Jesús Fernández Naves

Jesus Fernandez Naves (Naves, Llanes, Asturias, 1934 - Gasteiz, 2021eko urtarrilaren 17a[1]), Chuso[2] edo Naves bezala ezaguna, Asturiasen, Argentinan, Parisen eta Araban aritutako gizarte ekintzailea izan zen, langile mugimenduan eta antimilitarismoan batez ere.[3]

Jesús Fernández Naves
Bizitza
JaiotzaNaves (en) Itzuli, 1934
Heriotza2021eko urtarrilaren 17a (86/87 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakkale-garbitzailea eta Laneko apaiza

Apaizgo urteak

aldatu

Apaizgaitegian bokazioarengatik baino premiarengatik sartuta,[4] 1960ko hamarkadan langileen eta meatzarien aldeko mugimenduetan aritu zen,[2] besteak beste elizak langile asanbleak egiteko utziz.[5] 1962an La Huelgona izenekoan parte hartu zuen: meatze batean eginiko kaleratze batzuekin iziotu, eta meatzaritza osoan eta are beste sektoreetara piztu eta zabaldu zen gatazka. Gijongo bere parrokian, Navesek mezako sermoia grebalarien alde egin zuen; errepresalia bezala, mendiko parrokia txiki batera bidalia izan zen, lehenik, eta Argentinara gero.[4]

Argentinako aldia

aldatu
 
1960ko hamarkadan, Buenos Airesko aldirietako "villa miseriak" Europatik etorritako apaiz-langile askoren bizileku izan ziren.

Argentinan, Buenos Aireseko aldirietako auzo batean kokatu zen. Han apaiz-langile komunitate batean bizitzera sartu zen, fabriketan lan eginez eta ekintza sozialean -apaiz izaera ezkutuan eramanez-.[4] Hierarkia katolikoari eta enpresarien elkarteei aurre eginez,[2] langile gatazkatsu bezala klasifikatua izan zen eta, talde paramilitarrek mehatxatua,[3] 1968an Europara deportatua izan zen. Bere kanporaketak hirian protesta handiak eta elkartasun keinuak eragin zituen.[4]

Parisera urte bereko udaberrian iritsi zen. Sorbonako langile eta ikasleen mobilizazioetan parte hartu zuen, maiatzeko protesta sonatuetan parte hartuz. Jarraian Madrilera aldatu zen; han Carmen ezagutu zuen, burkide eta bikotekide izango zuena bizitza osoan. Biek Argentinara jo zuten berriz, eta lantegi batean sartuta Navesek ekintza sozialari berrekin zion, sindikatu ofizialetatik kanpoko eginiko langile sareak eratuz, sindikatu peronistei gailenduz; baina ezkerreko borroketan nabarmendu zirelarik -Navesek Montoneroekin kolaboratu zuen- bikoteak Argentinatik berriz alde egin behar izan zuen, beraien bizitza arriskuan ikusita.[4]

Euskal Herrira iristea

aldatu
 
Navesek belaunaldien arteko ekintzailetzaren sustatzaile saiatua izan zen. Grafitia Zaramaga auzoan.

1975ean ailegatu zen Euskal Herrira, Carmen bikotekidearekin. Ordurako apaizgoa utzia zuen,[2] eta Mercedes lantegira sartu zen garbitzaile bezala.[5] Artean, etorkin kopuru handiak langile mugimendua indartu zuen, eta antolakuntza horizontala zuen, alderdi politikoen interbentziorik gabe;[6] Naves langileen ordezkari izan zen garai hartako greba handietan. 1976ko martxoaren 3ko sarraskiaren ostean, Katedral Berrian eginiko hileta elizkizuneko hitzaldi sonatua bere kargu egon zen,[7] enpresarien eta indar armatuen aurka eta greba orokorraren alde hitz eginez,[8] eta arduradun frankisten dimisioa eskatuz.[9] Ostean atxilotua izan zen, eta sedizio akusaziopean Carabanchelgo espetxean kartzelaratua izan zen. Han beste preso politikoekin bat egin zuen, eta preso sozialekin ere lanean aritu zen, asanblea bidezko antolakuntza bultzatzen.[10]

1980ko hamarkadan aktibitatean jarraitu zuen, besteak beste belaunaldi berriekin elkarlanak abiatuz, hala nola Resiste fanzinean.[4]

1987an Mercedesetik kaleratutako langileen gatazka luzean ere jardun zuen.[11]

1990ko hamarkadan, intsumisio mugimenduaren gorakadan, langile mugimendua eta antimilitarismoa uztartuz sortutako Gasteizkoak kolektiboan sartu zen[12]; bertako lanean eta herri mobilizazio askotan jardun zuen Alzheimerren gaixotasunak utzi zion bitartean.[3] 2002 urtean sortutako Zapateneo proiektu kontrakulturala ere babestu zuen.[13]

Zahartzaroa

aldatu

Alzheimerrarekin urte asko eman zituen; denbora horretan familiaren zainketak jaso zituen, bereziki Carmen bikotearenak, eta lagunen eta burkideen babesa jaso zuen.[3]

2005ean Berriari emaniko elkarrizketa batean, borroka sozialari buruzko etsipena agertu zuen, autokritika falta zela eta, boterera ailegatutako ezker mugimenduekiko (Lula da Silva) eta alderdi politikoekiko mesfidati agertuz. Halere, asanblearismoari buruz itxaropentsu agertzen zen, zapatismoarekiko hurbiltasuna adieraziz eta Argentina, Ekuador eta Boliviako mugimenduei itxaropenez begiratuz.[11]

Omenaldiak

aldatu

2021eko martxoaren 3a oroitzeko ekitaldia izan zen Naves falta izan zen lehenengoa; egun horretan, burkideek bere omenezko ekitaldi txiki bat burutu zuten.[2]

Erreferentziak

aldatu
  1. «Fallece Jesus Fernandez Naves, referente de la lucha del 3 de Marzo en Gasteiz» Hala Bedi (Noiz kontsultatua: 2021-12-05).
  2. a b c d e Txantiloi:Local autoria. «Jesús Fernandez Naves, una vida que es parte de nuestra historia» www.elsaltodiario.com (Noiz kontsultatua: 2021-12-05).
  3. a b c d «Jesús Fernández Naves, Martxoak 3aren erreferente, eta haratago» Argia (Noiz kontsultatua: 2021-12-05).
  4. a b c d e f Naves. Biografía del «otro» movimiento obrero – Ekintza Zuzena. (Noiz kontsultatua: 2021-12-05).
  5. a b (Gaztelaniaz) «Fallece Jesús Fernández Naves, histórico líder sindical» El Correo 2021-01-17 (Noiz kontsultatua: 2021-12-05).
  6. (Gaztelaniaz) Viñaspre, Pedro G. de. (2001-03-02). «Un Miércoles de Ceniza sangriento» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2021-12-05).
  7. (Gaztelaniaz) «Jesús Fernández Naves se dirige a los asistentes al funeral» EITB Radio Televisión Pública Vasca (Noiz kontsultatua: 2021-12-05).
  8. (Gaztelaniaz) SA, Baigorri Argitaletxea. (2019-03-01). «Para Jesús Naves» GARA (Noiz kontsultatua: 2021-12-05).
  9. (Gaztelaniaz) SL, TAI GABE DIGITALA. (2021-01-18). «Fallece Jesús Naves, referente en las movilizaciones obreras de 1976» naiz: (Noiz kontsultatua: 2021-12-05).
  10. (Gaztelaniaz) Álava, Diario de Noticias de. «Fallece Jesús Fernández Naves, figura clave del 3 de marzo» www.noticiasdealava.eus (Noiz kontsultatua: 2021-12-05).
  11. a b «Berria.info - Elkarrizketak» www.berria.eus (Noiz kontsultatua: 2021-12-05).
  12. (Gaztelaniaz) Gasteizkoak. (2016-01-15). «Zer da Gasteizkoak / Qué es Gasteizkoak» Gasteizkoak (Noiz kontsultatua: 2021-12-05).
  13. (Gaztelaniaz) Nortzuk gara – Quiénes somos. 2021-04-20 (Noiz kontsultatua: 2021-12-05).

Kanpo estekak

aldatu