Kontsumitzailea bere beharrak betetzeko ondasunak eta zerbitzuak erosi eta xahutu egiten dituen pertsona da, kontsumoa gauzatzen duena alegia.

Ohiko komertzioa, saltzailea eta eroslea —edo salmentan dauden produktuen kontsumitzailea— aurrez aurre dagoen tokia.

Kontsumitzailearen portaera bereziki marketinean ikertzen da, produktu bat aukeratzeko dituen irizpideak aztertzearren. Jokabide hori ikuspuntu psikologiko (motibazioak aztertuz), soziologiko (kontsumoa gizarteratzeko ere baden heinean) nahiz ekonomikotik (bere errentak ematen dion ahalmen ekonomikoa zenbatetsiz eta nola aukeratzen duen ikertuz) azter daiteke. Era berean, kontsumitzailea legez babesten den pertsona ere bada, produktua erosi eta xahutzean eskubide batzuk baititu.

Kontsumitzailearen eskubideen sustapen eta babesa

aldatu
 
Merkataritza-gune bateko produktuak kontsumitzaileen eskura (Portland, Oregon, AEB).

Kontsumitzaileak denbora luzez egon dira legearen babesik gabe, zentzuz jokatzen ez bazuten kexu izateko eskubiderik ez zutela argudiatzen baitzen. 1960ko hamarkadan hasi ziren kontsumitzaileen eskubideak babesten, hiru arrazoirengatik: lehena, produktu beraren aldaera ugari egotea, kalitate- eta segurtasun-maila desberdinekoak; bigarrena, gobernuek enpresa eta sindikatuekin tratuak egiten zituzten bitartean, kontsumitzaileak bigarren mailan utzi izana; eta hirugarrena, kontsumitzaileak zorrotzagoak izaten hasi izana, produktuei buruzko argibideak eskatzen hasi baitziren hobeto aukeratu ahal izateko.

Pixkanaka, kontsumitzaileen eskariei eta kontsumitzaileen defentsarako erakundeei arreta handiagoa eskainiz joan dira gobernu eta enpresak. Herrialde askotan jarri dira indarrean produktuei buruzko segurtasun- eta kalitate-baldintza zorrotzak ezartzen dituzten legeak. Kontsumitzaileen eta konkurrentziaren presioei esker, enpresak kalitatea, balioa eta erabilgarritasuna aintzat hartzen hasi dira. Azken hamarkadetan aldaketa handiak gertatu dira, gaur egun ia ez baitago alderik antzeko salneurria duten produktu bertsuen kalitatean, eta bata edo bestea erosteko erabakia itxura, neurria edo erosleak nahi duen beste ezaugarriren baten araberakoa izan ohi da. Europako erdialdeko eta ekialdeko herrialde komunista ohietan eta garapen bidean daudenetan, merkatu-ekonomiara pixkanaka-pixkanaka egokitzen ari direnez, kontsumitzaileen defentsa ere apurka-apurka ari da garatzen, kontsumorako gaien eskaintza ugaritzearekin batera.

Kontsumitzailea Espainiako Estatuan

aldatu

Kontsumitzaile Elkarteak

aldatu

1978ko Espainiako Konstituzioaren 51. artikuluak zioenari jarraituz sortu ziren elkarteok; horren arabera, botere publikoek kontsumitzaile eta erabiltzaileentzat informazioa eta heziketa bultzatuko dituzte, haien erakundeak sustatuko dituzte, eta haiei dagozkien auziak entzungo dizkiete erakunde horiei, legeak ezarritako moduan.

Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Erakundea

aldatu

Espainiako elkarterik garrantzitsuena da. 1975ean sortu zen, nazio mailako erakunde pribatua da eta Madrilen du egoitza bakarra. Bazkideak 240.000 baino gehiago dira, eta horiek ez ezik, oro har kontsumitzaile guztiak ere informatzea, hezitzea, defendatzea, eta haien interesak ordezkatzea dute helburutzat. OCU-Compra Maestra hilabetekaria eta Dinero y Derechos bi hilabetekariak argitaratzen dituzte, gai juridiko eta ekonomikoei buruzkoak. Lege-, finantza- eta teknika-aholkularitzako zerbitzuak eskaintzen dizkiete dohainik bazkideei.

Espainiako Kontsumitzaileen Batasuna

aldatu

890 ordezkaritza ditu, eta 75 bulego 17 autonomia erkidegotan. Bazkideak 211.000 baino gehiago dira. Informazio-zerbitzuen barruan, Consumo y Calidad de Vida datu-basea dauka Ibertex sistemari konektaturik. Aholkularitza juridikoa eskaintzen du, eta baita epaiketaz kanpoko bidetik erreklamazioak bideratzeko zerbitzua ere. Ciudadano aldizkaria argitaratzen du, beste talde batzuekin batera.

Kontsumitzaileen Elkarte Orokorra

aldatu

150.000 kide baino gehiago ditu, eta zenbait lekutan elkartearen ordezkari-zeregina betetzen duten Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Kooperatibari atxikirik daude horietako gehienak. Ciudadano aldizkariaren argitaldarietako bat izateaz gainera, Ibercoop bihilabetekaria ere argitaratzen du elkarteko kooperatibentzat.

Kontsumitzaile eta Erabiltzaile Independenteen Federazioa

aldatu

1989an sortu zen. 175.000 kide ditu 54 elkarte federatuetan, eta 1.002 ordezkaritza, tokian tokiko federazioetan elkartzen direnak. Ciudadano aldizkaria argitaratzen parte hartzeaz gainera, kontsumoari buruzko monografia eta liburuxkak ere ematen ditu argitara.

Espainiako Kontsumitzaile eta Etxekoandreen Hiri Elkarte Nazionala

aldatu

Federazio hori etxeko kontsumoaz arduratzen da, eta etxekoandrearen irudia hartzen du etxeko ekonomiaren administratzailetzat. Dohainik eskaintzen ditu aholkularitza eta defentsa juridikoko zerbitzuak; heziketa- eta informazio-ikastaroak antolatzen ditu, eta etxekoandreentzat aurreikuspen-mutualitateak ezartzen ditu bazkideen eskura. Ciudadano aldizkariaren argitaldarietako bat da. 67 elkarte federatu eta lurralde-ordezkaritza dauzka 11 autonomia-erkidegotan banatuta. 125.000 kide dira.

Etxekoandre, Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Elkarteen Konfederazio Espainiarra

aldatu

Etxekoandre, Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Elkarteen Federazio Espainiarra izenez sortu zuten 1968an 17 probintziatako etxekoandreen elkarteek. 320.000 afiliatu inguru dauzka, 945 elkarte eta ordezkaritzatan banaturik. Inkesta nazionalak antolatzen ditu, sentsibilizazio-kanpainak sustatzen ditu, aholkularitza tekniko eta juridikoa eskaintzen du, eta Día a Día aldizkaria kaleratzen du, hiru hilabetetik behin. Estatuko 17 erakundetan du ordezkaritza, eta nazioartean seitan.

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu

Erreferentziak

aldatu