Garbiketa etniko
Garbiketa etnikoa toki zehatz batetik talde etniko edo arraza jakin baten ezabaketa sistematikoa da, etnia indartsuagoko talde batek behartutakoa. Gehienetan homogeneotasun etnikoa lortzeko asmoarekin egiten da.[1] Horretarako, hainbat teknika erabiltzen dira: migratzera behartzea (deportatzea, biztanleria lekualdatzea), beldurra eragitea, baita genozidioa eta bortxaketa genozidak ere.
Garbiketa etnikoaren bidez, maiz, leku jakin batetik xede-talde baten arrasto fisiko eta kulturalak ezabatu nahi dira. Horretarako, etxeak, gizarte-zentroak, landetxeak eta azpiegiturak suntsitzen dira, eta monumentu, hilerri eta gurtza lekuak profanatzen.
Hasiera batean, hitza Jugoslaviako Gerrako eragileek erabiltzen zuten, eta Alemania naziaren «Azken Konponbidea» kontzeptuaren antzeko eufemismoa zen. 1990eko hamarkadan hedatu eta onartu egin zen terminoa, kazetaritzan eta komunikabideetan terminoaren esanahi orokorraren erabilera areagotu baitzen.[2]
Etimologia
aldatuTerminoaren aurrekari bat grezierako andrapodismos hitza da (grekoz: ανδραποδισμός; hau da, esklabotza). Hura antzinako idatzietan erabiltzen zen, Alexandro Handiak K.a. 335. urtean Tebaseko konkistan egindako ankerkeriak deskribatzeko.[3] Geroago, XX. mendearen hasieran, hitzaren tokian tokiko aldaerak agertu ziren: txekieraz (očista), polonieraz (oczyszczanie), frantsesez (épuration) eta alemanez (Säuberung).[4]Balkanetako Gerretako parte-hartzaileen jarduerak gaitzestea helburu, 1913an txosten bat aritaratu zuen Carnegie Endowment erakunde bakezaleak, eta, bertan, termino berriak gehitu zituen, talde etnikoei egindako basakeriak deskribatzen zituztenak.[5]
Bigarren Mundu Gerran, Ustatxa (Ustaša) talde faxista kroaziarra čišćenje terena edo «zonaldea garbitu» eufemismoa erabiltzen hasi zen kroaziarrak ez ziren pertsonak nahita hil edota deserrotu zituenean.[6] Viktor Gutic, Ustatxako buruzagi, lehen nazionalista kroaziarretako bat izan zen terminoa eufemismo gisa erabiltzen, serbiarren aurkako basakeriak izendatzeko.[7] Geroago, Serbiako Txetnik-ak hasi ziren terminoa euren barne-memorandumetan erabiltzen, 1941. eta 1945. urteen bitartean bosniakoen eta kroaziarren aurka egindako errepresalia-sarraskiei buruz hitz egiteko.[8] Errusierazko очисткаграниц esaldia (ochistkagranits; hitzez hitz ‹‹mugak garbitu››) dokumentu sobietarretan erabili zen 1930eko hamarkadaren hasieran, poloniarrak lekualdatzera behartu zituztenean, Sobietar Errepublika Sozialisten barnean, Bielorrusia eta Ukrainako mugaldetik 22 km-ra baitzeuden. Prozesu hori neurri askoz handiago batean errepikatu zen 1939 eta 1941 bitartean Sobietar Batasunarekiko jarrera desleiala izan zezaketen talde gehiagorekin.[9] Holokaustoan zehar, Alemania naziak Europan judurik ez egoteko politikak ezarri zituen, hau da, Judenrein (judu-garbiketa) bermatzeko politikak.[10]
Hala ere, garbiketa etniko terminoa errumanieraz agertu zen lehen aldiz 1941eko ekainean (purificareetnică), Mihai Antonescu lehen ministro ordeak bere kabineteko kideei idatzitako gutun batean. SESBen inbasioa hasi eta gero, Antonescuk honakoa ondorioztatu zuen: «Ez dakit errumaniarrek noiz izango duten garbiketa etnikoa egiteko horrelako aukerarik».[11] 1980ko hamarkadan, sobietarrek «garbiketa etnikoa» terminoa erabili zuten Nagorno-Karabakh-eko talde etnikoen arteko biolentzia deskribatzeko.[3] Gutxi gorabehera garai berean, Serbiarrak Kosovotik botatzeko albaniar mugimendu nazionalistari erreferentzia egiteko erabili izan zuten terminoa Jugoslaviako komunikabideek. Mendebaldeko komunikabideek Bosniako Gerrak iraun bitartean (1992-1995) erabili zuten terminoa, eta, ondorioz, zabaldu egin zengizartera. Mendebaldeko komunikabideetan jasotako lehen erabilera The New York Times egunkarian izan zen, 1992ko apirilaren 15ean, idazle ezezagun baten aipu batean.[6]
Sinonimoen artean, purifikazio etnikoa erabili izan da.[12]
Definizioak
aldatuNazio Batuen Segurtasun Kontseiluko 780 ebazpenari jarraiki eratutako Adituen Komisioak garbiketa etnikoaren definizioa eman zuen behin betiko txostenean: «talde etniko edo erlijioso batek adostutako neurri bat da, non indarkeria eta beldurra eragiteko metodoak erabiltzen diren beste talde etniko edo erlijioso bateko zibilak leku geografiko jakin batetik kanporatzeko».[13] Aurretik argitaratutako lehen behin-behineko txostenean honako hau zehaztu zuen: «Jugoslavia ohian burututako neurriak eta praktikak deskribatzen dituzten txosten askotan oinarrituta, garbiketa etnikoa metodo desberdinen bidez gertatu izan da: erailketak, torturak, atxiloketa arbitrarioak, epaiketaz kanpoko exekuzioak, bortxaketak eta sexu-erasoak, zibilen espetxeratzeak ghettoetan, zibilen derrigorrezko lekualdaketak eta deportazioak, zibilen eta horien bizilekuen aurka adostutako eraso militarrak, eta arrazoirik gabeko ondasunen suntsiketak. Praktika horiek gizadiaren aurkako krimenak dira, eta gerra-krimen konkretutzat har daitezke. Are gehiago, Genozidio-delitua Prebenitu eta Zehatzeko Konbentzioak emandako esanahiarekin bat etor daitezke».[13]
Nazio Batuen Erakundeak emandako definizio ofizialaren arabera, garbiketa etnikoa «eremu bat ikuspegi etnikotik homogeneo bihurtzean datza, bertan bizi diren beste talde etniko edo erlijiosoak indarra eta beldurraren bidez kanporatzea helburu».[14]
Garbiketa etnikoa neurri desberdinen continuum edo segida bat da. Andrew Bell-Fialkoff-en arabera,
« | [G]arbiketa etnikoa […] definitzea ez da batere erraza. Alde batetik, ia ezinezkoa da bortxazko emigraziotik eta populazio aldaketatik desberdintzea. Beste aldetik, deportazioarekin eta genozidioarekin nahastu egiten da. Hala ere, garbiketa etnikoa biztanleria leku jakin batetik kanporatzea dela uler daiteke, neurri handi batean.[15] | » |
Terry Martinek honela definitu du: «talde etniko bat lurralde zehatz batetik indarraren bidez kanporatzea da», eta honakoa gehitu du: «continuum baten alde batean genozidioa kokatzen bada, eta beste aldean presio ez-biolentoaren bidezko emigrazio etnikoa, erdi-puntuan garbiketa etnikoa aurkituko litzateke».[9] Europar Batasuneko Giza Eskubideen Auzitegiak, 2007ko Bosniako Genozidioaren Kasua oinarri hartuta, garbiketa etniko eta genozidio kontzeptuen arteko bereizketa egiteko, Nazioarteko Justizia Auzitegiak esandako honako hau nabarmendu zuen:
« | «Garbiketa etnikoa» terminoa maiz erabili izan da Bosnia-Herzegovinan jazotako gertakariei erreferentzia egiteko. NBEko Batzar Nagusiaren 47/121 ebazpenaren hitzaurrean aipatzen da Bosnia-Herzegovinan «garbiketa etniko» izeneko politika gaitzesgarria aurrera eraman zela, zeina genozidio forma bat baita. Garbiketa etnikoa, Genozidio-delitua Prebenitu eta Zehatzeko Konbentzioaren arabera, genozidio forma bat izan daiteke, baldin eta Konbentzioko Bigarren Artikuluak debekatzen dituen egiteetako bat bada. Ezin daitezke genozidiotzat hartu ez toki bat «etnikoki homogeneo» bihurtzeko asmoa, ezta politika horiek ezartzeko burutu daitezkeen urratsak ere. Izan ere, genozidioaren helburu bereizgarria da «talde bat guztiz edo neurri batean suntsitzea». Hortaz, nahiz eta indarraren bidez gauzatu, talde baten kideak erbesteratzeak edo desplazatzeak ez du zertan talde horren suntsipena ekarri; hau da, taldea suntsitzea ez da lekualdatzearen ondorio zuzena. Horrek ez du esan nahi garbiketa etnikotzat deskribatutako jarduerak genozidio izan ez daitezkeenik. Are gehiago, genozidio gisa uler daiteke, adibidez: «guztiz edo neurri batean taldearen suntsiketa fisikoa dakarten bizi-baldintzak nahita eragiten» badira, Konbentzioko Bigarren Artikuluaren C paragrafoan jartzen duenaren kontrara, baldin eta egite hori helburu zehatz horrekin burutzen bada. Horrela, talde etniko bat suntsitzeko asmo gisa ere ulertu behar da garbiketa etnikoa, eta ez soilik lurralde batetik kanporatzeko asmo gisa. ; hau da, taldea suntsitzea ez da lekualdatzearen ondorio zuzena. ICTYk (Jugoslavia ohiarentzako Nazioarteko Zigor-arloko Auzitegiak) oharteman duenez, «genozidioak eta garbiketa etnikoak antzekotasun nabariak dituzte horien politikei dagokienez. Hala ere, talde bat fisikoki suntsitzearen eta talde hori barreiatzearenarteko bereizketa egitea beharrezkoa da. Talde bat edo taldearen parte bat kanporatzea ez da nahikoa genozidio izateko». | » |
Krimen gisa nazioarteko legeen arabera
aldatuEz dago garbiketa etnikoa krimentzat jotzen duen nazioarteko akordiorik. [16] Dena den, hala Nazioarteko Krimen Auzitegiko nola ICTYko estatutuek garbiketa etnikoa gizadiaren aurkako krimen bezala definitzen dute.[17]Garbiketa etnikoaren bidez egindako giza eskubideen bortxaketa larrienak gizadiaren aurkako krimen bereizitzat jotzen ditu nazioarteko lege publikoak. Gainera, batzuetan, genozidio gisa ere hartu dira.[18]
Hala ere, zenbait kasutan garbiketa etnikoak ez du inolako ondorio legalik izan (ikusi PreussischeTreuhand v. Poland), esaterako, Bigarren Mundu Gerraren ondoren alemanak kanporatu zituztenean. Timothy V. Watersek ondorioztatzen du, beraz, antzeko beste kasu batzuk zigortu gabe geldi daitezkeela etorkizunean.[19]
Genozidioa
aldatuGenozidioa eta garbiketa etnikoa nazioen edo talde erlijioso-etnikoen kontrako eraso gisa ulertzen ditu diskurtso akademikoak. Garbiketa etnikoa, alde batetik, deportazioaren edo biztanleria-lekualdatzearen antzekoa izango litzateke. Genozidioa, berriz, talde etniko, erlijioso edo nazional jakin batekin guztiz edo neurri batean akabatzea izango litzateke. Nahiz eta biek helburu bera eta, krimenak burutzeko orduan, metodo antzekoak izan, garbiketa etnikoaren xedea talde jakin bat herri batetik kanporatzea da, eta genozidioarena, aldiz, talde bat suntsitzea.[20]
Akademiko batzuen aburuz, genozidioa «garbiketa etniko hilgarri» mota bat da. [21] Haatik, bi kontzeptu horiek ezberdinak dira, baina, aldi berean, elkarrekiko erlazioa dute. Norman Naimark-ek dioenez, «garbiketa etnikoak genozidioa dakar. Izan ere, pertsona-talde bat leku batetik botatzeko egiten den hilketa masiboa da». William Schabas-ek hau gehitzen du: «garbiketa etnikoa genozidioaren seinale da, eta, genozidioa, garbitzaile etniko frustratuaren azken baliabidea».[20]
Taktika militar, politiko eta ekonomiko gisa
aldatu1946an Königsberg hiriburua Kaliningrad deitzera pasatu zen. Bizirik iraun zuten Alemaniako biztanleak kanporatu zituzten eta hiria sobietar hiritarrez birpopulatu zen.
1990eko hamarkadako Bosniako gerran fenomeno arrunta izan zen garbiketa etnikoa, gerra horretan baliatu baitziren beldurra, indarraren bidezko kanporaketak edota xede-talde etnikoaren erailketa. Horrez gain, elementu fisiko eta kultural garrantzitsuak ezabatu ziren, esate baterako, gurtza lekuak, hilerriak, artelanak eta eraikin historikoak. ICTYren hainbat ebazpenen arabera, bai serbiar[22] baita kroaziar[23] indarrek ere, garbiketa etnikoa gauzatu zuten hartutako lurraldeetan estatu puruak -etniari dagokionez- lortzeko (Bosniako Serbiar Errepublika eta Herzeg-Bosniako Kroaziar Errepublika). Serbiar indarrak gerra bukaeran Srebrenican eta Zepan genozidioa egiteagatik ere epaitu zituzten. [24]
Kroaziar indarrek Bosniar Musulmanen (Bosniakoen) kontra egindako eraso anitzetan oinarrituta, ICTYko Epaiketa Ganberak Kordić eta Čerkez kasuan ondorioztatu zuen Bosnia eta Herzegovinako kroaziar buruzagiek sortua zutela 1993ko apirilerako Bosniakoak Bosnia erdialdeko Lašva bailaratik kanporatzeko plana. Dario Kordić jo zuten plan horren bultzatzailetzat.[25]
Urte berean (1993an), beste herrialde batean ere ari zen garbiketa etnikoa gertatzen. Georgia-Abkhazko gatazkan, Abkhaziako separatista armatuek georgiarren kontrako garbiketa etnikoa jarri zuten martxan. Gerra aurreko Abkhazian, 1989an, georgiarrek talde etnikorik handiena osatzen zuten (% 45,7). Ondorioz, kasu horretan, ez zen populazioaren gutxiengoa kanporatu, gehiengoa baizik.[26] Abkhaziako separatistek burututako masakre eta kanporaketen ondorioz, 250.000 georgiar baino gehiago ihes egitera behartu zituzten, eta gutxi gorabehera 30.000 hildako egon ziren (ikusi Georgiarren garbiketa etnikoa Abkhazian). Segurtasunerako eta Kooperaziorako Erakundeak krimen horiek garbiketa etniko gisa aitortu zituen Europako batzarrean, eta Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusiaren GA/10708 Ebazpenean aipatu ziren.[27]
Taktika gisa, garbiketa etnikoak inpaktu sistemikoak eragiten ditu. Hiritarrekin akabatzeak erresistentziaren aldeko babesa suntsitzea ahalbidetzen du. Mao Zedongek zioenez, hiritarren artean dauden gerrillak uretan dauden arrainak dira, eta arrainak bertatik ateratzeko ura kendu behar da. Akordio politiko baten parte denean, epe luzerako egonkortasunean lagundu dezake, 1945. urtetik aurrera alemanak Alemania berrira indarrez lekualdatu zituztenean bezala.[28] Txekoslovakian eta gerra aurreko Polonian zeuden alemaniarren kasua izan zen; aleman horiek jingoismo nazia sustatu zuten, eta, gerra ostean, Alemaniara bidali zituzten. Horrela, atzera bueltarik ez duten aldaketa demografikoak gertatu ziren.
Garbiketa etniko isila
aldatu1990eko hamarkadaren erdialdean, Jugoslaviako gerren begiraleek «garbiketa etniko isila» terminoa sortu zuten. Mendebaldeko komunikabideek gatazken inguruan helarazten zuten ikuspegiarekin kezkatuta zeudenez (batez ere serbiarrek egindako gehiegikeriak erakusten baitzituzten), serbiarren aurka egindako erasoak «isilak» izan zirela adierazi zuten, behar luketen estaldura mediatikorik jaso ez zutelako.
Ipar Irlandako gertakari batzuk, bai eta katolikoen eta protestanteen arteko gatazkak ere, garbiketa etnikotzat hartu ziren. Horien adibide dira 2001eko Gurutze Sakratuaren gatazkaren ondorengo jazoerak. Izan ere, Belfasteko iparraldean katolikoen aurkako garbiketa etnikoa egitea leporatu zitzaien protestante paramilitarrei.
Kasuak
aldatuGarbiketa etnikoa salatu den hainbat kasutan, horren aldekoek sakon eztabaidatu dituzte aditu akademiko edo legalek garbiketa etnikotzat hartu dituzten gertakarien interpretazioak eta xehetasunak. Horren ondorioz, gertakari horien inguruko bertsio desberdinak azaltzen dira.
Terminoaren kritika
aldatuGregory Stantonek, GenocideWatch kanpainaren sortzaileak, «garbiketa etniko» terminoaren zabalkundea eta erabilera kritikatu ditu. Bere ustez, «genozidio» deitu beharko liratekeen gertakariak ere izendatzeko erabili da. «Garbiketa etniko» terminoak definizio legalik ez duenez, komunikabideetan erabiltzeak nahastea sor dezake bi terminoen artean. Komunikabideen eraginez,terminoak onarpen orokorra irabazi eta legalki erabiltzen den termino bilakatu da, baina definizio legalik ez duenez, ez du ondorio legalik.
Erreferentziak
aldatu- ↑ Rubenstein, James M.. (2008). An introduction to human geography : the cultural landscape. (9th ed. argitaraldia) Pearson Prentice Hall ISBN 013243573X. PMC 72161833. (Noiz kontsultatua: 2019-05-09).
- ↑ (Ingelesez) Thum, Gregor. (2010-2). «Ethnic Cleansing in Eastern Europe after 1945» Contemporary European History 19 (1): 75–81. doi: . ISSN 0960-7773. (Noiz kontsultatua: 2019-05-09).
- ↑ a b The Kosovo tragedy : the human rights dimensions. Frank Cass 2001 ISBN 9781136334764. PMC 822561545. (Noiz kontsultatua: 2019-05-09).
- ↑ Diasporas and ethnic migrants Germany, Israel, and post-Soviet successor states in comparative perspective. Frank Cass 2003 ISBN 9780203486276. PMC 1086458277. (Noiz kontsultatua: 2019-05-09).
- ↑ (Frantsesez) Akhund, Nadine. (2012-12-31). «The Two Carnegie Reports: From the Balkan Expedition of 1913 to the Albanian Trip of 1921. A Comparative Approach» Balkanologie. Revue d'études pluridisciplinaires (Vol. XIV, n° 1-2) ISSN 1279-7952. (Noiz kontsultatua: 2019-05-09).
- ↑ a b Toal, Gerard.. (2011). Bosnia remade : ethnic cleansing and its reversal. Oxford University Press ISBN 9780199730360. PMC 574924211. (Noiz kontsultatua: 2019-05-09).
- ↑ West, Richard, 1930-2015.. (1996). Tito : and the rise and fall of Yugoslavia. (1st Carroll & Graf pbk. ed. argitaraldia) Carroll & Graf ISBN 0786703326. PMC 35154001. (Noiz kontsultatua: 2019-05-09).
- ↑ Bećirević, Edina, 1967-. (2014). Genocide on the Drina River. Yale University Press ISBN 9780300206807. PMC 883377385. (Noiz kontsultatua: 2019-05-09).
- ↑ a b Martin, Terry. (1998-12). «The Origins of Soviet Ethnic Cleansing» The Journal of Modern History 70 (4): 813–861. doi: . ISSN 0022-2801. (Noiz kontsultatua: 2019-05-09).
- ↑ Fulbrook, Mary, 1951-. (2004). A concise history of Germany. (2nd ed. argitaraldia) Cambridge University Press ISBN 0521833205. PMC 53392281. (Noiz kontsultatua: 2019-05-09).
- ↑ Kulić, Vladimir. (2017-06-09). «Building the Socialist Balkans» Southeastern Europe 41 (2): 95–111. doi: . ISSN 0094-4467. (Noiz kontsultatua: 2019-05-09).
- ↑ Petrovic, Drazen. (1994). «Ethnic Cleansing - An Attempt at Methodology» European Journal of International Law 5 (3): 342–359. doi: . ISSN 1464-3596. (Noiz kontsultatua: 2019-05-09).
- ↑ a b United Nations. Commission of Experts Established Pursuant to Security Council Resolution 780 (1992). Final report of the Commission of Experts Established Pursuant to Security Council Resolution 780 (1992). PMC 1078287770. (Noiz kontsultatua: 2019-05-09).
- ↑ Hayden, Robert M.. (1996). «Schindler's Fate: Genocide, Ethnic Cleansing, and Population Transfers» Slavic Review 55 (04): 727–748. doi: . ISSN 0037-6779. (Noiz kontsultatua: 2019-05-09).
- ↑ Bell-Fialkoff, Andrew. (1993). «A Brief History of Ethnic Cleansing» Foreign Affairs 72 (3): 110. doi: . ISSN 0015-7120. (Noiz kontsultatua: 2019-05-09).
- ↑ Ferdinandusse, W.. (2004-11-01). «The Interaction of National and International Approaches in the Repression of International Crimes» European Journal of International Law 15 (5): 1041–1053. doi: . ISSN 0938-5428. (Noiz kontsultatua: 2019-05-09).
- ↑ "Rome Statute of the International Criminal Court" Artxibatua urtarrila 13, 2008, hemen: Wayback Machine, Article 7; Updated Statute of the International Criminal Tribunal for the Former Yugoslavia, Article 5.
- ↑ Shraga, Daphna. The International Criminal Tribunal for the Former Yugoslavia. ISBN http://www.ejil.org/journal/Vol5/No3/art4-01.html..
- ↑ Timothy V. Waters, "On the Legal Construction of Ethnic Cleansing", Paper 951, 2006, University of Mississippi School of Law. Retrieved on 2006, 12–13
- ↑ a b Schabas, William, 1950-. (2000). Genocide in international law : the crimes of crimes. Cambridge University Press ISBN 0511009925. PMC 52560141. (Noiz kontsultatua: 2019-05-09).
- ↑ Mann, Michael, 1942-. (2005). The dark side of democracy : explaining ethnic cleansing. Cambridge University Press ISBN 052183130X. PMC 54544078. (Noiz kontsultatua: 2019-05-09).
- ↑ ICTY: Radoslav Brđanin judgement. (Noiz kontsultatua: April 14, 2009).
- ↑ ICTY: Kordić and Čerkez verdict. (Noiz kontsultatua: June 27, 2009).
- ↑ ICTY; "Address by ICTY President Theodor Meron, at Potočari Memorial Cemetery" The Hague, June 23, 2004 [1] Artxibatua apirila 3, 2009, hemen: Wayback Machine
- ↑ ICTY: Kordić and Čerkez verdict – IV. Attacks on towns and villages: killings – C. The April 1993 Conflagration in Vitez and the Lašva Valley – 3. The Attack on Ahmići (Paragraph 642). (Noiz kontsultatua: June 26, 2009).
- ↑ US State Department, Country Reports on Human Rights Practices for 1993, Abkhazia case.
- ↑ "General Assembly Adopts Resolution Recognizing Right Of Return By Refugees, Internally Displaced Persons To Abkhazia, Georgia". .
- ↑ Judt, Tony. Postwar: A History of Europe Since 1945 Penguin Press, 2005
- ↑ "Evicted Serbs remember Storm ". BBC News. 5 August 2005.
Ikus, gainera
aldatuKanpo estekak
aldatu- "Kosovo, garbiketa etniko ia perfektua", 2013/03/10.
- "NBEk dio Israelen okupazioa «garbiketa etniko baten parekoa» dela Jerusalemen", 2014/03/22.
- Jesus Torquemadaren artikulua, "Garbiketa etnikoa Myanmarren", 2017/09/14.