Jolas edo joko bat jokalari batek edo gehiagok burutzen duten jarduera da, bere irudimena edo tresnak erabiliz arau kopuru jakin bat duen egoera bat sortzeko, non entretenimendua edo jostaketa emateko irabazleak eta galtzaileak egon daitezkeen. Egoera askotan, hezkuntza-tresna gisa ere erabil daitezke jokoak, kasu gehienetan trebetasun praktiko eta psikologikoak estimulatuz funtzionatzen baitute.[1]

Haurrak jolasean.

Jokoei buruz dagoen lehen erreferentzia K.a. 3000 urtekoa da. Jolasak giza esperientziaren zatitzat hartzen dira, eta kultura guztietan agertzen dira. Ziur aski, kilimak, barre-algarekin batera, gizakiaren lehen jolas-jardueretako bat izan dira; eta, aldi berean, hizkuntza agertu aurreko lehen komunikazio-jardueretako bat.

Donostian dagoen Jokoenea museoan (eta euskarazko webgunean) munduko bost kontinenteetako jokoak biltzen ditu, bai eta horien arau, argazki, historia, artikulu eta hainbat ezaugarri ere.[2][3] Egoitza fisikoa Donostian dago, Errotaburu auzoan. Patxi Angulo Martin matematika-irakasleak sortu zuen 2018an. 1997an liburu bat argitaratu zuen mundu zehar aurkitu daitezkeen jokoei buruz. eta 20 urte geroago antolatu zuen museo hau.[4][3][5]

Kontzeptuaren azalpena

aldatu
 
Egipton, haurrak futbolean, jo eta ke.

Jolasa zein jokoa gizakiaren berezko jarduera da. Jolasaren eskutik denok ikasi dugu gure familia-eremuan zein esparru materialarekin, sozialarekin eta kulturalarekin erlazionatzen. Oso kontzeptu aberatsa, zabala, aldakorra eta anbibalentea da, kategorizazio zaila duena.[6]

Etimologikoki, ikertzaileek joko hitza latineko bi hitzetatik datorrela diote: iocum eta ludus-ludere. Biek txantxa, dibertsio eta txisteari egiten diete erreferentzia, eta jarduera ludikoko adierazpenarekin batera erabili ohi dira. Esan daiteke jolasa, edozein errealitate soziokultural bezala, ezinezkoa dela termino absolutuetan definitzea, eta horregatik definizioek bere ezaugarrietako batzuk deskribatzen dituzte.

Kontzeptualizazio ezagunenen artean, honako hauek aipa ditzakegu:

  • Huizinga (1938): jolasa ekintza edo okupazio askea da, denbora eta espazio muga jakin batzuen barruan garatzen dena. Beti ere, erabat nahitaezkoak diren arauen arabera, nahiz eta askatasunez onartuak izan, ekintza horrek berezko amaiera du, eta tentsio- zein alaitasun-sentimenduekin batera doa.[7]
  • Gutton, P. (1982): haurren adierazpenaren modu edo forma pribilegiatua da.
  • Gagigal, J. M. (1996): ekintza aske, espontaneo, desinteresatu eta garrantzirik gabea, ohiko bizitzaren denbora-muga espazial batean egiten dena, arau jakin batzuen arabera, arau horiek ezarrita edo inprobisatuta egonik, eta tentsioari buruzko informazio-elementua duena.

Ondorioz, egile horiek eta beste batzuek, Roger Cailloisek, Moreno Palosek eta abarrek adibidez, ikuspegi guztien ezaugarri komunak dituzte euren definizioetan, eta horietatik adierazgarrienak ondorengoak dira:

  • Jolasa jarduera librea da: borondatezko gertaera da, inor ez dago jokatzera behartuta.
  • Muga espazial batzuetan eta aldez aurretik ezarritako edo jolasteko unean inprobisatutako denborazko agindu batzuetan oinarritzen da.
  • Zalantzazko izaera dauka. Jarduera sortzaile, espontaneo eta originala denez, jolasaren azken emaitzak etengabe fluktuatzen du, eta horrek guztiok gatibatzen gaituen ziurgabetasun atsegin baten presentzia eragiten du.
  • Berezko helburua duen adierazpena da, doakoa, desinteresatua eta garrantzirik gabekoa. Ezaugarri hori oso garrantzitsua izango da haurren jolaserako, ez baitu inolako porrotik ahalbidetzen.
  • Jolasa aparteko mundu batean garatzen da, fikziozkoa, ekintzekin kontatutako jolasa bezalakoa da, eguneroko bizitzatik urrun dagoena, mezu sinboliko etengabea.
  • Ohiko jarduera da, joko oro jokalariek, jokoa diseinatzen dutenek eta barne-ordena, mugak eta arauak zehazten dituztenek ezarritako gizarte-akordio baten emaitza baita.

Jolas eta kirolaren arteko desberdintasunak

aldatu

Gaur egun, jolasarekin gertatzen den bezala, kirolak ere esanahi asko ditu, erreferentzia gisa hartutako autore edo egilearen arabera aldatzen dena (Courtebain, Demeny, Cagigal, Parlebas, Garcia Ferrando, etab.). Egile horien esanahien sintesi bat eginez, kirola honela defini genezake (jolas soiletik bereiziz): kirola egoera eragile eta intelektualen multzo bat da, besteekin edo norbere buruarekin lehiatzea bilatzen duen jokotik bereizten dena, arau zehatz batzuk eskatzen dituena eta instituzionalizatuta dagoena.[8]

 
Pierre Parlebas, jarduera fisikoko hezitzailea.

Jolasaren izaera

aldatu

Jolasak izaera unibertsala du, hau da, kultura guztietako pertsonek beti jolastu dute. Jolas asko errepikatzen dira gizarte gehienetan. Gizateriaren historian presente dago, nahiz eta garai batzuetan jolasteko zailtasunak izan, hala nola, lehen gizarte industrialetan. Jostarien adinaren araberako bilakaera du eta ezaugarri desberdinak ditu ikasten den kulturaren arabera.[9]

Jolasa eta dibertsioa aurrez aurre

aldatu
 
Haurrak eskolako jolastorduan jolasean.

Jolasa, dibertimenduaren, zalapartaren eta aisialdiaren sinonimoa da, baina haurrak deskubritzeko edo aurkitzeko, elkar ezagutzeko, besteak ezagutzeko eta bere ingurunea ezagutzeko helburua du.

Taldekakoak ez diren animalien artean, jolasa, funtsean, haur-etapan ikaskuntza psikomotorrerako edo esperimentaziorako baliabide gisa agertzen da, eta helduaroan ugaltzearekin lotutako portaera gisa.

Animalia taldekoietan jokabide ludiko horiek mantentzen dira, eta estatusa eskuratzearekin, rolak ezartzearekin eta talde-harremanarekin lotutako jolas sozialak gehitzen dira.

Giza jolasean funtzio sinbolikoak parte hartzen du: sinboloak eta zeinuak egiteko gaitasunak, testuinguruak sortzeko, egoerak aurreikusteko, etorkizuneko ekintzak planifikatzeko edo errealitatea interpretatzeko.

Jolasak kulturatze-prozesua errazten du eta modu naturalean sortzen da. Garapen psikomotor, intelektual, afektibo eta sozialerako ezinbestekoa da, horrekin trebetasunak garatzen baitira eta arauak errespetatzen eta helburuak izaten ikasten baita.

Jolasa eskubidea da. Haurraren eskubideen adierazpenaren arabera, beti ere NBEren batzar nagusian onartuta egonik, haurrak joko eta jolasez erabat gozatu behar du, eta joko eta jolas horiek hezkuntzak lortu nahi dituen helburuetara bideratuta egon behar dute; gizarteak eta agintari publikoek ahaleginak egingo dituzte eskubide hori gauzatzeko.[10]

Jolasa ez da dibertitzeko modu bat bakarrik, ikasteko modurik onena ere bada. Horren bidez, haurrek bizitzan zehar aurre egin beharko dieten egoera desberdinei buru egiten ikasten dute.

Ezaugarriak

aldatu
  • Askea da.
  • Ekintza edo jarduerak berezko modu espezifiko batean antolatzen ditu.
  • Errealitatea ezagutzen laguntzen du.
  • Sozializazio edo gizarteratze prozesuan laguntzen du.
  • Integratzailea, inklusiboa eta errehabilitatzailea da, desberdintasunak albo batera utziz.
  • Joko batean materiala ez da ezinbestekoa.
  • Jokalariek onartutako arauak ditu.
  • Testuinguruaren arabera, joko baten arauak unean bertan alda daitezke.
  • Edozein ingurugirotan burutzen da.
  • Ume edo haurren hezkuntzan lagungarria da.
  • Estresa erlaxatzen laguntzen du.

Jolasaren funtzioa haurtzaroan zehar

aldatu
 
Haurrak gozo-eltzean ("piñata") burubelarri jolasean.

Jolasa erabilgarria eta beharrezkoa da haurraren garapenerako, berau protagonista den heinean. Helduak jolasaren erabilgarritasunari garrantzia emanda, jolasa zuzendu nahi izatera jo dezake, haurrari protagonismoa lapurtuz. Haur-jolasetan, helduaren parte hartzea ondorengoa izan behar da:

  • Jolasa ahalbidetzen duten baldintzak erraztea.
  • Ume edo haurraren gogoak arretaz landuko ditu.
  • Jolasa ez du inposatuko edota zuzenduko. Izan ere, inposatutako jokoak umearen jarrera alda dezake. Bestalde, zuzendutako jokoak ez ditu jolasaren ezaugarriak betetzen, umeak bereak egiten amaitu dezakeen arren.

Jolasak umeari ondorengoa errazten dio:

  • Kanpo-errealitateko muga eta eskakizunetatik at mantendu daiteke, arreta jokoan izanik.
  • Helduen mundua esploratzea, hauek presente egon gabe.
  • Bestelako umeekin elkarrekintza izatea.
  • Era autonomoan funtzionatzea.

Jolasak beti egiten die erreferentzia, inplizituki edo esplizituki, haurtzaroaren, dibertsioaren eta hezkuntzaren arteko harremanei. Jolasa helburu propioa duen jarduera bat da, hau da, gizabanakoak jarduera burutzen du plazera eskuratzeko helburua lortzeko.[11]

Jolasak berezko helburua du, eta gatazkak askatzen ditu, arazoak alde batera utzi eta konpondu egiten dituelako. Ezaugarri nagusietako bat gehiegizko motibazioa da, jarduera arrunt bat motibazio osagarriko jarduera bihurtu nahi baitu.[11]

Jolas goiztiarrak eta askotarikoak hazkundearen alderdi guztiei laguntzen die, eta haurren garapenaren oinarrizko lau dimentsioei lotuta dago: psikomotorra, intelektuala, soziala eta, azkenik, afektibo-emozionala.[11]

Ondorengo ataletan jokoaren hainbat alderdi azalduko dira:

Jolasa gorputz eta zentzumenekiko

aldatu
  • Sentsazio berriak aurkitu eta disfrutatzea.
  • Gorputzeko mugimendu desberdinak modu dinamiko eta globalean koordinatzea.
  • Gaitasun sentsoriala eta pertzeptiboa garatzea.
  • Norberaren gorputz-egitura antolatzea.
  • Gaitasun motor eta sentsorialak arakatu eta areagotzea.
  • Ikerketa introspektibo batetik eratorriak izan daitezkeen aldaketak ezagutzea.

Jolasa, pentsamendu gaitasuna eta ahalmen sortzailea

aldatu
  • Arrazoitzeko gaitasuna, hausnarketa pentsamendua eta errepresentagarria dena estimulatzea.
  • Garapen potentzial iturriak sortzea, hau da, gerta daitekeena aurreikusi eta sortzea.
  • Bizitako estimuluei esker arreta zein oroimena garatzea.
  • Irudimena garatzea, baita sormena eta fantasia/errealitate diferentzia desberdintzeko gaitasuna ere.
  • Pentsamendu abstraktuaren eta hizkuntzaren garapena indartzea.

Jolasa komunikazio eta sozializazioarekiko

aldatu
  • Errepresentazio jokoak (sinbolikoak, rol jokoak, dramatikoak, fikzioa).
  • Mundu errealera hurbildu eta umea edo banakoa heldu bizitzarako prestatzea.
  • Elkarrekintza eta komunikazioa hobetzea, berdintasuna bultzatuz.
  • Umeengan garapen morala zein etikoa sustatu eta indartzea.
  • Lankidetza eta egokitzapen soziala indartzea.
  • Arau jokoa.
  • Aldez aurretik ezarritako arauak jarraitzen ikastea.
  • Autokontrola erraztu eta bideragarria blakatzea.
  • Norberaren ardura eta demokrazia kontzeptuen garapena bilatzea.
     
    Haurrak hondartzan baloiarekin jolasean.
  • Taldeko kohesio soziala hobetzea.
  • Autokontzeptua zein talde kontzeptua hobetzea.
  • Komunikazio positiboa sustatzea eta negatiboa, aitzitik, gutxiagotzea.
  • Portaera asertiboaren garapena bilatzea eta sustatzea.[12]

Jolasa adierazpen zein kontrol emozional tresna gisa

aldatu
  • Dibertsioa, entretenimendua, alaitasuna eta plazera ematea zein bermatzea.
  • Izaera garatzea.
  • Norberaren esperientziak bizitzea, beti ere bakoitzaren beharretara egokituta.
  • Norberaren autoestimua eta autokontzeptua areagotzea eta garatzea.
  • Urduritasuna edo larritasuna deskargatu eta modu askean adieraztea.

Jolasak kultura-sortzaile gisa

aldatu

Jolasa gizartearen zati garrantzitsu gisa ere hartu behar da kontuan, helduarotik bizirik irauteko beharrezkoak diren oinarrizko ezagutzak eta trebetasun fisikoak irakasten baitizkigu. Hala ere, bizitzan zehar jolasten jarraitzen dugu. Jolasaren helburua norbere buruaren, subjektuaren eta jolasaren helburuaren mende dago. Gizartean jolasa garrantzitsua bihurtu da, ezagutza partekatzeko biderik onena delako, kultura sortuz. Jolasean giro sozialak eta jarrera lehiakorrak sortzen dira, eta bizirauten laguntzen diguten jokabideak ikastea lortzen da.

Aipatzekoa da kultura sortzen duen jokoak izaera hori duela, soilik, baldin eta jokoak gizarte-giroak eta lehiarako jarrera sortzeko gaitasuna badu. Gizarte-loturak indartuko dituzten eta jakintza-trukea (akademikoak, kulturalak edo orokorrak) bultzatuko duten jokabideak sortzeak kultura gehiago sortzen du, eta, horrela, kultura indibidual bakoitzak izan ditzakeen mugak hausten dira. Eboluzioaren terminoak berak esan nahi du bi elementu edo gehiago nahastu behar direla elementu berri bat sortzeko. Laburbilduz, jokoak jendea biltzea lortzen badu, dagoeneko kultura-sortzaile gisa zehazten da.

Adibide arruntago bat hartuta, munduan zehar dauden hezkuntza-sistema askok, gaur egun, dinamika ludikoagoak aplikatzen dituzte hezkuntza-erakundeetan, teknologiaren eta gizartearen bilakaera dela-eta. Gaur egun, haurrek eta helduek hobeto ikasten dute modu praktikoagoan eta ludikoagoan, ikasteko jokabide negatiboak saihestuz. Jolasak arina eta aspertzerik gabea izan behar du, ikasketa "ludikoarekiko" grina pizten duten ikasleak sortzeko eta plazer gisa ikusteko, betekizun baten ordez.

Erreferentziak

aldatu
  1. «Jolasa oso kontu serioa da» www.hikhasi.eus (Hik Hasi) (Noiz kontsultatua: 2022-05-21).
  2. «Gozatu sarean euskaraz» gozatusareaneuskaraz.eus (Noiz kontsultatua: 2021-12-19).
  3. a b «Jokoenea» blogoetak 2018-11-24 (Noiz kontsultatua: 2021-12-19).
  4. «Mundu zabaleko jokoak. Jokoen mundu zabala | Elhuyar» www.elhuyar.eus (Noiz kontsultatua: 2021-12-19).
  5. Interaktiboa, Iametza. (2018-12-10). «Patxi Angulo EHUko irakasleak azken 30 urteotan mundu osoko 1000 joko inguru jaso ditu» Iametza Interaktiboa (Noiz kontsultatua: 2021-12-19).
  6. E., Papalia, Diane. (D.L. 2017). Desarrollo humano. McGraw Hill Education ISBN 978-1-4562-5570-1. PMC 992760010. (Noiz kontsultatua: 2022-04-04).
  7. author., Huizinga, Johan, 1872-1945,. The waning of the Middle Ages : a study of the forms of life, thought, and art in France and the Netherlands in the XIVth and XVth centuries. ISBN 978-1-61427-943-3. PMC 971561103. (Noiz kontsultatua: 2022-04-04).
  8. «El juego como estrategia didáctica para el desarrollo motriz» Ciencia Latina Revista Científica Multidisciplinar 5 (4): 4937–4950. 2021-07  doi:10.37811/cl_rcm.v5i4.668. ISSN 2707-2207. (Noiz kontsultatua: 2022-04-04).
  9. coaut., Bañeres, Domènec,. (DL 2008). El Juego como estrategia didáctica. Graó ISBN 978-84-7827-633-2. PMC 804570147. (Noiz kontsultatua: 2022-04-04).
  10. suplementari., Fontán del Junco, Manuel, 1963- ditor literari. Bordes, Juan, 1948- ditor literari, escriptor de contingut textual suplementari. Capa, Aida, ditor literari. Brosterman, Norman, escriptor de contingut textual suplementari. Fontán del Junco, Manuel, 1963- escriptor de contingut textual suplementari. Kinchin, Juliet, escriptor de contingut textual. El juego del arte : pedagogías, arte y diseño. ISBN 978-84-7075-657-3. PMC 1139496616. (Noiz kontsultatua: 2022-04-04).
  11. a b c Virginia., Romero Rosales,. (2008). El juego infantil y su metodología. Altamar ISBN 978-84-96334-52-6. PMC 630674392. (Noiz kontsultatua: 2022-04-04).
  12. Romo López, Verónica. (2016-07-01). «Derechos humanos e infancia: el rol del juego» Revista Infancia, Educación y Aprendizaje 2 (1): 64.  doi:10.22370/ieya.2016.2.1.585. ISSN 0719-6202. (Noiz kontsultatua: 2022-04-04).

Bibliografia

aldatu
  • Caillois, R. (2001). Man, play, and games. Urbana and Chicago, University of Illinois Press (originally published in 1958; translated from the French by Meyer Barash).
  • Encyclopedia: Play Science Scholarpedia
  • Huizinga, J. (1955). Homo ludens; a study of the play-element in culture. Boston: Beacon Press.
  • Jenkinson, Sally (2001). The Genius of Play. Hawthorn Press
  • Sutton-Smith, B. (1997). The ambiguity of play. Cambridge: Harvard University Press.
  • Burghardt, Gordon M. The Genesis of Animal Play: Testing the Limits [1]
  • Wenner, M. (2009). "The Serious Need for Play" – Free, imaginative play is crucial for normal social, emotional and cognitive development. It makes us better adjusted, smarter and less stressed, Scientific American.
  • Gray, P. (2013). Free to Learn: Why Unleashing the Instinct to Play Will Make Our Children Happier, More Self-Reliant, and Better Students for Life
  • Gray, P. (2008–2009). "Social Play and the Genesis of Democracy", "The Value of Play I: The Definition of Play Provides Clues to Its Purposes", "The Value of Play II: How Play Promotes Reasoning in Children and Adults", "The Value of Play III: Children Use Play to Confront, not Avoid, Life's Challenges and Even Life's Horrors", "The Value of Play IV: Play is Nature's Way of Teaching Us New Skills", "How to Ruin Children's Play: Supervise, Praise, Intervene", Psychology Today.
  • Howard Taras, (2009). Journal of School Health. Physical Activity and School Performance. 75 (6), pp. 214–218
  • Kortmulder, Koenraad (1998). Play and Evolution: Second Thoughts on the Behaviour of Animals, ISBN 978-90-5727-013-0
  • Piaget, J. (1962). Play, dreams and imitation (Vol. 24). New York: Norton
  • Bateson, Gregory. (1955). A theory of play and fantasy. Psychiatric research reports,2(39), 39–51. Reprinted in Steps to an Ecology of Mind, 1972. Chandler, and 2000, University of Chicago Press.
  • Stebbins, Robert A. (2015). The Interrelationship of Leisure and Play: Play as Leisure, Leisure as Play. Houndmills, UK: Palgrave Macmillan.

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu