Rohingyen aurkako genozidioa

Rohingyen aurkako genozidioa rohingya herriaren kontrako jazarpena izan zen, Myanmarko gobernuak bi alditan burutu zuena: 2016ko urritik 2017ko urtarrilera lehenik, eta 2017ko abuztutik 2019ko azarora ondoren. Nazio Batuen Erakundeak genozidiotzat jo zuen 2018an.[1]

Kutupalongeko iheslarien esparrua, Bangladesh, 2017ko martxoa.

Aurrekariak aldatu

Myanmarko 55 milioi herritarretik % 89 budistak dira, eta gehienak (% 68) bamar etniakoak badira ere, bestelako herriak ere daude: shan (% 9), karen (% 7), rakhine (% 4), txinatar (% 3), indiar (% 2), mon (% 2), moken, jingpo, chin... Gutxiengo horietako bat rohingyak dira, erlijioz musulmanak, «munduan gehien jazarritako» etnia, Nazio Batuen Erakundearen arabera.[2] Myanmarko mendebaldeko Rakhine estatua (lehen Arakan) da rohingyen bizileku nagusia. Arakan mendikateak bereizten du Myanmartik; beste aldera, Naf ibaiak markatzen du Bangladesherako muga. Haien hizkuntzan Rohang deitzen da eskualde hori; rohingya hitza hortik datorrela diote.[3] Baina Arakanen bertan bizi diren rakhine budista gehienen iritziz, bengalar etorkinak dira rohingyak; Britainiar Inperioaren garaian, langile gisa herrialdera eraman zituztela diote, eta jaioterrira itzuli behar dutela, Bangladeshera.[2][4]

Egia da Bangladeshen eta Myanmarren arteko pertsonen joan-etorria handia izan dela historian zehar. Gertaera historikoek behin baino gehiagotan behartu dituzte rohingyak batean edo bestean babes hartzera. Britainia Handiaren menpeko garai kolonialean, Londresek Arakanerako migrazio masiboa sustatu zuen, eta horrek birmaniarren errezeloa piztu zuen. Bigarren Mundu Gerran, japoniar soldaduek Birmania inbaditu eta gogor jazarri zituzten rohingyak: bortxaketek, hilketek eta torturek izututa, ostera Bangladeshera egin zuten ihes 22.000 pertsonak.[3]

Gerraostean, Jihad islamikoaren aldeko hainbat rohingyak Mujahid alderdia sortu zuten, Arakanen estatu musulmana eratzeko asmoz. Baina Birmaniak ere ikasi zuen zerbait gerrako okupaziotik, eta ez zion aukerarik eman: 1962an, estatu kolpea eman zuen Ne Winek, eta junta militarrak hartu zuen agintea. Birmaniar nazionalismoari eta Theravada budismoari heldu zion indarrez, okupazioaren ostetik beren burua definitu eta indartzeko beharrez-edo. Gobernuak gogor erasan zien rohingya ekintzaileei. 1978an abiatu zuen Nagamin Operazioa (“Dragoi Erregea”) etnia horren aurka. Amnesty Internationalen arabera, 200.000 rohingyak egin behar izan zuten ihes Bangladeshera.[3]

1982an onartutako Myanmarko herritartasun legeak ukatu egin zien herritartasun eskubidea, etorkintzat joz. Horren ondorioz, Myanmarko Gobernuak ez ditu herrialdeko gutxiengo etnikoen zerrendan ere sartzen; bidaiatzeko baimena behar dute, ez daukate lurren jabe izateko eskubiderik, eta gehienez bi haur izan ditzakete. Budistek ordaintzen ez dituzten zergak, edo isunak, ordaintzen dituzte.[3] Erlijio eskubideak ere urratuak dituzte: meskitak debekatu egiten dizkiete eta Islamaren egun sakratuetan ospakizunak egitea.[2] 1991-1992 bitartean, haien aurkako Pyi Thaya Operazioa burutu zuen Myanmarko Armadak. Orduan ere 200.000 errefuxiatu rohingya sartu ziren Bangladeshen.[5] Diktadura militarra 2010ean amaitu bazen ere, demokraziaren itzulerak ez zuen hobetu rohingyen egoera.

 
Lekualdatutako rohingyen esparrua, Rakhine estatua, 2012.

Bestalde, budistek izu bizia diote Islama hedatzeari. 1999an, zenbait monje budistek 969 mugimendua osatu zuten, musulmanen aurkako herritar fronte indartsua. Maiz piztu izan dira istiluak rohingya musulmanen eta rakhine budisten artean. 2012ko maiatzean, esate baterako, rohingya batzuek emakume rakhine bat bortxatu eta hil zutenean lehertu ziren liskarrak,[6] eta hiru hilabete iraun zuten. Herriak birrinduta gelditu ziren; gutxienez 211 pertsona hil ziren, eta 125.000 inguruk errefuxiatu egin behar izan zuten. Gobernuak larrialdi egoera ezarri zuen, eta militarrek hartu zuten eskualdeko agintea. Neurria beren kalterako izan zela salatu zuten rohingyek: nazionalisten erasoak gertatzen uztea ez ezik, errepresioan parte hartzea leporatu zieten soldaduei.[3]

2015ean, milaka rohingyak (25.000, Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandataritzaren arabera) itsasoz egin zuten ihes Myanmartik, eta txalupa korrokoilduetan zeharkatu zituzten Malakako itsasartea eta Andamango itsasoa, Bangladesh, Malaysia, Indonesia edo Thailandiara iristeko.[7] Gertaera horien ostean, gero eta atxikimendu gehiago lortu zuen Arakango Askapen Armada Rohingyak (ARSA); Saudi Arabiarekiko lotura egotzi zitzaion, han hezi zelako taldeko buruzagia, Ata Ullah. Estatu Islamikoarekin loturaren bat izan zezaketen susmoa ere zabaldu zen, baina taldeko bozeramaileak ukatu egin zuen hori, eta zehaztu rohingyak aitortzeko zela beren borroka.[2]

Gertaerak aldatu

 
Rohingyen herrixka bat kiskalia, 2017ko iraila.

2016ko urriaren 9an, Arakango Askapen Armada Rohingyako (ARSA) kideek Myanmarko bederatzi polizia hil zituzten zenbait muga-posturen aurka egindako erasoetan.[8][9] Horren ostean, Myanmarko armadak errepresio bortitza abiarazi zuen Rakhine estatuaren iparraldeko herrixketan. Ondorengo hilabeteetan, atxilotze arbitrarioak, epaiz kanpoko exekuzioak, talde bortxaketak, zibilen aurkako indarkeria eta arpilatzeak gertatu ziren. Hedabideen arabera, ehunka rohingya erahilak izan ziren urria eta abendua bitartean, eta 1.250 etxe inguru suntsituak izan ziren, Human Rights Watchek zabaldutako satelite bidezko irudietan ageri zen bezala.[10][11] Jazarpenetik ihesi, milaka rohingyak Bangladeshen hartu zuten babes.[12] Kasu batzuetan, bi herrialdeen arteko muga egiten duen Naf ibaian zabaldutako militarrek iheslarien txalupak tirokatu zituzten.[13]

2017ko abuztuaren 25ean gaiztotu zen egoera, Arakan Rohingya Askapen Armadak polizien eta militarren etxola bati eraso eta hamabi militar hil baitzituen. Myanmarko armadaren eta milizia armatu budisten erantzuna berehalakoa izan zen: 59 herritan sartu, 7.000 etxe erre, eta 400 lagun hil zituzten. Myanmarko Giza Eskubideen Sareak erakunde independenteak jazarpena itzela zela salatu zuen; zibilen kontrako tiroketak zeudela, herri osoak erre zituztela, eta giza eskubideen urraketak etengabeak zirela.[2] Human Right Watchen arabera, Myanmarko soldaduek «sistematikoki» bortxatu zituzten emakume rohingyak.[14] Amnesty Internationalek (AI) salatu zuen armadak pertsonen aurkako minak ipini dituela Bangladeshko mugan, jendeak ihes egin dezan eragozteko.[15] Zenbait iheslari militarrek tirokaturik hil ziren, eta beste asko bidean, Naf ibaian edo itsasoan itota.[2]

Abenduaren erdialdean Mugarik Gabeko Medikuen emandako datuen arabera, Myanmarko armadak gutxienez 6.700 rohingya hil zituen hilabetean —abuztuaren 25etik irailaren 24ra—, eta horietatik 730 bost urte baino gutxiagoko haurrak ziren. MSFko mediku zuzendari Sidney Wongek ohartarazi zuenez, «jakinarazi dugun zifra kontserbadorea da, ez baikara Bangladeshko errefuxiatu gune guztietan egon. Gainera, Myanmarren geratu diren rohyngyei buruz ez dugu daturik».[16] Hamar biktimatik zazpi tiroz hil zituzten Myanmarreko militarrek; % 9 berriz, etxe barruan erreta, eta % 5 kolpez.[17] NBEk eta nazioarteko beste hainbat erakundek «genozidio» zantzuak ikusi zituztela ohartarazi zuten. Armadak eta Myanmarko presidente Aung San Suu Kyik ukatu egin zituzten salaketak.[18]

Errefuxiatuen krisia aldatu

 
Rohingyak Bangladeshko errefuxiatu gune batean, 2018ko otsaila.

Myanmarko armadaren errepresioa zela-eta, milaka rohingyak egin zuten ihes Bangladeshera, itsasotik, ibaitik edo lurretik, babes bila, azken urteetako exodorik handienean. 2017ko abuztu eta abendu artean, 655.000 rohingya iritsi ziren Bangladeshera. Kutupalong eta Nayapara errefuxiatu guneek gainezka egin zutenez, eskoletan eta bestelako azpiegitura publikoetan jasotzen hasi ziren errefuxiatuak, baina asko eta asko bide bazterretan eta arroiletan zeuden.[2] Malasiak, Indiak, Indonesiak eta Thailandiak iheslari multzo txikiagoak hartu zituzten.[19]

2017ko azaroan, rohingyen itzulerarako akordioa sinatu zuten Bangladesh eta Myanmarko gobernuek.[20] NBEk hitzartutakoari babesa eman zion arren, errefuxiatuek ez zuten itzulerako bidea hartu. Izan ere, herritartasuna ematea jarri zuten Myanmarrera itzultzeko baldintza gisa, eta baita Myanmarko militarrak rohingyen kontra egindako arpilatzeen, erailketen eta bortxaketen erantzule egitea ere.[21] 2018ko abuztuan, haien exodoa eragin zuen sarraskiaren lehen urteurrenean, milaka rohingya atera ziren kalera Bangladeshen, Justizia, etxera itzultzea, rohingya, eskubideak lelopean. Manifestazioa amaitzean, «Herritartasuna, nazionalitatea lortzea, eta etxera ahalik eta azkarrena itzultzea nahi dugu, gure eskubideekin, segurtasun osoz eta duintasunez» azaldu zuen Mohammad Mohibulla Giza Eskubideen eta Bakearen Aldeko Arakango Rohingya Elkartearen presidenteak.[18]

2018ko urrian, Bangladeshko eta Myanmarko gobernuek beste akordio bat egin zuten rohingya etniako errefuxiatuak Myanmarrera itzultzeko,[22] baina plana bertan behera utzi behar izan zuten, errefuxiatuek ez zutelako segurtasunerako bermerik.[23] 2019ko abuztuan, rohingyek bigarren aldiz egin zioten uko aberriratzeari.[24]

Nazioarteko erreakzioak aldatu

Nazioarteko gobernuek eta erakundeek gogor kritikatu zuten rohingyen aurkako jazarpena. Nazio Batuen Erakundeak (NBE), Human Rights Watchek eta nazioarteko beste hainbat erakundek garbiketa etnikotzat eta genozidiotzat jo zuten gertatutakoa. Azaroan, Bangladeshera egindako bisitan, rohingyen exodoa konpontzeko «neurri erabakigarriak» galdatu zituen Frantzisko aita santuak.[25] Britainia Handiko lehen ministro Theresa Mayk «garbiketa etnikotzat» jo zuen rohingyen aurkako bortizkeria,[26] eta Frantziako presidente Emmanuel Macronek «genozidio» hitza erabili zuen.[27]

Nazioarteko justiziaren ikuspuntutik, gobernuz kanpoko hainbat erakundek Myanmarko Gobernua eta armada Nazioarteko Zigor Auzitegian (NZA) salatzeko aukeraz aritu ziren.[18] 2018ko abuztuan NBEko Nazioarteko Misioetako batzordeak plazaratutako ikerketaren arabera, zantzu argiak zeuden Myanmarko armada rohingyen aurka genozidioa egin zuela frogatzeko. NBEren arabera, Rakhine estatuko iparraldean eta Kachin eta Shan eskualdetan genozidioa egiteagatik epaitu beharko ziratekeen Myanmarko armada, Min Aung Hlaing jenerala eta bertze bost goi kargudun. Nazio Batuen Erakundeko adituek gizadiaren kontrako krimenak identifikatu zituzten hiru eskualde horietan. Kartzelatzeak, torturak, bortxaketak, sexu esklabotza eta jazarpena ziren adituek ikusitako delituetako batzuk.[28] 2019ko azaroan, Gambiak Myanmarren aurkako salaketa jarri zuen Nazioarteko Justizia Auzitegian (NJA).[29]

Myanmarko estatu kontseilari Aung San Suu Kyiren jokaera ere oso kritikatua izan zen. Armadak giza eskubideen zapalkuntzan zuen erantzukizunaren aurrean ez ikusiarena egitea aurpegiratu zion Amnesty Internationalek. Izan ere, 2017ko irailean egindako hitzaldian, rohingyak «musulman» hitza erabiliz aipatu zituen beti Myanmarko agintariak, haien herriaren izena behin ere ezpaineratu gabe. Iheserako arrazoiak ulertzen ez zuela adierazi zuen, haren gobernuko iturriek aitortu arren rohingyen herrien % 40 hustu zirela bortizkeriatik alde egiteko.[15]

Erreferentziak aldatu

  1. Perez Zala, Ander. NBEk rohingyen aurkako genozidioa egotzi dio Myanmarko armadari. Berria egunkaria, 2018ko abuztuak 28, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2019-12-13).
  2. a b c d e f g Berasain, Kristina. Rohingya herriaren drama. Berria egunkaria, 2017ko irailak 8, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2019-12-13).
  3. a b c d e Velte, Samara. Asiako ijitoak nora ezean. Berria egunkaria, 2013ko maiatzak 15, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2019-12-13).
  4. Aldama, Zigor. Historia bera, bi interpretazio. Berria egunkaria, 2013ko azaroak 15, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2019-12-13).
  5. Fernandez, Luis. Nazioarteko arazo bihurtzen ari da Birmaniako errepresioa. Euskaldunon Egunkaria, 1992ko martxoak 17, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2019-12-15).
  6. Myanmar Conflict Alert: Preventing communal bloodshed and building better relations. International Crisis Group (ICG), 2012ko ekainak 12, refworld.org (Noiz kontsultatua: 2019-12-17).
  7. The Rohingya boat crisis: why refugees are fleeing Burma. The Week, 2015eko maiatzak 21, theweek.co.uk (Noiz kontsultatua: 2019-12-17).
  8. Myanmar says nine police killed by insurgents on Bangladesh border. The Guardian, 2016ko urriak 10, theguardian.com (Noiz kontsultatua: 2019-12-20).
  9. Myanmar: Who are the Arakan Rohingya Salvation Army?. BBC News, 2017ko irailak 6, bbc.com (Noiz kontsultatua: 2019-12-20).
  10. Berlinger, Joshua. 'Shoot first, ask questions later': Violence intensifies in Rakhine State. CNN, 2016ko azaroak 16, edition.cnn.com (Noiz kontsultatua: 2019-12-20).
  11. Iaccino, Ludovica. New wave of destruction sees 1,250 houses destroyed in Myanmar's Rohingya villages. International Business Times, 2016ko azaroak 21, ibtimes.co.uk (Noiz kontsultatua: 2019-12-20).
  12. Iaccino, Ludovica. 21,000 Rohingya Muslims flee to Bangladesh to escape persecution in Myanmar. International Business Times, 2016ko abenduak 6, ibtimes.co.uk (Noiz kontsultatua: 2019-12-20).
  13. Hundreds of Rohingya flee Yangon crackdown. Gulf Times, 2016ko azaroak 17, gulf-times.com (Noiz kontsultatua: 2019-12-18).
  14. Rohingyak bortxatuak izan dira Myanmarren. Berria egunkaria, 2017ko azaroak 17, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2019-12-20).
  15. a b Rohingyen aurkako sarraskian duen ardura zuritu du Myanmarreko Gobernuak. Argia astekaria, 2017ko irailak 19, CC BY-SA 3.0, argia.eus (Noiz kontsultatua: 2019-12-22).
  16. Perez Zala, Ander. Gutxienez 6.700 rohingya hil dituzte Myanmarren, MSFren arabera. Berria egunkaria, 2017ko abenduak 15, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2019-12-18).
  17. Gutxienez 6.700 pertsona hil zituzten Myanmarreko soldaduek rohingya etniaren aurkako erasoaldiaren lehen hilean. Argia astekaria, 2017ko abenduak 14, CC BY-SA 3.0, argia.eus (Noiz kontsultatua: 2019-12-22).
  18. a b c Perez Zala, Ander. Etxerako bidea, nahia eta ezina. Berria egunkaria, 2018ko abuztuak 26, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2019-12-20).
  19. Albert, Eleanor eta Maizland, Lindsay. The Rohingya Crisis. cfr.org (Noiz kontsultatua: 2019-12-21).
  20. Susaeta, Igor. Rohingyen itzulerarako «lehen pausoa» eman dute Myanmar eta Bangladeshek. Berria egunkaria, 2017ko azaroak 24, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2019-12-22).
  21. Susaeta, Igor. Rohingya errefuxiatuen liderrek herritartasuna ematea jarri dute Myanmarrera itzultzeko baldintza gisa. Berria egunkaria, 2018ko urtarrilak 19, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2019-12-22).
  22. Rohingyak Myanmarrera itzuliko dituzte. Berria egunkaria, 2018ko urriak 31, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2019-12-22).
  23. Iruretagoiena, Hodei. Rohingyek ez dute oraindik etxera itzultzeko bermerik. Berria egunkaria, 2018ko azaroak 15, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2019-12-20).
  24. Myanmarko rohingya etniakoek bigarren aldiz egin diote uko aberriratzeari. Berria egunkaria, 2019ko abuztuak 23, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2019-12-22).
  25. Winfield, Nicole. Pope Francis demands 'decisive measures' to resolve Rohingya exodus. Chicago Tribune, 2017ko azaroak 30, web.archive.org (Noiz kontsultatua: 2019-12-22).
  26. Watts, Joe eta Mortimer, Caroline. Downing Street says Burma's treatment of Rohingya Muslims looks like 'ethnic cleansing'. The Independent, 2017ko azaroak 13, independent.co.uk (Noiz kontsultatua: 2019-12-22).
  27. French President labels attacks on Rohingya minority as 'genocide'. SBS News, 2017ko irailak 20, sbs.com.au (Noiz kontsultatua: 2019-12-22).
  28. Larretxea Agirre, Ainhoa. NBEko ikertzaileek salatu dute Myanmarko armadak genozidioa egin duela. Berria egunkaria, 2018ko abuztuak 27, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2019-12-22).
  29. Ostolaza, Paulo. Myanmarren egindako rohingyen genozidioa epaituko du Nazioarteko Justizia Auzitegiak. Berria egunkaria, 2019ko azaroak 21, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2019-12-22).

Kanpo estekak aldatu