Heste-flora
Heste-flora, hesteetako flora edo heste-mikrobiota hestean bizi den mikroorganismoen multzoari deritzo. Mikrobio horiek harreman sinbiotikoa edo komentsalista mantendu ohi dute ostalariarekin. Mikrobio hauen artean, kopuruari dagokionez, bakterioak dira garrantzitsuenak, baina badaude ere onddoak eta protozooak.
Giza gorputzean dagoen bakterioen kopurua sekulakoa da: mikrobio gehiago ditugu giza-zelulak baino. Bakterio gehienak hestean daude, 10 bilioi inguru (1013 zelula)[1] [2]. Gorozkiekin bakarrik egunero bilioi bat bakterio baino gehiago kanporatzen ditugu (gorozkien pisu lehorraren herena bakterioei dagokie). Kopuru zehatza ezagutzen ez badugu ere, gutxi gorabehera 500 espezie bakteriar inguru gure hestean ditugula kalkulatzen da, gehien-gehienak ez-patogenoak, eta asko onuragarriak )[1] [3] [4]
Gizakiak ez ezik, animalia askok ere bakterioak behar dituzte haien digestio-aparatuan bizirik irauteko. Esaterako, bakteriorik ezean haurnaskariek ezin izango zuten zelulosa digeritu, ezta termita bezalako intsektuek ere (egurra jaten dutenak). Gure kasuan, heste-florak laguntzen digu, besteak beste, B taldearen bitamina batzuk eta K bitamina sintetizatzen [5].
Hesteko bakterio asko komentsalak dira, hots, ez diote inongo onurarik ekartzen haien ostalariari (ezta kalterik ere). Sinbiosi egiten dutenek, aldiz, onura ateratzeaz gain (ostalariak babesa eta elikagaiak ematen baitie) alde on asko ere eragiten dituzte ostalariarengan. Hona hemen aipagarrienak:
- heste-florak ostalaria babesten du hainbat infekzio bakteriarren aurrean. Jakina da heste-flora murrizten denean gorputza sentikorrago bihurtzen dela infekzioen aurrean (mikrobio oportunistak errazago hazten direlako)[6]
- B7, B12 eta K bitamina sintetizatzen dizkio ostalariari
- hainbat molekulen degradazioan parte hartzen du
- immunitate-sistemaren funtzionamendu zuzenean laguntzen du
- heste-mukosaren osotasuna mantentzen du
Espektro zabaleko antibiotiko bat ahotik hartzen denean luzaro, patogenoaz gain heste-flora ere kaltetua suertatzen da. Mikrobiota arruntik hestean ez badago, mikrobio oportunistek hartzen dute haien lekua (Staphylococcus, Proteus edo Candida albicans, esaterako). Egoera arruntean, organismo horiek ez dira hestean hazten, ezin baitute mikrobiota arruntarekin lehiatu. Hazten direnean, oportunista horiek gaixotasun bat eragiten dute. Antibiotiko-terapia bukatzen denean, mikrobiota arrunta berriz nagusitzen da, nahiz eta epe luze bat itxaron behar den hori gertatzeko [7].
Hesteetako bakterioak
aldatuBakterioak ez dira berdin banatzen gure digestio-aparatuaren organo guztietan, tokian tokiko habitat oso desberdinak direlako: esaterako, urdailak pH oso azidoa dauka (2 ingurukoa), eta horrek nabarmen murrizten du bakterioen hazkuntza. Gauza bera gertatzen da heste meharraren lehenengo zatian.
Heste meharraren bigarren zatian (ileonean) eta, batez ere, heste lodian pHa askoz basikoago bihurtzen da, eta horrek bakterio kopurua areagotu egiten du. Hor bakterio anaerobioak nagusi dira, nahiz eta aerobio gutxi batzuk egon [6].
Bakterio aerobioek eta anaerobio fakultatiboek hestean dagoen oxigenoa erabiltzen dute, anaerobio hertsien hazkuntza errazten duena.
Heste-flora bakteriarra asko aldatzen da gizabanako desberdinen artean, baina nahiko egonkorra da denboran zehar gizabanako berean. 2009 urtean INRAren zientzialariek (Frantzian) agerian jarri zuten gizabanako guztiok bakterio gutxi batzuk konpartitzen ditugula hesteetan, heste-mikrobiotaren gune filogenetikoa osatuko luketenak [8].
Bakterioen artean hauek dira ohikoenak giza hestean:
- Bacteroides, Fusobacterium eta Clostridium generokoak (anaerobio hertsiak direnak)
- Koliforme taldeko bakterioak (Escherichia, Citrobacter, Enterobacter eta Klebsiella)
- Serratia, Proteus eta beste enterobakterio ez-patogenoak
- Bifidobacterium generoa (oso ugaria dena bularreko haur jaioberrietan)
- Peptococcus, Akkermansia, Prevotella, Faecalibacterium eta Ruminococcus generoak.
Arkeobakterioak ere heste lodian egoten dira, metanogenoak izanik garrantzitsuenak
Bakterio hauek guztien artean, Bacteroides generokoak dira ugarienak heste lodian.
Azpimarratu behar da gizakien heste-mikrobiota aldatu egiten dela bakoitzaren dietaren arabera. Haragi asko jaten duten pertsonek barazkiez elikatzen direnek baino Bacteroides gehiago eta koliforme eta bakterio laktiko gutxiago izan ohi dituzte. Halaber, dietaren arabera ekoizten den gas kopurua eta gorozkien usaina ere aldatu egiten da
Jaioberrien heste-flora
aldatuHaur jaioberrien hesteetan ez dago inongo mikrobiorik, ezta haien gorozkietan ere. Ondorioz, K bitamina eta B taldeko bitamina batzuk, heste-florako bakterioek ekoizten dituztenak, ez dituzte ume jaioberriek. Amaren baginako bakterio batzuk bereganatzen ditu jaioberriak erditze ostean, eta baita bere bizitzaren lehen egunetan ere, aho bidetik. Baina edoskitzearen bidez, bereziki, garatzen da umearen heste-flora: amaren esneak, batez ere, bakterioz hornitzen ditu umearen digestio-aparatua. Bakterio horien artean Bifidobacterium da nagusi
Heste-floraren aldaketak
aldatuAipatu egin da heste-floraren garrantzia hainbat bitaminen ekoizpenean, elikagaien digestio prozesuan, immunitate-sistemaren funtzionamenduan eta mikrobio oportunisten aurkako borrokan. Halaber, zientzialariek hainbat patologia gastro-intestinalen atzean (Crohn gaitza, kolon suminkorra, ultzeradun kolitisa...) heste-floraren aldaketak daudela azpimarratu egin dute [9]
Era berean, probiotikoen hartzeak beherako akutuak eta kolon suminkorraren sintomak hobetzen dituela agerian jarri da [10]. Gogoratu probiotikoen osagai nagusia bakterio biziak direla, heste lodian pilatuko direnak.
Azken urteotan gaixo batzuen heste-flora propio aldatu da prozedura berri baten bidez: gorotz-bakterioterapia. Prozedura honekin arrakastaz aurre egin zaie hainbat patologia gastro-intestinali: kolitis pseudomenbranosoari eta ultzeradun kolitisi, batik bat. Gizabanako osasuntsu baten heste-flora gizabanako gaixo baten hestean sartzean datza terapia berri hau.
Erreferentziak
aldatu- ↑ a b Steinhoff U Who controls the crowd? New findings and old questions about the intestinal microflora. Immunol Lett 99 (2005): 12-6
- ↑ Savage DC Microbial ecology of the gastrointestinal tract. 1977: 107-133
- ↑ O'Hara AM, Shanahan F The gut flora as a forgotten organ (2006). Embo Rep 7: 688-693
- ↑ Gibson RG Fibre and effects on probiotics Clinical Nutririon Supplements (2004): 25-31
- ↑ Albero, Josu: Mikrobioen mundu liluragarria, EHUak argitaratuta (2019) 76 orr. ISBN: 978-84-1319-082-2
- ↑ a b Guarner F, Malagelada JR Gut flora in health and disease Lancet 361 (February 2003): 512-9
- ↑ Madigan M.T., Martinko J.M., Parker J. Brock Mikroorganismoen biologia (2007) E.H.U-ak itzulia:782 orr.
- ↑ Tap J, Mondot S, Levenez F, Pelletier E, Caron C Towards the human intestinal microbiota phylogenetic core (2009) Env. Microbiol. 11(10): 2574-2584
- ↑ En quoi l'Équilibre de notre flore intestinale influe sur notre santé, page 6/10
- ↑ (Ingelesez) Allen SJ, Martinez EG, Gregorio GV, Dans LF. « Probiotics for treating acute infectious diarrhoea » Cochrane Database of Systematic Reviews 2010, Issue 11. Art.