Tango
Tangoa1![]() | |
Mota | Kultura Ondare Immateriala |
Erreferentzia | 00258 |
Kokalekua | ![]() ![]() |
Eskualdea2 | Latinoamerika eta Karibea |
Izen ematea | 2009 (XXXIII. bilkura) |
1 UNESCOk jarritako izen ofiziala (euskaratua) 2 UNESCOren sailkapena |
Tangoa musika eta dantza mota bat da, Rio de la Platan sortu eta garatua, Buenos Aires eta Montevideo hirietan bereziki. 2/4ko konpasean idazten da. Maitasun mina du gai nagusia, eta bertsoak edertasun handikoak izan ohi dira. Tangoa jotzeko talde ohikoa seikotea da, orquesta típica deitutakoa: bi biolin, pianoa, kontrabaxua eta bi bandoneon. Bandoneona, trikitiaren antzeko akordeoi diatonikoa da.
XIX. mende erdialdean sortu zen, Buenos Airesko auzune behartsuetan. XX. mendearen hasieran Buenos Aires osoan zabaldu eta Argentinako eredu bihurtu zen. Lehen Mundu Gerra hasi aurretik Europan hedatu zen arrakasta handiarekin. 2009an Unescok Gizateriaren Kultura Ondare Immaterial izendatu zuen.
HistoriaAldatu
Buenos Airesen, 1880ko hamarkadan, tango izeneko dantza eta musika estiloa sortu zen auzunerik xeheenetan. Tangoak habanerarekin partekatzen du genealogia, baina Rio de la Platako ibaiertzeko ukitu berezia du. Garai hartan, habanerak, polkak, mazurkak eta balsen bat entzuten eta dantzatzen zituzten hiriko biztanle zuriek; beltzek, biztanleen %25-ek, nahiago zuten perkusioak markatutako kandonbea. 1870ean bi milioi biztanle zituen Argentinak eta 25 urtean biztanleria bikoiztu egin zen. XIX. mendea amaitu baino lehen, Buenos Aires hiriburuak bi milioi biztanle zituen, horietatik %50 lehen belaunaldiko etorkinak. Giro hartan, erritmo berriak iturri askotatik edan zuen, mundu guztitik etorritako aireak arnastu zituen eta Buenos Airesko taberna zulo ilunen eta putetxeen ukitua eman zien[1].
Doinu berria dantzatzeko araurik ez zegoen. Ez araurik eta ez muga moralik, giro haietan emakume bakarrak prostitutak zirelako. Hala, probokazioa, gertutasuna eta sentsualitatea nagusitu ziren dantza berrian. Abestien hitzak ere bat zetozen dantza lizunarekin. Horra lehen tangoen izenburu argigarri batzuk: Dos sin sacarla, Qué polvo con tanto viento, Con qué tropieza que no entra, Siete pulgadas...[1]
Buenos Airesko gazte aberatsak ez zuten erreparorik auzune xeheetara jaitsi eta doinu berriaz gozatzeko. Baina, noski, tangoa ezin zuten beren etxeetan entzun edo giro bereko andereñoekin dantzatu. Buenos Airesen ez, baina Parisen bai. Argentinar gazteek Europara eraman zuten tangoa. Beste hainbat lekutan onartezina zena gustura hartu zuten XX. mende hasierako Pariseko saloi irekietan, Montparnasseko Ba Bulierren edo Pierre-Auguste Renoirrek margotutako Moulin de la Galletten. Parisen gertatzen zen guztia chic zen Europako gainerako herrialdeetan eta, hala, modaren hiriburutik kontinente osora zabaldu zen tangoa. Gerra aurreko modako dantza izan zen. Pio X.ak debekatu egin zuen eta Gilen II.a kaiserrak bere ofizialei tangoa dantzatzea galarazi zien. Baina berandu zen; arrakasta lortua zuen ordurako[1].
Musikari eta abeslari ezagunakAldatu
Tango egile ospetsuak izan dira, besteak beste, Enrique Santos Discépolo (1901-1951), Francisco Canaro (1888-1964), Osvaldo Pugliese (1905-1995), Aníbal Troilo (1914-1975) eta Astor Piazzolla (1921–1992); eta kantariak, berriz, Carlos Gardel (1890-1935), Rosita Quiroga (1896-1984), Azucena Maizani (1902-1970), Libertad Lamarque (1908-2000) eta Carlos Acuña (1915-1999). 1920. urtetik aurrera musikagile askok sarrarazi zuten tangoa beren lanetan: Igor Stravinski, Darius Milhaud, Paul Hindemith, Alois Hába, Ernst Krenek, Carlos Chávezek, besteak beste.
Tango abesti ospetsuakAldatu
- El Choclo (1903)
- La cumparsita (1916)
- Cambalache (1934)
- Volver (1934)
- Mi Buenos Aires querido (1934)
- Por una cabeza (1935)
- El dia que me quieras (1935)
Irudi galeriaAldatu
Zenbait gizon bikote tangoa dantzatzen Río de la Platan, 1904an. La morocha (1905), Ángel Villoldo eta Enrique Saboridorena.
ErreferentziakAldatu
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ a b c Irazustabarrena, Nagore. Putetxe ilunetatik Unescoren argitara. argia.eus, Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 Unported (CC BY-SA 3.0) (Noiz kontsultatua: 2016-12-28).
Kanpo estekakAldatu
- Irazustabarrena, Nagore, Putetxe ilunetatik Unescoren argitara, argia.com