Irulegiko herrixka

Burdin Aroko herri gotortua

Irulegiko herrixka Brontze Aroko eta Burdin Aroko herria izan zen; gaur egun, aztarnategi arkeologiko bat dago garai haietako herria eta Erdi Aroko gazteluaren aztarnak dituenak[1]. Arangurengo (Nafarroa Garaia) Irulegi mendiaren gainean dago, gaztelua baino pixka bat beherago. Baskoien herria izan zen, Sertorioren gerran erre eta abandonatua. Bertan aurkitu zen 2021ean Irulegiko Eskua deritzon pieza arkeologiko nabarmena, baskoieraz idatzitako hitzak dituena.

Irulegiko herrixka
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Nafarroa Garaia
UdalerriaAranguren
Koordenatuak42°46′44″N 1°30′52″W / 42.77879°N 1.51439°W / 42.77879; -1.51439
Map
Altitudea893 m, itsas mailaren gainetik
Arkitektura
Azalera22.000 m²

2023ko apirilaren 26an, Irulegiko zona arkeologikoa kultur intereseko ondasun izendatu zuen Nafarroako Gobernuak[2]. Gazteluari eta horren aitzin hor zegoen herrixkaren eremuari eragiten dio aitortzak eta, horri esker, esparru hori gehiago babesteko neurriak bermatuko dituzte.

Toponimoa aldatu

Irulegiren beste izen batzuren testigantzak agertzen dira dokumentazioan: Yllundain 1208an, Irunden, 1274an, Irundain, 1279an, Hirunday 1311an eta Ilundayn 1349 eta 1591n. Mikel Belasko filologoak Irulegi izena, Hiru + egi hitz parearen bilakaera da. Javier Armendariz Martijaren iritzian, ordea, eta izen historikoak kontuan hartuta, uste du Iri (Irun) eta -gain multzoaren aldaera izan daitekeela. Gaur egun, izen hori du Irulegiko tontorretik 700 bat metrora dagoen herrixka batek. Arkeologoarentzat, toponimoa mugitu egin zen, K.a. I. mendearen erdialdean biztanleak lekualdatu zirenean[3], erromatartze garaian ohikoa izan zen prozesuan.

Indusketa aldatu

2005ean Javier Armendariz Martijak bertako burdin aroko herria —haren iritziz, oppiduma— ikertu zuen: bere ustez, Iruñerria egituratzen zuten herrietako bat zen.[4] 2020an, Mattin Aiestaran arkeologoak zuzendutako taldeak erromatarren aurreko herri gotortua azalarazteko lurra zundatzen hasi zen, aurreko bi urteetan ikerketa geofisikoak egin ostean.

Azterketa geofisikoak aldatu

Bi urtez aritu ziren sonarrak eta radarrak erabiltzen, lurpean zegoena aztertzen. Horien bidez, lur azpian ezkutatuta dauden eraikinen egiturak irudika daitezke. Horrela jakin zuten han Burdin Aroko eraikin bazegoela, harrizko eta pezozko hormak zituena.

Lehen aurkikuntzak aldatu

 
Irulegiko herrixka airetik ikusia, behean, ezkerrean.

Iraupen luzeko herria izan zen, Brontze Aroan eta Burdin Aroan okupatua, zehazki garai hauetan: Brontze Amaiera edo Burdin Aro hasiera, Burdin Aroa aurreratua eta Burdin Aro amaiera[5].

Indusketan ontziak topatu zituzten, aleak ehotzeko errotarriak, eta baita baskoi haiek hazten eta ehizatzen zituzten animalien zantzuak ere.

Umetxo bat ere aurkitu zuten; jaio aurretik baino apur bat lehenago edo ondoren hil zen, amaren haurdunaldiaren 34-36. aste inguruan.[6] Burdin Aroko herrixka askotan aurkitu izan dira haur jaioberriak etxe barruan edo etxearen horman, teilatupean lurperatuta. Euskal Herrian, gainera, ohitura hori mendeetan zehar mantendu da, aldaketa gutxirekin. Helduen gorpuzkiak, ordea, erre egiten zituzten.[7]

Herria babesteko, sei metroko harresiak zituen. Herriak denera hamar bat hektarea hartzen zituen, soroak eta belardiak barne. Harresietako gune bat nahita suntsituta dagoela ondorioztatu zuten eta bizilekuari su eman ziotela. Erromako Inperioa Euskal Herrian zabaltzeak «prozesu gatazkatsuak eta ezegonkortasuna» eragin zituela adierazi zuten, eta indusketak horiek hobeto ulertzen lagunduko duela. Hedabideei jakinarazitako ohar batean, Aranzadi Zientzia Elkarteak adierazi zuen «Horrek guztiak agerian uzten du Irulegi fase kronologiko zabalak barneratzen dituen aztarnategia dela, eta arrazoi hori dela eta, erreferentziala izango da Iruñeko arroko bilakaera historikoa ezagutzeko».[6]

«Irulegiko hedapena eta hiri garapena garrantzitsuak dira Pirinioaurreko arroetako Nafarroako kokaleku ereduak ulertu ahal izateko. Izan ere, itxuraz, gainera, Ebro ibarraren eta mendi ingurunearen arteko lotura ziren«, esan zuen Mattin Aiestaranek.[6]

Zazpi mailako eskailera aldatu

2023ko udan inoizko indusketa kanpainarik luzeena egin zuten Aranzadi zientzia elkarteko arkeologo talde batek eta ehun bat boluntariok. Ekainaren 19an hasita eta hiru hilabetez ehun metro koadroko eremu bat induskatu zuten -etxebizitza oso bat- eta ondorioztatu ahal izan zuten orain arte azterturiko herrixkaren parte osoari eraso ziotela Sertorioren gerran[8].

Bi mila piezatik gora aurkitu zituzten 2023ko indusketa kanpainan: zeramika zatiak, animalia hezurrak, etxeko tresnak... Aurreko kanpainetan ere halako ugari topatu izan zituzten, baina baziren soilik azken horretan nabarmendu ziren zenbait elementu eta ondorio. Lehenik, induskatu berri zuten etxebizitza horretan beste errotarri bat atzeman zuten, eta, beraz, ohartu ziren herrixkako etxe guztiek zutela tresna hori. Bigarrenik, inportaturiko anforak aurkitu zituzten, eta ondorioztatu zuten "olioa Adriatikotik eta ardoa Italiatik" ekartzen zutela. Eta, hirugarrenik, etxebizitza berri horretan zazpi mailako eskailera bat aurkitu zuten, etxearen sarrera eta kale nagusia lotzeko balio zuena. Mattin Aiestaran indusketako zuzendariaren hitzetan, "Mendebaldeko Pirinioetako Burdin Aroko herrixketan oso-oso-oso ezohikoa da halakorik izatea".

Idazteko erabiliko zen stilus bat ere aurkitu dute, eta opus signinum erromatarra imitatzen duen horma estaldura zati bat.

Ikus gainera aldatu

Erreferentziak aldatu

  1. Aiestaran, Mattin; González, Daniel Ruiz; Sesma, Jesús Sesma; Gazólaz, Jesús García; Alustiza, José Antonio Mujika; Avilés, Eneko Iriarte; Mauleon, Juantxo Agirre. (2021). «Trabajos arqueológicos en el yacimiento de Irulegi (Valle de Aranguren) 2021» Trabajos de arqueología Navarra (33): 103–111. ISSN 0211-5174. (Noiz kontsultatua: 2022-11-14).
  2. Gorraiz, Uxue Rey. «Irulegiko zona arkeologikoa kultur intereseko ondasun izendatu du Nafarroako Gobernuak» Berria (Noiz kontsultatua: 2023-04-26).
  3. (Gaztelaniaz) Armendáriz Martija, Javier. (2008). De aldeas a ciudades. El poblamiento durante el primer milenio a.C. en Navarra. (Noiz kontsultatua: 2024-02-05).
  4. (Gaztelaniaz) Armendariz Martija, Javier. (2005). «Propuesta de identificación del campamento de invierno de Pompeyo en territorio vascón» Trabajos de arqueología Navarra 18: 41-64..
  5. (Gaztelaniaz) Aiestaran, Mattin; Ruiz-González, Daniel; Sesma, Jesús; García, Jesús; Alustiza, José Antonio Mujika; Iriarte, Eneko; Mauleon, Juantxo Agirre. (2021). «Trabajos arqueológicos en el yacimiento de Irulegi (Valle de Aranguren) 2021» Trabajos de Arqueología Navarra (33): 103–111.  doi:10.35462/TAN33.4. ISSN 2530-5816. (Noiz kontsultatua: 2022-11-14).
  6. a b c Lartzanguren, Edu. «Burdin Aroko umetxo baskoi baten gorpuzkiak aurkitu ditu Aranzadik Nafarroan» Berria (Noiz kontsultatua: 2020-07-09).
  7. Fernandez Crespo, Teresa. "Los enterramientos infantiles en contextos domésticos en la Cuenca Alta/Media del Ebro: a propósito de la inhumación del despoblado altomedieval de Aistra (Álava)". Munibe, 59, 199-217 or. Donostia. 2008. ISSN 1132-2217. Eskuragarri hemen: http://www.aranzadi.eus/fileadmin/docs/Munibe/2008199217AA.pdf (ikusia: 2020-07-09)
  8. Gorraiz, Uxue Rey. (2023-09-16). «Antzinako Irulegiren «irudi izoztu zabalago bat» erdietsi du Aranzadiren azken indusketa kanpainak» Berria (Noiz kontsultatua: 2023-09-16).

Kanpo estekak aldatu