Klima ozeanikoaren banaketa munduan.

Klima ozeanikoa 40 ° eta 60 ° latitude artean aurkitzen den klima mota da, Ekuatoretik iparraldean eta hegoaldean, itsasotik hurbileko lekuetan.

Itsasoaren eragina oso handia izaten da: eragin horregatik, urteko batez besteko tenperatura 7-15°C ingurukoa da. Udak ez dira oso beroak izaten eta ezta neguak oso hotzak ere:

  • Udan, batez besteko tenperatura 20°C ingurukoa izaten da.
  • Neguan, berriz, 5°C eta 7°C bitartekoa.

Bestalde, prezipitazioak ugariak izaten dira eta urte osoan banatzen dira, baina urtaro batzuetan gehiago, neguan bereziki: batez beste, 800 eta 2.000 mm bitarte. Etengabeko euriteen ondorioz, ibai ozeanikoek emari ugaria eta erregularra dute urte osoan.

Zergatik da horrela?

aldatu

Itsasoaren hurbiltasunak azaltzen ditu ezaugarri horiek; izan ere, itsasoko ur-masa handiak gozatu edo leundu egiten ditu muturreko klimak. Udan, itsasoa poliki-poliki berotzen da eta ipar-mendebaldeko haizeak itsasotik datorren freskotasuna zabaltzen du; aldiz, neguan, itsasoko ura oso poliki hozten da, eta itsaso gaineko haize epelagoa bidaltzen dute lehorrera. Beraz, itsasoak tenperatura leuntzen du, eta, bestalde, hezetasuna (euria) sortzen du.

 
Euskal Herriko klima ozeanikoa non.

Klima ozeanikoa non topatzen dugu?

aldatu

Gure inguruan, klima ozeanikoa da Euskal Herriaren kostalde inguruetan (Bizkaian, Gipuzkoan, Lapurdin) eta Nafarroako iparraldean dutena (Pirinio inguruko eskualdeak kenduta). Iberiar penintsulako iparraldeko kostalde inguru guztian (Galizia, Asturias eta Kantabrian) ere izaten dute klima mota hau.

Europako mendebaldean nagusitzen den klima da klima ozeanikoa; hau da, Frantzia, Belgika, Herbehereak, Danimarka eta Alemaniako kostalde atlantikotik hurbileko lurraldeetan.

Europatik kanpo, beste leku batzuetan ere izaten dute klima ozeanikoa:

Nolakoa da paisaia?

aldatu

Klima ozeanikoan, baso ozeanikoa edo hostozabalen basoa da nagusi; hezetasuna ondo jasaten duten landareak, beraz: hosto erorkorreko zuhaitzak (haritzak, lizarrak, urkiak, pagoak, intxaurrondoak, gaztainondoak) eta belar altuko belardi zabalak, iratzeak eta zelaiak topatzen dira, ganadua hazteko egokia, behiak, zaldiak eta ardiak bereziki. Horrek paisaia aldakorra sortzen du urtean zehar. Lur ez hain emankorretan, landak egoten dira, hau da, belar, zuhaixka eta sastraka guneak.

Faunari dagokionez, hosto erorkorreko basoetan, ugaztunak (hartzak, azeriak, basurdeak...) eta hainbat hegazti bizi dira. Landetan karraskari txikiak bizi dira, hala nola saguak eta satorrak.

Klima ozeanikoa duten lurraldeetako paisaiak desberdinak izaten dira munduan, giza okupazio mailaren arabera:

  • Mendebaldeko Europako eskualde atlantikoa oso eremu jendetsua da, hiri handiekin eta industria gune garrantzitsuekin. Basoak ugariak diren arren, abereentzako belardiak, soroak eta zelai itxiak dira nagusi.
  • Ipar Amerikako mendebaldeko kostaldea eta Txile eta Argentinako hegoaldea biztanle gutxiko eremuak dira, baso ugarirekin.
  • Australian, Tasmanian eta Zeelanda Berrian belarra oso ugaria da, eta horrek behi- eta ardi-abeltzaintza estentsiboa ahalbidetzen du.