Kourion

antzinako hiri-estatua

Kourion (grekoz: Κούριον) edo latinez: Curium, antzinako hiri-estatua izan zen Zipreko hego-mendebaldean. Kourioneko akropolia, Episkopitik 1,3 kilometrora hego-mendebaldean dago eta Limasoletik 13 km-ra mendebaldean[1], Episkopi badiako kostaldean zehar ia ehun metro garai den kareharrizko muino baten gainean kokatua.

Kourion
Kouriongo agora.
Datuak
Estatu burujabe Zipre
Zipreren banaketa administratiboaLimasolgo barrutia
Community of Cyprus RepublicEpiskopi
Koordenatuak34°39′51″N 32°53′16″E / 34.6642°N 32.8877°E / 34.6642; 32.8877
Map
Historia
GaraiaK.a. 1050
Uztea649
KulturaZipretarrak

Kourion arkeologia eremua Akrotiri eta Dhekelia Itsasoaz haraindiko britainiar lurraldearen barruan kokatzen da, eta Zipreko Antzinate Departamentuak kudeatzen du.

Historia aldatu

Kouris haraneko aurreneko asentamenduak aldatu

Kouris haranean aurkitu den aurreneko asentamendua Sotira-Teppes izan zen, Kourionetik 9 kilometro ipar-mendebaldera[2]. Neolito aroko keramika garaikoa da, K.a. 5500-4000 urtekoa. Garai hartako beste asentamendu bat ere induskatu da, Kandou-Kouphovounos, Kouris ibaiaren ekialdeko ertzean[3]. Kalkolito aroan (K.a. 3800-2300) Erimi-Pamboules eremuan izan zen asentamendu berri bat[4]. Hurrengo mendeetan Kouris haranean herri konplexuagoak eratu zen, Episkopi-Phaneromeni, K.a. XIII. mendean sortua eta 1050an bertan behera utzia. Troodos mendietan zehar kobrearen merkataritzarako korridorea eratu baitzen haranean zehar[5].

Kourion hiri-erresuma aldatu

 
Zipreko antzinako hamabi hiri-erresumak.

Kourion hiri-erresuma Zipre-Geometriko aroan (K.a. 1050-750) Zipren eratu ziren hamabi erresumetako bat izan zen.Garai hartatik gelditzen diren aztarna zaharrenak K.a. XI. mendeko hilobiak dira, eta Greziarekin harreman zuzena izan zuen komunitate aberatsa zela erakusten dute[6].

K.a. 750. urtean asiriarren kontrolpean gelditu zen Zipre, baina Kourionek erresuma indartsuenetakoa izaten jarraitu zuen. Ninive hirian aurkituriko Asarhaddon enperadore asiriarraren prisman (K.a. 672) Kuriko Damasos erregea aipatzen da[7]. K.a. 569. urtean Egiptiarren eskutan gelditu zen Zipre eta K.a. 546an Ziro II.a Handia Pertsiakoak konkistatu zuen. Joniar matxinada izan zenean (K.a. 499-493) Stanasor Kourioneko erregeak bat egin zuen Onesilos Salaminako erregearekin pertsiarren aurka, baina K.a. 497an traizioa burutu eta Pertsiarrek Zipreren gaineko kontrola mantentzea lortu zuten.

Aro klasikoan (K.a. 475-333) hiriko akropolisa eratu zen. Pasikrates (grezieraz: Πασικράτης) Kouriongo erregeak Alexandro Handiari Tiro hiriaren setioan lagundu zion eta haren menpeko gisa gobernatu zuen. K.a. 294. urtean Ptolomeo I.aren menpe gelditu zen Zipre.

Erromatarren garaia aldatu

 
Gladiatoreen mosaikoa.

K.a. 58. urtean Plebearen kontzilioan erromatarrek Zipre eskuratu eta Zilizia probintziaren barnean sartu zuten, baina K.a. 22 urtean Ziliziatik banatu eta Prokontsul baten menpeko Senatu probintzia askea bihurtu zen. Prokontsularen azpian hierarkia zabala eratu zen eta hurrengo mendeetan elite aberatsa eratu zen Kourion hirian. Ospakizun garestiak egiten ziren eta Kouriongo gobernuak hainbat isun jaso zituen horregatik.

Erromatarren erlijioen kultoak garrantzia handia izan zuen hirian, ez bakarrik apez asko egoteagatik, baita Apolo Zesar edo Apolo Hylates-ekiko kultoagatik ere, zeinaren bidez Trajano jainko gisa gurtzen baitzen.

Erromatarren garaian Zipreko hiri garrantzitsuenetako zela adierazten dute orduko idazle askoren lanetan agertzen diren aipamen ugariek. Hauen artean ditugu esate baterako Klaudio Ptolomeo, Stephanus Bizantziokoa, Heriokles eta Plinio Zaharra.

IV. mendearen hasierako Dioklezianoren jazarpenetan Filoneides Kouriongo azpezpikua matririzatua izan zen[8] eta 341. urtean Efesoko kontzilioan Zeno apezpikuak Zipreko elizaren independentzia lortu zuen.

Hiriaren amaiera aldatu

IV. mendearen amaieran zortzi urteko tartean bost lurrikara gogor jasan zituen Kourionek eta hiria erabat suntsituta gelditu zen[9]. Kourion partzialki berreraiki zuten. Akropolisak hondarretan jarraitu zuen baina mendebaldean elizaren barruti bat eraikiz zen. 648 eta 649 artean arabiarren erasoek berri apurtu zuten hiria eta hiriaren erdigunean gaur egungo Episkopi hiria dagoen tokian berreraiki zen, bi kilometro ipar-ekialdera[10]. Episkopi izena apezpikuaren egoitza (Episcopus) bertan ezarri zelako jaso zuen[11].

Indusketak aldatu

kourion hiria 1820. hamarkadan identifikatu zuen Carlo Viduak[12]. Lorenzo Pease eta Ludwig Ross arkeologoek Apolo Hylates-en santutegia aurkitu zuen 1839-1849 artean akropolisaren mendebaldean. Luigi Palma di Cesnola kontsul amerikar eta arrusiarrak 1874-1875 urteetan indusketa ugari egin zituen santutegiaren inguruan eta Ayios Ermoyenis hilerrian. 1882 eta 1887 artean baimenik gabeko indusketa berriak egin ziren.

1895. urtean British Museum izan zen indusketa berriak gidatu zituena eta 1933an P. Dikaios izan zen Zipreko Antigoaleko Departamenduaren izenean lanean aritu zena. Hurrengo hamarkadetan indusketa ugari egi egin ziren Kouriongo eremuan.

Arkeologia aldatu

Kourionen aurkitzen diren hondar gehienak erromatar garaikoak eta bizantziar arokoak dira.

Apolo Hylates santutegia aldatu

 
Apolo Hylates santutegia.

Apolo Hylates (Ἀπόλλων Ὑλάτης) santutegia akropolisetik 1'7 kilometro mendebaldera kokaturik dago, itsasertzetik 650 metrotako distantziara. Zipreko hirugarren tenplua zen garrantziaren arabera, Salaminako Zeus Salaminos eta Pafosko Afroditaren santutegiak baino ez xziren ezagunagoak. Aztarnarik zaharrenak K.a. VIII. mendeko aldare baten inguruan kokaturik daude. Apolorekiko kultoa K.a. III. mendean ezarri zen ordea.

Santutegiaren ekialdean Apoloren apaizen egoitza eta altxorraren biltegia zeuden.

gaur egungo itxura K.o. I. mendean hartu zuen ordea, 76-77ko lurrikararen ondoren Trajanok egin zuen berreraikuntzaren ondoren hain zuzen ere. Augusto enperadoreak ere berreraikuntza lanak bultzatu zuen eta orduko tenpluak 13'5 metro luze eta 8'35 metro zabal hartzen zituen.

Zipre-klasikoaren eta aro heleniarraren hondarrak aldatu

Oraindik induskatzen ari den eremua da. Egitura piramidal bat agertu da Zipreko aro klasikoak erauikia (K.a. 350-325) eta heleniar garaiko egitura publiko bat, 30 metrotako luzera duena, Ninfeotik 30 metro hego-ekialdera. Azken hau K.a. 325-50 artean erabili zela pentsatzen da. Mosaiko batzuk aurkitu dira kolore zuri eta beltzezko piezak konbinatzen dituztenak[13].

Antzokia aldatu

 
Kouriongo antzokia.

Pennsylvaniako Unibertsitateak 1935 eta 1950 artean egin zituen indusketetan aurkitu zen Kauriongo antzokia. Amathuserako atetik igotzen zen maldan kokaturik zegoen eta desnibel hau aprobetxatuz 180ºtako zirkulu erdi itxura eman zioten. Hasiera batean txikiagoa zen baina K.a. 15. urteko lurrikararen ondoren berreraiki zutenean handitu egin zuten. Quintus Iulius Cordus prokontsulak berriz berreraiki zuen K.o. 64-65 urteen artean. Trajanok ere egi zituen aldaketak eta 214 eta 217 artean gladiadoreen jokuak egin ahal izateko moldatu bazen ere 250an bere aurreko txura berreskuratu zuen. 365-70 artean izan ziren lurrikarek suntsitu eta bertan behera utzia izan zen antzokia.

Garai onenean 3.500 ikusle hartzen zituen antzokiak.

Amathuserako ateko hilerria aldatu

Akropolisaren hego-ekialdeko eta ipar-ekialdeko labarren azpian kokaturik zegoen hilerria. K.a. III mendearen eta K.o. I. mendearen artean Ayios Ermoyenis hilerria nahikoa izan bazen ere ondoren hilobi lerro berriak ezarri ziren.

K.o. IV. eta VI. mendeen artean harrobi gisa erabili zen hilerria eta asko hondatu zen.

Akueduktoak aldatu

Gaur egun eremu lehorra bada ere, erromatarren garaian ur hornidura egokia izan zuen. Horren erakusle dira Ninfeoa eta bainu publiko handiak. Joseph S. Last arkeologoak bi akuedukto identifikatu zituen bi iturburutatik hirira ura ekartzen zutenak. Sotiran zegoen iturburu txikiena, hiritik 11 kilometrotara eta Sounin iturburu handiena hiritik 20 kilometrotako distantziara. Badirudi mendebaldeko akueduktoa (Sotirakoa) zela zaharrena eta ekialdekoa (Sounikoa) bestearen ur hornidura osatzeko erabili izan zela[14].

Etxeak aldatu

 
Eustoliosen etxeko mosaikoak.

Gladiatoreen etxea gladiatoreen mosaikoak dituelako hartzen du izen hori (Zipre osoan ez da horrelako besterik ezagutzen). K.o. III. mendeko egitura da eta elite baten erresidentzia pribatua zela uste den arren palaestra publikoa ere izan liteke[15]. Erdian patio bat du eta alboan bainuak ditu, ez du ordea bizitzeko egokia den gelarik. IV. mende amaierako lurrikarek asko kaltetu zuten baina ekialdeko gelak VII. menderarte erabili izan zirela pentsatzen da.

Akilesen etxea akropolisaren ipar-mendebaldeko zabalkundean kokaturik dago, Gladiatoreen etxearen mendebaldean. K.a. IV. mendean harresien kanpoan eraiki zen, Pafoserako atearen ondoan.

Lurrikararen etxea 365-370 lurrikarek kaltetutako eraikina da. Eremu honetan berreraikuntzarik gertatu ez zenez jende xehearen auzoa izango zela uste da. hainbat hezurdura aurkitu dira, besarkaturiko bikotea, gaoiko solairutik eroritako gaztea, ama gaztea haur batekin eta hiru gizon gazte. Mando baten hezurdura ere aukitu da.

Eustoliosen etxea eta bainuak antzokiaren gainean kokaturik zeuden eta IV. mendean eraiki ziren lurrikarek suntsituriko beste eraikin baten gainean. Hasieran etxea eraiki zen eta ondoren bainuak. Guztira 30 logela baino gehiago zituen.

Foruma, Ninfeoa eta termak aldatu

Foruma zen kouriondarrek bizitzaren erdigunea eta II. mendearen amaieran edo III.aren hasieran eraiki zen. Harlauzaz estalia zegoen eta marmolezko zutabedun aterpeek inguratzen zuten ekialdean, iparraldean eta mendebaldean[16]. Ekialdeko aterpeak 65 metrotako luzera eta 4'5 metrotako zabalera zituen eta albo batera foruma bazuen ere beste aldeko horman denda ugari zeuden. Forumaren iparraldeko aterpeak Ninfeo ederrera eta termetara eramaten zuen. Ekialdeko aterpea V. mendean berreraiki zen eta apezpikuaren eremurako sarrera zuen.

 
Ninfeoa.

Ninfeoa I. mendean hasi ziren eraikitzen eta lau fasetan burutu zen VII. mendearen artean. II. eta III. mendeetan Erromatar mediterraneoko ninfeo handienetakoa izan zen. Hasieran gela errektangularra eta hiru absidedun iturria izan ze. 77. mendeko lurrikararen ondoren berreraiki zutenean patio batek eta hegoaldean zegoen gela batek osatzen zuten. Absidedun iturria eta sakonune errektangularrak gela horretan zeuden. Fase horretan 45 metrotako luzera eta 15 metrotako zabalera zituen. Lurrikara berriek kaltetu ondoren hiru habeartedun basilika bat eraiki zen, 370-410 urteen artean eliza gisa erabili zena. VII. mendearen erdialdera bertan behera utzia izan zen.

Bainuak IV. mendean eraiki ziren eta ninfeoa inguratzen zuten. Ninfeoak berak bi zatitan banatzen zituen, ekialdeko hegoa eta mendebaldekoa. Ekialdekoek korridore zentral baten inguruan sudatoriuma, caldariuma eta tepidariuma zeukaten eta ekialdekoek ninfeoaren horman lerraturiko bainugelak.

Estadioa aldatu

Kourioneko estadioa akropolisetik 500 metro mendebaldera eta Apolo Hylates santutegitik 1'1 kilometro ekialdera kokaturik zegoen[16]. Antonino Pio enperadorearen garaian eraiki zen. 187 metrotako luzera zuen eta bi harri zirkularrek markatzen zuten hasierako marra. Zortzi korrikalari sartzen zirren pistan. Iparraldean, mendebaldean eta ekialdean dromosa zegoen eta 217 metrotako luzera eta 17 metrotako zabalera zituen. Inguruan gradak zeuden eta 6.000 ikuslerentzako tokia zegoen. IV. mendearen bigarren erdialdean bertan behera gelditu zen. Zipren azaleratu den estadio bakarra da.

Apezpikuaren barrutia eta Kouriongo katedrala aldatu

Forumaren hego-mendebaldean kokaturik daude eta V. eta VI. mendeen artean eraiki ziren.

Katedrala hiru habearte eta abside bakarra dituen basilika da. hamabi zutabetako ilarek banatzen zituzten habearteak eta hormak marmolezkoak ziren. Apezpikuaren barrutia lehenagokoa da, IV. mendean eraikia.

Arabiarren erasoek VII. mendean apezpikua uhartean barnera sartzea ekarri zuen eta kourionek Zipreko kristautasunean erreferentzia izateari utzi zion.

Iruditegia aldatu

Erreferentziak aldatu

  1. (Ingelesez) Ltd, rome2rio Pty. «Limassol to Kourion Museum - 2 ways to travel via line 16 bus, and car» Rome2rio (Noiz kontsultatua: 2020-11-11).
  2. «Digital Kourion - Sites - Sotira Teppes | Penn Museum» www.penn.museum (Noiz kontsultatua: 2020-11-10).
  3. (Ingelesez) Sarris, A.; Ball, S.; Georgila, K.; Kokkinou, E.; Karimali, E.; Mantzourani, E.. (2002). «A Geophysical Campaign at the Neolithic Settlement of Kandou - Kouphovounos (Cyprus)» undefined (Noiz kontsultatua: 2020-11-11).
  4. (Ingelesez) Museum, J. Paul Getty. (1997-02-27). Chalcolithic Cyprus. Getty Publications ISBN 978-0-89236-207-3. (Noiz kontsultatua: 2020-11-11).
  5. (Ingelesez) «Online Research Catalogues» The British Museum (Noiz kontsultatua: 2020-11-10).
  6. Kourion: The Evidence for the Kingdom from the 11th to the 6th Century BCE, Diana Buitron-Oliver, Bulletin of the American Schools of Oriental Research No. 308, The City-Kingdoms of Early Iron Age Cyprus in Their Eastern Mediterranean Context. , 27–36 or..
  7. (Ingelesez) «prism | British Museum» The British Museum (Noiz kontsultatua: 2020-11-10).
  8. «The Princeton Encyclopedia of Classical Sites, KOURION Cyprus.» www.perseus.tufts.edu (Noiz kontsultatua: 2020-11-11).
  9. Soren, D.. (1988). The Day the World Ended at Kourion. Reconstructing an Ancient Earthquake. National Geographic. 174 (1):, 30–53 or..
  10. (Ingelesez) «Kourion» Cyprus - History Unearthed 2013-06-03 (Noiz kontsultatua: 2020-11-11).
  11. (Latinez) Michel Le Quien ((O.P.)). (1740). Oriens christianus in quatuor patriarchatus digestus quo exhibentur ecclesiae, patriarchae caeterique praesules totius orientis. ex Typographia Regia (Noiz kontsultatua: 2020-11-10).
  12. (Ingelesez) Limited, Alamy. «Stock Photo - The restored theatre at the Roman town of Curium (Kourion) near Limassol in Cyprus» Alamy (Noiz kontsultatua: 2020-11-11).
  13. Hellenistic Black and White Pebble Mosaic from the Acropolis of Kourion. Report of the Department of Antiquities, Cyprus 1978:, 254–265 or..
  14. «Roman aqueducts: Kourion (Cyprus)» www.romanaqueducts.info (Noiz kontsultatua: 2020-11-10).
  15. «Department of Antiquities - Archaeological Sites» www.mcw.gov.cy (Noiz kontsultatua: 2020-11-10).
  16. a b «Kourion Archaeological Site» www.visitcyprus.com (Noiz kontsultatua: 2020-11-11).

Kanpo estekak aldatu