Monroy Cáceres probintziako herri[1] espainiarra da, Extremadurako Autonomia Erkidegoan. Cáceresko barruti judizialeko [2] eta Tajo-Salor mankomunitateko kide da.[3] Trujillo-Cáceres-ko penelautadan kokatzen da geografikoki. Cuatro Lugares izeneko eremuko herri populatuena da, eta Tajo eta Almonte ibaien arteko lautadak biltzen ditu, justu bigarrena lehenengora isuri baino lehen.[4] 2022an 903 biztanle zituen.

Monroy
Espainiako udalerria
Administrazioa
Estatu burujabe Espainia
Autonomia Extremadura
ProbintziaCáceresko probintzia
AlkateaTelesforo Jimenez Sierra (en) Itzuli
Izen ofizialaMonroy
Posta kodea10194
INEk ezarritako kodea10125
HerriburuaMonroy (en) Itzuli
Geografia
Koordenatuak39°38′15″N 6°12′49″W / 39.6375°N 6.2135°W / 39.6375; -6.2135
Map
Azalera204,45 km²
Altuera378 m
MugakideakTrujillo, Talaván, Serradilla, Torrejón el Rubio eta Casas de Millán
Demografia
Biztanleria899 (2023)
−4 (2022)
alt_left 464 (%51,6) (%54,5) 490 alt_right
Dentsitatea4 bizt/km²
Informazio gehigarria
Ordu eremuaUTC+01:00
Hiri senidetuakErrenteria
MatrikulaCC

Herriaren izenaren jatorria[5]

aldatu

Eztabaida dago Monroy izenaren jatorriari buruz. Batzuek de Monroy abizenatik zuzenki datorrela diote, 1309. urtean lurren jaun bihurtu zen Hernán Pérez de Monroy noblearen abizena zena eta antzinatik zetorrena, Vigil de Monroy noble frankotik hain zuzen ere, ustez Covadongan Don Pelayorekin errefuxiatua eta frantsesez astur erregea "mon roy" deitzearengatik horrela abizendatua. Beste batzuek lekuaren beste forma zaharrago batzuk ezagutzen direla diote, sortutako hiribildu eta lurraldea izendatzeko.

Dauden probei erreparatuz gero, baliteke hiribilduaren izena ez etortzea jauntxoaren abizenetik, baizik eta kontzesioa baino lehenagotik zegoen toponimotik. Hala berresten du Caceresko Foruak, Leongo Alfonso IX.ak emana, 1229. urtean (Monroyren dohaintza baino 56 urte lehenago). Bertan, Cáceresko domeinuen mugen barruan Montroy toponimoa aipatzen da.

“…et dende como passa el sendero de don Uermudo en Almont, et por medio de las cabezas de Montroy, como entra el sendero de don Uermudo en la Xara, y dessende a la fonte de la Greda, y dessende como cae el arroyo de la Couacha en Tajo..."[6]

Ezizenarekin duen erlazioari dagokionez, egiaztatuta dago Gaztelako nobleek, XII. mendearen amaieratik eta XIII. mendearen hasieratik, ugazaben izenari toponimo baten izena gehitu ohi ziotela, noblea leku horretako jaun edo edukitzailea zela adierazten zuen “de” preposizioa erabiliz.

Edonola, jatorria ez dago argi eta eztabaida irekia mantentzen da.

Toponimoaren esanahi edo etimologiari buruz hainbat hipotesi daude ere:

  • Monte Rojo: Hipotesi honen arabera, latinezko mons (mendi) eta katalanezko roig hitzen fusioaren ondorioa da Monroy. Aragoiko koroaren parte ziren Montroig eta Monrós (Lleida), Montroig (Tarragona), Monroyo edo Montroig de Tastavins (Teruel) eta Montroy (Valentzia) toponimoak liratezke Cáceresko Monroyren paraleloak. Horiek, Monroy bezala, latinezko mons rubeus edo montem rubeum (mendi gorria) izenetik datozte. Hipotesi honek honako bilakaera iradokitzen du: hasteko, katalanezko roig hitzaren eboluzio bat iradokizen du. Ondore, azken bokalaren apokopea gertatu zen (“o” kasu honetan), arrunta katalan hizkuntzaren bilakaeran, baina ohiz kanpokoa gaztelaniaz. Ondorioztatzen da, beraz, mendi gorri batek Leongo erromantzean “Monte Royo” emango zuela emaitz moduan, eta ez “Monroy”, kataluniar elementu baten presentzia ezinbestekoa izanez. Argudio historiko gisa Kataluniako zaldun parte-hartzaileen presentzia aipatzen da Monroy inguruko lurretan, Armengol VII.arekin batera (Urgeleko kondea) Alcántarako errekonkistan, Leongo Fernando II.aren izenean. Zaldun horiek zenbait leku ezarriko lituzkete Armengoleri aitortutako lurralde zabalean (San Pedro mendilerrotik Tajoraino), eta behin betiko errekonkistara arte iraungo zuen gaur egun Monroy kokatzen den lekuari emandako izen katalan hori. Gorria lurrari burdinak emandako kolorearengatik izan daiteke, izan ere burdina ugaria da El Cabril errekaren inguruan [7].
  • Monte del Arroyo: Hipotesi honen arabera, toponimoaren bigarren elementua, roy, arrugio/arroyo termino pre-erromatarraretik dator. Roy royo forma apokopatuaren eboluzioa liteke[8].
  • Monte del Rey: Hipotesi honek Monroy eremuko lurrak jurisdikzio errealaren barruan zeudela dio, eta hortik bere izenaren bigarren zatia (roy=errege). Ordena templarioaren lurrak zirenak, ordena honen desagertzea eta gero, Fernando IV. erregearen eskuetara pasatu ziren, eta hontatik nobleziara Hernán Pérez bertako jaun izendatzean[9].

Geografia fisikoa

aldatu

Kokalekua

aldatu

Monroyko udal mugapeak 204,45 km2 ditu eta mugakide ez diren bi sektoretan banatuta dago.[3] Eremu handienak (bertan dago herria bera, probintzia-hiriburutik 35 km ipar-ekialdera) muga hauek ditu: mendebaldean Talavan, iparraldean Serradilla, ekialdean Torrejón el Rubio eta hegoaldean Trujillo. Beste eremuak, historikoki Las Quebradas eremu jendegabean egon dena, muga hauek ditu: mendebaldean eta hegoaldean Talaván, ekialdean Serradilla eta iparraldean Casas de Millán. Monfragüeko parke nazionaletik 30 kilometrora dago eta paisaian artadi-larreak eta larreak dira nagusi. 380 metroko altueran dago kokatuta [4]

Erliebeari dagokionez, udal mugapeak ondo bereizitako bi egitura ditu: penilautada (lauak, uhindura leunak, muinoak...) eta ibaiertzak (Tajo eta Almonte ibaiak ahokatuta zeharkatzen dituzten sakonuneak). Lurzorua, oro har, silizeoa eta sakonera txikikoa da. Arbelak, kuartzitak eta hareharriak ere azaleratzen dira.[10]

Hidrografia

aldatu
 
Cáceres-Monroy bideko zubi zaharrak, Puentes de Don Francisco izenarekin ezagunak eta XVI. mendean eraikiak. Normalean ur azpian daude, Alcántarako presaren eraikitzearen ondorioz, baina lehorte garaietan azaleratzen dira berriro. [11]

Los Cuatro Lugares lautada bat osatzen dute Trujillo-Caceresko penelautadaren erdian, Tajo ibaia iparraldean eta Almonte hegoaldean daudela, bi ibaiak Monroy hiribildutik 20 km ipar-mendebaldera elkartuz. Almonte ibaiak Monroyren eta Trujilloren arteko muga markatzen du eta Tajok Las Quebradas eta Casas de Millán arteko muga.[4]

Lurpeko akuifero ugari daude, iturri gisa azaleratzen direnak. Baliabide hidrikoek, beraz, funtsezko eginkizuna dute, eta ez soilik Almonte ibaiko uren presentziagatik. XIX. mendean, jadanik, 40 iturri zeuden herrian. Horietako batzuk XVII. mendean funtzionatzen zuten, hala nola Juntana, Baratzea edo Manantioa. Beste batzuk herria hazi ahala sortu ziren, hala nola Guapas, Amapola, Risquillo, Errepublika eta abar. Moro errekako urtegia, Santa Ana ermitaren ondoan, arduratzen da udalerria urez hornitzeaz. Monroyk, gainera, hainbat urmael ditu, ezinbestekoak abeltzaintzarako. Bestalde, Almonte ibaia eta Cabril errekako urek bi irin-errota mugitzeko balio izan zuten lehenengoan eta beste bat bigarrenean (del Almonte, Del Tío Aquilino eta Del Cabril errotak). [10]

Taula honetako datuen arabera eta Köppen klima-sailkapeneko irizpideen arabera, Monroyk Csa motako klima du.[12][13] Ondorioz neguak epelak dira eta termometroa oso gutxitan jaisten da 0 gradu zentigraduraino. Udak lehorrak eta beroak dira, eta batzuetan 40º C-raino iristen dira. Udaberria eta udazkena prezipitazio eta tenperaturetan aldakorrak dira.


      Datu klimatikoak (1968-2003)      
 Hila   Urt   Ots   Mar   Api   Mai   Eka   Uzt   Abu   Ira   Urr   Aza   Abe   Urtekoa 
Batez besteko tenperatura (ºC) 7.4 8.5 10.5 12.9 16.5 21.7 25.1 24.7 21.5 16.1 10.8 8.0 15.3
Pilatutako prezipitazioa (mm) 77.5 55.4 47.5 52.7 45.9 27.5 6.5 9.0 35.3 65.0 66.7 81.9 570.9
Iturria: Ministerio de Agricultura, Alimentación y Medio Ambiente. Datos de precipitación para el periodo 1968-2003 y de temperatura para el periodo 1968-1993 en Monroy

Historia

aldatu
 
Monroyko Los Términos villa erromatarra.

Lehen biztanleak

aldatu

Badirudi Brontze Aroan bizi izan zirela eremuko lehen biztanleak. Garai hartako herrian aurkitutako aztarnen artean deigarriena urrezko besokoa da, Caceresko Museoan erakusten dena[14].

Vettonen herri prerromatar zeltiarrarren lurraldean kokatzen ziren Monroyko udal-barrutiko lurrak, inguruneko herrietan aurkitu diren aztarnen arabera[15].

Erromatar garaia

aldatu

Erromatarren okupazioa oso garrantzitsua izan zen Monroyko terminoan, udal mugapean aurkitutako aztarna ugarien arabera. Aipatzekoa da "Monroyko altxorra", Kristo aurreko II. eta I. mendeetako zilarrezko denarioez osatua. Garaikoa da ere herriaren kanpoaldean aurkitzen den erromatar herribildu edo villa. Hau nekazaritza eta abeltzaintzako ustiategi bat zen, eta egoitza bat baino gehiago zituen erdiko patio baten inguruan. Nabarmentzekoak dira Kristo ondorengo IV. mendeko mosaikoak (nahiz eta bandalismo eta lapurketak jasan dituzten, oraindik ikusi daitezke mosaikoen hainbat zati). Herribildua udalerriaren ipar-mendebaldean dago, "Los Mochuelos del Tesoro" izeneko eremuan. Herriko bi bizilagunek aurkitu zuten 1971. urtean. Aztarnategiak Kristo ondorengo IV-V. mendeetakoak dira eta bi eraikuntza konplexuk osatzen dute (iparraldea eta hegoaldea). Garrantzi arkeologiko eta etnografiko handia dute probintzia-mailan[10].

Erdi-Aroa

aldatu

Goi Erdi-Aroa

aldatu

Santa Ana ermitaren ondoan, herrigunearen kanpoaldean kokatuta, arrokan zulatutako hilobien nekropolia dago, V-VI mendeen inguruan datatzen dena, penintsula garai erromatarretik bisigodora trantsizioan zegoela. Hispanoerromatar poblazio txiki baten hilerria zen, oraindik tardoerromatar lurperatze erritoak mantentzen zituena: adreilu edo arbelazko hilobiak eta hildakoari egindako eskaintzen presentzia[16].

Aldiz, islamiar garaiko aztarnarik ez da aurkitu udal-barrutiaren eremuan.

Behe Erdi-Aroa

aldatu

Monroy, gaur egun ezagutzen degun herrigune bezala, 1309. urtean sortu zen, Gaztelako Fernando IV.ak pribilegioak ematen dizkionean Hernán Pérez de Monroy noble plazentziarrari, lekua populatu eta gaztelu bat eraiki dezan. Horrela, jaunak inperio hutsaren eta mistoaren ahala jasotzen du, hau da, hertsapena eta hertsadura erabiltzeko boterea legeak eta bere erabikiak betearazteko, jurisdikzio zibil eta kriminal altua eta baxuarekin batera[5].

 
Monroy herriaren bista hegoaldetik, gaztelua erdian dagoela.

Monroytarren leinuak, Plasencian orubea izanik, (han ere etxe sendo bat dute) Extremadura Garaiko beste leku batzuetan banatu zituen bere domeinuak, hala nola Belvís-en. Jaurerriaren esparruan garrantzi handia izateaz gain, orden militarretan protagonismo nabarmena izan zuten Monroy familiako kideek, eta, neurri handi batean, XV. mende bukaerako desdoitze politiko eta gatazka militarren arduradun izan ziren. Leinu horren irudi bereziak hauek izan ziren: Hernán de Monroy "el Gigante", Belvíseko jauna; Alonso de Monroy, aurrekoaren anaia, Alcántarako Ordenako iltzari eta maisu izan zena; Hernando de Monroy "el Bezudo", Monroyren jauna eta aurrekoen lehengusua. Guzti hauen familia-lerro berekoa izan zen Hernán Cortés y de Monroy, Mexikoko konkistadore famatua, Rodrigo de Monroy, El Bezudoren anaia, bere aitona baizen[17].

Aro honetakoa da ere Santa Catalinako eliza errenazentista.

Aro Modernoa

aldatu

Monroyko bizilagunek Erdi Aroan eta ondorengo mendeetan jasan behar zituzten prestazio feudal larriak aipatu behar dira, baita jaunaren erabateko mendekotasuna ere. 1647an, adibidez, bi aldeen arteko borroka irekia gertatu zen. Bizilagunek, alkatearen, erregidoreen eta prokuradorearen laguntzarekin, herritarrek ez zuten 30 ur-pegar eraman nahi izan gazteluko zisterna betetzeko. Jaunak desobedientzia delituagatik inplikatuak atxilotzeko eta auzipetzeko agindu zuen.

1634an Monroyko jaurerria markesatu bihurtu zen, Felipe IV.a errege zela. D. Sancho de Monroy y Zúñiga zen urte hartako jauna.

 
Monroyko gazteluaren balkoia, hegoaldera begira.

XVIII. mendean, Monroyk biztanleen bi heren galdu zituen, laborantzarako lur faltaren ondorioz. Horiek Mestako abeltzainei alokatzen zizkieten beren ganatu transhumanteentzat, haien ekonomiek aukera ematen baitzieten herriko bizilagunek baino prezio handiagoak ordaintzeko. 1795eko ekainaren 15ean, Monroyko Etxearen eta bizilagunen arteko etengabeko kontratua sinatu zen. Bertan, markesak Los Terminos-en eta Dehesa Boyal-aren dominioei erabilgarritasun publikoa eman zizkion, lortutako ekoizpenaren hamaikagarren zatiaren eta urteko 4.500 errealen truke, hurrenez hurren[10].

Aro Garaikidea

aldatu

Antzinako Erregimena erori zenean eta estatu liberalaren eraikitzearekin batera XIX. mendean, ohiko markesatua udalerri konstituzional bihurtu zen, Extremadura eskualdean eta, honen barnean, Garrovillasko Barruti Judizialean[18]. 1842ko erroldan 155 etxe eta 851 bizilagun zeuden.

Gaztelua, bizi luzea izan duten gotorlekuetan ohikoa den bezala, hainbat eranskin izan ditu mendeetan zehar. Baina kasu honetan XX. mendearen amaieran gauzatu zen aldaketarik handiena, gaztelua egoitza pribatu gisa egokitu baizen. Jabeak (Pablo Palazuelo margolari abstraktua) guztiz zaharberritu zuen, eta dorre berri bat ere eraiki, jatorrian bazela edo proiektatu zela dirudien tokian. Gaur egun Palazuelo Fundazioaren eskuetan dago, nahiz eta interes kulturaleko ondasun bezala katalogatua egon 1988tik (A.R.I.) - 51 - 0005412 - 00000 kodearekin[19].

Demografia

aldatu

Monroyk eboluzio demografiko hau izan du 1900. urteaz geroztik:[20][21]

Herriak kilometro karratu bakoitzeko 5 biztanleko populazio-dentsitatea du, oso baxua. Husturiko Espainia kontzeptuaren barruan sartu dezakegu. Argi ikusi daiteke grafikoan nola 1950etik aurrera biztanleariaren beherakada nabarmen bat ematen den. Landa-exodo garaia 1950-1975 urteen artean eman zen, Monroy bezalako landa eremuetatik Espainia eta beste herrialdeetako polo industrializatuetara (Katalunia, Madril, Bizkaia, Gipuzkoa). 1950 eta 1980 artean, Extremaduratik 727.783 extremadurar atera ziren, eta 1961 eta 1975 bitartean izan zen emigratzaile gehien gertatu zen denbora tartea; izan ere, garai hartan, 397.145 pertsonak eman zuten emigrazio-saldoa. Horietatik 317.114 Espainiako beste eskualde batzuetara inmigratu zuten, batez ere:

  • Katalunia: 116.670
  • Madril: 97.800
  • Araba, Bizkaia, Nafarroa eta Gipuzkoa: 60.001

Guzti horien artean Monroy-ko biztanleria gehiena zegoen, 1950-1981 denbora-tartean bere biztanleriaren erdia baino gehiago galdu zuelarik. Gaur egun, alde egin zuten emigrante horien ondorengoak herrira bueltatzen dira udako oporrak bertan igarotzeko, askok etxe familiarraren propietatea mantentzen baidute[22].

Garraioak

aldatu

Udalerriko errepide nagusia EX-390 errepide autonomikoa da, probintziako hiriburuko Héroes de Baler etorbidea Torrejón el Rubio hiribilduarekin lotzen duena, Monroyko udalerriaren erdigunea zeharkatuz. Monroyko nukleo urbanoa errepide autonomiko horretatik 3 km hegoaldera dago, eta hirigunera CC-47 errepide probintzialetik sartzen da. Errepide hori herriko sarrera eta irteerako bide arrunta da eta Santa Katalina elizaren ondoan sartzen da.[23]

Herriko gaztelutik hegoaldera CC-128 errepidea irteten da. Bide hori Trujillora daramatza, berrogei kilometro baino gehiagoko ibilbidean, inolako herririk zeharkatu gabe. Hala ere, bigarren mailako irteerak ditu, Santa Marta de Magasca eta La Aldea del Obispo eramaten dutenak. Hiribilduaren ekialdean, Konstituzio etorbidea Jaraicejora doan landa-bide batean luzatzen da, hogeita hamar kilometro baino gehiagora kokatuta dagoena, tarteko herririk gabe.[23]

Zerbitzu publikoak

aldatu

Hezkuntza

aldatu

Herriko haur eta lehen hezkuntzako ikastetxe publikoa Hinojal, Santiago del Campo eta Talavanekin batera antolatzen den Los Cuatro Lugares CRA (Colegio Rural Agrupado)-ren parte da.[24] Bigarren hezkuntza, aldiz, Cáceresen ikasi daiteke bakarrik, eskola hori Caceresko Lan Unibertsitatea BHIri atxikituta dagoela.[25]

Osasuna

aldatu

Talavango osasun zonaldean dago Monroy, Cáceresko osasun barrutiaren barruan. Lehen mailako arretako kontsultategi bat dago herrian, udaletxearen ondoan, 2006an inauguratua, birgaitze-lan garrantzitsu batzuen ondoren.[26][27][28] Monroyen, gainera, farmazia bat dago, guardiako txandak bere osasun-eremuko farmaziekin koordinatzen dituena, nahiz eta guardiako txanda asko probintzia-hiriburuaren mende egon.[29]

Kultura

aldatu
 
Monroyko gaztelua, gaur egun.

Ondarea

aldatu

Udalerriko monumentu nagusiak hauek dira:[30]

  • Los Términos de Monroy hiri erromatarra: IV-V. mendeetako aztarnategi arkeologiko erromar berantiarra;
  • Monroyko gaztelua: herriko plaza nagusian dagoen XIV. mendeko gotorlekua, herriko monumenturik ezagunena delarik;
  • Santa Katalina eliza: XV. mendearen amaierako parrokia-eliza katolikoa, hiriko alde zaharraren ekialdeko muturrean kokatua;
  • Santa Ana ermita: XIX. mendeko oratorio katolikoa, herrigunetik kanpo dagoena.

Jaiegunak

aldatu

Hauek dira udalerriko jai nagusiak:

 
Monroyko Gazteluaren itxura Palazueloren lanak baino lehen.
  • Las Purificás: otsailaren 2an, herriko festarik adierazgarriena delakoan, Kandelen jaiaren ospakizun folklorikoa ematen da, Errosarioko Ama Birjinaren irudiaren inguruan parrokia-elizan egiten dena.[31]
     
    Santa Catalinako Eliza, XV. mendea.
  • El Boteo: Inauterietako asteartean egiten den joko tradizionala, parte-hartzaileak urrutitik loreontzi edo txongila jaurtitzea, hautsi ez dadin.[32]
  • Aste Santua: parte-hartze handia du herrian, hiru bizilagunetik batek hartzen baitu parte kofrade moduan.[33]
  • Albilloko astelehena: Pazko hurrengo astelehenean Santa Ana-ko ermitan egiten den erromeria;[34]
  • Santa Ana: uztailaren 26an ospatzen da. Herriko zaindariaren jaia da, XX. mendetik garrantzi handia hartu du emigranteen urteroko itzulera-une gisa. Horren inguruan "kultur astea" ospatzen da 2004az geroztik.[35]
  • Los Toros: irailaren erdialdean izaten diren zezen jaialdi tradizionalak dira. Herriko jai nagusiak dira eta nekazarien urteko atsedenarekin kointziditzen dute, ereintza hasi aurretik.[36]

Herri senidetuak

aldatu
  • Errenteria, Gipuzkoa. 1990. urtearen uztailaren 22an gauzatu zen senidetzea, Errenteriak Monroytik zetorren emigrazio kopuru handia jaso baizuen 1960 eta 1970 hamarkaden artean. Errenteriako Beraun auzoan "Plaza Monroy" izena duen plaza dago, herri senidearen omenean.

Erreferentziak

aldatu
  1. Ruiz, Francisco. Población de España - datos y mapas: Datos de Nomenclátor. .
  2. España: «LEY 38/1988 de 28 de diciembre, de demarcación y de planta judicial.» Boletín Oficial del Estado núm. 313 de 30 de diciembre de 1988: 36619. ISSN 0212-033X..
  3. a b Datos del registro de entidades locales. .
  4. a b c Visor SIGPAC Ministerio de Agricultura, Pesca y Alimentación
  5. a b (Gaztelaniaz) Sierra Simón, José María. (2018). La villa de Monroy a finales de la Edad Moderna (I): Aspectos Generales. Revista de Estudios Extremeños, 2018, Tomo LXXIV, N.º III, 1803-1844 or..
  6. Fuero Romanceado de Cáceres. Transcripción del Excmo. Ayuntamiento de Cáceres.
  7. (Gaztelaniaz) Callejo Serrano, C.. (1986). Barones Catalanes en la Reconquista de Extremadura. Revista de Estudios Extremeños, T. XLII, nº 3, 653-670 or..
  8. Corominas, J.. (1980). Diccionario Crítico Etimológico Castellano e Hispánico. Gredos, 359 or..
  9. Velo y Nieto, G.. (1971). Hijos Ilustres de Extremadura: El Abad de Santander. Revista de Estudios Extremeños, 27, 461-492 or..
  10. a b c d (Gaztelaniaz) Monroy: Historia y tradición. Asociación Cultural El Bezudo.
  11. Vuelven a surgir del agua la hornacina y los puentes del s. XVI. Diario Hoy (Vocento).
  12. Critchfield, H.J.. (1983). «Criteria for classification of major climatic types in modified Köppen system» General Climatology (Prentice Hall). Consultado el 29 de noviembre de 2012.
  13. Agencia Estatal de Meteorología, Atlas climático ibérico.
  14. (Gaztelaniaz) «Monroy, la riqueza de un linaje» El Periódico Extremadura 2003-07-19 (Noiz kontsultatua: 2023-01-27).
  15. (Gaztelaniaz) Redondo Rodríguez, J.A.. Restos de una antigua ordenación social y territorial: las gentilidades vettonas en la provincia de Cáceres. Estado de la cuestión. Norba: Revista de Historia, 6. Universidad de Extremadura ISBN 0213-375X..
  16. (Gaztelaniaz) Excavación de urgencia en la necrópolis de la ermita de Santa Ana (Monroy). Norba: Revista de historia, Nº 11-12, 143-172 or..
  17. (Gaztelaniaz) Quijada González, Domingo. (1998). Pueblos en Blanco y Negro ...del Arañuelo, 8. Divisón editorial.
  18. Municipio Código INE -10-125
  19. «Castillo de Monroy en Monroy, Cáceres | CastillosNet» www.castillosnet.org (Noiz kontsultatua: 2023-01-27).
  20. Poblaciones de hecho desde 1900 hasta 1991. Cifras oficiales de los Censos respectivos.. (INE).
  21. Series de población desde 1996. Cifras oficiales de la Revisión anual del Padrón municipal a 1 de enero de cada año.. (INE).
  22. (Gaztelaniaz) «Historia de la Emigración Extremeña» www.xn--agrupacionextremeaalcorcon-xrc.es (Noiz kontsultatua: 2023-01-27).
  23. a b Mapa de Monroy Google Maps
  24. Directorio de Centros Educativos de Extremadura 2021-2022 Educarex - Junta de Extremadura
  25. Centros adscritos Educarex - Junta de Extremadura
  26. Centro de Salud de Talaván Área de Salud de Cáceres
  27. Monroy saca a concurso la obra del consultorio El Periódico Extremadura, 19 de setiembre de 2005
  28. Monroy inaugura el nuevo centro de salud de la plaza de España El Periódico Extremadura, 12 de setiembre de 2006
  29. Farmacias de guardia en la provincia de Cáceres. .
  30. Lugares de interés Ayuntamiento de Monroy
  31. Monroy se prepara ya para celebrar la fiesta de Las Purificás el 2 de febrero El Periódico Extremadura, 15 de enero de 2020
  32. El carnaval animó las calles de Monroy El Periódico Tajo-Salor, marzo de 2015
  33. 300 cofrades desfilarán en Semana Santa en Monroy El Periódico Extremadura, 8 de marzo de 2005
  34. Monroy prepara su Lunes de Albillo El Periódico Extremadura, 26 de marzo de 2008
  35. La semana cultural de Monroy ofrecerá más de 20 actividades El Periódico Extremadura, 17 de julio de 2006
  36. Monroy celebra su fiesta de los toros esta semana El Periódico Extremadura, 10 de setiembre de 2007

Bibliografia

aldatu

Kanpo estekak

aldatu