Pirinioetako muturluzea edo ur-satorra (Galemus pyrenaicus), Euskal Herriko animaliarik ugaztun berezienetakoa da.

Satorren familiako animalia hau Iberiar Penintsulako iparraldean eta Pirinioen iparraldeko isurialdean endemikoa da, hau da, soilik eremu horretan aurkitzen da, intsektujalea da eta erdi-urtarra, hau da ura duten eremuak ditu gustuko.

Nolakoa da? aldatu

   Ba al dakizu    

Desmanaren buru eta enborraren luzeera 10-15cm-koa da. Isatsak 13-15cm neurtzen ditu. Tronparen luzeera berriz 2cm-koa da. 40-80 gramo pisatzen ditu.

Buztana lodia, ezkatatsua eta luzea du. Muturra luzea eta zapaldua du, tronpa mugikor gisa erabiltzen du. Gainera, muturrean ile sentikorrak eta sudur-zuloak ditu ertzean.

Oso begi txikiak ditu, eta ez du belarririk. Gaztaina edo gris koloreko ile luzea eta leuna du. Sabelaldea bizkarra baino argiagoa du.

Atzealdean dituen hankak aurrealdekoak baino handiagoak dira, eta hatzetan mintzak ditu igeri egiteko.

Non bizi dira? aldatu

Piriniotako desmana erreketan, ibaietan, ubidetan..., hau da, ura dagoen tokietan bizi da. Toki hauen ura, garbia, ondo oxigenatua eta landarez betea egon behar du. Gainera, ibaiertzetako hutsune naturaletan eta beste animalia batzuek egin dituzten zuloetan egiten du habia, ibaien bazterretako landareekin. Ur kutsatuak saihesten ditu, nahiz eta kutsadura-maila baxuak jasateko gaitasuna izan.

Oro har, muturluzearen habitatean nagusiago izaten dira substratu lodiak (bereziki uharri eta harritzarrak) harri finak baino, eta ez ditugu hain errez aurkituko buztinak nagusi diren ur-guneetan.

 

Kokapen geografikoa aldatu

Iberiar Penintsulako iparraldean eta Piriniotako bi aldeetan endemikoa da, hau da, bakarrik inguru horretan bizi da. Adibidez, Nafarroako iparraldearen herena hartzen du. Euskal Autonomia Erkidegoan, azken 20 urteetan, Endara, Oiartzun, Urumea, Añarbe, Leitzaran, Amundarain, Agauntza, Berrozi eta Ihuda ibaietan ikusi da.

Nola ugaltzen eta elikatzen da? aldatu

Ugalketa aldatu

 

Urtearen lehenengo erdian ugaltzen da, urtarriletik maiatzera. Horregatik, erditzeak martxotik uztailera izaten dira. Sabelaldi bakoitzean 1-5 ume izaten dituzte (4 da kopururik ohikoena). Urtean behin baino gehiagotan umatzen dira. Honen ondoren, abuztuaren amaieran hasten dira sakabanatzen gazteak eta heldutasun sexuala hurrengo urtean lortzen dute. Gutxi dira 3 urte baino gehiago bizitzen direnak.

Elikadura aldatu

Oso erritmo metaboliko altua du, hau da, oso azkar bihurtzen du janaria energian. Bere pisuaren %30-50 elikagai jan dezake egunero. Normalean uretan dauden mota guztietako ornogabeez (Trichoptera, Ephemeroptera larbak, krustazeoak ...) elikatzen da. Tarteka arrain txikiak ere harrapatu ditzake.

Bizimodua aldatu

Batez ere gauez ibiltzen da, baina egunez ere ikusi daiteke. Urtarra da, hau da, uretan ibiltzen da. Beraz, ezin hobeto egiten du igeri, bere hankak dituzten "hegatsen" laguntzarekin.

Aktibo egoten da urte osoan, ez baitu atsedenik hartzen ez neguan ez udan.

   Ba al dakizu    

Azken hamarkadetan,%50 baino gehiago murriztu da muturluzearen presentzia Iberiar penintsulan eta Pirinioen iparraldean. Horrek espezie mehatxatuen zerrenda gorrietan sartzea ekarri du.

Mehatxuak aldatu

Espezie honen mehatxu nagusiak uraren kutsadura eta gizakiak eragindako beste aldaketa hidrologikoak dira, adibidez urtegiak eta zentral elektrikoak.

Gehiago jakiteko aldatu

- https://blogs.vitoria-gasteiz.org/ataria/2018/01/27/ezagutzen-al-duzu-pirinioetako-desmana-galemys-pyrenaicus/?lang=eu

- https://aldizkaria.elhuyar.eus/gai-librean/pirinioetako-muturluzearen-kontserbaziorako-funtse/