Ninfeo
Ninfeo, ninfei sagaraturiko monumentuei deritze, bereziki iturriei. Jatorrian, monumentu hauek, leize naturalak ziren, tradizionalki, tokiko ninfaren egoitzatzat hartzen zirenak. Batzuk ur hornitzerako moduan jarriak zeuden, Panfiliako Side bezala. Tokiko itsas ninfa zen Kobentinari eskainitako ninfeo bat, Hadrianoren Harresiaren ondoan eraiki zena, Erromatar Inperioaren iparraldeko mugan. Ordutik, leize artifizialek naturalen tokia hartu zuten.
Historia
aldatuAntzinako Erroman
aldatuBai mundu helenistikoan, bai erromatarren artean, iturburuen ur bizia eta iturriaren haitzulo naturalak begirunezko objektuak ziren. Ninfeoak, jatorrian, uretako ninfei eskainitako santutegiak ziren, askotan kobazulo baten barruan edo horren gertu[oh 1]. Geroago, ninfeoek bilakaera izan zuten mundu helenistikoan eta erromatarrean hiri bateko iturri monumentalak bihurtu zirenean. Horrela, mota guztietako estatuekin apaindu, eta, normalean, akueduktu baten amaieran kokatu ziren[1]. Erromako garai inperialera arte, izen horrek bere esanahi erlijiosoari eutsi zion. Poeta latindarren lanetan, hala nola, Lukrezio, Juvenal eta Servioren zenbait pasartetan, ninfeo ur korronte natural eta garbia zirela adierazten da[2]. K.o. II. mendean, Frontinok iturrien izaera sakratua azpimarratzen zuen:
« | Fontium memoria cum sanctitate adhuc extat et colitur. (Iturrien oroimena oraindik existitzen da, eta santutasunez gurtzen da).[3] | » |
Egileak ninfeo hitza soilik jatorrizko esanahi erlijiosoan erabiltzen zuen, baina denbora pasa ahala, nymphaeum askoz zentzu zabalagoan erabili ohi zen. Linfa hitzak iturburuko ur garbiari egiten zion erreferentzia, ninfeoko funtsezko osagaiari. Baliteke gero ninfa eta linfa hitzak nahastea, eta ninfa azkenean lorategien iturri monumentalerako erabiltzea, askotan luxu eta distira handikoak. Bertan, erromatarrek freskotasuna eta atsedena bilatzen zuten, elementu erlijiosoen ordez, dekorazioa eta aisiaren gozamena ezarriz[4]. Ninfeoen jatorria greziar kulturan zegoen arren, erromatar arkitektoek egitura helenistikoa berritu zuten eraikin gangaduna bihurtuz, kasu askotan zutabeek eutsia, gutxi gorabehera basilika baten itxura hartuz.
Funtsean, ninfeoa estuki lotuta zegoen paisaiarekin, eta, beraz, ez zuen atxikimendurik garai helenistikoko herritar-bizitzarekin, garai bereko erromatar jauregiekin baizik. Zaharrenak villa Adrianaren lau ninfeoak ditu, K.a. I. mendekoak, eta villa ad Esedra Anguillara inguruko biak, berriz, Silaren garaikoak dira. Erromako Nymphaeum Severi Alexander izenekoa iturri apaingarria (munera) eta banaketa-andel (castellum divisorium) baten konbinazioa zen. Ponpeiako ninfeoek santutegitxo (sacellum) baten antza dute gehienetan, zenbaitetan, koba formakoa, eta askotan edikulu-elementuekin[oh 2]. Haien forman eta planoan antzinako ninfen santutegiaren ezaugarri batzuk antzeman daitezke.
Ninfeoak garai erromatar berantiarreko etxebizitzaren elementu bereizgarrienetako bat izaten jarraitu zuen. Ostian agertu direnak antzinate berantiarraren garaiari dagokie, eta garai bereko Erromakoak eta probintzietakoak oso antzekoak dira. Horien adibideak dira Zelio muinoko etxea eta Ostiako domus Becatti. Jatorriz, larariuma, ninfeoa bezala, gurtzarako landa-santutegia izan ohi zen. Lararioa ninfeoa baino gutxiago mugatzen zen lorategira, non ura funtsezko elementua baitzen[5]. Beraz, larariumak antzinako erromatar etxebizitzaren (domus) aldare sakratu txiki bat ziren, non jainkoei edo etxeko izpiritu zaintzailei (lares) eskaintzak eta otoitzak egiten baitzitzaizkien. Patrizioen etxebizitzetan, lararioa, orokorrean, atarian (atriumean) kokatzen zen (erromatarren etxebizitzen patio nagusia), baina ataririk ez zuten etxe xumeenetan, sukaldea zen lararioaren tokia, su nagusitik hurbil. Etxebizitzetan ere larario bat baino gehiago egon zitekeen, bai barruko geletan, bai kanpoaldekoetan[6]. Augustoren garaitik aurrera, sarritan lorategian hasi zen jartzen.
Oharrak
aldatuErreferentziak
aldatu- ↑ ILS 4315b, 4921b, 7124.
- ↑ Lucr. 1.927: iuvat integros accedere fontes; Juv. 1.3.13: nunc sacri fontis nemus et delubra locantur; Serv. Aen. 7.84: nullus enim fons non sacer.
- ↑ Frontin. Aq. 4.
- ↑ Van Aken, A. R. A., 1951, 272-273. or.
- ↑ Van Aken, A. R. A., 1951, 274-281. or.
- ↑ Dasen, V., 2010, 113. or.