Portulano
Portulano[1] bat, Erdi Aroan eta Pizkundean marinelek erabili ohi zuten itsas mapa da, non portuen geografia ezaugarriez gainera, bestelako datu batzuk adierazten ziren (ekonomia, arriskuak, itsaslasterak etab.). Gainera, ezaugarri grafiko nagusia da nabigazio-lerroak erabiltzea itsas azalera banatzeko, haize-arrosak erabiliz. Hasieran, batez ere Mediterraneoa eta hurbileko itsasoak zeuden adierazita, euskal kostaldea barne, gerora hedatuz joan ziren xehetasunez adierazitako kostaldeak.
Mapa nautiko horiek kabotaje bidezko nabigazioan oinarritzen dira: ontzia itsasertzetik gertu nabigatzen zuen garai hartan, eta horri esker zenbait neurketa bisual egin lur lehorra ikuskatuz. Portulano bat oinarrizko tresnaz (iparrorratza, sestantea eta alidada) egindako ikuskaketa eta irakurketetan oinarritzen da. Iparrorratzaren erabilera orokortu zenean, iparraldea mapen goialdean kokatzen hasi zen, portulanoetan bezala, Erdi Aroko mapa teologikoek ez bezala, non gehienek ekialdea maparen goiko aldean kokatzen zutena (paradisu terrenalaren alegiazko kokapena).
Portulano mapa nautiko zaharrena 1290koa da, Carta Pisana izenekoa eta beharbada Genovan egina, egun Frantziako Liburutegi Nazionalean gordea. Bertan, xehetasun handiz ageri da Gurutzaden garaiko Mediterraneoa ageri da xehetasun handiz, Ekialdearen eta Mendebaldearen arteko elkartruke ugarien erakusgarri[2].
Ekoizpena
aldatu1500 baino lehenagoko mapa portulano gehienak vitela gainean marraztuta daude, kalitate handiko pergamino mota bat, zekor-larruz egina. Banakako mapak normalean bildu egiten ziren, eta atlasak osatzen zituztenak, berriz, zurezko edo kartoizko euskarrien gainean itsasten ziren[3].
Mapa portulano bat marrazteko moduari buruzko lehen azalpenak XVI. mendekoak dira, eta, beraz, Erdi Aroko kartografoek erabilitako teknikak ondorioztatu baino ezin dira egin. Erdi Aroan erabilgarri ohi ziren tresnak gutxi batzuk ziren: erregela bat, bereizgailu pare bat, luma bat eta kolore askotako tintak. Marrazkia, seguruenik, haize-arrosaren lerroekin hasten zen, eta, gero, kartografoak kostaldeko inguruak kopiatzen zituen beste mapa zaharrago batetik. Amaitzeko, leku izenak, xehetasun geografikoak eta dekorazioa gehitzen ziren[3].
Ekoizpen guneak
aldatuXIX. mendeko historialarien arabera, bi familia nagusi bereizten ziren beren jatorriagatik: italiarra, nagusiki Genovan, Venezian eta Erroman garatua, eta katalana, zeinaren ekoizpen-gune nagusia Palma izan baitzen. Portugalgo mapak Palmakoetatik eratorriak zirela uste da. Portulano arabiar gutxi batzuk ere badaude, XX. mendearen bigarren erdira arte sailkatu ez zirenak.
Italiarra
aldatuItaliako ekoizpen oparoa XIII. mendea erdialdean hasi zen, Carta Pisana portulanoarekin, zeina Parisko Liburutegi Nazionalean gordetzen den. XIV. mendekoak dira Carignano mapa, denbora luzez Florentziako Artxibo Nazionalean gordea eta egun desagertua; Pietro Vesconte genovarraren lan kartografikoa, Marino Sanudoren ilustratzailea izandakoa, Francesco Piziganoren mapa (1373), Mallorcako estilistikaren eragina zuena; eta Beccario, Canepa eta Benicasa anaienak, Anconan jaioak.
Katalana
aldatuMallorcarrek berrikuntza bat sartu zuten kartografia nautikoan, zenbait ezaugarri geografiko (herri, mendi, ibai eta abar) eta lekuren irudikapen estilistiko berdina zuten mapa geografikoekin. Mallorcar portulanoen maisulana Atlas katalana da, Abraham Cresquesek egina 1375ean eta Parisko Liburutegi Nazionalean gordea.
Abraham Cresques mallorcar judu bat zen, Petri IV.a Aragoikoaren zerbitzura lan egiten zuena. Bere buxoler (iparrorratz egile) lantegian, Jafuda semearen laguntza zuen. Atlasa mapamundi bat da, hau da, mundu mapa bat bertan bizi diren gizataldeekin batera. Obra Joan printzeak, Petri errefearen semeak, eskatu zion, mundua zehatz irudikatzeko asmoz mendebaldetik ekialdera. Larrukizko 12 orrik osatzen dute, 69x49 cm luze-zabaleko 6 pergaminoz osatuak, zeinak elkarren artean bionbo baten modura loturik zeuden zurezko egitura baten gainean. Lehenengo lau orriak egutegiz eta taula geografiko eta astronomikoz beteta daude. Mapamundi honen berritasun nagusia Asiaren irudikapena da, Kaspiar itsasotik Katai eskualderaino (Txina), Marco Polo eta Jordanusen informazioa kontuan hartzen duena. Mapamundi honetan agertzen dan lehen aldiz haize-arrosa bat.
XIV. mendean, Guillem Solerren lana ere aipatzekoa da, bi estiloak lantzen baititu: nautikoa eta nautiko-geografikoa. XV. mendekoa da Gabriel Vallsecaren mapa portulano ospetsua (1439), Bartzelonako Itsas Museoan gordea. Garrantzi handikoa da, exekuzio-fintasunagatik eta xehetasun nabariengatik, Frédéric Chopin eta George Sandek utzitako tinta-orban batez zikindua[4].
Portulano ezagunak
aldatu- Carta Pisana, Pisa edo Genova, XIII. mendekoa (orain Frantziako Liburutegi Nazionalean)
- Avignongo Karta, XIII. mendekoa (orain Vaucluse departamenduko artxibategian)
- Angelino Dulcerten portulanoa, Palma, 1339 (orain Frantziako Liburutegi Nazionalean)
- Atlas katalana, Palma, 1375 (orain Frantziako Liburutegi Nazionalean)
- Medici Atlasa, 1351 (orain Florentziano Laurentziar liburutegian)
- Pinelli–Walckenaer atlasa, Venezia edo Genova, XIV. mende amaierakoa (orain Londresko British Library-an)
- Corbitis atlasa, XV. mendekoa (orain Veneziako Bibliotheca Marcianan)
- King-Hamy planisferioa, 1502 (San Marino, Los Angelesko Huntington liburutegian)
- Pascal Roizen portulanoa, 1632 (orain Dinango museoan)
-
Medici atlasa (1351)
-
Corbitis atlasa (XV. mendea)
-
Guillaume Brousconen portulanoa (1548)
Erreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ Portulano Zehazki hiztegian (noiz kontsultatua: 2024-02-20)
- ↑ (Frantsesez) Mireille Pastoureau, Voies océanes, Paris, 1990, 13 or.
- ↑ a b (Ingelesez) Campbell, Tony. 'Portolan charts from the late thirteenth century to 1500' (Additions, Corrections, Updates). (Noiz kontsultatua: 2018-12-8).
- ↑ (Frantsesez) George Sand. Oeuvres complètes de George Sand. Perrotin, 69– or..