1383–1385eko Krisialdia
1383–1385eko krisialdia Portugalgo historiako gerra zibil eta anarkia aldia izan zen, Fernando I.a erregearen heriotzarekin hasi zena.
1383–1385eko krisialdia | |||
---|---|---|---|
Aljubarrotako gudua erabakigarria izan zen Krisia amaitzeko | |||
Data | 1383ko apirila – 1385eko urria | ||
Lekua | Portugal eta Gaztela | ||
Emaitza | Joanes I.a Portugalgoaren garaipena | ||
Gudulariak | |||
| |||
Buruzagiak | |||
| |||
1383ko urriaren 22an Fernando I.a Portugalgoa hil zen, gizonezko ondorengorik gabe. Beatriz, alaba bakarra, Joanes I.a Gaztelakoarekin ezkondurik zegoena, adingabea zenez gero (11 urte besterik ez zituen), Leonor erreginak hartu zuen erreginordetza. Burgesiak eta aristotraziaren zati batek ez zuten Gaztelako erregea begi onez ikusten eta Joanes Aviskoa, Petri I.aren sasiko seme eta Fernando I.aren sasianaia, hobetsi zuten[1].
1383ko abenduan Joanes Aviskoaren aldekoek Joáo Fernandes Andeiro, Leonor erreginordearen maitale eta begikoa, hil zuten. Leonorrek Joanes suhiari laguntza eskatu zion, eta hau Portugalen sartu zen bere armadarekin. Jarraian, Lisboa, Oporto eta beste hiri batzuetako burgesak Gaztelakoaren aurka altxatu ziren eta gerra zibila piztu zen. Joanes Gaztelakoak Frantziaren laguntza bildu zuen eta Joanes Aviskoak Ingalaterrako erresumarena.
1384ko maiatzean gaztelarrek Lisboa setiatu zuten, baina bost hilabete geroago alde egin behar izan zuten, hirian izurri pneumonikoa zabaldu zelako. 1385eko apirilean Coimbrako gorteek Joanes Aviskoa Portugalgo errege (Joanes I.a Portugalgoa) izendatu zuten. Joanes Gaztelakoak ez zuen erabakia onartu, baina abuztuaren 14an, Aljubarrotako guduan, erabateko porrota jasan zuen[1].
Aljubarrotako garaipenaren ostean Joanes Aviskoa Portugalgo erregetzat ezagutua izan zen, Gaztelak 1411 arte onartu ez zuen arren. Portugal eta Ingalaterraren arteko aliantza Windsorko Itunaren (1386) eta Joanes eta Filipa Lancasterkoaren arteko ezkontzaren bidez berretsi zen.
Erreferentziak
aldatu- ↑ a b Erich HARTMANN: La batalla de Aljubarrota Elgrancapitan.org