Petrolioaren Iraultza

Alcoin langile anarkistek egindako matxinada, 1873

Petrolioaren Iraultza edo Petrolioaren Hondamendia matxinada iraultzaile anarkosindikalista bat izan zen, 1873ko uztailean gertatua Alcoin (Alcoià, Valentziar Herrialdea), mugimendu kantonalen esparruan. Izen hori hartu zuen langileek, haserre, petrolioz igurtzitako lastargiak eraman zituztelako, edo, ziurrenik, egun batzuetan, hiri osoak petrolio usaina hartu zuelako.[1][2][3]

Petrolioaren Iraultza
L'arrastrà del cadàver de l'alcalde Agustí Albors pels carrers d'Alcoi (Alkatearen gorpua arrastaka Alcoiko kaleetan barrena)
Data1873ko uztailaren 9 - uztailaren 13
LekuaAlcoi
EmaitzaMatxinada ezeztatua
Gudulariak
Espainiako Lehen Errepublika Osasun Publikoko Batzordea
Buruzagiak
Agustí Albors i Blanes Severí Albarracín
Galerak
13 hildako: Agustí Albors i Blanes alkatea, 4 zibil, guardia zibil bat; eta 7 udaltzain 2 hildako; 500-700 bat langile atxilotuta; 282 epaituta

Gertakarien ondorioz, garai hartako gizarte gatazken lehen lerroan jarri zen Alcoi hiria, langileen bizi baldintzak gogorrak baitziren. Espainian Langileen Nazioarteko Elkartea (AIT) sortzen antolatu eta aitzindari izan ziren. Petrolioaren Iraultzan, langileek hiriaren kontrola hartu zuten 1873ko uztailean, greba orokor batean, eta azkenean Agustí Albors i Blanes alkate errepublikanoaren aurkako matxinada bat bihurtu zen. Istiluetan, Alborsek manifestarien aurka tiro egiteko agindua eman zuen. Manifestariak udaletxeari eraso eginez eta alkatea erailda defendatu ziren.

Hiriak independentetzat jo zuen bere burua, 1873ko uztailaren 9tik 13ra Osasun Publikoko Batzordeak gobernatu baitzuen, Severí Albarracín buru zela. Manifestariek soldata igoerak eta lanaldi murriztua deklaratu zituzten. Azkenik, matxinada amaitu zen armada federalaren esku hartzearekin eta hiriaren okupazio militarrarekin. Langileen aurkako errepresio zorrotza ezarri zen.

Aurrekariak aldatu

Espainiako Lehen Errepublikaren garaian, Industria Iraultza gauzatu zen hiri bakarretako bat izan zen Alcoi. Hiri oparoa zen, inoizko industrializazio maila gorenaz. Garai hartan, «Bartzelona ttipia» esaten zioten, bai langile mugimendu bizi bat sortu zelako, bai industria ugari ezarri zirelako bertan.

Hirian papergintzako, ehungintzako eta metalurgiako industriam gero eta indartsuagoen ondorioz, biztanleria asko handitu zen eta, aldi berean, ekoizpen kapitalistako sistema zorrotz bat bat ezarri zen, besteak beste, mekanizazio goiztiar bat ekarri zuena, eskuzko lanaren ordezko gisa. Horren ondorioz, mugimendu luddistak agertu ziren, makinak suntsitu nahi izan zituena langile klasearen aldarrikapen eta defentsan. Alcoiko 30.000 biztanleen herenak, emakumeak eta haurrak barne, industrian lan egiten zuen: 5.500 ehungintzako 175 enpresatan eta 2.500 papergintzako 74 enpresatan. Bizi baldintzak oso gogorrak izan ziren, Alcoin haurren % 42 bost urte bete baino lehen hiltzen baitziren. Horrek azaltzen du, neurri handi batean, Langileen Nazioarteko Elkartearen (AIT) Espainiako Eskualde Federazioak (FRE) izan zuen hazkunde izugarria; 1872aren amaieran, 2.000 kide baino gehiago zituen, hiriko langileen ia laurdena.[4]

1872ko abenduaren 15a eta 1873ko urtarrilaren 3a bitartean Kordoban FREk egindako biltzarrean, onartu zuen bazterrean uztea Hagako 1872ko Biltzarraren ebazpen «autoritarioak» (marxistak) baztertu eta aintzat hartzea Saint-Imierren egindako biltzarraren antiautoritarioak (anarkistak), Hala, erabaki zen Kontseilu Federala bertan behera uztea eta, haren ordez, Harreman eta Estatistika Batzorde bat eratzea, egoitza Alcoin izango zuena, eta Severí Albarracín buru izango zuena.[5]

Espainiako Lehen Errepublika 1873ko otsailaren 11n aldarrikatu ondoren, martxoaren 2an egindako FRE-AITren batzar lokal batek eztabaidatu zuen erregimena aldatu ondoren hartu beharreko jarreraz. Batzorde Federalaren aktetan hala jaso zen:[4]

« Lagun batek [ziur aski Severí Albarracínek, Avilés Farré-ren arabera] argi eta garbi erakutsi zuen klase ertainaren politikan izandako aldaketa erakundeen izenean besterik ez zela izan, baina, azken finean, askatasunaren eta justiziaren aurrerapenerako oztopo berberak zirela. Beraz, beharrezkoa zen Nazioarteko Elkarteak aldarrikatutako propaganda eta antolaketa aktibatzea, alderdi burges guztiak kontuan hartu gabe, eta egungo gizarte burgesaren erakunde eta pribilegio guztiak egokitzat jotzen direnean suntsitzeko indar nahikoa eman dezakeen bakarra, eta proletalgoaren antolaketa iraultzailea burgesiak zuzentzen duen edozein erakunde autoritariotatik kanpo; edo gauza bera, langileei armak ematea, burgesiaren milizia horietatik kanpo, prest egon daitezen, zer gerta ere. Txalo mordo batek erakutsi zuen Batzarrak ados zegoela adierazitako ideiekin. »

Martxoaren 9an, hamar mila lagun inguruk parte hartu zuten manifestazio batean, Alcoiko kaleak gurutzatu eta zezen plazan egindako mitin batean amaitu zen. Aho batez onartu zuten soldatak igotzea eta lanorduak murrizteko eskaera.[6]

Gertaerak aldatu

 
Merkatu kaleko etxadiari su eman zioten matxinatuek.

Mugimendu kantonalistaren gerizpean langileen iraultza lokalak sortu ziren, han eta hemen, Espainiako estatu osoan; horien buru izan zen Petrolioaren Iraultza.

Josep Termesen arabera, Errepublika Federalaren aldarrikapenarekin, ekainaren 8an, FRE-AITren Batzorde Federalak iraultza eragiteko garaia zela ondorioztatu zuen. Ekainaren 15ean, langileei eskatu zien «proletalgoaren ekintza iraultzailea antolatzeko eta prestatzeko, botere autoritarioek babesten eta sustatzen dituzten pribilegio guztiak suntsitzeko». Uztailaren 6an, Tomás González Morago Batzordeko kideak, Belgikako Federazioari bidalitako gutun batean, Espainian laster sortuko zen gizarte iraultza iragarri zuen.[6]

Uztailaren 7an, Batzordeak hiriko langileen batzarra deitu zuen zezen plazan. Han, hurrengo egunean greba orokorra egitea erabaki zen, soldatak % 20 handitzeko eta lanaldia 12 ordutik 8ra murrizteko.[4] Uztailaren 8an hasi zen greba, eta Severí Albarracín, Batzorde Federaleko kideak, Valentziako Federazioari gutun bidez jakinarazi zionez, «prest zeuden edozein modutan irabazteko eta eskura zeuden baliabide guztiak erabiltzeko, baita, beharrezkoa balitz, indarra ere». V. Fambuena, Batzordeko kidea ere, Buñoleko atalera bidalitako gutun batean adierazi zuen: «Gaur, langileen greba orokor batean gaude, 10.000 lagun bildu ditugu, gure bidera datorren guztiari aurre egiteko prest», idatzi zuen, eta burkide guztiei dei egin zien «gure auziaren alde lan egitera, atsedenik gabe, laster Likidazio Sozialaren egunera iristeko».[6]

 
Alcoiko udaletxea, Petrolioaren Iraultzan errea.

Uztailaren 9an, fabrika jabeek, udaletxean bilduta,[6] langileen eskariak gehiegizkotzat jo zituzten, eta Agustí Albors i Blanes alkate errepublikano federalaren babesa aurkitu zuten. Orduan, langileek alkatearen dimisioa eta Nazioarteko Batzorde Federalak osatutako batzorde iraultzaile batek ordeztea eskatu zuten.[4] Errepublikaren plazan —edo, ordura arte, San Agustin plazan—[6] udaletxearen aurrean bildu zirenean, alkateak eta batzordekideak egiten ari ziren bileraren emaitzaren zain,[7] udaltzaingoak tiro egin zien, alkatearen aginduz,[4] eta hildako bat eta hainbat zauritu eragin zituen.[7] Langileak sakabanatu egin ziren, baina gero armak hartuz eta kaleak hartuz erantzun zuten. Zenbait jabe atxilotu zituzten —ehun baino gehiago, zenbait iturriren arabera— bahituak hartu zituztenak; gero, erreskate bat ordaindu ondoren, greba ordaintzeko; fabrika batzuei ere su eman zieten.[4][7] Albors alkatea eta 32 guardia udaletxean gordeta zeuden, Gobernuari eskatutako errefortzuak noiz iritsiko zain, baina eraikina eta inguruko beste etxe batzuk erre zituztenez hogei orduko setioaren ondoren, udaletxe barruan zirenek etsi egin behar izan zuten. Istiluan, Albors alkatea bortizki erail zuten —beste bertsio batzuen arabera, Alborsek ihes egitea lortu zuten, handik gutxira aurkitua eta eraila izan zen— eta beste hamabost pertsona ere hilak izan ziren.[7] Alkatearen gorpua hiri osoan zehar eraman zuten arrastaka; gainera, haren zakila erakutsi zuten garaipenaren ikur gisa. Udalbatzako gainerako kideak ere udaletxean atxilotu zituzten.[8] Erregistroen arabera, hamabost biktima izan ziren, horietatik hamahiru matxinatuek eragindakoak: Albors alkatea; lau zibil; guardia zibil bat; eta zazpi udaltzain, horietako hiru hil zituztenak beren burua entregatu ondoren; eta bi langile, udaltzainek hildakoak.[4]

1873ko uztailaren 9tik 13ra bitarte, Osasun Publikoko Batzorde iraultzaile batek gidatu zuen hiria, Severí Albarracín buru zuela. Soldata hobetzea eta lanaldia murriztea eskatzen zuten iraultzaileek. Azkenik, matxinada armadaren esku hartzearekin amaitu zen, hiriaren okupazio militarrarekin, iraultzaileen aurkako mendeku gogorrekin eta langile klasearentzako ia hobekuntzarik gabe. 600 langile baino gehiago epaitu zituzten, baita 12 eta 17 urte bitarteko adingabeak ere. Epaitutako asko heriotzara kondenatu zituzten.[9]

Nazioarteko Batzordeko kideek Alcoitik ihes egin zuten uztailaren 12ko gauean, eta Madrilen babestu ziren.[4] Handik, Francisco Tomasek, irailaren 15eko gutun batean, Alcoiko matxinada bereizi zuen, «langile mugimendu sozialista erabat iraultzailea», ez baitzen kantoi matxinada edo mugimendu «politiko eta burges hutsa» izan.[5]

Berehala, iraultzaileen ankerkerien kontakizun ugari zabaldu ziren, eta horrek Batzorde Federala behartu zuen ukapen hotsandiko bat egitera, uztailaren 14an argitaratutako agiri baten bidez:[4]

« Balkoitik jaurtitako izakiak, apaizak kale-argietatik zintzilikaturik, petrolioz blaitutako eta hegaldian tiroz hildako gizonak, zibilen buruak moztu eta kalean paseatuak, udaletxea sutu eta suntsitzea, neska errugabeak bortxatzea, gezur horiek guztiak kalumnia beldurgarriak dira. »

Ondorioak aldatu

Gertaeren ondoren, errepresio ikaragarria piztu zen. 500-700 bat langile atxilotu zituzten eta 282 prozesatu.[7] Manuel Tuñón de Lara historialariaren arabera, errepresioa Emilio Castelarren gobernu berria eratu ondoren hasi zen, Nicolás Salmerónen gobernua ordeztu zuena. Irailaren hasieran, Alcoin instrukzioko epaile bat agertu zen 200 guardia zibilekin, eta ehunka langile atxilotu zituzten. Horietako asko Alacantera eraman zituzten.[5] 1876an amnistia batek kartzelatik askatu zituen, eta 1881ean beste amnistia bat izan zen. 1887an, absolbitu egin zituzten azken hogei akusatuak, eta horietatik sei oraindik kartzelan zeuden, egintzak gertatu eta hamalau urtera. «Justiziak argitu ahal izan zituen gertaerak, baina ezin izan zituen modu fidagarrian identifikatu errudunak».[4]

Petrolioaren Iraultzaren gertaeren ondorioz, hautsi egin zen errepublikanoen eta anarkisten arteko lankidetza, eta argudio sendo bat eskaini zien marxistei, kritikatzeko anarkistek langile mugimendua zuzentzeko ustez zuten ezintasuna. Friedrich Engelsesek berak gogor kritikatu zuen bakunistek matxinadan ukan zuten eginkizuna, 1873ko mezu batean.[10]

Handik aitzina, langile klasearen sektore batzuk Eliza Katolikoaren zenbait fakzioren laguntzapean hasi ziren antolatzen; proletarioen aldeko zenbait erakunde eta antolamendu sortu ziren, baita lanbide eskolak (horien artean, salestarrak), langile katolikoen zirkuluak, lan mutualitateak, aurrezki kutxa (1875), sindikatuak eta abar. Alcoi izan zen Langileen Nazioarteko Erakundea (AIT) ezarri zen estatuko lehen herria, Petrolioaren Iraultza amaitu eta berehala, eta langile mugimenduaren joera ideologikoa anarkosindikalista izaten jarraitu zen, nahiz eta, urte batzuetan, Eliza izan zen langile klasearen eta «jabeen» arteko bitartekaria.[11]

Herri kultura aldatu

Isabel-Clara Simó idazleak Júlia eleberrian (1983) Petrolioaren Iraultzari lotutako istorio bat azaldu zuen. Júlia neska gaztea Alcoiko ehun fabrika batean lan egitera behartuta dago, Petrolioaren Iraultzan langile gisa parte hartzeagatik aita kartzelan hil ondoren.[12]

Erreferentziak aldatu

  1. (Katalanez) Ateneu Llibertari Estel Negre. (2023-08-17). «Revolució del petroli (1873)» web.archive.org (Noiz kontsultatua: 2023-10-29).
  2. (Gaztelaniaz) «La Revolución del petróleo en Alcoi» El Salto - País Valencià (web.archive.org) 2023-08-17 (Noiz kontsultatua: 2023-10-29).
  3. (Katalanez) Tena, Violeta. (2023-07-17). «La Revolució del Petroli, més enllà del mite» El Temps (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2023-10-29).
  4. a b c d e f g h i j (Gaztelaniaz) Avilés Farré, Juan. (2013). La daga y la dinamita: los anarquistas y el nacimiento del territorio. Barcelona: Tusquets, 73.74 or. ISBN 978-8483837535..
  5. a b c (Gaztelaniaz) Tuñón de Lara, Manuel. (1972). El movimiento obrero en la historia de España I.1832-1899. Madrid: Taurus, 192-193 or..
  6. a b c d e (Gaztelaniaz) Termes, Josep. (2000). Anarquismo y sindicalismo en España: la Primera Internacional, 1864-1881. Barcelona: Crítica ISBN 978-8484320586..
  7. a b c d e (Gaztelaniaz) Manuel, Cerdá. (1988). «Historia del pueblo valenciano» Valencia (Caja de Ahorros de Valencia) ISBN 978-8440437655..
  8. (Katalanez) Santacreu Cortés, Irene Elisa. (2021-07-06). «Pelletes i els 'arrastralcaldes'» El Temps de les Arts (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2023-10-29).
  9. (Katalanez) «Com va ser la repressió després de la Revolució del Petroli a Alcoi?» Pagina 66, Noticias de Alcoy y de El Comtat (web.archive.org) 2023-06-22 (Noiz kontsultatua: 2023-10-29).
  10. (Ingelesez) Engels, Friedrich. (1939). «The Bakuninists at Work. An account of the Spanish revolt in the summer of 1873» Revolution in Spain (Lawrence & Wishart (web.archive.org)) (Noiz kontsultatua: 2023-10-29).
  11. (Gaztelaniaz) Fernández Vilaplana, Diego L.. (2018). «El levantamiento obrero más importante del siglo XIX» Del siglo XIX al XXI. Tendencias y debate, (Alacant: Asociación de Historia Contemporánea. Congreso (14.º. 2018. Alicante)): 67-80. ISBN 978-8417422622..
  12. (Katalanez) Garcia-Carbó, Aina. (2023-05-04). «Quan Isabel-Clara Simó va viatjar a l'Alcoi en flames» directa.cat (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2023-10-29).

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu