Bide Ertzean

Euskal musika taldea

Bide Ertzean pop musika talde gipuzkoarra da, Tolosan eta 1998an Ubeda anaiek eta Karlos Aranzegik sortutakoa. 2009ko urtarrilaren 16an 10. urteurreneko kontzertua egin zuten etxean, Tolosako Leidor aretoan.

Bide Ertzean
Datuak
JatorriaEuskal Herria
Musika motaPop
Urteak1998 - gaur egun
Taldekideak
Imanol Ubeda ahots nagusia eta gitarra, Joni Ubeda gitarra eta ahotsa, Fran Iturbe gitarra elektrikoa eta Karlos Aranzegi bateria.
Informazio gehigarria
http://www.bidertzean.com/
Badok: bide-ertzean Musicbrainz: 5ecd4537-519e-400a-8e22-8ddeda8f1e49 Songkick: 188651 Musikasten: bide-ertzean Edit the value on Wikidata

Diskografia aldatu

  1. Bidertzean (1998, Gaztelupeko Hotsak). MaxiCD.
  2. Zure minari (1999, Gaztelupeko Hotsak). CD.
  3. Grisa (2000, Gaztelupeko Hotsak). CD.
  4. Maite out (2002, Gaztelupeko Hotsak). CD.
  5. Esan bare (2004, Gaztelupeko Hotsak). CD.
  6. Non dira (2006, Gaztelupeko Hotsak). CD.
  7. Leidor Sessions (2009, Gaztelupeko Hotsak). CD.
  8. Don Inorrez (2010, Gaztelupeko Hotsak). CD.
  9. 77 (2013, Gaztelupeko Hotsak). CD.
  10. Zutaz kantatzeko (2016, Gaztelupeko Hotsak). Disko-liburua, Jon Eskisabelekin batera elkarlanean.

Taldea aldatu

Deabruak Teilatuetan taldearen alternatiba akustiko eta popero moduan sortu zuten Bide Ertzean Imanol eta Joni Ubeda anaiek, Karlos Aranzegirekin. Lehen disko laburretik hasita, gaur egungo euskal poetak musikatu ditu taldeak, batik bat Jose Luis Otamendi. Disko labur baten eta lau luzeren ondoren -Zure minari (Gaztelupeko Hotsak, 1999), Grisa (GH, 2000), Maite out (GH, 2002) eta Esan bare (GH, 2004)- beste bide bat hartu, eta 36ko gerran egin du geldialdia, Non dira diskoarekin (GH, 2006). 2009an Leidor Sessions zuzeneko diskoa eta DVDa grabatu zuen Tolosako Leidor antzokian, 10 urteko ibilbidea jasotzeko.

"Aupa, Karlos! Kafe bat hartuko dugu? Imak eta nik proposamen bat egin nahi dizugu". Hala egin zion Joni Ubedak Karlos Aranzegiri proposamena, eta hortik sortu zen, 1998ko udan, Bide Ertzean. Ubedatarrak Deabruak Teilatuetan taldetik zetozen. Taldea sortu aurretik, hilabete batzuk lehenago, Dana lanbrotute ikustot muntaketan parte hartu zuten, Jose Luis Otamendi, Koldo Izagirre eta Iñigo Aranbarri poetekin, eta Deabruak Teilatuetan taldearen alternatiba akustiko moduan eta poesiaren eta kantuaren arteko zubi moduan asmatu zuten Bide Ertzean.

Eta hala grabatu zituzten bost abesti, 1998ko udazkenean, Imanol Ubedak (ahotsa eta gitarra), Joni Ubedak (baxua eta koruak) eta Karlos Aranzegik (bateria), Fran Iturbe gitarristarekin (Jotakie) eta Labrit kantariarekin, Azkarateko Katarain estudioan (Nafarroa). Horietako bik Otamendiren hitzak zituzten, eta beste hirurak Ubeda anaiek sortutakoak ziren. Poesiaren eta kantuaren arteko zubi horretan, Zure minari diskoa (Gaztelupeko Hotsak, 1999) esanguratsua izan zen. Izan ere, Otamendiren poemak bildu zituzten osoki diskoan. Ordurako, taldea boskote bilakatua zen. Disko hark, halaber, Senideak elkartearen eskariz egindako "Badator eguna" kantua zekarren, Gorka Urbizuk (Berri Txarrak), Igor Elortza bertsolariak eta Ruper Ordorikak kantatzen zutena.

Baina Bide Ertzean ez zen sortu besteren poemak kantatzeko, eta Grisa diskoan (Gaztelupeko Hotsak, 2000) eurek sorturiko hamahiru abesti bildu zituzten, Iñigo Aranbarriren testu batekin batera. Grisa-ren musikari dagokionez, kolaborazioz beterik iritsi zen diskoa, musika harremanak egiteko bide dela erakutsiz. Hala, Gorka Urbizu, Xabier Solano (Etzakit), Betagarri taldeko metal hirukotea, Alos hari laukotea eta Mikel Erentxun entzun litezke Kaki Arkarazok ekoitziriko disko horretan. Dana lanbrotute ikustot eta Zure minari pop akustiko eta gozotik gertu zeuden, eta Grisa rocketik gertuago dago. Joserra Senperena pianista eta teklatu jotzailea taldeko kide bihurtu zen, eta Labritek utzi egin zuen, bakarkako ibilbideari ekiteko.

"Gutasuna" zegoen Grisa diskoan, eta "nitasuna", berriz, hurrengoan: Maite out diskoan (Gaztelupeko Hotsak, 2002). Hamabi pop kantuetan aire barrukoagoa lortu nahi zuen Tolosako taldeak, eta horretarako, beste behin Otamendiren eta Aranbarriren letretara eta lehen aldiz Kirmen Uribe idazlearenetara ("Atsegin ditut") jo zuen; iragana eta geroa, itomena eta irtenbidea, itzala eta argia, kolorea eta grisa dikotomien erdian dauden gainontzeko letrak ubedatarrenak dira. Hirugarren disko luze horrek berezitasun bat ere badu: grabazio sistema aldatu egin zuten. Disko osoa ohi bezala jarraian grabatu beharrean, 2002ko apirilean hasi ziren grabatzen, eta uztailean jarraitu zuten.

Estatu Batuetako eta Ingalaterrako poparen eraginpean landutako diskoa argitaratu zuten segidan, Esan bare (Gaztelupeko Hotsak, 2004). "Pop britainiarraren edota estatubatuarraren unibertsoan sar daitekeen taldea da Bide Ertzean, eta jotzen edota kantuak sortzen ari garen heinean, baten edo bestearen eragina azaleratzen dugu", zioen Joni Ubedak Esan bare-ren aurkezpenean. Hala aurkeztu zuen, berriz, diskoa Gotzon Uribe kazetariak: "Euskaraz egindako pop musikan bere bidea egiten ari den banda baten diskoa da Esan bare. Eta popaz hitz egiten dugunean, Londres edo Kalifornia edo Baltimore edo Minnesota edo New Yorkez ari naiz, besteak beste, Bide Ertzean taldearen konposizio berrietan musika eraginak aurkitzeko. Denbora erdiak, melodia argitsuak eta errepikak elkartzen zaizkio pop-rock klasikotik edaten duen errepertorioari. Klasizismoa, melodia argiak, kristalinoak eta ahots liluragarriak darizkio Bide Ertzean bandari. Beatles, Brian Wilson, Big Star, Elliot Smith, Cars, Neil Young, JJ Cale, Costelo bezalako artistak edo Jayhawks berak ere, aurki daitezke testu zainduak dituzten abeste hauetan". Testuei dagokienez, Esan bare-n ere poetei hartu zizkieten hitzak: "Iritsi dira notiziak", "Zerotik hasi" eta "Zuhaitzaren denbora" Kirmen Uriberenak dira, "Konplotean dihardut" Jose Luis Otamendirena da, eta Mikel Ibargurenena "Hotel Bel-Air".

Zortzi urteko ibilbidean bestelako geldialdi bat ekarri zuen Non dira diskoak (Gaztelupeko Hotsak, 2006). Espainiako 36ko gerra dute kantagai disko horretan, etxeko gertakizun batek bultzatuta. Izan ere, ubedatarren aitak behiala hauxe esan zien semeei: "Nik jakin nahiko nuke gure aita non dagoen"; ez baitaki non duen aita, eta aitona, berriz, fusilatu egin zioten. Etxean ordura arte tabu izan zen gai horri heldu, eta 13 abesti idatzi zituen Imanol Ubedak, baina disko biografikoa ez eta etxeko gerraz baino gehiago 36ko gerraz diharduen disko bat egin zuten. "13 rosas rojas" kantua (izenburua gaztelaniaz izan arren euskaraz abesten dute) gerraostean hil zituzten Juventudes Socialistaseko 13 emakumeen omenez egin zuten, Manuel Goenagak Usurbilgo gudari baten inguruan kontaturikoa ere jaso zuten ("Manuel Goenagak kontatutakoa"), eta "Les dones del 36" Kataluniako izen bereko elkartearen oroimenez sortu zuten.

Hitzek eraginda, dramatikotasun puntu bat du oraingoz Bide Ertzeanen azkena den disko horrek, eta musikari dagokionez ere apaindura gutxiko kantuak dira, ahotsa eta gitarra oinarri dutenak eta Joserra Senperenaren pianoak minimalismora eramaten dituenak. Beste behin, Gorka Urbizuk kolaboratu zuen diskoan, eta lehenengo aldiz Quique Gonzalez madrildarrak.

Bestalde, Bide Ertzeanen hamargarren urtemuga zela eta, jatorrizko hiru taldekideak -Ubeda anaiak eta Karlos Aranzegi- bildu egin ziren eta lehen diskoko kantuak eman zituzten kontzertu batean.

Azken urteetan, Iñigo Goikoetxeak (Gozategi) Fran Iturbe ordezkatu du kontzertuetan, Los Angelesen (AEB) bizi baita gaur egun gitarrista. Hala ere, 2009ko urtarrilaren 16an zuzeneko diskoa eta DVDa grabatu zuen boskoteak Tolosako Leidor antzokian, Leidor Sessions, eta bertan Iturbek hartu zuen parte. 2009ko udazkenean argitaratutako lan horretan bere ibilbide osoaren errepasoa egin du Bide Ertzeanek, eta kantu berri bat aurkeztu: Grafitti.

Ubeda anaiek eta Karlos Aranzegik, Gorka Urbizurekin batera, Peiremans+ taldea osatzen dute (lehen Peiremans zen taldearen izena).

2013an 77 izeneko diska atera zuten, trantsizioan girotutako lana baina nostalgiatik baino, hausnarketatik gehiago dute kantu berri hauek. Bidean erori ziren gazteak, bizirik iritsi zaizkigun balioak eta irakaspenak, askatu gabe jarraitzen duten korapiloak...

2016an Zutaz kantatzeko diska-liburua plazaratu dute. Jon Eskisabel kazetariak idatzitako liburua janzten duen 14 abestitako CDa da.

Erreferentziak aldatu

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu