Francisco Pizarro

Pizarro» orritik birbideratua)

Francisco Pizarro González (Trujillo, 1478ko martxoaren 16a - Lima, Gaztela Berria, gaur egun Peru, 1541eko ekainaren 26a), garaiko grafiaren arabera Françisco Piçarro, Espainiar Inperioaren zerbitzura jardun zuen esploratzailea izan zen. Inka Inperioaren konkistatzailea eta Gaztela Berriko lehen gobernadorea izan zen.

Francisco Pizarro


Peruko erregeorde

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakFrancisco Pizarro y González
JaiotzaTrujillo1478ko martxoaren 16a (egutegi gregorianoa)
Herrialdea Gaztelako Koroa
 Espainia
HeriotzaLima1541eko ekainaren 26a (63 urte)
Hobiratze lekuaLimako katedrala
Heriotza moduagiza hilketa: labankada
Familia
AitaGonzalo Pizarro Rodríguez de Aguilar
Bikotekidea(k)
Seme-alabak
Anai-arrebak
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakkonkistatzailea eta esploratzailea
Jasotako sariak
GraduaJeneral
Sinesmenak eta ideologia
ErlijioaErromatar Eliza Katolikoa

Bizitza aldatu

Francisco Pizarro Extremadurako Trujillo hirian jaio zen, 1478ko martxoaren 16an. Gonzalo Pizarro zaldunaren eta Francisca Gonzalez Mateosen sasiko semea izan zen[1]. Haurtzaro gogorra eta behartsua izan zuen; zerriak zaintzen lan egin zuen. Ez zen eskolara joan eta, horrenbestez, ez zekien ez idazten, ez irakurtzen[1]. 17 urte zituelarik, Napolin borrokatzen ari ziren Gonzalo Fernández de Córdobaren tertzioetan erroldatu zen eta Italiako kanpainan (1498-1501) parte hartu zuen[2].

1502an Nicolas Ovando, Hispaniolako gobernari berriaren Ameriketarako espedizioan itsasoratu zen. 1510ean, Erdialdeko Amerika eta Kolonbia esploratu zituen Alonso Ojedaren espedizioan parte hartu zuen. 1513an, berriz, Vasco Núñez de Balboarekin zen hark Ozeano Barea aurkitu zuenean; aurkikuntza horrek eta han herri aberats bat zelako berriek lurralde horiek konkistatzeko guraria sortu zioten Pizarrori.

1524an, Panaman, bat egin zuen Diego de Almagro konkistatzailearekin eta Hernando de Luque apaizarekin Hego Ameriketako lurraldeak konkistatzeko. Oso bidaia neketsua izan zen, eta lau aldiz itzuli behar izan zuen Almagrok Panamara hornidura eta gizon gehiagoren bila; azken itzul-bidaian Panamako gobernariak uko egin zion eskaerari. Berria jaso zutenean, Pizarrok marra bat marraztu zuen ezpataz harean: hegoaldeko konkistan jarraitu nahi zutenek marra igaro besterik ez zuten egin behar. Marra gainditu zuten Hamairu Ospetsuek hegoalderantz jo zuten, eta Inka Inperioko lehen aztarnak aurkitu zituzten. 1528an Panamara itzuli zen Pizarro, eta handik Espainiara jo zuen Karlos V.a enperadorearengandik konkista gauzatzeko behar zituen tituluak eta baldintzak eskuratzera. 1529ko Toledoko hitzarmenean, Inka Inperioa konkistatzeko baimena ez ezik, espedizioaren buruzagitza, gobernadore titulua eta beste hainbat sari jaso zituen Pizarrok; horrek, ordea, arazoak sortu zizkion bere espedizio kideekin[1].

1530eko urtarrilaren 18an Sevillako portutik abiatu zen, Hernando, Juan eta Gonzalo anaiekin batera. 1531n Inken lurraldera iritsi zen. Une hartan, Atahualpa erregea eta haren anaia Huascar gerran zeuden. Pizarrok, amarruz, inken buruzagia atxilotu zuen 1532an. Urre eta zilarrezko bahisari itzela kobratu zuen arren, 1534an Atahualpa hilarazi zuen[1]. Ondoren, Huascarren aldeko nobleekin elkarturik, Peru ia erresistentziarik gabe konkistatu zuen. 1534an Cusco, Inka Inperioko hiriburua, hartu, eta Juan anaia hango erregidore izendatu zuen. 1535ean Ciudad de los Reyes (gaur egungo Lima) sortu zuen.

1537ko apirilean, Diego de Almagrok, Pizarroren bazkide ohiak, Cusco bere agindupeko lurraldeetan zegoela iritzita, hiria indarrez hartu zuen eta Pizarroren Hernando eta Gonzalo anaiak espetxeratu zituen. Limatik iritsitako Francisco Pizarroren tropek Almagro garaitu, atxilotu eta, 1538ko uztailaren 8an, hilarazi zuten[2]. Almagroren aldekoak haren seme Diegoren inguruan bildu ziren, eta 1541eko ekainaren 26an Pizarroren Limako jauregian sartu eta hil egin zuten.

Erreferentziak aldatu

  1. a b c d Francisco Pizarro. in: Enciclopedia Católica Online. ec.aciprensa.com (Noiz kontsultatua: 2015-08-26).
  2. a b Martín Rubio, María del Carmen. Francisco Pizarro. El hombre desconocido. in: Coloquios históricos de Extremadura. chdetrujillo.com (Noiz kontsultatua: 2015-08-26).

Kanpo estekak aldatu