zuen. Musika-ikasleek kontatzen zuten nola ilunabar askotan eskola eten eta kanpora ateratzen zituen ikasleak, Ilargia ikusteko.[1]

Astronomo gisa hasiera

aldatu

Williamek teleskopio bat behar zuen. Baina ordaindu zitzakeenen kalitatea oso eskasa zen, eta frustrazioa baino ez zuen lortzen. Azkenean, berak egitea erabaki zuen. Teleskopio-egile trebea bihurtu zen, eta laguntzaile bikaina izan zuen Caroline, hura ere iaioa baitzen leiarrak leuntzen eta teleskopioak muntatzen. Beti ondoan zuen. "Behin ahora eman behar izan nion janaria --idatzi zuen Carolinek gerora--; bi metroko ispilu bat bukatzen ari zen, eta hamasei orduz ez zituen eskuak haren gainetik kendu". Eta anaia teleskopioan jarrita zegoenean ere, hark deskribatutako guztia berak apuntatzen zuen.[1]

Ilargian mendiak eta basoak ikusi zituen Williamek. Astronomoek ongi zekiten ordurako, ordea, Ilargiak ez zuela atmosferarik, eta hori ezinezkoa zela. Baina William konbentzituta zegoen bizidunak bazirela Ilargian, eta baita beste planeta eta izarretan ere. Ez zen oso hasiera ona izan. Baina askoz gehiago egin zuten herscheldarrek. Esaterako, izar-pareak behatu zituzten. Ustez, Lurretik begiratuta lerrokatuta zeudelako ikusten ziren elkarren ondoan izar haiek. Williamek zeruko izar-pare guztiak behatzeari ekin zion. 800 bat pare aurkitu zituen, eta 25 urtez izar haien mugimenduaren jarraipena eginda, frogatu zuen, izatez, fisikoki elkarren ondoan zeuden izarrak zirela, eta elkarren inguruan biraka ari zirela.[1]

1781ean, etxeko lorategitik bere teleskopio batekin izar-pareak behatzen ari zela, atentzioa eman zion disko-itxurako objektu batek. Kometa bat zela pentsatu zuen hasieran. Baina jarraipena egin zion, eta haren mugimendua nolakoa zen ikusi zuen. Eguzki-sistemako planeta bat zen! Bat-batean munduko astronomo ospetsuena bilakatu zen. Milaka urtean inork ez zuen planeta bat aurkitu. Georgium sidus deitu nahi izan zion planetari (“Jurgiren izarra”, Jurgi III.a Ingalaterrako erregearen omenez). Baina Europan ez zuten hori onartu eta, denbora batez, Herschel deitu zitzaion. Azkenerako, ordea, izen mitologikoekin jarraitzea erabaki zen: Urano jarri zioten.[1]

Royal Societyko kidea

aldatu

Urte hartan bertan, Royal Societyko kide egin zuten, eta, hurrengo urtean, Jurgi III.ak Erregearen Astronomo izendatu zuen, eta soldata jarri zion. Hala, musika utzi, eta astronomian aritu ziren herscheldarrak bete-betean, handik aurrera. Arrebari teleskopio bat eman zion, hark ere bere behaketak egin zitzan. Baina Carolinek ez zuen nahi adina denbora aurkitzen horretarako. Williamen proiektuekin bazuen nahikoa lan. Behaketetan laguntzeaz gain, behatutakotik emaitzak ateratzeko beharrezkoak ziren kalkulu luzeak ere berak egiten zituen. Hala ere, 1786an kometa bat aurkitu zuen, eta berria azkar zabaldu zen: "Emakume batek aurkitzen duen lehen kometa". Williamen laguntzaile izateagatik erregeak soldatatxo bat jartzea lortu zuten 1787an. Hurrengo urtean, alargun aberats batekin ezkondu zen William; harrezkero, Carolinek denbora gehiago izan zuen bere behaketak egiteko. Beste zazpi kometa aurkitu zituen, eta baita hainbat izar eta nebulosa ere.[1]

Williamek teleskopioak egiten ere jarraitu zuen. Munduko onenak ziren. Eta munduko handiena ere egin zuen; 12 metro luzekoa. 1789ko abuztuan, teleskopio harekin egin zuen lehen behaketan, Saturnoren ilargi berri bat aurkitu zuen: Mimas. Eta hilabete batera bestea: Enceladus. Lehenago aurkituak zituen Uranoren lehen bi ilargi ere, Titania eta Oberon. Horrez gain, izar aldakorrak behatzen lehena izan zen, eta asteroide izena berak asmatu zuen. Arrebaren laguntzarekin, 90.000 izar eta 2.500 nebulosa katalogatu zituen. Eta nebulosak izarrez osatuta daudela iragarri zuen; izarrez eta, agian, baita gurea bezalako beste galaxiez ere.[1]

Herscheldarren teleskopioei eta lanari esker, izugarri handitu zen unibertsoa. Eta eguzki-sistema talde txiki-txiki bat baino ez zen unibertso erraldoian.[1] Erradiazio infragorria ere aurkitu zuen. Honetarako argia prisma batetik pasaerazi eta termometro bat jarri zuen argi gorriaren ondoan, baina iluntasunean. Termometroa igotzen zenez, erradiazioa bazela ondorioztatu zuen.

Uranok Eguzkiari buelta bat emateko behar duen denbora iraun zuen Williamen bizitzak: 84 urterekin hil zen, 1822an. Caroline Hanoverrera bueltatu zen, baina ez zuen astronomia utzi. Besteak beste, Williamen aurkikuntzak berresten jarraitu zuen, eta nebulosen katalogoa argitaratu zuen. 1828an, Royal Astronomical Societyk urrezko domina eman zion lan horrengatik. Eta 1835ean, bera eta Mary Somerville elkarte horretako ohorezko kide egin zituzten. Izendapen hori lortu zuten lehen emakumeak izan ziren.[1]

Erreferentziak

aldatu
  1. a b c d e f g h i j Etxebeste Aduriz, Egoitz. Herschel anai-arrebak, musikatik izarretara. Elhuyar zientzia eta teknologia, 288. zenbakia, 2012/07/01, CC-BY-SA-3.0, aldizkaria.elhuyar.eus (Noiz kontsultatua: 2018-12-28).

Kanpo estekak

aldatu
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: William Herschel