Ophiura ophiura Ozeano Atlantikoaren ipar-ekialdean bizi den ofiura bat da.

Ophiura ophiura
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaEchinodermata
KlaseaOphiuroidea
OrdenaOphiurida
FamiliaOphiuridae
GeneroaOphiura
Espeziea Ophiura ophiura eta Ophiura ophiura
Linnaeus, 1758

[[|]]

Taxonomia aldatu

Lineok deskribatu zuen 1758. urtean Systema Naturae liburuaren hamargarren edizioan[1]. Asterias ophiura izena eman zion itsas izarren taldean sartuz, eta 1766an Asterias ciliaris berrizendatu zuen. 1801ean J. B. Lamarckek Ophiura generoa sortu zuen[2].

Izena latinezko ophiurus hitzetik dator eta hau antzinako grezierazko ὄφις (óphis, “sugea”) + οὐρά (ourá, “buztana”) hitzen elkarketatik. Izan ere ofiuraren besoek sugeen buztanen itxura baitute[3].

Deskribapena aldatu

35 mm inguruko diametroa duen disko zapal bat du, simetria pentagonala duena. Handik bost beso fin ateratzen zaizkio, 140mm inguruko luzera dutenak[4].

Kolore marroi-gorrixka du, azpialdean apalagoa da, ia zuria. Diskoaren gainaldea eta azpialdea karezko plaka estalita daude. Besoak gainaldean lotzen zaizkio diskoari eta lau plakatxo dituzte lotunean. Hauetatik bik ertz borobildua dute eta 20-30 papila fin ditu bakoitzak[4]. Besoek arantza txiki ugari dituzte horizontalean kokaturik. Besoak nahiko zurrunak badira ere mugitzeko gaitasuna dute, horizontalki artikulaturiko plakaz estalirik baitaude, eta ofiurak horrela igeri egin dezake[5].

Diskoaren azpialdean ahoa kokatzen da. Bost plakak inguratzen dute eta bakoitzak baraila du. Baraila bakoitzean hortz ilarak bertikalean kokatzen dira eta alboetan aho-papilak ditu.

Banaketa aldatu

Ozeano Atlantikoaren ipar-ekialdeko itsasoetan bizi da, Islandiatik eta Norvegiatik hasi eta Bizkaiko golkoan barrena Azoreak eta Madeira uharteetaraino. Mediterraneoan ere zabaldurik dago Itsaso Beltzeraino[5].

Marearen eraginetik behera bizi da, eremu neritikoan, 200 metro inguruko sakoneran. Itsas hondo hareatsuak atsegin ditu, sedimentuen ale finak dituztenak, %35a inguru lohia dutenak. Ipar itsasoan oso ugaria izatera iristen da, 20-50 ale metro koadroko aurkitu izan da[6].

Biologia aldatu

 
Ofiurak belaki baten gainean.
 
Ofiuraren karezko plakak.

Portaera aldatu

Animalia oso aktiboa da, azkar mugitzen dena. Horretarako besoak mugituz igeri egiten du. Beso horiek erabilita itsas hondoko sedimentuetan zuloak egiten ditu eta egunez hondarretan ezkutatzen da. Gauez ateratzen da elikagai bila[7].

Eikadura aldatu

Sedimentuak iragaziz elikatzen da eta elikagai aniztasun handia du; itsas zizareak, krustazeoak (isopodoak eta anfipodoak), bibalbio txikiak, ofiura txikiagoak, larbak, nematodoak, arrain zatiak, diatomeak, landare hondarrak, materia organikotan aberatsak diren sedimentuak... Haragijalea eta detritiboroa ere izan daiteke.

Parartotrogus richardi kopepodoa ofiuren bizkarroia da[1].

Ugalketa aldatu

Udan izaten du ugalketa garaia. Kanpo ernalketa bidez sortzen dira arrautzak. Arrautza hauek poltsa antzekoak dira eta enbrioiak bertan garatzen dira. Arrautzetatik sortzen diren larbak pelagikoak dira eta igerian ur azalera igoz zoolanktonaren parte bihurtzen dira. Metamorfosia izaten dutenean ofiura txiki bihurtzen dira eta hondora jaisten dira ofiura gazte bilakatzeko[8].

Istripuz edo harrapari baten erasoaren ondorioz besoren bat galtzen badu berriz sor dezake, itsas izarren antzera[9].

Gizakiarekin harremana aldatu

Eskozian arrantzaleek ofiurak eta Asterias rubens itsas izarrak hartu zituzten nahigabe eta berehala uretara itzuli bazituzten ere 14 egunetan ofiura guztiak hil ziren, aldiz itsas izarren %4a baino ez[10].

Akuarioetan ohikoak dira ordea, ondo egokitzen dira eta materia organiko hilaz elikatzen direnez sedimentuak garbitzen dituzte[11].

Erreferentziak aldatu

  1. a b «WoRMS - World Register of Marine Species - Ophiura ophiura (Linnaeus, 1758)» www.marinespecies.org (Noiz kontsultatua: 2024-02-04).
  2. (Gaztelaniaz) «Ophiura ophiura (Linnaeus, 1758)» www.gbif.org (Noiz kontsultatua: 2024-02-04).
  3. (Ingelesez) «Ophiura» Wiktionary, the free dictionary 2023-07-18 (Noiz kontsultatua: 2024-02-04).
  4. a b «Ophiura ophiura - Marine Life Encyclopedia» www.habitas.org.uk (Noiz kontsultatua: 2024-02-04).
  5. a b (Ingelesez) «Serpent star (Ophiura ophiura) - MarLIN - The Marine Life Information Network» www.marlin.ac.uk (Noiz kontsultatua: 2024-02-04).
  6. Degraer S., J. Wittoeck, W. Appeltans, K. Cooreman, T. Deprez, H. Hillewaert, K. Hostens, J. Mees, E. Vanden Berghe & M. Vincx. (2006). The macrobenthos atlas of the Belgian part of the North Sea. Belgian Science Policy. D/2005/1191/3. , 164 or. ISBN 90-810081-6-1..
  7. (Gaztelaniaz) Ophiura ophiura. (Noiz kontsultatua: 2024-02-04).
  8. «Ophiura ophiura, Serpent brittle star» www.sealifebase.ca (Noiz kontsultatua: 2024-02-04).
  9. Sköld, Mattias; Rosenberg, Rutger. (1996-06-01). «Arm regeneration frequency in eight species of ophiuroidea (Echinodermata) from European sea areas» Journal of Sea Research 35 (4): 353–362.  doi:10.1016/S1385-1101(96)90762-5. ISSN 1385-1101. (Noiz kontsultatua: 2024-02-04).
  10. academic.oup.com (Noiz kontsultatua: 2024-02-04).
  11. (Gaztelaniaz) «Ophiura ophiura - EcuRed» www.ecured.cu (Noiz kontsultatua: 2024-02-04).

Kanpo estekak aldatu