Kaki Arkarazo
Kaki Arkarazo (Lazkao, Gipuzkoa, 1961) musikaria eta produktorea da. Musikari lanetan, M-ak, Kortatu, Negu Gorriak eta Nacion Reixa taldeetan ibili da. Ekoizle lanetan, berriz, BAP!!, Anari, Kashbad, Betagarri, Amparanoia eta Banda Bassotti taldeentzat aritu da.
Kaki Arkarazo | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Lazkao, 1961 (62/63 urte) |
Herrialdea | Gipuzkoa, Euskal Herria |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | euskara gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | disko-ekoizlea |
Gaur egun, berak sorturiko Andoaingo Garate Studiosen egiten du lan.
Bizitza
aldatuMusikari, soinu teknikari eta ekoizlea da Kaki Arkarazo (Lazkao, Gipuzkoa, 1961). 80ko hamarkadaren hasieratik euskal musika, eta rocka bereziki, barru-barrutik ezagutu du Arkarazok. Laket, M-ak, Kortatu, Negu Gorriak eta Nacion Reixa taldeetako kidea izan da, eta soinu teknikari zein ekoizle gisa ehunka disko grabatu ditu. Hainbat urtez IZ estudioan aritu zen, baina gaur egun bere estudioan egiten du lan, Andoaingo Garate Studiosen.
Kaki Arkarazoren musika ibilbidea, soinu teknikari zein gitarrista gisa, Jokin eta Josu bikotearen eskutik hasi zen, 1977an, baina ordurako euskarazko irakaskuntza zuen lanbide. Bilbon hasitako Soziologia ikasketak utzi eta gero, HABEko barnetegi batean aritu zen lanean urtebetez, Hondarribian (Gipuzkoa), eta han Berako (Nafarroa) hainbat lagun ezagutu zituen: Fernan Irazoki, Mikel Artieda, Javier Perez Azpeitia, Irantzu Silva... Haiekin Laket plaza taldea eratu zuen. Plaza taldeen ohiko errepertorioaz gain (fandangoak, euskal folk kantuak...), nazioarteko rock artista garaikideen kantuak jotzen zituzten (David Bowie, The Pretenders, Laurie Anderson, The Clash, Eric Clapton...), baita taldeak berak sortutakoak ere. 1982an Gipuzkoako Diputazioak antolatutako rock talde berrien lehiaketako finalera sailkatu ondoren, "Gau hotza" kantua grabatu zuen Gipuzkoa Star 82 disko kolektiborako.
Ordurako estudio txiki bat osatzeko tresneria -lau pistako grabagailua, pianoa eta bateria- erosia zeukan Arkarazok, eta hasia zen lehen grabazioak egiten etxean. 1982an Donostiara lekualdatu zen, eta musikarekiko interes bera zuen lagun talde batekin harremandu zen. Haien artean zeuden, besteak beste, Xabier Montoia Hertzainak taldeko kantari ohia, Jose Joaquin Forcada Forki kazetaria, Eneko Olasagasti antzezlea... Angel Gonzalez Katarainekin zuen adiskidetasunari esker, IZ estudioaren ingurura bildu zen Arkarazo, eta laster hasi zen bertan soinu teknikari lanak egiten. Garai hartan, 80ko hamarkadaren erdialdera, nazioarteko musika joera berriak ezagutarazteko gogoak bultzatuta, komunikabideetan sartu zen, disko kritikak idatziz Argia astekarian eta musika saioak zuzenduz eta aurkeztuz Euskadi Irratian eta Euskal Telebistan ("Popazoro").
Haatik, Arkarazok gehien maite zuena jotzea zen, eta 1983an M-ak jarri zuen martxan. Nazioarteko musikatik hainbat urtetan barneratutako eraginak bildu zituen Arkarazok talde horretan, Euskal Herrian guztiz berritzailea eta ausarta zen proposamena eskainiz. Halaber, M-ak taldetik aparte bakarkako lan bat kaleratu zuen, Matxinadak-1 (IZ, 1987). Angel Katarainekin estudioan landutako lan esperimentala izan zen, herri musikan oinarritua, ia guztiz instrumentala eta minimalista. Arkarazo bera arduratu zen tresna guztiak jotzeaz.
Kortaturen Kolpez kolpe (Oihuka, 1988) diskoa ekoitzi ostean, taldea lagundu zuen hura aurkezteko biran, gitarra joz. Fermin eta Iñigo Muguruzarekin sortutako adiskidantzak eta bat-etortze musikalak Negu Gorriak-en sorrera ekarri zuen urtebete geroago. Garai hartan M-akek azken diskoa kaleratu zuen, Gor (IZ, 1990), eta Galiziako Os Resentidos taldearekin emandako kontzertuetan aurkeztu zuen Euskal Herrian zehar. Urte batzuk geroago, Os Resentidoseko abeslari Anton Reixak eta Kaki Arkarazok Nacion Reixa osatu zuten. Reixak galegoz idatzitako hitzak eta Arkarazok sortutako musika batzen ziren Nacion Reixan: funk musika, sanplerrak, hip hopa... Nacion Reixak bi disko grabatu zituen, Alivio rápido (Dro, 1995) eta Safari mental (Esan Ozenki-Gora Herriak, 1997).
Geroztik, soinu teknikari eta ekoizle lanetan aritu da Arkarazo, eta 2000. urtean bere estudioa zabaldu zuen Andoainen (Gipuzkoa): Garate Studios. Ehunka lan grabatu ditu Arkarazok hogei urtetik gorako ibilbidean, estilo guztietakoak, Euskal Herriko zein atzerriko kantari eta taldeenak, eta Banda Basotti, Betagarri, Bide Ertzean eta Manta Ray taldeen zuzeneko soinu teknikaria izan da, beste askoren artean.
Bere azken sorkuntza lanetako bat Munduaren bira, doan! (2009) animazio filmerako soinu banda izan da.
2010ean zuzenekoetara itzuli da, Amparo Sanchez kantari espainiarraren taldeko gitarrista gisa.
Diskoak, musikari lanetan
aldatuM-ak
aldatuKortatu
aldatu- Azken Guda Dantza (zuzenean) (1988)
Negu Gorriak
aldatu- Negu Gorriak (1990)
- Gure Jarrera (1991)
- Gora Herria (1991)
- Borreroak Baditu Milaka Aurpegi (1993)
- Hipokrisiari Stop! Bilbo 93-X-30 (1994)
- Ideia Zabaldu (1995)
- Ustelkeria (1996)
- Salam, agur (1996)
- 1990-2001 (DVD + Live CD) (2005)
Nacion Reixa
aldatu- Safari mental (Esan Ozenki, 1997).
Kanpo loturak
aldatuErreferentziak
aldatu- Edukiaren zati bat «Kaki Arkarazo» artikulutik hartua da. Artikulu hark Jon Eskisabel du egile, eta Creative Commons Aitortu-Partekatu Berdin 3.0 lizentziarekin argitaratu da Badok euskal kantagintzaren atarian.