Gaixotasun autoimmune
Gaixotasun autoimmuneak immunitate-sistemaren funtzionamendu okerraren ondorio dira, alegia, organismoak bere buruarekiko duen tolerantzia apurtzen denean (autotolerantzia) agertzen dira. Gaitz hauen oinarria gorputzaren berezko antigenoak eta kanpoko antigenoen arteko desberdintasuna ez ezagutzean datza.
Gaixotasun autoimmune | |
---|---|
Deskribapena | |
Mota | hipersentsibilitatea, eritasuna, gaixotasun immunologikoa primary immunodeficiency disease (en) |
Espezialitatea | Immunologia Erreumatologia |
Arrazoia(k) | II motako hipersentsibilitate |
Sortzen du | kulunkatze eritasuna, lupus eritematoso sistemikoa Artritis erreumatoidea |
Tratamendua | |
Erabil daitezkeen botikak | ziklosporina, azatioprina, dexametasona, prednisona eta metilprednisolona |
Identifikatzaileak | |
GNS-9-MK | 720 |
GNS-10 | D84.9 eta M35.9 |
OMIM | 109100 |
DiseasesDB | 28805 |
MedlinePlus | 000816 |
eMedicine | 000816 |
MeSH | D001327 |
Disease Ontology ID | DOID:417 |
- Oharra: Wikipediak ez du mediku aholkurik ematen. Tratamendua behar duzula uste baduzu, jo ezazu sendagilearengana.
Immunitate-sistema organismoak infekzioaren aurrean defendatzeko duen mekanismoen multzoa da. Mekanismo hauen bitartez (linfozitoak, antigorputzak, makrofagoak, konplementua...) organismoak mikrobio patogenoei eta zelula arrotzei aurre egiten die, eragile horien jarduera deusestatuz. Zuzen funtzionatzen duenean, immunitate-sistemak kanpoko birus edo bakterioen aurka gure organismoa babesten du.
Gaixotasun autoimmunea dagoenean, aldiz, immunitate-sistemak ez du berezko eta arrotzaren arteko bereizketarik egiten, eta organismoaren elementu batzuei (ehun, organo edo molekulei) eraso egiten die [1]. Organismoak bere buruari kalte egiten dio, funtsean.
Gaitz autoimmune bat dagoenean organismoak ehunek eta organoek dituzten azaleko antigenoen aurkako antigorputzak ekoizten ditu. Antigorputz horiei autoantigorputzak esaten zaie, organismo beraren aurkako antigorputzak direlako.
Autoimmunitatearen zergatia oraindik ez da ongi ulertzen, baina badira zantzu batzuk bere jatorriari buruz; herentziak eta joera genetikoak pisu handia dutela susmatzeko arrazoi sakonak daudela jakiten da, esaterako. Bestalde, histokonpabilitate-konplexu nagusiak eta giza antigeno leukozitarioen (HLA) formulak zer ikusi handia dute gaitz autoimmune askotan. Era berean, bakterioek edo birusek sortutako hainbat infekziok gaitz horiek piztu litezkeela susmatzen da [2], mimetismo antigeniko izeneko fenomenoaren bidez. Traumatismo batzuek ere ,antza, martxan jar dezakete gaixotasun autoimmune baten ibilbidea
Aldaketa hormonalak, azkenik, kasu askotan autoimmunitatearen jatorriaren atzean daudela baieztatu egin da. Beste hainbeste gertatzen da estresarekin: estresa gaitzaren pizgarria da sarritan, eta gaitzaren eboluzioa ere okertzen du, agerraldi akutuak eraginez.
Azken urteotan gaixotasun autoimmuneen jatorrian heste-flora eta heste-iragazkortasunaren aldaketak, joera genetikoa duen gizabanako batengan, leudekeela proposatu dute hainbat ikerlarik [3]. Hesteetako hainbat bakteriok gaitza piztuko luketen antigeno bereziak sortuko lituzkete, hesteetako hesia zeharkatzerakoan immunitate-sistemaren ez-ohiko erantzuna aktibatuz.
Gaitz autoinmuneen tratamenduan immunosupresoreak erabiltzen dira. Botika hauek immunitate-sistemaren jarduera moteltzen dute.
Gaixotasun autoimmune motak, espezifikotasunaren arabera
aldatuGaixotasun autoimmuneak bi motakoak izan daitezke:
- Gaixotasunak organo espezifiko bat kaltetzen du: autoantigorputzak organo jakin baten aurka zuzentzen dira, edo organo bateko zelula mota jakin baten aurka. Adibide batzuk: gazteen diabetes mellitus (pankreako zelulen aurka), ultzeradun kolitisa (hesteetako zelulen aurka), hepatitis autoimmunea (gibeleko zelulen aurka), Hashimotoren tiroditisa (tiroideen aurka), etab.
- Gaixotasunak organo ez-espezifikoak kaltetzen ditu (sistemikoak): autoantigorputzek organismo osoan sakabanaturiko egiturei egiten diete eraso. Lupus eritematosoa edo artritis erreumatoidea dira gaixotasun mota honen adibide batzuk
Gaitz autoimmuneen tratamendua
aldatuGaur gaurkoz, ez dago gaixotasun autoimmune sendatzerik. Gaixotasun kronikoak dira, eta tratamenduaren helburua sintomak arintzea eta gaixoak ahalik eta bizimodu normalena egitea da.
Tratamendua oso aldakorra da, gaitz autoimmunearen arabera, baina kasu gehienetan gaitz hauek dakarten hantura prozesuak gutxitzea eta immunitate-sistemaren jarduera moteltzea (gaixoaren ehun eta organoei kalte egin ez diezaien) bilatzen da. Horretarako, besteak beste, botika hauek erabiltzen dira [4]:
- antiinflamatorio ez-esteroideak (AIEE), hanturaren aurkakoak
- glukokortikoideak, helburu berarekin erabiliak, eta baita immunitate-sistemaren jarduera moteltzeko ere
- botika immunosupresoreak, immunitate-sistemaren jarduera moteltzen dutenak: azatioprina, metotrexato, ziklofosfamida....
Immunosupresoreen erabilera tentuz egin behar da beti, immunitate-sistema gehiegi ahultzeak ondorio gaiztoak dakartzalako: infekzioen aurrean sentikorragoa izatea eta minbizia pairatzeko probabilitate handiagoa.
Immunoterapia da azken urteotan gaixotasun autoimmuneen aurka gero eta gehiago garatzen ari den terapia mota. Ohiko botikek huts egiten dutenean terapia honek asko lagun dezake, eta espezifikoagoa denez bere toxikotasun maila txikiago da. Antigorputz monoklonalak eta CAR-T zelulak, besteak beste, erabiltzen dira.
Zenbait gaitz autoimmune
aldatu- Addisonen gaixotasuna
- Anemia kaltegarria
- Artritis erreumatoidea
- Asma
- Crohn gaitza
- 1. motako diabetes mellitusa
- Esklerodermia
- Esklerosi anizkoitza
- Espondilitis ankilopoietikoa
- Gaixotasun zeliakoa
- Hashimotoren tiroditisa
- Hepatitis autoimmunea
- Kolangitis esklerosatzaile primarioa
- Lupus eritematosoa
- Miastenia gravis
- Psoriasia
- Ultzeradun kolitisa
- Zirrosi biliar primarioa
Ikus, gainera
aldatuKanpo estekak
aldatuErreferentziak
aldatu- ↑ Albero, Josu: Mikrobioen mundu liluragarria, EHUak argitaratuta (2019) 111-112 orr. ISBN: 978-84-1319-082-2
- ↑ Santin, Izortze (2022) Han eta hemen, birusak non-nahi BERRIA, 2022-11-25ean
- ↑ Zonulin and Its Regulation of Intestinal Barrier Function: The Biological Door to Inflammation, Autoimmunity, and Cancer Physiol Rev 91 (1): 151-75.
- ↑ Autoimmune disorders MedlinePlus, US National Library of Medicine (2013ko uztaila)