Samuel Richardson
Samuel Richardson (Mackworth, Derbyshire, 1689ko abuztuaren 19a - Londres, 1761ko uztailaren 4a) ingeles eleberrigilea izan zen. Gutunen teknika erabili zuen maisuki eleberrietan; pertsonaien psikologia landu zuen bereziki. Horrela, gutunetatik abiatuta taxutu zuen lehen eleberria, berehalako arrakasta izan zuena: Pamela: or, Virtue Rewarded (1740, Pamela edo bertutea sariturik).
Samuel Richardson | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Derbyshire eta Mackworth (en) , 1689ko abuztuaren 19a |
Herrialdea | Ingalaterrako Erresuma 1707ko maiatzaren 1a) Britainia Handiko Erresuma (1707ko maiatzaren 1a - |
Lehen hizkuntza | ingelesa |
Heriotza | Londres, 1761eko uztailaren 4a (71 urte) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | ingelesa |
Jarduerak | |
Jarduerak | idazlea, eleberrigilea eta prosalaria |
Genero artistikoa | Empfindsamkeita |
Sinesmenak eta ideologia | |
Erlijioa | anglikanismoa |
Bizitza
aldatuSamuel Richardson Mackworth izeneko herrian jaio zen, 1689 urtean. Hala ere, bizitza Londresen eman zuen, eta oso gutxitan atera zen hiri horretatik. Hamabi urteak bete arte egon zen eskolan, eta handik aurrera lanean ibili zen, beti ere inprimategietan; hasieran ikastun moduan ibili zen eta geroago langile espezializatu moduan. Denborarekin bere inprimategi propioa ere sortu zuen, Londresen, Salisbury Court izeneko lekuan.
Bi aldiz ezkondu zen; lehenik, Martha Wilderekin, 1721 urtean (emaztea hamar urtera hil egin zitzaion); bigarren emaztearekin, Elizabeth Leakerekin, 1733 urtean. Biak imprimatzaileen alabak ziren.
Bere garaian Londresen Samuel Richardson ospe handiko idazlea izan zen. 1761 urtean hil zen, Parkinson gaixotasuna hogei urtez pairatu ondoren.
Lehen nobela: Pamela
aldatuInprimatzaile entzutetsuak berrogeita hamar urte zituelarik ustekabean literaturari ekin zion. 1740 urtean Pamela argitara atera zuen, jatorrizkoan Pamela: or, Virtue Rewarded (1740, Pamela edo bertutea sariturik). Nobela epistolarra da, hau da, gutunez osatua. Protagonista Pamela Andrews da, etxe aberats baten zerbitzari lanetan dabilen neska. Familia horretako semeak bere egin nahi du eta horrela saiatzen da behin eta berriro, batzuetan beste zerbitzarien laguntzarekin. Baina Pamelak erlazio horiek izateari uko egiten dio eta ez da erortzen gizonak prestatutako lakioetan. Zintzoa eta bertutetsua da, garai hartako ereduaren arabera. Azkenean, familiako semeak Pamelaren egunkaria irakurri ondoren berari ezkontzeko proposamena egiten dio.
Richardsonek ondo ezagutzen zuen bere garaiko emakumeen egoera eta psikologia, eta honela islatzen da bere liburuan. Pamela nobelaren helburua moralizatzailea da, hau da, neskatila batek eduki behar duen portaera erakustea; honela, liburua neskatila eskarmentu gabeentzako aholku-sorta ere bada.
Beste lan batzuk
aldatuPamela liburuaz aparte beste bi nobela epistolar idatzi zituen: Clarissa Harlowe: Or the History of a Young Lady (1747-1748) eta The History of Sir Charles Grandison (1753). Eleberri psikologiko nagusien artean daude Pamela eta Clarissa.
Hiruretatik, kritikoen ustez, Clarissa izan da obrarik hoberena. Bertan, Richardsonek forma epistolarra efizientzia handiarekin erabiltzen du, psikologikoki sinesgarriak diren pertsonaiak sorten ditu eta aldi berean XVlll. mendeko kontu moralak islatzen dituzte. Emakume baten barne-sentimenduetan sakondu nahi izan zuen eleberri honetan. Berebiziko eragina izan zuen haren lanak Europako geroztikako idazle batzuengan (Diderot, Rousseau, Goethe). Izan ere, publikatu eta gero, azkar itzuli zen frantsesera eta beste europar hizkuntzetara.
Gizonezkoen munduan barneratu zen gero, ondorengo nobelarekin: The History of Sir Charles Grandison (1754, Sir Charles Grandison-en historia). Charles gaztea bi emakumeren artean erabaki behar du, Inglaterrako Harryet Byron eta Italiako Clementina. Kritikoek diotenez, liburu honetan pertsonaia femeninoak hobeto eratuta daude maskulinoak baino. Gainera, tramak gertaera gutxiago ditu eta lezio moralak zalantzagarritasun gutxiago dauka Clarissan baino. Dena den, bere garaian, Sir Charles Grandison nobelak arrakasta izan zuen eta Jane Austenen gustuko eleberrien artean egon zen.
1577an bere hiru eleberrietako esaldien eta maximen bilduma argitaratu zuen: A Collection of the Moral and Instructive Sentiments, Maxims, Cautions, and Reflections, Contained in the Histories of Pamela, Clarissa and Sir Charles Grandison.
Richardson bere garaiko nobelagileen artean garrantzitsuenetariko bat izan zen kontsideratua. Bere lanetan, moraltasun burgesa definitzen du eta kritika egiten dio giro arduragabeari eta goi mailako klasearen inmoralitateari. Bere nobelek egoera sozial errealak irudikatzen dituzte, sinesgarriak diren pertsonaiak deskribatuz, eta berauen psikologia, sentimenduak eta barneko tentsioak zehazki aztertzen ditu.
Telebista sailak
aldatu1991.urtean, BBC irrati eta telebista enpresak, Clarissa nobelaren adaptazio bat egin zuen, Sean Bean eta Saskia Wickham protagonista bezala. Italiar telebistan berriz, bi partetan zatitutako telebista-sail bat aurkeztu dute Pamela nobelan oinarritua, “Elisa de Rivombrosa” deitzen da eta Italian girotu arren, testu originala errespetatzen du.
Erreferentziak
aldatuWikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Samuel Richardson |
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.