Lota jauregia (frantsez Château Lota) Lapurdiko Uztaritze herrian dago. Bernard Duhart eta Dominique-Rosalie Ainciondo senar-emazteek eraikiarazi zuten, 1873tik 1879ra. Uztaritzeko herriko etxearen jabetzan da 1979az geroztik.

Lota jauregia
 Monumentu historikoa
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Lapurdi
HerriaUztaritze
Koordenatuak43°23′49″N 1°27′18″W / 43.397°N 1.455°W / 43.397; -1.455
Map
Ondarea
Mérimée IDPA64000082
Kontaktua
Helbidearue des Vicomtes du Labourd
Lota jauregiaren mendebaldeko aitzindegia, erdian dorrea nabarmentzen dela.

Jatorria eta eraikuntza aldatu

Lota jauregia 1873tik 1879ra bitarte izan zen eraikia, Uztaritzeko herriaren gunean. Bernard (Baptiste ere deitua) Duhart eta Dominique-Rosalie Ainciondo senar-emazteek eraikiarazi zuten.[1] Sortzez uztariztarra izanik, Bernard Duhartek janari eta edari alkoholdunen esportazioko enpresa bat ezarri zuen, 1860an, Lotan (Txile), Pierre eta Charles bi anaiekin batera, Casa Duhart Hermanos.[1]

Txilen bildutako aberastasunekin, sorterrira itzultzeko zenean, jauregi hau eraikiarazi zuen, Frantzian garai hartan nagusi zen bigarren inperioaren estilora, Ameriketan izandako arrakastaren lekuko izan zedin. Familiaren jatorrizko etxeak zeuzkan lur sailetan egin zuen jauregia.[2] Eraikinaren arkitektoa nor izan zen ez da ezaguna.[3] Bernard Duhart ez zen luzaroan bizi izan jauregian, 1879ko urtarrilaren 14an hil baitzen.[3]

 
Lota jauregiaren mendebaldeko aitzindegiaren aurreko seinalea.

Eraikinak lauki baten oinplanoa dauka, lau solairuko garaieraz. Dekorazio neogotikoa nabarmentzen da, bereziki ekialdera begiratzen duen aitzindegi nagusian. Dorre batek hartzen du eraikinaren erdigunea, mendebaldeko aitzindegian bereziki nabarmentzen dena.

Barnean, egun oraindik gordetzen dira jatorrizko dekorazioaren elementu batzuk: ate-leihoetako zurajea, zelligeak, zoladuren zurajea, tximiniak eta abar.[4]

Frantziako monumentu historikoen zerrendan sartu zuten 2013an.[5]

Erabilera aldatu

Jauregia Duhart familiaren jabetzapean egon zen, 1936an saldua izan zen arte. 1954an, haurren babes elkarte batek erosi eta 25 bat urtez erabili zuen xede horrekin, herriko etxeak bere ondarean sartu zuen arte, 1979an.[3]

1990az geroztik, Euskal Kultur Erakundeak[6] du egoitza Lota jauregian. Baita ere, bertan izan zuen egoitza, 2012ra bitarte, Ikas euskal pedagogia zerbitzuak.

Bibliografia aldatu

  • Esteban, Mendi (2012) Histoire du Château Lota. Uztaritzeko herriko etxearen aginduz landutako txostena, 2012ko urtarrilean.

Erreferentziak aldatu

  1. a b «Lota Jauregia» EKE (Noiz kontsultatua: 2021-04-05).
  2. (Frantsesez) Duhart, Michel. (2018). Le château Lota à Ustaritz. , 1 min 52 s or. (Noiz kontsultatua: 2021-04-05).
  3. a b c Isabelle Barbaza (2012) «Le château Lota classé au patrimoine», Sud-Ouest egunkaria, 2012-03-20.
  4. «Château Lota à Ustaritz - PA64000082 - Monumentum» monumentum.fr (Noiz kontsultatua: 2021-04-05).
  5. «Château Lota» www.pop.culture.gouv.fr (Noiz kontsultatua: 2021-04-05).
  6. «Euskal kultur erakundeak 20 urte (1990 - 2010)» EKE (Noiz kontsultatua: 2021-04-05).

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu


Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Euskal Wikiatlasa