The Eagle (2011ko filma)
The Eagle Kevin Macdonald eskoziar zuzendariak zuzendutako 2011ko estatubatuar-britainiar filma bat da. Antzinako Erromako Britania eta Kaledonian girotuta dago (gaur egungo Erresuma Batua) eta Rosemary Sutcliff idazlearen The Eagle of the Ninth eleberrian oinarritzen da.
Ipar Euskal Herrian 2011ko maiatzaren 4ean estreinatu zen, aldiz Hego Euskal Herrian 2011ko maiatzaren 8an.
Argumentuari dagokionez, 2010eko Centurion filmarekin antzekotasun handia du.
Sinopsia
aldatuK.o. 140. urtea. Hogei urte aurretik Bederatzigarren Legioa garai hartan munduaren amaieratzat jotzen den Britainiako iparraldeko mendi eta baso sakonetan ustekabean oso-osorik desagertu zen. Hogei urte beranduago, Bederatzigarren Legioko buruzagia zenaren semea, Marcus Flavius Aquila erromatar ofizial gaztea (Channing Tatum) Britainiara iritsi eta erromatar gotorleku baten ardura hartzen du. Bere aita zen Aquila desagertutako Legioaren ikurra zen arranoarekin batera desagertu eta horrekin batera familia osoaren ospeak gainbehera jasan zuen. Marcus flavius Aquila semeak bere aita eta familiaren ohorea berrezarri asmoz bertaratu da. Hau honela, gotorlekuak druida anker bat buru duen britoi zelta basati gudaroste baten eraso gogor bat jasango du, halere Aquila gazteak eraso hori bertan behera zapuztu eta gotorlekua salbatzea lortuko du. Ekintza horretan ari dela, Druidaren gurdiak jo eta lurrean larriki zaurituta zerraldo utziko du.
Hilik dela dirudienean, hegoaldeko Britaniako Calleva hiriko (gaur egungo Silchester udalerria) bere osabaren (Donald Sutherland) etxalden esnatuko da. Osabaren ahotik larriki zauriturik zegoela gurdi batean hara eraman eta etxaldeko medikuak bere bizia salbatzea lortu zuela jakingo du. Honela bada eta ekintza horren ondorioz, Aquilak bere ibilbide militarraren norantza zuzentzen hasiko da, hala eta guztiz bere aita eta familiaren izen ona oraindik kaltetuta jarraitzen duela jakinik, Aquila gaztea oraindik barne suminduraz dirau. Bere osaba eta erromatar politikari batzuk afari garaian Bederatzigarren Legioa eta bere zorigaiztoko patuaz mintzatzen ari direnean Arranoa Britainiako iparraldean dagoen Kaledonia (gaur egungo Eskozia) eskualdean ikusi dutelako zurrumurruak daudela aipatuko dute. Baina noski, lurralde hori Erromatar Inperiotik at eta Hadrianoaren Harresitik iparraldera dago, hots, erromatar edo edozein gizaki zibilizatu berehala hilko luketen lurralde arriskutsu eta basatia da, munduaren amaiera. Halere, eta nahiz eta Aquilak azken hori ongi asko jakin, Bederatzigarren Legioaren Arranoa berreskuratzeko boluntario aurkeztu eta brigantiarren tribuko buruzagiaren semea den Esca izeneko (Jamie Bell) britoi esklabo batekin batera Britainian iparralderantz joan eta Hadrianoren Harresiaren itzalpean jarriko dira. Han, bertako erromatar zaindariek erabat harriturik Aquilari nora doan galdetuko diote, Aquilak patxadaz Iparraldera! erantzun eta zaindariek barre-algaraka erotzat hartu eta erromatar gaztea eta britoi esklaboari harresiaren ateak irekiko dizkiete, honela bi gazteak Kaledoniako lur ezezagun, menditsu eta basatietan barneratuko direlarik: Piktoen lurraldea.
Bidai guzti honetan Aquilak Escari esklabo tratua emango dio, gainera aurretik osabak esklaboa britoia zela jakinik askatu bezain laster erromatarra izateagatik hilko zuela ere ohartarazi zion, baina bidaia aurrera doala bi gazteak elkar ezagutzen joan eta modu batetara edo bestera bien arteko mesfidantza apika-apika txikituz joango da. Bien bitartean etsaien lurraldean Arranoaren bila eta Bederatzigarren Legioaren patu misteriotsua zein zen jakiteko bilaketan jarraituko dute.
Antzezle nagusiak
aldatu- Channing Tatum, Marcus Aquila
- Jamie Bell, Esca
- Donald Sutherland, Marcusen osaba
- Mark Strong, Guern
- Tahar Rahim, itsasoko herriko printzea
- Denis O'Hare, Lutorius
- Douglas Henshall, Cradoc
Filmaketa
aldatuFilma Hungarian, Ingalaterran eta Eskoziako Wester Ross eskualdea eta Loch Lomond aintziran filmatu zen. Bestalde, filma garai hartako janzkera, arma, bizileku eta abarren ahalik eta zinezkoen agertzen saiatu zen, halere filmean Eskoziako gaeleraz mintzatzen da (berez Irlandan jatorria duen eta Eskozian V. mendera arte mintzatzen ez zen hizkuntza), eta garai hartan adituen ustez ziurrena Kaledonian piktoeraz mintzatuko zela aipatzen ohi da.
Kanpo estekak
aldatu- The Eagle filmaren webgunea (Ingelesez)
- The Eagle filmaren IMDBko fitxa ikusgai (Ingelesez)