María Ángeles Garai
María Ángeles Garai Miota (Zazpikaleak, Bilbo, Bizkaia, 1930eko urtarrilaren 3a - Ibidem, 2022ko martxoaren 24a) Bizkaiko lehen ikastolako eta orduan bakarraren, lehen andereñoa izan zen. Emakume aitzindaria.[1]
María Ángeles Garai | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Bilbo, 1930eko urtarrilaren 3a |
Herrialdea | Bizkaia, Euskal Herria |
Heriotza | 2022ko martxoaren 24a (92 urte) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | euskara gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | irakaslea |
Pedagogia ikasketak egin ondoren, haurrentzako euskarazko irakaskuntzaren sustapenean murgildu zen buru-belarri. Erregimen frankistak ezarritako zailtasunen aurrean, Garaik etxean ere eman zituen eskolak.[2]
Biografia
aldatuEuskal familia batean hazi zen, ama-hizkuntza euskara izanik. Bilboko Zazpikaleetan bizi ziren, hasieran Tenderia kalean eta gero Artekalen. Ama Anboto mendiaren azpiko Axpe-Martzaa herrikoa zen. Aita, Laukizekoa, oso gazterik joana zen hiriburura eta «Euskalduna» ontzioletan lan egiten zuen. Abertzaleak eta euskaltzaleak, kanpoan eziñ, baina etxean «beti euskaraz» mintzatzen ziren, eta hizkuntza horretan hezi zituzten alabak. Neskatoak kalera irtetean izaten ziren kontuak, euskaraz entzuten zietela eta, auzokoek "aldeana"tzat hartzen zituztenean. Neskak udan Anbotoren magalera joaten ziren, Axpera, amaren jaiotetxera, Miotatarren Uruburu baserrira. Hango bizimoduak ez zeukan inongo zerikusirik Zazpikaleetakoarekin.[3]
Txikitan auzoko eskolara joan zen; handik, Unamuno institutura, eta, ondoren, hiriko Eskola Arruntean ikasi zuen. Karrera amaitu ondoren, arlo pedagogikoan hasi zen lanean, eta eskola partikularrak eman zituen gaztelaniaz. Garai hartan ezagutu zuen Xabier Peña, aseguru-etxe batean lan egiteaz gain, borondatezko lana egiten zuena, gazteei euskara-eskolak ematen. 1954an, María Ángeles astean hiru arratsalde joaten hasi zen Peñaren alfabetatze-eskoletara, eta udan ikastaro trinkoak egin zituen. Peñaren helburuetako bat ikasleak irakasle bihurtzea zen, eta bilbotar gaztea ere arlo horretan sartzen hasi zen, emakume-talde bati euskarazko eskolak emanez.
26 urte zituela, 1956an, Parisera joan zen, eta irailaren 23tik 29ra Euskal Mundu Biltzarrera; ezkutuan, Garmendia deitura erabiliz. Han ezagutu zituen, besteak beste, Elbira Zipitria eta Karmele Esnal, ikastolen sorreran murgildutako bi pertsona. Parisen ondorio batera iritsi zen: beharrezkoa zen haurrentzako euskarazko irakaskuntza abian jartzea.
Irakasle ibilbidea
aldatuParistik itzultzean, Maria Angelesek hilabeteko egonaldia egin zuen Donostian, hain zuzen ere Fermín Calbetón kalean, Zipitriak ikastola zuen tokian; hartara, haren funtzionamendua ezagutu nahi zuen. Eredu horri jarraituz, Xabier Peñak ikastola bat jarri zuen martxan Bilbon, eta Garai Bizkaiko ikastola bakarraren lehen andereñoa bihurtu zen. Ikastola Bilboko San Nikolas elizako katekesian ireki zen 1957ko urriaren 9an; Maria Angelesek 3 eta 6 urte bitarteko hamahiru haurren ardura hartu zuen.[1]
1958an ikasle kopuruak gora egin zuen, eta Garairekin batera beste andereño bat hasi zen lanean; horrela bi gela egin ziren. Baina ez zen erraza izan, urte hartatik aurrera zailtasun handiak izan baitzituzten euskaraz irakasteko. San Nikolas elizatik bota zituzten, eta Frantziskotarren Iralabarri komentura eraman zituzten. 1959ko urtarriletik urrira arte egon ziren bertan. Orduan, irakaskuntzako ikuskatzaile bat agertu zen, eta hark jarritako salaketaren erruz, atxilotuak ere izan ziren.[4]
Egoera horren ondorioz, ikastolak etxe partikularretara eraman ziren, eta, segurtasunagatik, lekuz aldatzen ziren noizean behin. 1962-1963an ireki zuen Maria Angelesek ikastola Urkixo zumarkaleko bere etxean.[1] Han, Ander, Jon eta Mikel semeekin batera, beste 20 ikasle batzen ziren. Horrez gain, eskolaz kanpoko jardueretan ere parte hartzen zuten, adibidez, Xabier Peñak zuen irratsaioan edo 1960 eta 1964 artean Arratzolan antolatu ziren udalekuetan.
1965eko abenduan, Lehen Hezkuntzako Eskola Liburuaren ezarpena eta nahitaezkotasuna ezarri ziren ikastetxe publiko eta pribatu guztietarako. Julia Berrojalbiz andereñoa Euskaltzaindira jo zuen irakaskuntza elebiduna legeztatzeko laguntza eske. Euskaltzaindiaren babespean eta Alfontso Irigoienek eskainitako laguntzari esker sortu ahal izan zen, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin ere bai. 1966an zabaldu zen, Elkano kaleko 6. zenbakian, Resurrección María de Azkue ikastola Abando auzoan. Euskaltzaindiaren babespean eta Alfontso Irigoienek eskainitako laguntzari esker sortu ahal izan zen. Lehen Hezkuntzako zuzendari nagusiak baimena eman ondoren, haurrei hizkuntza ofizialean eta euskaraz irakastea zuen helburu. Ikastolak arrakasta handia izan zuen hasiera-hasieratik; ondoren, Zazpi kaleetako Santiago parrokiako Ikastola (1968), Begoñazpi Ikastola (1970) eta Lauro Ikastola sortu ziren.[5][6][7]
Angeles Garaik ikastolen bilakaera osoa bizi izan zuen, ikastolen legezko onarpena lortu arte, eta Resurrección María de Azkue ikastolan amaitu zuen irakasle-lana, Euskal Herrian ofizialki ireki zen ikastoletako lehena.[4]
-
Elkano kalea ezkerraldean.
-
Elkano kaleko 6. ataria
-
Atariko plaka ezkerraldean goian.
Erreferentziak
aldatu- ↑ a b c «Maria Angeles Garai Bizkaiko aurreneko ikastolako lehen andereñoa hil da» EITB Euskal Irrati Telebista 2022-03-24 (Noiz kontsultatua: 2022-03-24).
- ↑ «Maria Angeles Garai hil da, Bizkaiko lehen ikastolako lehen andereñoa» El Correo 2022-03-24 (Noiz kontsultatua: 2022-03-24).
- ↑ Garmendia Lasa, Elixabete. (2002). Ma Ángeles Garai (1930) /. Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia, ISBN 978-84-457-1880-3. (Noiz kontsultatua: 2022-03-24).
- ↑ a b Berria. «Maria Angeles Garai gerra osteko Bizkaiko lehen ikastolako lehenengo andereñoa hil da» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-03-24).
- ↑ Arrien Berrojaechevarria, Gregorio. (1987). «La Ikastola Azkue, la primera en ser legalizada en Vizcaya en 1966 : (estudio de sus orígenes y organización) | Eusko Ikaskuntza» www.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2022-03-24).
- ↑ CUADERNOS de Sección. Educación. 2. Eusko-Ikaskuntza D.L. 1987 ISBN 84-86240-47-6. PMC 920088262. (Noiz kontsultatua: 2022-03-24).
- ↑ «Begoñazpi Ikastola | Las ikastolas | Enseñanza en euskera» www.begonazpi.org (Noiz kontsultatua: 2022-03-25).