Riurau

Valentziako Erkidegoko landa eraikina

Riuraua Valentziako Erkidegoko landa eraikuntza karakteristikoa da, batez ere Marina Alta eskualdean (Alacant) oso hedatua dagoena. Bere funtzioa eskualde horretako mahaspasa-ekoizpenarekin lotuta dago.[1]

Riurau
Kokapena

Izena aldatu

 
Pla de Senija-ko riuraua.

Lluís Fornés ikerlariaren arabera, riurau hitza rural hitz okzitaniarretik letorke (zeina, hizkuntza honen dialektu gehienetan rurau [ry'raw] ahoskatzen den. Honen arabera, hitza Déniara mahaspasa ekoiztera etorri ziren lehen familia probentzalek ekarria litzateke (Morant, Chabàs eta Merle abizenekoak).[2]

Ostera, Gran Diccionari de la Llengua Catalana argitalpenaren arabera, hitza arabiarreko raff (apala) hitzaren bikoizketa litzateke: ref-raf [revrav], gerora fonetikoki [riv'rav] eta [riw'raw] bihurtua.[3]

Historia aldatu

 
Gata herriko etxea, riurau bat atxikituta duela.

Laranja ekoizpena nagusitu baino lehenago, Valentziako Erkidegoko eskualde askotan mahastiak izan ziren nagusi, bereziki moskatel motakoak. 1887an, mahaspasatarako mahastiek Safor eskualdeko %34a betetzen zuten, eta honen esportazioaren premiei erantzuteko Gandiako portua edo Carcaixenteko tranbia bezalako azpiegiturak sortu ziren.[4]

Lehen aipu historikoa XIX. mendekoa da, Pascual Madozen "Diccionario geográfico-estadístico-histórico de España y sus posesiones de Ultramar" IX. tomoan aipatzen delarik.[5] Izan ere, Antoni Banyuls ikerlariaren arabera riurauak garai horretan agertzen dira, mahaspasaren ekoizpenaren premiei erantzunez.

Ezaugarriak aldatu

 
Mahaspasak sequer-rean lehortzen, atzean riuraua dutela.

Gehienak eraikuntza xumeak dira, oinplano angeluzuzen luzangadunak, eguzkirantz ematen duen aldea kenduta, beste guztiak itxita dituenak. Eguzki aldean adreilu sendo eta harlanduz egindako karpanel arku handiak dituzte, harlanduz edo adreiluz egindako zutabeen gainean. Badia bakarrekoa, teilaz estalia egoten da arkuen aldeko isuriarekin.

Zenbait riurau berezi ere badaude, halere: oso handiak (hormarte birekin), 10-14 arkurekin. Valentziako herri-arkitekturaren ikerketan ale hauek garrantzitsuak dira.

Gehienetan baoak hegoaldera begira egoten dira; baina badira ekialdera begira dauden riurauak ere. Mendebalde edo iparrera begira dagoenik ez da, ordea.[1]

Eraikuntza hau etxe nagusitik aparte egon daiteke, edo haren hormaren bati lotua. Haren aurrean sequer izeneko lautada bat egoten da, mahatsa lehortzeko.[6] Bertan, ur irakinetan galdarraztatu eta gero, mahats mordoak kainaberaz eginiko esteren gainean ezartzen dira, eguzkitan lehortzen uzteko. Behar denean, estera hauek sequerretik riurau barrura aldatzen dira hezetasunetik babesteko.

Ondare aitortza aldatu

 
Lluna kaleko riuraua, Llíber

Presio urbanistikoaren eraginez zenbait riurau desagertu eta gero, 2007 urtean "Riuraus vius" (Riurauak bizirik) elkartea sortu zen, landa eremuko arkitektura elementuek osatzen duten ondarea gordetzearen alde.[7] Elementu hauen artean riurauak nabarmenetakoak direnez, ondarea babesteko taldeen artean Lluis el Sifoner abeslariaren "Mare, mare, mare que el riurau se crema" kantua nolabaiteko ereserki bihurtu da.[8]

Erreferentziak aldatu

  1. a b Auteur., Rey i Aynat, Miguel del (1948-....).. (cop. 2010). Arquitectura rural valenciana. Galerada ISBN 978-84-96786-32-5. PMC 800552577. (Noiz kontsultatua: 2021-04-16).
  2. Fornés, Lluís.. (Oc-Valéncia, Centre Internacional de Recerca i Documentació Científica). Els riuraus valencians. ISBN 978-84-614-6108-0. PMC 733602813. (Noiz kontsultatua: 2021-04-16).
  3. «GDLC - riurau» www.diccionari.cat (Noiz kontsultatua: 2021-04-16).
  4. Fuster, Carlos «El catàleg de riuraus valencians». Riuralogia : estudi dels riuraus i de l'arquitectura rural. Associació Riuraus Vius s.l., 7, 2018, pàg. 10-109.
  5. Madoz, Pascual. (1846-1850). Diccionario geográfico-estadístico-historico de España y sus posesiones de ultramar. [s.n.] (Noiz kontsultatua: 2021-04-16).
  6. Fuster Montagud, Carlos V.. (2020). Panses a l'ombria del Benicadell : riuraus i sequers a la Vall d'Albaida. Institució Alfons el Magnánim ISBN 978-84-7822-855-3. PMC 1236854998. (Noiz kontsultatua: 2021-04-16).
  7. «RIURAUS VIUS» riurausvius.blogspot.com (Noiz kontsultatua: 2021-04-16).
  8. «Lluís El Sifoner - Mare, que el riurau es crema, by Lluís El Sifoner» Mésdemil (Noiz kontsultatua: 2021-04-16).

Kanpo estekak aldatu