Coxiella burnetii mundu osoan banaturik dago, Zeelanda Berrian izan ezik. Behiak, ardiak, ahuntzak, txakurrak, katuak eta animalia basati ugari (arratoiak, saguak, gameluak, bufaloak...) dira haren gordailu naturalak. Bakteriak espora moduko forma erresistenteak sortzen ditu. Horrek ahalbidetzen du animaliengandik kanpo bizirik irautea, airean edo hautsean, adibidez.
Animalia eramaileek bakterio patogenoak kanporatzen dituzte gernu, gorozki, esne eta karenaren bidez. Hori dela eta, errazago kutsatzen dira abereekin harreman zuzena dutenak (abeltzainak, albaitariak), eta baita esnea gordinik kontsumitzen dutenak ere. Patogenoa arnas-traktutik sartzen da gehienetan (animalia kutsatuaren aerosolak arnasterakoan), baina kasu gutxi batzuetan infekzioa kaparren bitartez gertatu da. Pertsonen arteko transmisioa oso arraroa da.
Q sukarra diagnostikatzea ez da erraza, aldaera asko daudelako. Pazienteen %60k ez du sintomarik nabaritzen. Gainerakoetan gripearen antzeko sintomak eragiten ditu: sukar handia, buruko mina, mialgiak, artralgiak eta eztula. Batzuetan erupzioa edo sindrome meningeoa agertzen dira. Sukarrarekin batera, pneumonia edo hepatitisa ere eragin dezake. Bakanagoak dira haurdunaldiko arazoak, miokarditisa edo gaixotasun neurologikoak.[4]
Immunitate-sistema infekzioa mendean hartzeko gauza ez denean, kroniko bilakatzen da. Horrelakoetan endokarditisa izan ohi da koadro klinikorik ohikoena. Oso larria da, gaixoen %25-60 hil egiten baitira tratamendurik jaso ezean. Gaixotasun baskularrak, osteomielitisa, hepatitis kronikoa edo birika-tumoreak izan daitezke Q sukar kronikoaren beste ondorio batzuk.[4]
Hiru metodo erabiltzen dira: zelula-kultiboak, PCR eta serologia.[4] Ikerketa serologikoak (IFI, ELISA) Coxiella burnetii-ren aurkako antigorputzak bilatzen ditu gaixoaren odolean.