Ramona Pikabea Mitxelena
Ramona Pikabea Mitxelena (Oiartzun, Gipuzkoa. 1917ko otsailaren 13a – ib. 2013ko otsailaren 19a) trikitilaria, baserritarra eta garaiko bular-tiratzailea izan zen.
Ramona Pikabea Mitxelena | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Oiartzun, 1917ko otsailaren 13a |
Herrialdea | Gipuzkoa, Euskal Herria |
Heriotza | Oiartzun, 2013ko otsailaren 19a (96 urte) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | euskara gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | nekazaria eta trikitilaria |
Bizialdia
aldatuGurasoak Agustin eta Dolores izan ziren. Zortzi senidetatik zazpigarrena zen eta ume-umetatik Iturriotzeko Portugal baserrian bizi izan zen. Deitu ere hala deitzen zioten, Portugalko Erramona, nahiz eta Bordaberri baserrian jaioa izan. Bost seme-alabaren ama izan zen.
Baserritarra izanda, lanbide erantsia zuen, senarrarekin batera Errenteriako merkatuan esnea saltzen. Ezkondu zenetik hasi zen etxez-etxe esne-partitzen. Urte luzez astoaren laguntzaz ibiltzen zen baina geroago Renault kuatro-kuatro bat erosita izan zuten aukera tratua edo salgaiak gehitzeko. Etxean sortutako loreak saltzen hasi ziren eta garaia zenean etxeko sagarrak saltzen ere bai. Horrela eman zituen urte luzeak, senarrarekin batera 80 urteren bueltan, plazara joateari utzi zion arte.
Bularretik tiratzen[1] ibiltzen zen, bularreko mina zuten emakumeei laguntzen eta noiz edo noiz sasi-emagin lanak egitea tokatuz gero, etzen atzean geratzen zen horietakoa, horretan ere aritu izan bai zen. Ukenduak egiten bazekien[2] eta, saldu ez ezik, eskuzabala ere bazen, behar zuenari musu-truk emanez.
Ezkondu ondorengo afizio handiena, kakorratzez eta puntuz lan egitea izan zuen. Kakorratza-lanak batez ere, horretan aritzeko tarte guztiak onak izaten bai zituen, baita Errenteriara egiten zituen asto-gaineko bidaiak ere.
Soinujolea
aldatuSei-zazpi urterako ikasi zuen Erramonak soinua jotzen. Baserrian sagardotegia zuten eta bertara joaten ziren lehengusu soinujoleengandik ikasi omen zuen berak. Amak zozketa batean irabazitako trikitixa izango zuen bidelagun gaztaroa bertatik hasita. Jolasean aspertuta ere trikitixa atera eta dantzatzeari errex ekiten omen zioten. Familian ez zen bakarra izan soinua ikasi zuena, Iñaxio, anaia gazteagoa ere, soinujolea izan zen.[3]
“Ramoni, festaz festa ibiltzen zen soinua bizkarrean hartuta” dio Juan Mari Beltranek.[3] Emakume zinez alaia zen. Altzibarko plazan-eta, dantza-korroan soinua joez bera ere dantzan ibiltzen omen zen, festa girotzen. Herritik edonora egiten ziren neska-mutilen ibilaldietan bidelagun izaten zuten. Horietakoa dugu Sanjuan itturrira, mendiz mendi Lesakaraino oinez joaten ziren hura. [3]
Festa non, Erramona han. Inguruan ospatzen ziren atsolorretara ere bere soinuarekin azaltzen omen zen beti.
Egunkaria-ko elkarrizketan aitortzen duenez, hogeitalau urterekin, aita hil eta gero, utzi zion soinua jotzeari. Ez zuen berriro hartu, 50 urte gerora arte. Ugaldetxo Kultur Taldekoek[4], herriko soinujotzaileei omenaldia egingo zitzaien aitzakiarekin berriz hartu zuen iloba baten soinua eta ez zitzaiola ahaztu ikusita, gustura hartu zuen parte omenaldi hartan.1991ko martxoak 3an izan zen omenaldia, Madalensoro pilotalekuan. Handik aurrera jarraitu zuen berriro gaztetako afizioarekin.
Emakume musikariak.
aldatuEmakume musikarien artean Maurizia dugu ezagunetariko bat, baina, Beltranek dioen modura, Mauriziaren aurreko eta atzeko izen handiak daude Euskal Herri osoan, ahaztuta geratutako asko.[5] Plazetan ibiltzen ziren emakume musikariak ez zeuden ondo ikusita, musikariak pertsonai publikoak baitziren. Garai haietan pertsonaia publikoa izatea gizonei soilik zegokien eta norma horretatik ateratzen zirenak gaitzetsi edo ixilduak izaten ziren. Goitizen itsusiak jarri ere bai: come-hombres, amona-berde... Etxean soinua jotzen zutenak asko izaten ziren baina kalean ez ziren ikusten, utzi ere ez. Askotan plazetara ateratzeko, eta babes modura, anaia, aita, edo senarraren arrimoa behar izaten zuten.[6]
Beltranek XVII. mendeko Inesa Gaxen ekartzen du gogora, sorgina izatearen akusazioagatik Inkisizioaren jazarpena sufritu zuen emakumea. Bere kontrako karguen artean, danbolina jotzen zuela aipatzen du.[5].
Adolfo Jainagak 2016an esaten zuen:[7] "gaur egun emakumeak nagusitzen dira soinu txikiarekin, ikasleen %80 inguru andrazkoak direlako". Bera hasi zenean, berriz, emakumeek soinuarekin jardutea ia pentsaezina zen. Gizonen artean fama txarra bazuen, emakumeen artean are eta gehiago. Askok ezkondu eta, derrigortuta, soinua betiko lurperatzen zuten. Lurperatu zentzu literalean. Baserri batean baino gehiagotan lurra mugitzen hasi eta hantxe agertu izan ohi baidira soinuaren piezak.
Amak taldeko GU abestian azpimarratzen den egoera bera:[8]
"Zenbat pandero hots, zenbat trikiti kantu ez ote ditugu hiltzera kondenatu"
Erreferentziak
aldatu- ↑ «Altzibarko bular tiratzailea | Oiartzuarren Baitan» www.oiartzuarrenbaitan.eus (Noiz kontsultatua: 2023-03-17).
- ↑ (Ingelesez) «Oiartzun urtekaria 2019 by Oiartzungo Udala - Issuu» issuu.com (Noiz kontsultatua: 2023-03-18).
- ↑ a b c «Emakume soinu-jotzailea - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2023-03-17).
- ↑ Fraile, Ainhoa. (1992). «Soinujole zaharrak oroituz» Udala informatzen (Oiartzun: Oiartzungo Udala) 3.: 16. ISSN 1216.91..
- ↑ a b «Garai bateko emakume musikariak, gaizki ikusita - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2023-03-17).
- ↑ «Ahotsak ikasgelan» ikasgelan.ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2023-03-17).
- ↑ «Adolfo Jainaga, soinujolea: ”Gaur egungo figurak herrietako ikasleak dira“» etakitto.eus 2016-07-08 (Noiz kontsultatua: 2023-03-17).
- ↑ AMAK - Gu (bideoklipa/videoclip/official video). (Noiz kontsultatua: 2023-03-17).
Kanpo estekak
aldatu- Ramona Pikabearen eskelaDiario Vasco, 2013ko otsaila
- Ramona Pikabea hizketanYouTube, 1999 (25:18)