Joxe Mari Korta

euskal enpresaburua
Jose Mari Korta» orritik birbideratua)

Joxe Mari Korta Uranga (Zestoa, Gipuzkoa, 1943ko azaroaren 17a - 2000ko abuztuaren 8a) enpresaburua eta ADEGIko (Gipuzkoako Enpresaburuen Elkartea) presidentea izan zen 1994 eta 2000 bitartean. Elkartearen presidentea zen ETAk erail zuenean. Kortak, ADEGIko presidentetzatik, alderdien arteko akordioetarako deia egin zuen.

Joxe Mari Korta

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakJosé María Korta
JaiotzaZestoa1943ko azaroaren 17a
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
HeriotzaZumaia2000ko abuztuaren 8a (56 urte)
Heriotza moduagiza hilketa: Bonba-autoa
HiltzaileaEuskadi Ta Askatasuna
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakekintzailea eta enpresaburua

Biografia aldatu

 
Txitxarro diskoketaren aurkako atentatua eta gero, Joxe Mari Korta oroitzeko manifestazioa, Zumaian.

Arroan jaio zen, Erkisketa Goikoa baserrian, 11 anai-arrebako familian. Familia abertzalea zuen, EAJren ingurukoa. Lehen ikasketak Arroako eta Zestoako eskoletan egin zituen. 1956an Donostiako Apaizgaitegian sartu zen, eta Filosofia eta Giza Zientzia ikasketak egin zituen han. 1966an Apaizgaitegia utzi ondoren, komertzial lanean jardun zuen. 1971. urtean bere bi anaiek sortutako Korta SA enpresan hasi zen lanean, lehenik Zumaiako Narrondo auzoan eta 1999az geroztik Zumaiako bertako Gorostiaga industriagunean. Makina-tresnen alorrerako doitasunezko piezak egiten dituzte enpresa horretan, eta esportazio-ahalmen handia du, Europa, Asia eta Amerikako hainbat merkatutan sartuta baitago.

32 urterekin ADEGI Gipuzkoako enpresaburuen elkarteko zuzendaritza taldean sartu zen. 1994. urtean ADEGIko lehendakari izendatu zuten, Tomas Aritzetaren ordez, eta 1997. eta 2000. urteetan bere karguan berretsi zuten. Elkarteko zuzendaritza-kontseiluko eta batzorde betearazleko kide ere bazen 1980tik aurrera. Beste hainbat ekimenetan ere parte hartu zuen, besteak beste, Elkargi Berme Elkarkariko Sozietatearekin eta Enpresaren Garapenerako Zentroarekin batera. AMT makina-tresnako fabrikatzaileen elkarteko presidente ere izan zen.

1971ean Marian Zearretarekin ezkondu zen, eta hiru seme izan zituzten: Andoitz, Ibai eta Lander.

Mendizale eta txirrinduzale handia, Zumaiako Txirrindulari Elkarteko kide zen. Bere euskaltzaletasunak eta hezkuntzaren inguruan zuen kezkak bultzatuta, Zumaiako ikastolako lehendakari izan zen 1976 eta 1980 artean. Ikastolen Federazioko ordezkari ere bazen.

1980ko maiatzaren 15ean, Kortaren adiskide mina zen Zeferino Peña ETAk erail zuen. Gertaera horrek biziki hunkitu zuen Joxe Mari Korta, eta bakearen aldeko ardura handia eragin zion. Horren erakusle dira Gipuzkoako enpresaburuek aipatu ohi duten «Korta espiritua»,[1][2] eta Ibarretxe lehendakariak bere egin zuen Kortaren esaldi hau: «para alcanzar la paz merece la pena incluso equivocarse» («Bakea iristeko, merezi du baita huts egitea ere»).[3][4] Kortak, ADEGIko presidentetzatik, alderdien arteko akordioetarako deia egin zuen.

Joxe Mari Kortak, Brightonen eta Genevan egindako egonaldiei esker, ondo zekizkien ingelesa eta frantsesa, eta lehenagotik ikasiak zituen gaztelania eta bere ama hizkuntza, euskara.

Joxe Mari Kortaren hilketa aldatu

2000. urtean, 56 urte zituela, ETAk bonba-auto baten bidez erail zuen Zumaiako Gorostiaga industriagunean, bere enpresaren aurrean.

Kortaren hilketak hautsak arrotu zituen Zumaian zein Zestoan. Hilketa gaitzesteko udalbatzarrean tentsio uneak bizi ziren Zestoako udaletxean, ezker abertzaleak hilketa gaitzesteari uko egin zionean. EAJk eta EAk, ordea, Kortaren hilketa hasieratik gaitzetsi zuten.

Erreferentziak aldatu

Kanpo estekak aldatu

Wikiesanetan badira aipuak, gai hau dutenak: Joxe Mari Korta