Metxa (antzezlana)
Metxa 2002an TENTAZIOA taldeak AEKrentzat ekoiztu zuen antzezlana izan zen. Zuzendaria Eneko Olasagasti izan zen. 2003ko Korrikaren inguruko ekitaldi kultural bat izan zen.[2]
Metxa (antzezlana) | |
---|---|
Jatorria | |
Egilea(k) | Koldo Izagirre |
Argitaratze-data | 2002 |
Izenburua | Metxa |
Ezaugarriak | |
Hizkuntza | euskara |
Zuzendaritza eta gidoia | |
Zuzendaria(k) | Eneko Olasagasti |
Antzezlea(k) | |
Bestelako lanak | |
Musikagilea | Joseba Tapia |
susa-literatura.eus… |
Koldo Izagirrek 1991n argitaratutako Metxa esaten dioten agirretar baten ibili herrenak ipuin liburuan oinarritutako antzezlana da.[3] Liburua 2002an berriro argitaratu zen antzezlanarekin batera.
Izagirrek bigarren liburu bat argitaratu zuen 1999an Agirre'tar Nikola "Metxa" pertsonaia berreskuratuta, "Agirre zaharraren kartzelaldi berriak" eleberria.
Eneko Olasagasti zuzendariak berak egin zuen lehen liburuaren antzerkirako egokitzapena, Izagirrek parte hartu zuen horretan eta liburuan ez zeuden elementu batzuk gehitu ziren.
Istorioa
aldatuMetxa gizon zaharra ibiltari nekaezina eta ipurtarina da, han-hemenka muturra sartzeko eta bazterrak nahasteko prest dagoena. Agureak babesgabea dirudien arren, zuhurtzia eta umorea ditu arnasbide. Hartara, Metxak anbiguo bihurtzen du edozein egoera eta edozein adierazpide.[4] Metxa agure erretiratua da, baina ez du bizitzatik dimititu, adarjolea eta erretxina da, gerran ibilia, gogor itxurakoa baina minbera du barrena; memoria pertsonal ahulekoa da, baina memoria historiko handia du. Agirretarra dugu; izan ere, beti erorian dabiltzan gizajoak dira agirretarrak. Eta oraindik ere min hartzeko prest da Metxa egoskor maitagarria. Haren bizipenak, gezurrak, tramankuluak ikusten dira jokaleku gainean; hala nola, boza ematera doanekoa, euskaltegian izena ematen duenekoa, herriko ilunpe orokorra sabotatzen duenekoa... Ikuskizuna aurrera egin ahala, ikusleak gero eta gertuago sentituko du Metxa, eta irribarrea aterako dio behin baino gehiagotan.[2]
Agirretartasuna
aldatuAgirretartasunaren kontzeptuak gidatzen du Metxa zaharraren nortasuna. Agirre'tar Nikola, "Metxa", 77 urteko agirretarra dugu. Batean, bere herrian Pelton turbina sartzen saiatuko da; bestean, gerra zibilean abiadore izan zela esango digu; hurrengoan. tanke-gidaria izan zela gogoratuko du. Auskalo zer ez ote duen egin edo esan Metxak. Agirretar on bat bezala. sorpresa huts bihurtzen zaigu Metxa bere jarrera, pentsamendu eta ekintzekin. Ez da erraza agirretar bat zer den esatea. baina. zerbait esatekotan. pertsonaia maitagarria dela esan behar. Behin baino gehiagotan etorriko zaio irakurleari irribarrea Metxa egoskor maitagarri honen ibiliak eta eroriak irakurtzean.[5]
Honela definitzen Metxak berak: “Agirretartasuna ez baitu sorlekuak ematen, baizik eta erorikoen minak” Hortaz, agirretartasunak nolabait sorlekuak emaniko tasunak (eta mugak) ezeztatzen ditu, eta, era berean, sorlekuaren ideia du abiaburu. Ondorioz, agirretartasunaren kontzepzioak euskalduntasunaren eta abertzaletasunaren diskurtso zenbait jartzen ditu auzitan.[4]
Bide horretatik, nortasun paradoxiko eta ironikoa du Metxa zaharrak. Izaera paradoxiko hori bateraezinak diren bi munduren artean mugitu beharrak eragin duela iradokitzen da nobelan: norbanakoaren mundua (mendebaldeko kulturaren diskurtsoa, askatasunaren bilaketarako eremua), eta giza taldearen edo gizartearen mundua (norbanakoaren askatasun horri nolabaiteko mugak ezartzen dizkion esparrua). Hartara, aldi berean bi aukeraren artean kulunka dabil pertsonaia: askatasuna eta determinazioa. Alde batetik, ekin eta hautatu egin ahal du; eta, beste alde batetik, arauak eta mugak ditu. Ondorioz, nobelak askatasuna du hausnarketa-gai nagusi.[4] Lehenengo eszenan honela kantatzen dute aktore guztiek:[3]
- Agirretarren bandera/ hartu dute hankapera
- Gure ametsen kondarrak doaz/ errekan behera.
- Ikusirikan galera/ askok egin du atzera
- Ezin omen da poza ekarri/ minduen aldera.
- Agirretarrak zer garen/ esango dugu bigarren
- Zutik irauten saiatzen gara/ erori arren.
- Ez bagabiltza azkarren/ ez da gaudelako herren
- Munduko zoro guztiak gara/ lagunak elkarren.
Pertsonaiak eta aktoreak
aldatu- Jose Ramon Soroiz: Agirre'tar Nikola,"Metxa", protagonista nagusia.
- Ramon Agirre:
- Jose Cruz Gurrutxaga:
- Aitzpea Goenaga:
- Ainara Gurrutxaga:
- Xabier Sarasola: umea
- Joseba Tapia: musikari gisa azaldu zen emanaldi nagusietan
Metxa agure ibiltaria pertsonaia literario interesgarria eta erakargarria da, itzulpenek eta sormen-lanek erakutsi duten moduan. Lehenik, gaztelerara itzuli ziren Metxa protagonistatzat duten bi nobelak: Malandanzas de un Aguirre llamado Mecha (1997, Hiru), eta Nuevas prisiones del viejo Aguirre (2001, Ttarttalo). Bigarrenik, beste sormen-lan batzuen iturri bihurtu zen Metxa pertsonaia literarioa: batetik, Metxa (2003) antzerki-lan honetan, eta, bestetik, Pablo Sastrek atonduriko lagunen zerrenda luzean, Eguzkipekoak (2003) lanean, Metxa pertsonaia literarioa ere aipatzen da. Zalantzarik ez, nortasun handiko eta nortasun bereziko pertsonaia literarioa sortu zuen Koldo Izagirrek, eta maila bereko interpretazioa egin zuen Soroizek antzezlanean.[4][6]
Pertsonaiak herrenka ibiltzen dira; euskaldunen topikoei jarraiki, sudur eta belarri luzeak dituzte. Exageratu egin zituzten pertsonaien ezaugarri fisikoak, distantzia lortze aldera. Arropak, aldiz, 2003koak ziren, gertutasuna islatu nahian. Liburua 80ko hamarkadan kokatua badago ere, 2003ra egokitu zuten lana.
Eszenaratzea
aldatuAntzerkiko hainbat elementu oso garrantzitsuak ziren ikuskarian: musika, txotxongiloak... Musikari dagokionez, Joseba Tapiak zuzenean jotzen zituen sei kantu eta aktoreek abestu egiten zituzten. Horietatik lau kanta Joseba Tapiak eta Koldo Izagirrek apailatutako «Agur Intxorta Maite» diskokoak dira. 2002an kaleratu zen disko horretan Gerra Zibileko hainbat kantu bildu zituzten eta musikatu. Metxarengan gerrak eragin handia izan zuenez, abestiok bere bizipenen oihartzunaz direla esan daiteke. Ikuskizunaren hasierako eta bukaerako abestia, «Agirretarren Bandera», Koldo Izagirrek idatzi zuen eta Oskorrik musikatu zuen urte batzuk.lehenago. Okasiorako, musika berria jarri zion Tapiak.[2] Agirretarren mundu imaginarioa islatze aldera, modulo tolesgarriak zituen eszenografia osatu zuen Iñigo Altolagirrek. Metxaren gela urdinetik, haren mundu partikularretik miniaturazko agirretarren herria, Casablanca baserria... sortuko dira. Eskuinaldean Metxaren mundua azaltzen zen, mundu onirikoa, urdinarekin sinbolizatua. Eta ezkerrean, mundu publikoa zegoen, eta hori gorriak irudikatzen du. Pastoraletik hartutako sinbolo horiekin jokatu zuten, nahiz eta eszenaratzeak pastoralekin zerikusirik ez izan.[2]
Metxa eta Euskaldunon Egunkariaren itxiera
aldatuEuskaldunon Egunkaria itxi eta hamar kulturgile atxilotu ondorengo egunean estreinatu zen «Metxa». Gertakari hori antzezlanean islatu nahi izan zuten eta «Euskaldunon Egunkaria» bera fisikoki bi pasartetan gehitu zuten. Metxak ere egiten zuen komentario agirretarrik auziaren inguruan: «Debekatzen gaituzten bitartean libreak gaituk». Horrez gain, emanaldi bakoitza bukatu ostean, «Egunkaria»rekiko elkartasuna adierazten zuen pankarta ateratzen zuten taldekideek.
Erreferentziak
aldatu- ↑ (Ingelesez) Oiartzabal, Ainhoa; Garaialde, Gari. (2003-01-31). «Metxa piztu da. Koldo Izagirreren pertsonaia literarioan oinarrituriko antzerki lana otsailaren 21ean estreinatuko du Tentazioak, Donostian» Euskaldunon Egunkariaren hemeroteka. 1990-2003. (berria.eus) (Noiz kontsultatua: 2022-04-14).
- ↑ a b c d Garate, Katixa. (2003-03-16). «HERRENKA, BAINA KORRIKA EGITEN DU NIKOLAK» Argia (Noiz kontsultatua: 2020-01-13).
- ↑ a b «Metxa antzezlana» www.susa-literatura.eus (Noiz kontsultatua: 2022-04-13).
- ↑ a b c d Retolaza, Iratxe. [https://www.ehu.eus/ehg/literatura/?p=25 Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH) - AGIRRE ZAHARRAREN KARTZELALDI BERRIAK (1999) Koldo Izagirre. ] Euskara Institutua. EHU (Noiz kontsultatua: 2022-04-13).
- ↑ https://kritikak.armiarma.eus/?p=3750
- ↑ «Iratxe Retolaza Agirre zaharraren kartzelaldi berriez» EITB (Noiz kontsultatua: 2022-04-13).