Ipurtats
Ipurtatsa (Mustela putorius) ugaztun haragijalea da, Mustelidae familiakoa. Gauez ibili ohi da eta Europa osoan hedatuta dago.[1] Antzina etxekotu zuten, gizakientzat untxiak ehiza zitzan, eta halaxe sortu zen hudo (Mustela putorius furo) azpiespeziea.
Ipurtats | |
---|---|
Iraute egoera | |
Arrisku txikia (IUCN 3.1) | |
Sailkapen zientifikoa | |
Klasea | Mammalia |
Ordena | Carnivora |
Familia | Mustelidae |
Generoa | Mustela |
Espeziea | Mustela putorius |
Banaketa mapa | |
Datu orokorrak | |
Ernaldia | 41 egun |
Ipurtatsa Euskal Herri osoan zehar zabalduta dago; hala ere, datuen arabera, haren populazioen tamaina txikia dela dirudi. Horrela, EAE eta Nafarroako katalogoetan "interes bereziko" espezie gisa sailkatuta dago. Haren mehatxu nagusiak harrapaketak eta bere habitataren eraldaketa dira. Halaber, espezieak nozitu duen parasitosi gaixotasunak ere eragin kaltegarria izan du haren populazioan.
Deskribapena
aldatuTamaina ertaineko ugaztuna da. 44 cm-ko luzera du eta 18 cm-ko isatsa. Itxura luzanga du, hanka sendo eta laburrekin.
Gorputzeko ilajea arre iluna da, nahiz eta bizkarraldean argitu egiten den azpiko ile horixkak (biloa) erdikusten direlako. Mutur zein begi inguruetan dituen orban zuriek aurpegian mozorro zuri bereizgarri bat daraman itxura ematen diote. Halaber, belarrietan orban zuri bana aurkezten du.
Espezieak dimorfismo sexual arina aurkezten du, tamaina eta pisuari dagokienez batik bat. Arren pisua 800-1300 g izaten da eta emeena, % 60-90 gutxiago.
Banaketa
aldatuEspeziea ia Europa osoan zehar hedatu da, iparraldean (Eskandinavia) eta Mediterraneoko zonalde batzuetan izan ezik. Britainia Handian ere oso arraroa da.
Iberiar penintsulan eta Euskal Herrian banaketa orokorra du.
Habitata
aldatuIpurtatsak altuera handiko eremuak saihesten dituen arren, habitat oso desberdinetan bizitzeko gaitasuna du.
Orokorrean, urek igarotzen dituzten inguruneak gogoko ditu: ibai, laku eta eremu hezeak. Hala ere, habitat oso desberdinetan aurki daiteke: baso hosto erorkorrak, pinudiak, sastrakadiak, soro landuak...
Gordelekuak, gehienetan, lurrazpian kokatzen dira eta beraiek edo beste animalia batzuek zulatu eta atonduak dira maiz. Dena dela, zuhaitzen sustraietan, gordelekuak kobazulo natural edo landaredi artean ere kokatzen dituzte.
Elikadura
aldatuElikadurari dagokionez, haragijalea da eta denetatik jaten du. Urtaroa eta tokiaren arabera elikadura biziki aldatzen duen arren, haren dietan bi harrapakin nagusi nabari dira: mikrougaztunak eta anfibioak. Ipurtatsaren dieta beste mustelidoenarekin parekatuta, zertxobait desberdina da, ehizatzen duen anfibio kopurua bereziki altua delako. Gainera, noiz edo noiz gordelekuetan anfibioak multzoka metatuta agertzen dira, elikagai biltegi gisa. Garezurraren behealdean kosk eginez, harrapakin horiek denbora luzez paralizatu eta bizirik mantentzen dituzte.
Iberiar Penintsulako zenbait eremutan untxiz elikatzen dira eta harrapakin hori oso ugaria den tokietan, haren dietaren oinarri bilakatu da.
Ugalketa eta ontogenia
aldatuUgalketa udaberrian da, martxoa eta maiatza bitartean. Espezieak ez du ernalketa atzeratua aurkezten; hortaz, 42 eguneko haurdunaldiaren ondoren, maiatza edo ekainean erditzen dira, 4-9 kumez bataz beste. Kumeak 3 edo 4 urterekin independizatu egiten dira.
Bizimodua
aldatuAnimalia bakartia da eta Mustela generoko espezieen artean gautarrena. Hala eta guztiz ere, noizbehinka egunez begizta daiteke.
Bi sexuak banatuta bizi dira, ugalketa garaian izan ezik. Sexu berekoen artean lurraldekoitasun zorrotza mantentzen da. Aurkako sexukoekin, aldiz, lurraldearen zati bat partekatzeko gai dira.
Babestutako lurraldeak ez du ibaien luzera jarraitzen (bisoienak ez bezala), hots, ez dira eremu linealak, bidimentsionalak baizik. Lurraldearen tamaina oso aldakorra da, 1-11 km2 bitartekoa eta orokorrean arrena handiagoa izaten da.
Espezieen arteko elkarrekintzak
aldatuIpurtatsaren harrapari nagusiak otsoa (Canis lupus) eta katamotza (Lynx) dira. Azeri gorria (Vulpes vulpes), hontz handia (Bubo bubo) eta txakur zein katu basatiak ere ehizatzeko gai dira.
Antzeko espezieak
aldatu- Europar bisoia eta amerikar bisoiarekin nahas daiteke, baina ipurtatsak, bisoiek ez bezala, zuri koloreko mozorro antzekoa du aurpegian. Bisoiek, aldiz, muturrean soilik aurkezten dute orban zuria: amerikarrak beheko ezpainaldean eta europarrak goiko eta behekoan.
- Lepahoria eta lepazuriarekin ere nahas daiteke, baina horiek paparrean orban hori eta zuri bat daukate, hurrenez hurren.
Kontserbazioa
aldatuIUCN katalogoaren arabera, espezie haren egoera mundu mailan ez da kezkagarria. Euskal Herrian, populazioak oso barreiatuta daude baina dentsitateak ez dira handiak. Horren ondorioz, EAE eta Nafarroako katalogoek "Interes Bereziko" espezie gisa sailkatzen dute.
Mustelido hori mehatxatzen duten faktoreak hainbat dira. Hasteko, tranpa-jartzaileek egin izan dituzten harrapaketak, parasitosi gaixotasuna eta, batez ere, haren habitataren galera eta eraldaketa.
Ipurtatsa babesteko, ibaiak eta ibai-ertzak babestea beharrezkoa da.
Erreferentziak
aldatu- Edukiaren zati bat EuskalNatura.eus webgunetik hartu da, copyrightaren jabeak onartu baitu hango testu-edukiak Euskarazko Wikipedian CC BY-SA 3.0 ES Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratzea, baldin eta iturria aipatzen bada (ikusi eztabaida orria).