Halterofilia

Pisu-jasotze» orritik birbideratua)

Halterofilia edo pisu-jasotze[1] (ingelesez: weightlifting) ahalik eta kilo gehienez osatutako barra lurretik buru gainera jasotzea helburutzat duen kirol olinpikoa da, eta hau praktikatzen duten kirolariei pisu-jasotzaile[2] edo haltera[2] deitzen zaie[3]. Kirol horretan bi ariketa aurki daitezke: batetik, abiada (snatch) eta, bestetik, bi denbora (clean and jerk). Lehenengoaren helburua barra lurretik buru gainera higidura batean jasotzea da, eta, bigarrenean, aldiz, bere izenak esaten duen moduan bi denboratan egiten da: lehendabizikoa lurretik sorbalda gainera eta bigarrena sorbaldetatik buru gainera eta bietan gorputzaren estentsio osoa lortu behar da.

Hori guztia egiteko, atleten aldetik indar psikologiko eta fisikoa izateaz gain, teknika, abiadura eta zehaztasun handia ere behar da. Hau lortzeko gorputza modu funtzionalean trebatu behar da, indar leherkari eta teknika egokiena erabiliz ahalik eta pisu gehien jaso ahal izateko [3].

Pisu-jasotzea Europa Erdialdean XIX. mendean garatu zen; izan ere, garai horretan tabernetan indar-erakusketak egiteko ohitura zegoen, ertz bakoitzean bola bat zuten barrak erabiliz. Mende horren bukaeran zirkuko langileek baino ez ziren horretan jarduten, baina geroago amateur mailan jarduten hasi ziren. Kirol olinpikoa izatera pasatu zen 1896ko Atenasko Joko Olinpikoetan, baina gizonezkoentzat bakarrik, emakumezkoen modalitatea ez baitzen 2000ko Sidney-ko Joko Olinpikoetara arte sartu.

Espainiako estatu mailan izan diren lehenengo pisu-jasotzaile olinpikoak Jose Luis Izquierdo eta Rodriguez Lafuente izan ziren 1960ko Joko Olinpikoetan, eta, horien ondoren, Francisco Mateos eta Joaquin Valle etorri ziren, besteak beste[4].

HistoriaAldatu

Pisu-jasotzea kirolik zaharrenetarikoa da; izan ere, bere jatorria Txinan dago K.a 3600. urtean non enperadoreek indar ariketak praktikatzen zituzten.

Chow dinastian eta antzinako greziarren garaian ere baditugu zenbait aztarna. Lehenengoan, soldaduek armadaren parte izateko pisu zehatz bat jaso behar zuten, eta, bigarrenean, greziarrek luzera jauziak egiteko gainean pisuak eramaten zituzten, horrek jauzia hobetuko zuen usteaz. Gainera, haltera hitza grekoko "hallomai" hitzetik dator eta "jauzi egin" esan nahi du.

Historialari gehienek pisu-jasotzearen aitzindaritzat Crotonako Milon greziar borrokalaria dute. K. a. VI. mendean Grezia “Indarraren Garaia” izenaz ezagutzen zen, eta bertan ezarri ziren gaur egungo pisu-jasotzearen oinarriak.

XIX. mendean, gehienbat Europa Erdialdean, tabernetan indar-erakusketak egiteko ohitura zegoen; horretarako, alde bakoitzean metalezko bola bat zuten burdinazko barrak erabiltzen ziren. Mende bukaeran pisu-jasotzea zirkuko langileek baino ez zuten egiten (aipagarrienak Saxon anaiak), eta aurrerago amateur mailan jarduten eta kluben arteko lehiaketak egiten hasi ziren [5]

1896an Atenasen ospatu zen lehenengo Joko Olinpiko Modernoan (pisu-jasotzea horren parte izan zen) non Launceston Elliot ingelesa gailendu zen esku batekin 71 kg altxatu ondoren. 1900. urtean ez zen lehiaketarik egin. 1904ko Saint Louiseko Joko Olinpikoetan Pericles Kakousis greziarrak 111,67 kg altxatu zituen.

Lehiaketa gabeko zortzi urteren ondoren, 1920ko Anberesko Joko Olinpikoetan berriz ere gehitu zen lehenengo aldiz, atletak pisuaren arabera sailkatu ziren: luma, arina, ertaina, erdi-pisutsua eta pisutsua. 1928an Amsterdamen hiru modalitate ezarri ziren, abiada, garapena eta bi denbora. Urte batzuk geroago, 1972an Munichen, bi kategoria gehitu ziren: eulia eta oso pisutsua.

1987an emakumezkoen lehenengo pisu-jasotze txapelketa ospatu zen, eta 1997an Olinpiar Batzordeak emakumeek Joko Olinpikoetan esku hartzea onartu zuen. Garai horretan kategoriek aldaketa ugari jasan zituzten baina gaur egun gizonezkoetan zortzi eta emakumezkoetan zazpi kategoria aurki ditzakegu.[4]

1905ean Parisen Nazioarteko Federazioa sortu zen, eta hamalau herrialdek osatzen zuten, hortik abiatuta federazio nazionalak sortuz.

1920an Nazioarteko Pisu-jasotze Federazioa ezarri zen, gaur egun International Weightlifting Federation (IWF) izenaz ezagutzen duguna, eta hainbat herrialdetako federazioez osatuta dago. Erakunde horren helburua nazioartean egiten diren pisu-jasotze topaketak kontrolatu eta arautzea da, errekorrak homologatzeaz gain.[6]

Lehiaketetako irabazleak urtez urte aldatuz joan dira:​ mende hasieran Austria, Alemania eta Frantzia gailentzen ziren, ondoren Egipto eta, urte batzuen ondoren, Ameriketako Estatu Batuak. 1950eko eta hurrengo hamarkadetan Sobietar Batasuneko atletak gailendu ziren, eta beraien aurkaririk nagusiena Bulgaria izan zen. 90eko hamarkadaren erditik aurrera, ordea, Turkia, Grezia eta Txina nagusitu ziren, gizonezko kategorian Georgia eta emakumezkoetan Txina, zehazki. Hala eta guztiz ere, orokorrean, mundu-mailako kontinenterik indartsuena Europa da.

Lehiaketetako kategoriakAldatu

Lehiaketak emakumezko eta gizonezko kategorietan banatzen dira, eta, aldi berean, gorputzaren pisuaren araberako azpikategoriak daude. Gaur egun Nazioarteko Pisu-jasotze Federazioak (IWF) 2018ko udan onartutako kategoriak daude indarrean:

Emakumezkoen kategoriakAldatu

IWFko kategoriakAldatu

  • -45 kilogramo (99 lb)
  • -49 kilogramo (108 lb)
  • -55 kilogramo (121 lb)
  • -59 kilogramo (130 lb)
  • -64 kilogramo (141 lb)
  • -71 kilogramo (157 lb)
  • -76 kilogramo (168 lb)
  • -81 kilogramo (179 lb)
  • -87 kilogramo (192 lb)
  • 87 kilogramo edo gehiago (191 lb+)

Kategoria olinpikoakAldatu

  • -49 kilogramo (108 lb)
  • -55 kilogramo (121 lb)
  • -59 kilogramo (130 lb)
  • -64 kilogramo (141 lb)
  • -76 kilogramo (168 lb)
  • -87 kilogramo (192 lb)
  • 87 kilogramo edo gehiago (191 lb+)

Gizonezkoen kategoriakAldatu

IWFko kategoriak:Aldatu

  • -55 kilogramo (121 lb)
  • -61 kilogramo (134 lb)
  • -67 kilogramo (148 lb)
  • -73 kilogramo (161 lb)
  • -81 kilogramo (179 lb)
  • -89 kilogramo (196 lb)
  • -96 kilogramo (212 lb)
  • -102 kilogramo (225 lb)
  • -109 kilogramo (240 lb)
  • -109 kilogramo edo gehiago (240 lb+)

Kategoria olinpikoakAldatu

  • -61 kilogramo (134 lb)
  • -67 kilogramo (148 lb)
  • -73 kilogramo (161 lb)
  • -81 kilogramo (179 lb)
  • -96 kilogramo (212 lb)
  • -109 kilogramo (240 lb)
  • -109 kilogramo edo gehiago (240 lb+)

AriketakAldatu

AbiadaAldatu

Lehiaketako lehenengo ariketa da, barra lurretik buru gainera higidura batez altxatzean oinarritzen eta bi modalitateen artean teknikoena dena.

Barra plataforma gainean eta jasotzailearen aurrean horizontalki jarrita hasten da, eta atletak eskuak pronazioan izanik helduko du. Horren ondoren, barra higidura baten bidez plataformatik buru gainera jaso beharko du, barra jarraikortasunez gorputz osotik pasatuz eta hau estentsioan geratuz.

Barra buru gainean atxiki behar da, hiru epaileetako batek “lurra” esan arte, bestela jasoaldia ez da baliozkotzat joko.

Bi denboraAldatu

Lehiaketako bigarren ariketa da eta bere izenak esaten duen moduan bi denboratan egiten den modalitatea da, eta fase bi daude: lehenengoa lurretik sorbalden gainera (clean) eta, bigarrena, berreskuratu ondoren sorbaldetatik buru gainera (jerk) egiten dena da.

Modalitate honetan ere barra plataforma gainean eta jasotzailearen aurrean horizontalki jarririk hasten da, eta atletak eskuak pronazioan jarririk helduko du, abiadako zabalera baino estuago. Ondoren, lurretik sorbaldarako eta sorbaldetatik buru gainerako bi higidurak egingo ditu, eta honetan ere gorputz osoa estentsioan geratu behar da barra epaileak "lurra" esan arte hor eutsiz.

JanzkeraAldatu

  • Oinetakoak: orokorrean larruzkoak izaten dira, eta horren atzealdean zurruma dute, egonkortasuna emateko eta lesioak saihesteko.
  • Maillota: elastanezko jantzia da, atletari erosotasuna emango diona.
  • Belaunetakoak: belauneko lesioak edo minak saihesteko erabiltzen dira.
  • Gerrikoa: bizkarreko beheko aldean gainzama dagoenean, edo hauek saihesteko gerrian jartzen da.
  • Eskumuturrekoak: eskumuturreko giltzadura babesteko.
  • Uhalak: lehiaketetan debekatuta daude baina trebatzeko erabiltzen dira, helduera hobea lortzeko.
  • Magnesio-hautsak: esku eta sorbaldetan ematen dira labainketak saihesteko eta, aldi berean, helduera hobetzeko.

ErreferentziakAldatu

Ikus, gaineraAldatu

Kanpo-estekakAldatu