Mikroekonomia
Mikroekonomiak hainbat garapen adar du eta horietatik garrantzitsuenak honako hauek dira: kontsumitzaileen teoria, produktuaren eskaria, Orekaren orokortasuna eta aktibo finantzarioen merkatua.
Mikroekonomiaren lau adar hauek ezin dira banandu batzuen emaitzek besteetan eragina izaten dutelako (konkretuki orekaren orokortasunak besteengan eragina dauka). Adibidez, enpresek ez dituzte ondare eta zerbitzuak bakarrik eskatzen, baizik eta ondare eta zerbitzuak ere eskatzen dituzte beraien produktuak ekoizteko. Mikroekonomiak eredu matematikoak proposatzen ditu, non suposizio batzuk garatzen diren agente ekonomikoen portaeraren gain. Eredu matematiko horiek erabiliz lortzen duten konklusio hori izango da baliozkoa bakarrik. Bitartean, suposizioak bete daitezen, inoiz gertatzen ez den gauza bat, bereziki oso suposizio sendoak eta murriztaileak dira.
Mikroekonomiara sartu den estudiorik garrantzitsuenak Jokoen Teoria izena du. Jokoen Teoria, hipotesi matematiko bat da eta honek eragile edo agente desberdinen portaera aztertzen du. Agente bakoitzak hartzen dituzten erabakiek eragina izaten dute, bakoitzak lortu nahi dituen helburuetan. Teoria hau, produkzio industrialen teorian erabiltzen da oligopolio eta lehia inperfektuaren kasuak aztertzeko.
Kontzeptu nagusiak
aldatuEskaintza eta eskaera
aldatuEskaintza eta eskaria eredu ekonomiko bat da, konkurrentzia perfektoko merkatu batean prezio edo salneurri ezberdinetarako ondasun baten eskaintza eta eskaria berdindu eta horrela, oreka egoera batean, guztira saldu eta erositako kopurua eta salneurria ematen dituena. Ondasun bakar bati buruzko eredua da eta beraz oreka partziala ematen du, ekonomia osorako bilatzen den oreka orokorrean ez bezala. Aldi berean, eredu mikroekonomiko bat da, kontsumitzaile eta ekoizle banakoen erabakietan oinarritzen den eredua delako. Eredu hau Alfred Marshall ekonomialariak planteatu zuen bere osotasunean lehen aldiz XIX. mendearen bukaeran. Aurretik, merkatuan eskaintza eta eskaria berdindu egiten zirela ezarri zuten beste ekonomialari zenbait ere izan ziren, Jean-Baptiste Say esaterako Sayren legea izenekoaren bitartez.
Elastikotasunaren neurketa
aldatuElastikotasunak aldagai baten aldaketa neurtzen du, aldagai horrekin lotuta dagoen beste aldagai batean izandako aldaketei buruz. Adibidez, goxokien salneurria %10 merkatuz gero, kontsumitzaileek euren kontsumoa %20 gehitzen badute, kontsumo-salneurri elastikotasuna %20/%10=2 da. Elastikotasuna hainbat ekonomia-aldagairen arteko erlazioak aztertzeko erabiltzen da: eskaera-salneurri elastikotasunak ondasun edo zerbitzu baten eskaeran izandako aldaketak neurtzen du, ondasun edo zerbitzu horren salneurrian izandako aldaketari buruz; kontsumo-sarrera elastikotasuna, familien kontsumo mailan izandako aldaketak neurtzen du, euren diru sarreretan izandako aldaketa bati jarraiki.
Kontsumitzaileen teoria
aldatuKontsumitzaileen teoria banakakoen lehentasunetik abiatzen da, eta horregatik zehaztu behar du kontsumitzaileak dituen ondare eta baliabideekin zein aukeraketa egingo dituen. Eta jarraitzen duenak, aurkakorik esaten ez badu, esandako guztiak kontsumitzaileen teoriari edo ohiko teoria neoklasikoari egingo dio erreferentzia. Kontuan eduki behar dira mikroekonomiaren beste ikuspegi batzuk, suposizio guztiak ez direlako onartuak izaten eta horrelakoetan, adibidez, eskari-kurbaren baieztapena edo onarpena behar izaten da kontsumitzaile konkretu batzuentzat.
Ekoizpen-teoria
aldatuEkoizpena kontsumorako zerbait sortzeko ("output") asmoz sarrera ("input") material eta ez-materialak konbinatzen dituen prozesua da. Ondasun edo zerbitzu bat sortzearen ekintza da, gizabanakoarentzat onurak eta balioak dituztenak.
Ongizate ekonomikoa ekoizpen-prozesu batean sortzen da, non ekintza ekonomiko guztien zeharkako edo zuzeneko helburua gizadiaren behar eta nahiak asetzea den. Behar horien asebetetze maila ongizate ekonomikoaren neurgailu gisa onartu ohi da. Ekoizpen arloan ongizate ekonomikoaren hazkundea azaltzen duten bi ezaugarri daude. Ondasun eta zerbitzuen arteko kalitate/prezio erlazioa hobetzen ari da eta hazkunde bidean dagoen ekoizpen-merkatu gero eta eraginkor batetik eratorritako sarrerak hazten ari dira.
Produkzio-kostuen balioaren teoria
aldatuProdukzio-kostuen balioaren teoria bertan inbertitutako gastuaren araberakoa da, bai lanaren ordainketari dagokionez, baita irabazien arabera ere. Kostuak produkzio-faktoreetako edozeinek osa ditzake (lanak, kapitalak edo lurrak barne) eta zergak.
Teoriak zentzua hartzen du etengabeko eskalara itzulerari buruzko hipotesiaren arabera eta produzitu gabeko produkzio-faktore bakarraren existentziaren arabera. Hauek, ordezkapen ezaren teoremaren hipotesiak dira (beharrezko argibideak). Hipotesi hauen arabera, salgaien iraupen luzeko prezioa, salgai horren sarrera-kostuen baturaren berdina da, interes-gastuak barne.
Aukera-kostu
aldatuTeoria mikroekonomikoan, aukera-kostua edo hautazko kostua balio bat da, eta erabakiak hartzeko orduan, hautazko kostu onena aukeratzen laguntzen du. Aukeraketa, hautagai esklusiboen artean egin behar da. Onartuz gero aukerarik onena lortu dela, kostu bat edukiko genuke, hurrengo aukera onena hartuz gero izango genituzkeen onurak ez aprobetxatzeagatik. Laburbilduz, aukera bat hautatzeak, beste aukera batzuen irabazi potentziala galtzea ekarriko du.
Aukera-kostua, ekonomian kontzeptu gakoa da, ezinbesteko ideia baita baliabide urriak modu eraginkorrean erabiltzeko, eta eskasia eta aukeraren arteko oinarrizko harremana adierazten du. Horrela, aukera-kostuak ez dira diru edo finantza-kostuetara mugatzen: irteerako kostu erreala, galdutako denbora, plazera edo beste edozein prestaziorekin ere bat etor liteke.
Merkatu-egitura
aldatuEkonomian, merkatuaren egiturak (merkatuaren forma bezela ere ezagutua) eskaintzaile eta eskatzailearen arteko merkatu egoera definitzen du. Merkatuaren forma nagusiak honako hauek dira:
- Lehia perfektua, merkatuan produktu homogeneoa ekoizten duten enpresen kopuru handia eta produktu hori eskatzen duten pertsona kopuru handi batez osatzen da.
- Monopolio-lehia merkatu-kuota txikia duten enpresa independente kopuru handia dagoen merkatu bat.
- Oligopolioa, merkatua, merkatu kuotaren %40 baino gehiagoko enpresen kopuru txikiekin osatuta dago.
- Oligopsonioa, saltzaile asko eta erosle batzuk osatzen duten merkatua.
- Monopolioa, merkatua produktu edo zerbitzu baten hornitzaile bakarrez osatuta dagoenean.
- Monopolio naturala, ekonomiaren eraginkortasuna enpresaren tamainaren eskala areagotzearen arrazoia denean.
- Monopsonioa, merkatuan erosle bakarra dagoenean.
Lehia-perfektua
aldatuLehia perfektua, merkatu egoera bat da, non enpresek produktuen prezioa aldatzeko botererik ez duten (prezio-onartzaileak). Egoera hau egokia izango da eskaera eta eskaintzen arteko harremanak prezioa zehazten duten ondasun eta zerbitzu-merkatuentzat. Lehia perfektuko merkatuan, erosle (eskaria) eta saltzaile (eskaintza) kopurua oso handia da, horren ondorioz, erosle-saltzaileek ez dute eragin erabakigarririk edukiko prezioaren gain[1].
Konkurrentzia inperfektua
aldatuKonkurrentzia inperfektua edo lehia inperfektua konkurrentzia perfektuarekin kontrajartzen den merkatu egoera da, non eragile bakoitzak merkatuko prezioak eta kopuruak finka ditzakeen hartutako erabakien bitartez, konkurrentzia perfektuan ez bezala. Konkurrentzia inperfektuan biltzen dira monopolioa, monopsonioa, oligopolioa eta konkurrentzia monopolistikoa.
Lehia inperfektuko egoeran, merkatu horretan dauden enpresek, aginte nahikoa edukitzera iritsi daitezke beraien merkatuko prezioetan eragina izanik. Merkatuan aginte edo botere hori edukitzeak kontsumitzaileengan ondorio negatiboak eduki ditzake.
Monopolio-lehia
aldatuMonopolio-lehia edo lehia monopolista enpresa kopuru handi batek produktu bera —baina ezaugarri bereziekin edo modu berezian— eskaintzen duen merkatu-egoera da. Enpresa bakoitzak merkatuan eragin mugatua du, eta sarrera hesi nabarmenik ez dago. Monopolio-lehiaren adibide dira auzo bateko jatetxeak, baldin, jatetxe kopurua handi samarra izanik, jatetxe guztiek produktu bera eskaintzen badute, baina ezaugarri bereziekin; horren ondorioz, enpresa bakoitzak badu prezioa finkatzean erabaki-ahalmena. Beste adibide bat supermerkatuak dira: hainbat markatako produktuak existitzen dira, baina guztiek ezaugarri antzekoak dituzte.
Monopolioa
aldatuMonopolioa dagoela esaten da merkatu batean ondasun edo zerbitzu baten eskaintza enpresa bakar baten esku dagoenean[2]. Adibidez, urrutiko herri bateko okindegiak monopolio bat osatzen duela esan daiteke, bera baita herri mailako merkatuko ogi-saltzaile bakarra[3]. Ondasuna eskaintzen duen enpresak, monopolista izena duena, merkatu-botere handia hartzen du, merkatuko salneurria eta eskaintzen den kopurua bere mendean dituelako, bereziki ordezko ondasunik eta merkatu-kuota kenduko dion lehiakiderik ez dagoelako eta monopolio iraunkorretan beste enpresen sarbidea sarrera-hesien bitartez eragozten delako[2]. Hala ere, prezio igoera batek eskaria gutxitzen duela hartu behar du kontuan monopolistak.
Enpresaren etekinak maximotzen dituen prezioa eta eskaintzen den kopurua jakiteko, monopolioaren eredu mikroekonomiko bat garatzen da, kostuak, eskaria, ekoizpena eta prezioa biltzen dituena. Monopolioak merkatuan ezartzen duen kontrola, oro har prezio altuagoak ezarriz eta kopuru txikiagoak eskainiz, eta sektore bateko enpresen arteko konkurrentzia ezak ekar dezakeen prezioen gehiegikeria eta produktuaren kalitatearekiko utzikeria direla eta gaitzetsi egin ohi da monopolioen existentzia. Horrela monopolioak ezabatu edo gutxienez arautzeko gomendioak, konpainien arteko lehia bultzatu eta efizientzia handiagoa lortzearren, egiten ohi dituzte ekonomialariek.
Oligopolioa
aldatuOligopolioa merkatu batean enpresa multzo txiki bat nagusitzen denean gertatzen den konkurrentzia egoera da. Merkatua menderatzen duten enpresa horietako bakoitzari oligopolista deritzo. Oro har, oligopolioak kontsumitzailearentzat kaltegarriak direla irizten da, produktuak beste konkurrentzia-egoeretan baino prezio altuagoa izaten duelako. Oligopolioak sortzearen arrazoiak anitz izan daitezke, baina merkatura sartzeko sarrera-hesiak (sektorean sartzeko inbertsio altuak, gobernuen erregulazio zorrotzak) eta lehiakide berriak kanporatzeko oligopolisten beraien arteko itunak izan daitezke.
Monopsonioa
aldatuMonopsonioa merkatu batean erosle bakarra dagoeneko egoera da. Adibide gisa, tankeen merkatua herrialde batean monopsonio bat da, erosle bakarra estatua baita.
Joko-teoria
aldatuJoko-teoria interes-gatazka eta lehia ageri diren edozein egoeratarako matematika-analisia da, emaitza hobezina eskuratzeko estrategia edo jokabidea zehaztea helburu duena. Jatorria estrategia-jokoen denbora-pasa ezagunen (xakea, pokerra eta abar) azterketetan duelako jarri zitzaion izen hori; hala ere, soziologian, ekonomian, finantzetan, politikan, biologian, psikologian, eta zientzia politiko eta militarrean ager daitezkeen gatazketarako ere baliagarria da. Horietan guztietan, izan ere, jokalari batek hartzen duen erabakiaren emaitza beste jokalariek hartutako erabakien mendean dago. Lehian edo gatazkan ari diren hainbat eragileren interakziozko egoera guztietan ditu aplikazioak, berdin diolarik eragileak gizaki, erakunde edo animalia izan. Metodologiaren aldetik, matematika da joko-teoriaren teknika nagusia, beste arlo batzuetako tresnak hartzen baditu ere, erabaki-teoriatik kasu; hala ere, metodo enpirikoa eta esperimentazioa ere erabiltzen da, teorian ezarritako ondorioak praktikan egiaztatzeko.
Lan-ekonomia
aldatuLan-ekonomia, lan munduan, ekonomia espezialitateko adarrekoa da. Hartzen den erabakiaren arabera zientzia ekonomikoan, ekonomiaren lan alderdien analisiak ezaugarri bereizgarriak lortuko ditu eta gainerakoetatik oso desberdinak izango dira. Gaur egungo ekonomian, ikuspegi neoklasikoa nagusitzen da.
Lan-ekonomian sortzen diren arazo nagusien artean daude langabezia, soldata-maila, lanaren produktibitatea, kalitatea eta lanpostuen egonkortasuna, beste batzuen artean.
Ongizatearen ekonomia
aldatuOngizatearen ekonomia zientzia ekonomiko eta politikoaren adarretako bat da, non efizientzia ekonomikoaren eta ongizate sozialaren inguruko gaiez aritzen den. Neurria edozein izanda ere, sozietatea osatzen duten indibiduoen aktibitate ekonomikoaren terminotan aztertzen du ongizate orokorra. Indibiduo horiek (aktibitate ekonomikoarekin batera) interesaren unitate basikoak dira: indibiduoen ongizaterik gabe, ez da posible ongizate soziala egotea.
Informazioaren ekonomia
aldatuInformazioaren ekonomia, informazioa eta sistema informatzaileak nola eragiten dioten ekonomia eta erabaki ekonomikoei aztertzen duen adarra da. Informazioak ezaugarri bereziak ditu. Sortzeko erraza baina sinesteko edo fidatzeko zaila. Hedatzeko erraza, baina kontrolatzeko zaila. Erabaki askotan eragina du. Ezaugarri berezi hauek (beste mota bateko ondasunekin alderatuz) teoria ekonomiko estandar[4] asko nahasten dituzte.
Marketina
aldatuMarketina[5] (ingelesez: marketing), batzuetan merkatuteknia ere deitua, era egokienean ondasun eta zerbitzuak sortu, euren ezaugarriak komunikatu, merkaturatu eta bezeroari eskaintzeko jardueren multzoa da, helburua ondasun edo produktuaren balioa eta enpresa eta bitartekariei dakarkien mozkina handitzea izanik, bezero eta gizarte osoaren beharrak eta desirak asez. Ohizko uste baten aurka, marketin arloaren helburua ez da zuzenean edo epe laburrean salmentak handitzea soilik eta bestelako helburuak ere jaso ditzake, hala nola bezeroaren fideltasuna eta produktuaren ezagutza.[6] Bestalde, ondasun eta produktuen markoa gaindituz, marketin tresnak gizartean ideiak eta baloreak zabaltzeko ere erabil daitezke.
Marketin arloak biltzen dituen jarduerak produktuaren diseinua, marka, aurkezpena, salmenta-modu eta tokia, prezio-politika, promozio eta publizitatea barne hartzen ditu besteak beste. Jarduera hauek lau arlotan sailkatzen dira, marketin mixa osatuz: produktua, prezioa, banakuntza eta komunikazioa. Administrazioan marketinak definizio desberdinak ditu. Philip Kotlerren arabera prozesu sozial eta administratibo bat da, non talde sozialek eta gizabanakoek beraien beharrak asetzeko ondasun eta zerbitzuak sortu eta elkarbanatzen dituzten. Aldiz AMA-rentzat(American Marketing Association) marketina “jarduera,erakunde eta prozesu multzo bat da, bezeroentzat, bazkideentzat eta gizartearentzat balioa duen eskaintza sortzeko, komunikatzeko, entregatzeko eta trukatzeko.
Filosofia moduan ere definitua izan da, non erakundeen helburuak lortzeko merkatuaren beharrak eta nahiak identifikatu eta merkatuaren beharrak lehiakideak baino modu eraginkorrago batean ase behar diren.
Erreferentziak
aldatu- ↑ H., Bork, Robert. (1993). The antitrust paradox : a policy at war with itself. Free Press ISBN 0029044553. PMC 26974247. (Noiz kontsultatua: 2018-11-21).
- ↑ a b 1912-2006,, Friedman, Milton,. Capitalism and freedom. (40th Anniversary edition. argitaraldia) ISBN 0226264203. PMC 49672469. (Noiz kontsultatua: 2018-11-21).
- ↑ (Ingelesez) Barak, Orbach,; E., Campbell Rebling, Grace. (2012-05-17). The Antitrust Curse of Bigness. (Noiz kontsultatua: 2018-11-21).
- ↑ Allen, Beth. (1990). «Information as an Economic Commodity» The American Economic Review 80 (2): 268–273. (Noiz kontsultatua: 2018-04-16).
- ↑ Euskaltzaindia: Hiztegi Batua.
- ↑ (Ingelesez) «Definition of Marketing» www.ama.org (Noiz kontsultatua: 2018-04-24).