Ernaldia ugaztun batek erditu aurretik kume edo haurtxoak bere gorputzaren barruan eramaten dituen denbora da. Ernaldiaren iraupena desberdina da ugaztun mota bakoitzarentzat. Animalia handienek ernaldi luzeagoak izaten dituzte txikienek baino. Gizakien ernaldiak (haurdunaldiak) bederatzi hilabete inguru irauten du, elefantearen ernaldiak 22 hilabete inguru, eta urtxintxarenak bakarrik sei aste inguru.
Jaio baino lehen, ugaztunak umetokian hazten dira, amaren sabelean dagoen organo batean. Umetokia gorputzaren ugalketa-sistemaren atal bat da. Plazenta deitzen den estruktura batek lotzen ditu garatzen ari den umea eta umetokia. Plazentak amaren gorputzeko mantenugaiak eramaten ditu garatzen ari den umeki edo fetuarengana.
Gizakien ernaldia
aldatuGizakien ernaldia, edo haurdunaldia, hiru hiruhilekotan banatzen da. Horietako bakoitzak hiru hilabete inguru irauten du.
Lehenengo hiruhilekoan, fetuaren bihotza taupaka hasten da eta gorputzaren beste atalak garatzen hasten dira. Zilbor-hestea hazten zaio, fetua eta plazenta lotzen dituena. Hirugarren hilabetean, fetuak 30 gramo baino gutxiago pisatzen ditu. Bigarren hiruhilekoan, fetua umetokian mugitzen hasten da. Seigarren hilabetean, 900 gramo pisatzera iritsi daiteke. Hirugarren hiruhilekoan, umeak hazten jarraitzen du. Jaiotzen den momentuan 3,5 kilo inguru pisatzen ditu.
Martsupialen ernaldia
aldatuMartsupialak ugaztunak dira, baina haien kumeak ez dira guztiz garatzen amaren barruan. Jaio eta gero, emeak sabelaren kanpoaldean duen poltsa batean sartzen dira kumeak haien garapena bukatzeko. Horixe da kanguru, koala eta zarigueiek egiten dutena. Hori horrela da, martsupialek ez dutelako benetako plazentarik. Horregatik, martsupialen ernaldia motz samarra izaten da. Kanguru mota handiena ere 40 egun igaro eta gero jaiotzen da.
Plazentadun animalien ernaldia
aldatuGizakiak, katuak, txakurrak, oreinak, baleak eta bestelako ugaztun gehienak plazentadunak dira. Plazentadunen ernaldia martsupialena baino luzeagoa izaten da. Horrek esan nahi du, plazentadunen kumeak martsupialenak baino garatuago jaiotzen direla.
Hala ere, plazentadun bakoitzaren kumeak garapen-maila desberdinekin jaiotzen dira. Gainera, ernaldiaren iraupena ere desberdina da; esate baterako, zaldiek 11 hilabeteko ernaldia izaten dute, eta haien kumeak ibiltzeko gai izaten dira jaio eta ordu batzuk geroago. Txinpantzeek zortzi hilabeteko ernaldia izaten dute, eta haien kumeak babesgabe egoten dira jaio eta hilabete batzuk geroago.